146. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

171E/2016 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Arguedasko udal mugapeko obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko proiektuari. Sustatzailea Arguedasko Udala da.

2015eko apirilaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen 0001-0015-2015-000073 espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera, Arguedasen obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko jarduerari buruzkoa. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O) epigrafean dago sartuta (Aldi baterako instalazioak, obra osagarriak, lurraren edo bestelako hondakin inerteen hondakindegiak, haiek ustiatzeko aldia bi urtetik beherakoa bada, metaketak, beste eranskin batzuetan ageri ez diren erauzketa lanak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren bidez, Arguedasko udalerriko 2. poligonoko 383. lurzatiko C, D eta E azpilurzatietan dagoen eraikuntzako hondakinen eta inerteen zabortegia itxi eta ingurumena lehengoratuko da.

Aipatutako azpilurzatietako obra-hondakindegiak 39.175 m²-ko azalera dauka. 3 azalera daude: S1, obra-hondakindegia bera; S2, ardien simaurraren metaketa duen eremua, 20-30 cm-ko bataz besteko lodieran; eta S3, abandonatuta dagoen nekazaritzako lurzatia.

Obra-hondakindegia itxi eta horrek ukitutako azalera nekazaritzako lur bihurtzeko aurreikusitako obrak, proiektuaren memorian eta haren aurrekontuan bilduta agertzen baitira, honako hauek dira: garbitu eta hondakinen kudeatzaile baimendu batek tamaina handiko hondakinak kentzea, ongarri naturalaren hondakinak kentzea, lurrak mugitzea ondoko lursailekin egokitze topografikoa lortu arte, sortutako ezponda berriei egonkortasuna ematea eta jariatze-urak behar bezala hustu daitezen lortzea, eta azkenik lurrak prestatzea laborantzarako. Proiektuaren memorian horrela deskribatzen da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen tratamendua: hondakinen bereizketa eta sailkapena, balorizatzen ahal diren hondakinen metaketa eta horiek “in situ” birziklatzea agregakin birziklatua ekoizteko. Dena den, neurri horiek guztiak ez dira aurrekontuan agertzen eta, horregatik, ulertzen da ez daudela proiektu honen barnean.

Espedientean Arguedasko Udalaren aldeko txostena dago, ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera beraren bidez, baita Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena ere, 2016ko ekainaren 7koa, aldeko txostena eman duena, honako hau adierazita:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 111. artikuluan xedatuari jarraikiz, eskaera baimendutako jarduera da. Baimendutako jarduera eta erabilerak udal eskumenaren esparrukoak dira eta ez dute lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (aipatu foru legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen (Ur Konfederazioa, Ingurumeneko Departamentua, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia...) lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Arguedasko udal mugapean obra-hondakindegia itxi eta lehengoratzeko proiektuari. Sustatzailea Arguedasko Udala da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

–Proiektuak adierazten duen bezala, balorizatu beharreko eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bereizi eta metatuko dira, horiek tratamendua jasotzeko. Helburua izanen da gutxienez harrizko materialak aprobetxatzea eta gai arriskutsuak eta inerteak ez direnak kentzea, ondoren tratatzearren. Planta mugikor batek in situ tratatzea gomendatzen da, eta lurzati berean metatzea, betiere ondoriozko produktua bi urte baino gutxiago baldin badago lurzatian, udal erakundeak proposatzen dituen jarraibideen araberako erabilpenerako.

–Halaber, abeltzaintzatik eratorritako hondakin organikoak, hein batean bederen, metatzen ahalko dira soroan aplikatzeko, betiere metaketa lurzatian urte bat baino gutxiago baldin badago.

–Ongarri organikoaren hondakinen zati bat nahastuko da azaleko lurrarekin, lur-medeagarri gisa amaierako gainazalen lehengoratze lanetan.

–Hondakinen kudeatzaile baimendu batek balioztaezinak diren hondakinen frakzioa kenduko du, behar bezala tratatzeko.

–Ahal dela, amaierako topografia ondoko gainazalekin integratuko da, 2H/1V malda edo apalagoa duten eta burualdea ondo borobilduta duten ezpondak sortuz.

–Proiektuko topografia lortutakoan, amaierako gainazal guztiak estaliko dira gutxienez 30 cm-ko lodiera duen landare-lur geruza batekin. Material hori eduki ezean, hori S2 gainazaletatik lortzen ahalko da (hondakin organikoa kendu ondoren), baita S3tik ere.

–Azkenik, profilaketa eginen da, gutxi gorabehera 15 cm-tik gorako diametroko harriak kenduko dira, baita gainazalean agertzen ahal diren bestelako hondakinak ere, eta lurra landuko da etorkizunean lurzatia laborantzarako erabiltzeko.

–Lurzatiaren itxitura mantenduko da. Hori ez badago, landatu arte ezin izanen da hara sartzen utzi, tamaina handiko harriak jarriz (obra-hondakindegitik beratik etorriak izan daitezke), edo ibilgailuak pasatzea eragozten duen zanga edo kabailoia eraikiz.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Arguedasko Udalari eta Tutera aldeko Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 14an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1607398