146. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

412/2016 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuari ireki eta jarduteko baimen berria ematen diona, eskaintzen dituen ikasketak eta ikaspostuen kopurua aldatzeagatik.

Espedientea ireki da Michael Alan Elms jaunak eskaturik, Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuaren titularra den “British School of Navarra SL” entitatea ordezkatuz, ikastetxea ireki eta jarduteko baimen berria eskatu baitu, ikastetxeak gaur egun baimendua duen adinaren gehieneko muga handitzeko, Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Year 5” (9-10 urteko adina) maila baita.

Espainian dagoen British Council entitateak ziurtagiriak eman ditu, zeinek adierazten baitute ikastetxeak baldintzak betetzen dituela Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Pre-Nursery” (2-3 urteko adina) mailatik “Year 8” (12-13 urteko adina) mailara bitarteko baimen osoa lortzeko eta aldi baterako baimena lortzeko –soilik 2018. urtera arte– “Year 9” (13-14 urteko adina) mailara arte.

Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuaren aldeko txostena ikusirik, ikastetxeko instalazioek Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeari dagokionez, eta Ikuskapen Teknikoaren Zerbitzuarena, Espainiako legeek Espainiako Hizkuntza eta Kultura irakasgaia irakasten duten irakasleei eskatzen dizkieten baldintzak betetzeari dagokionez.

Espainian dauden ikastetxe atzerritarren araubideari buruzko maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan ezarritakoa kontuan harturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz, eta Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko “The British School of Navarra” ikastetxe pribatuari ireki eta jarduteko baimen berria ematea, eskaintzen dituen ikasketak eta ikaspostuen kopurua aldatzeagatik. Baimena behin betikoa da Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Pre-Nursery” (2-3 urteko adina) mailatik “Year 8” (12-13 urteko adina) mailara bitarteko ikasketak emateko eta aldi baterakoa (soilik 2018. urtera arte) “Year 9” (13-14 urteko adina) mailako ikasketak emateko.

2. Ikastetxearen entitate titularrak baimen berria eskatu beharko du, 2018ko uztailaren 31 baino 3 hilabete lehenago gutxienez, “Year 9” (13-14 urteko adina) mailako ikasketak ematen jarraitu ahal izateko, eta 2017ko uztailaren 31 baino 3 hilabete lehenago gutxienez, 2017/18 ikasturtetik aurrera “Year 9” mailatik gorako ikasketak emateko asmoa baldin badu. Eskaerekin batera 806/1993 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3. Hemendik aurrera, honako hauek izanen dira ikastetxearen erregistro datuak:

–Ikastetxearen kodea: 31013653.

–Ikastetxearen izen generikoa: Espainiako eta atzerriko ikasleentzako atzerriko ikastetxe pribatua.

–Ikastetxearen berariazko izena: The British School of Navarra.

–Titularra: British School of Navarra SL.

–Helbidea: Juan Pablo II.a etorbidea, 1.

–Herria: Iruña.

–Udalerria: Iruña.

–Behin betiko baimendutako ikasketak: Ingalaterrako eta Galesko curriculum nazionaleko “Pre-Nursery” (2-3 urteko adina) mailatik “Year 8” (12-13 urteko adina) mailara bitarteko ikasketak, gaztelaniarekin eta kultura espainiarrarekin osatuak. Aldi baterako baimendutako ikasketak (soilik 2018. urtera arte): “Year 9” (13-14 urteko adina).

–Gehienez ere 248 ikaspostu baimentzen dira (218, behin betikoak eta 30, aldi baterakoak).

–Baimendutako ikasleak: espainiarrak eta atzerritarrak.

4. Egindako ikasketen onarpena unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako atzerriko titulu eta ikasketen homologazio eta baliozkotzeari buruzko araudian xedatutakoari lotuko zaio, 806/1993 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ebazpen honen 2. idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, eta 806/1993 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat, ikastetxeko entitate titularrak behar den baimena eskatu beharko dio departamentu honi, “British Council en España” entitatearen ziurtagiria eta izandako aldaketaren frogagiria aurkeztuta, baldin eta ikastetxearen konfigurazioa aldatu nahi bada eta horrek ebazpen honen 3. atalean ezarritako erregistro datuak aldatzea ekartzen badu, edo instalazioak aldatu nahi badira.

6. Ikastetxeak Nafarroako Gobernuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatu, baliogabetu edo aldatzen ahalko da, bidezkoa denaren arabera, titular interesdunari entzun ondoren, baldin eta inskripzioaren oinarri izandako funtsezko baldintzak aldatzen badira edo maiatzaren 28ko 806/1993 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan xedatutakoa urratzen bada, errege dekretu horren 17. artikuluak ezarritako moduan.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Ebazpen hau igortzea ikastetxearen titularrari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2016ko ekainaren 16an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Juan Ramón Elorz Domezain.

Iragarkiaren kodea: F1607628