2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXALAR
Ehizaren ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena
Etxalarko Udalak, 2016ko maiatzaren 12an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ehizaren kudeaketari buruzko ordenantzaren aldaketa.
Ordenantza hori jendaurrean egon zen, ediktua argitaratuz 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2016ko maiatzaren 16an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko hogeita hamar eguneko aldian ez da alegaziorik egin.
Horrenbestez, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Etxalarren, 2016ko uztailaren 14an.–Alkatea, Miguel María Irigoien Sanzberro.
ETXALARKO USATEGIEN KUDEAKETARI BURUZKO ORDENANTZA
Hitzaurrea
Agiri honen bitartez oinarriak ezarri nahi dira Etxalarko ehiza barrutiaren funtzionamendu egokirako eta, zehatzago, Iarmendi alderdiaren erabilerarako (ehiza eta turismoa).
Helburuak
–Iarmendiko ehizagunea antolatzea.
–Ehizako aprobetxamendu bakoitza erabilera publikoarekin batera arautzea.
–Ehiza jarduerak zuzen gauzatu eta antolatu direla arduratzea.
–Lizaieta-Iarmendiko mendilerro osoa behar bezala edukitzea garbitasunaren eta seinalizazioaren aldetik.
–Iarmendiko ehiza gunean zaintzailea paratzea araudia behar den bezala betetzen dela bermatzeko.
–Eremuan ekipamenduak (adibidez aparkalekuak) jartzea bisitarien eskaerak betetzeko.
Aplikazio eremua eta epea
Arautu nahi den eremua Etxalarko iparraldean dago, NA-10384 ehiza barrutiaren barrenean, eta Lizaieta-Iarmendi-Lakain hartzen du bere baitan. Iarmendin daude Etxalarko usategiak, bai sareak dituztenak, bai eskopetarekin ehizatzeko postuak ere, uso-ehizarako.
Kudeaketa organoak
Gaur egun, indarra duen Foru Legean (17/2005 Foru Legea) eta haren ondorengo dekretuan (48/2007 Foru Dekretua) adierazten da ehiza barruti batean ehiza aprobetxamenduaren titular bat baino gehiago egon daitezkeela, eta, hala bada, kudeaketa toki entitateari dagokio.
Horrenbestez, Etxalarko Udalari dagokio aprobetxamenduak esleitzea.
Iarmendi mendia kudeatzeko, ezinbestekoa da Sarako Udalarekin zuzeneko elkarlanean aritzea; horren arabera, Etxalarko Udalak hitzarmena sinatuko du sarearekin ehizatu ahal izateko.
Kudeaketaren eta aprobetxamenduaren irizpideak
Ehizagunea erabiltzeko.
Etxalarko NA-10384 ehiza barrutian, eta horren kudeaketa arautzen duen Ehiza Antolatzeko Planean bildutakoan oinarriturik, 5 aprobetxamendu bereizten dira:
–1. eta 2. aprobetxamendua: Usapala; ehiza barrutiaren titularrak kudeaketa zuzena eginen du. Kontuan hartu behar da Sara herriarekin gorde beharreko harreman estua, aprobetxamendu hori bi herrietako ehiztariek partekatzen baitute, eta urtero frontea aldatu edo txandakatzen da (Lizaieta-Usategiak eta Usategiak-Lakain). Postuak mendilerroan zehar paratuko dira, Frantziako mugaren ondoan, 49. mugarritik Lizaietaraino, ohi den bezala, eta postuen kokapena Ehiza antolatzeko planean zehaztuko da.
–3. aprobetxamendua: usoa eta birigarroa, Iarmendiko frontean, enkantearen bidez. Postuen kokapena ohikoa izanen da, sareak erabiltzen ez diren kasuetan ezik; kasu horietan, sareen atzeko aldean dauden postuak ez dira eraginkorrak. Sareak martxan ez daudenean, bi postu jarriko dira mugaren ondoan, Ehiza Antolatzeko Planean ezarri bezala.
–4. aprobetxamendua: Sare bidezko ehiza (usoak eta txolomak), aprobetxamenduaren titularrari zuzenean esleitua, edo, ifz aurkeztuta, usazaleen elkarteari, hala balegokio. Kontuan hartu behar da Etxalarko eta Sarako udalen arteko harremana, lehenak kanon bat ordaintzen baitu Sarako herri lurrak erabiltzeko sare bidezko ehizarako. 2 eta 3. aprobetxamenduak elkarrekin erlazionaturik daude; izan ere, sareko ehiztariek ehizarik egiten ez badute, eskopetako zenbait postu, sareen atzean daudenak hain zuzen, ezin daitezkeelako erabili. Orobat, adierazi behar da sare bidezko ehiza hobesten dela, eta horretarako korneta erabiltzen jarraituko da.
–5. aprobetxamendua: Lurralde osoa eta ehizako espezie guztiak, aurreko puntuetan aipatutako aprobetxamenduak ezik, ehiztarien elkarteari zuzenean esleitua.
Erabilera publikoa Iarmendin.
Erabilera publikoko eta turismoko jarduerak gauzatu eta garatzeko, une oro ehizaren jarduera errespetatuko da, bai eskopetakoa bai sarekoa.
Ekipamenduen eta zerbitzu publikoen artean Usategietako eta Lizaietako aparkalekuak daude.
Ehizako denboraldian bertan (urriaren 1etik azaroaren 20ra), Lizaietatik Nabaltsa-Atxuria aldera abiatzen den bidea egokituko da, ibilgailuendako trafikoa debekatuz. Beste bi puntutan oinezkoen joan-etorriak debekatuko dira, segurtasun arrazoiak direla eta, ehiza eremuan baitaude. Barruti horretan, ehiztariak eta usazaleak besterik ezin da sartu. Halaber, GR-11 desbideratuko da. Hori guztia behar bezala seinaleztatuko da.
Turismoari dagokionez, Sarako eta Etxalarko udalen eskumena da hura bultzatzea. Sare bidezko ehizaren esleipena hartzen duenak turismorako aprobetxatu ahalko ditu bere instalazioak, nahiz eta, Ondasunari buruzko legean adierazten den bezala, erraztasun guztiak eman behar izanen dituen.
Zonifikazioa
3 eremu aurreikusi dira:
–Sare bidezko ehizarena.
–Eskopeta bidezko ehizarena.
–Ibiltzeko eremua, erabilera publikokoa.
1.–Sare bidezko ehiza eremua; mugak ongi zehazturik ditu: ekialdean, alanbreduna eta itxia, trepa “Nagusia”tik abiatuta, Lizaieta-Nabaltsako bidea itxi eta hegoaldera jarraitzen du, usazaleek mugarriraino egindako itxituratik. Itxitura horrek hegoaldetik mendebaldera jarraitzen du; ehiza postuak itxituratik kanpo geratu dira, eta usazaleek landatutako zuhaitzak, berriz, barruan. Mendebaldean, orobat, “Haritza” trepatik usazaleen txabolaraino doan hesi bat ere badago, iparraldetik hegoaldera. Muga horien barruan geratzen dena sare bidezko ehizaren eremua da, eta usotarako behar diren trepa guztiak Sarako herrilurren barruan daude.
2.–Eskopeta bidezko ehiza eremua; sare bidezko ehiza eremuaren atzean dago, eta 47. Mugatik Lizaietaraino doa mendilerrotik. Eremu hau kartelen bidez identifikatuta dago eta jakinarazten da arriskuen inguruan, baita eremu desberdinetara joateko bideen inguruan ere.
3.–Ibiltzeko eta erabilera publikoko eremua; bi modutan iristen ahal da Etxalarko Usategietara: Lizaietatik edo Usategietako aparkalekutik.
Usategietako aparkalekuan badago kartel bat eremuari buruzko informazioarekin, eta handik abiatzen da Etxalarko Usategietara doan bidezidorra. GR-11rekin eta Lizaietako bidezidorrarekin ere bat egiten du.
Lizaietan aparkaleku zabal bat dago, eta horrek ere badauka kartel bat inguruneari buruzko informazioarekin. Handik abiatzen da Etxalarko Usategietara doan bidea, eta, Idoikua eta Belata trepen atzetik pasata, Txorilepora iristen da; bertan, bidea mozturik egonen denez, eskuinean dagoen bidezidorrari jarraikiz egin behar da aurrera, tiro postuen atzetik alegia, usazaleen txabolaraino eta sareetaraino iristeko. Txabolaren ondoan bide-adar bat ateratzen da, eta horretik doa GR-11 bidea, 50. Muga edo Nabaltsaraino.
ETXALARKO IARMENDIKO EHIZAREN KUDEAKETARI BURUZKO ORDENANTZA
Aitzinsolasa
Etxalarko puntu erakargarrienetako bat da sare sistemaren bidez egiten den ehiza. Herriaren historiako zati bat da, eta hainbat mende lehenagokoak dira.
Araudia
1.–Aprobetxamenduak.
Etxalarko Udalak NA-10384 ehiza barrutia du osaturik bere eremuan, eta bi aprobetxamendu bereizten dira: Iarmendi mendia eta gainerako eremua.
Iarmendi mendiaren aprobetxamenduaren inguruan, Etxalarko Udalak ustiatzen du hegaztien udazkeneko migrazio sasoian; aprobetxamendu horretan, aldi berean, bertze hiru aprobetxamendu bereziak daude:
1) Usapal-ehiza eskopetaren bidez, Udalak eguneroko zozketaren bidez esleituko duen postu finkotik.
2) Uso-ehiza eta birigarro-ehiza eskopetaren bidez, Udalak urtero zozketatzen dituen postuetatik, migrazio sasoirako.
3) Uso-ehiza sare sistemaren bidez; mota honetarako, Udalak zuzenean esleitu ahalko du aprobetxamendua sareetako titularraren alde, behar bezala egiaztatua IFZren bidez.
2.–Postuak egokitzea eta esleitzea.
Udalak postuak zehaztu eta egokituko ditu, Ehiza Antolatzeko Planean adierazten den bezala, usazaleen ehiza eta lana trabatu gabe.
Iarmendiko fronteko uso postuak enkantea eginez esleituko dira Udalak urtero ezarritako baldintzetan.
Posturen bat enkantean hutsik geratuz gero, sesteoko epearen ondoren aterako dira berriz enkantean, hasierako prezio bera edukita. Bigarren enkantean baten bat hutsik geratuz gero, Udalak aztertu eta ezarriko du berari komeni zaion esleipen mota.
Postu bakoitzaren errematatzaileari hiru txartel emanen dizkio Udalak, eta haiekin postuan ehizatzeko eskubidea frogatuko dute errematatzaileak eta hark aukeratutako beste bi kidek.
3.–Okupazioaren baldintzak eta postuen forma.
Postu bakoitzean ezin da hiru ehiztari baino gehiago egon.
Postuak 1,70 m garai izanen dira, beren oinetik neurtuta. Ezin da paletik paratu.
Egurrezkoak izanen dira postuak, eta haietako bakoitzak lau zati izanen ditu. Bazterrak nolakoak, halakoa postuaren itxura, eta hori ezin izanen da aldatu.
Ikusten bada denboraldian postuetan aldaketak egin direla, baimena emanen zaio ehizazainari lehengora ditzan.
Norbaitek estalki bat egin nahi badu bizkar baten ordez, hura 3 metro luze, metro 1 zabal eta 2 metro altu izanen da (igeltseroaren aldamio bat). Edonola ere, Ehiza Antolatzeko Planean postu bakoitza zehatz deskribatzen da, inguruak barne (zuhaitzen tamaina, distantziak zuhaitzetara, bideak eta beste batzuk).
Ehiztariek, bai eskopetarekin dabiltzanak, baita sareetan aritzen direnak ere, garbi utziko dituzte postuak egunero, jarduera bukatutakoan, hau da, handik alde egin aurretik.
4.–Sare bidez ehizatzeko jardueraren baldintzak.
a) Aprobetxamenduaren titularrak sare bidezko ehiza gorde, babestu eta zaindu behar du, hondatu, deuseztatu eta gal ez dadin, betiere indarra duen legedia errespetatuz eta Ingurumeneko Departamentuak eta Etxalarko Udalak ematen dituzten kasuan kasuko jarraibideei men eginez.
b) Aurreko atalean ezarritakoa ez betetzea interes sozialeko arrazoia izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aprobetxamendua nahitaez desjabetzeko, Nafarroako ondasun kulturala babesteko araudiaren babesean.
c) Eskopeta bidezko ehiztariaren eskubideak nahitaez errespetatu behar dira.
d) Usazaleek, edo, bestela, Usazaleen Elkarteak, trepatik adierazi beharko diete ehiztariei noiz eginen duten tiro eta noiz ez, korneta zenbait aldiz joz, zeren uso bakan batzuk iritsita, haien atzetik saldo bat etor baitaiteke, edo beste batekin lanean ari baitaiteke; orobat, usazaleek ez dute sarea botako usoak lau baino gutxiago direnean, eta, kasu horretan, tiratzaileei utziko dizkiete.
e) 14/2005 Foru Legeak ezarritako eginbeharrak ez betetzeak ahalmena emanen die dagokien administrazioei (Foru Komunitateko Administrazioa eta Etxalarko Udala), zuzenean eskua sartzeko, segituan horren berri ondasunaren titularrari emanez, baldin eta beharrezkoa bada ondasun horren kontserbaziorako edo babeserako.
f) Sareetan aritzen diren ehiztariek (usazaleek) garbi utziko dituzte postuak eta bere inguruak egunero, jarduera bukatutakoan, hau da, handik alde egin aurretik.
5.–Arauak ehiza postuaren esleipena hartu duenarendako.
a) Korneta jotze batek jakinaraziko die ehiztariei tiro egitea debekatuta dagoela eta postuan ezkutatu behar direla. Ehizaki bat hartzen ari badira postutik kanpo, ahalik eta lasterren ezkutatuko dira. Bi korneta jotze jarraituek esan nahi dute tiro egiten ahal dela libreki.
b) Tiro bat eginez gero kornetak bi aldiz jo baino lehen, tiratzaile horiek ehiza barrutitik bidaliko dira, eta toki hori hutsik geratuko da egun osoan; hau da, ehiztariari dagozkion eskubideak bete gabe geratuko dira egun osorako.
c) Debeku da arras Iarmendiko uso frontean edo haren inguruan sareen ehiza trabatzea, oztopatzea edo eragoztea, edota eskopetena postuetan.
d) Nork bere lekuan jarraitu behar du, isilean, eguneko ehizaldi osoan. Debeku da postutik kanpo eta haren ingurunean armak zorrotik aterata ibiltzea, salbu eta postutik hurbil erori den uso bat biltzera joateko.
e) Egunsentiaren aurretik ezin da tirorik egin. Ehiztariei iradokitzen zaie sobera altu doazen saldoei tirorik ez egiteko, gainerako ehiztariei kalterik ez sortzearren.
f) Esleipen hartzaileak zehapenak eta isunak izan ditzake bere eginbeharrak ez betetzeagatik.
g) Ehizazainak postutik kanpo bota ahalko ditu postu horretako txartela ez dutenak edo eginbeharrik betetzen ez dutenak.
6.–Turismoa.
Paisaia ederra eta ezohiko ehiza jarduerak ikusi nahi izatera, turistak handik ibili ahalko dira, betiere ehizazainak ematen dizkieten jarraibideei eta bertan dagoen seinalizazioari kasu eginda.
7.–Erantzukizunak.
a) Aurreikusi ez diren gorabehera eta kasu guztietan, ehiztariek men egin behar diote Etxalarko Udalak eta goiko agintariek, haien esku-hartzea beharrezkoa bada, ebazten dutenari, betiere kasu bakoitzari dagozkion prozedurei jarraikiz.
b) Etxalarko Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileek eragiten ahal dituzten kalte-galerengatik.
c) Errematatzaileak erantzunen du subsidiarioki bere postuan daudenek egindako arau-hauste edo erantzukizunengatik, betiere hor egoteko txartela badaukate.
Lehen xedapen gehigarria.–Aurreikusten ez den orotan, honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legea, Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legea eta gai horri buruz indarrean diren gainerako xedapenak.
Bigarren xedapen gehigarria.–Araudi honek aurreko araudi guztia ordeztuko du indarra hartutakoan.
Iragarkiaren kodea: L1608610