145. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

259/2016 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena, 2016-2017 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan xedatzen denez, kirol ikasketak araubide bereziko ikasketatzat hartuko dira hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da ikasketa ezberdinen curriculumaren ezarpena, eta horretarako, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartu behar dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol ikasketetarako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. atalean xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak, hala badagokio, egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarri ziren kirol espezialitateetako titulu eta ikasketa berriak sortu artean, horiek titulu eta gutxieneko ikasketa bakoitza arautzen duen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko dira, salbu aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiak.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol ikasketetara sartzea arautzen du, eta 1. atalean xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol ikasketetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol ikasketetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako ikasketen indarraldia ezartzen du, eta 2. atalean, berriz, adierazten du honako hauek ikasketa horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat kalifikatutakoak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak edo sailkatuak izan direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. ataleko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du ikasketa horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifikoa gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. atalarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol ikasketetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol ikasketak ezartzeak berarekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen ereduaren alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean aritzea ere.

Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen dituzte Mendi-kiroletako eta Eskalada espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko probak eta baldintzak ere.

Uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuak hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen ditu: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko ikasketak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen ditu.

Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol-teknikariaren eta goi mailako kirol-teknikariaren tituluak ezartzen ditu futbolaren eta areto-futbolaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

Martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol-teknikariaren eta goi mailako kirol-teknikariaren tituluak ezartzen ditu neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak arautzen.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa) martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifak sortzen dituena, hain zuzen ere araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetan izena emateari buruzkoa eta “Mendi-kirolak eta Eskalada”, “Neguko Kirolak” eta “Hipika” modalitateetan araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetan izena emateari buruzkoak.

Ikusita Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak, 2016-2017 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiaren alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak, 2016-2017 ikasturteari dagozkionak, arautzea eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoaren arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera eta Argibide eta Agiri Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2016ko uztailaren 4an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

Oinarriak

ALDERDI OROKORRAK

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez, 2016. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2016-2017 ikasturterako.

2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol ikasketa hauetarako egiten dira:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila.

b) Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmaila.

c) Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmaila.

d) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.

e) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloa.

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako aurreikusitako atalean. Horretarako, halaber, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain:

–LOGSEko ikasketetarako (Mendi-kirolak eta Eskalada, Neguko Kirolak eta Futbola): urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorran aurreikusitako arrazoiak, harik eta ezarritako modalitate eta espezialitateetan titulu eta ikasketa berriak sortzen diren arte, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean.

–LOEko ikasketetarako (Diziplina Hipikoak): urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan aurreikusitako arrazoiak.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, izena emateko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbalioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak balora dezan izangaiak gai ote diren beren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriekin ikasketa hauek aprobetxamenduz egiteko, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidea gauzatzeko ere.

3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako definitzen diren helburuak ere.

INSKRIPZIOA

4.–Sarrera proba espezifikoetarako inskripzioa.

1. Toki hauetan egiten ahal da inskripzioa:

a) Aurrez aurre: Aukeratutako kirol ikasketak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–“Kirol ikasketetan sartzeko proba espezifikoak: Mendi kirolak eta Eskalada”.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/5869/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada

–“Kirol ikasketetan sartzeko proba espezifikoak: Diziplina hipikoak”.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/5868/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Disciplinas-hipicas

–“Kirol ikasketetan sartzeko berariazko probak: Futbola”.

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/6035/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Futbol

c) Posta elektronikoaren bidez, ondotik adierazten diren posta helbideetara zuzendua:

IKASTETXEA / POSTA ELEKTRONIKOA

KIROL IKASKETAK

Altsasuko “FP Sakana LH” IPB

iestexer@educacion.navarra.es

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi maila, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Irunberriko Lumbier LH Bigarren Hezkuntzako Institutua

ies.lumbier@educacion.navarra.es

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa

Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua)

ordenafp@navarra.es

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

3. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan agertzen den ereduaren arabera.

Inskripzioa zer ikastetxetan egiten den, ikastetxe horiek inskripzio eskaeraren frogagiria emanen dute.

4. Ondoko taula honetan ageri da kirol ikasketa bakoitzera sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IKASKETAK

2016ko irailaren 1etik 6ra arte

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

2016ko irailaren 12tik 14ra arte

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa

2016ko irailaren 1etik 6ra arte

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

5.–Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol ikasketetara sartzeko baldintza akademikoak betetzen direla frogatzen duen dokumentuaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Inskribatzeko tasak:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan izena emateko tasak:

a) Futboleko erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

– 1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.

– 2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.

b) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko probak, Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak, Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak eta jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-ziklora sartzekoak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 40 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doan.

ONARTUEN ETA BAZTERTUEN ZERRENDA

7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako probetan gehieneko izangai kopurua onartuko da:

–60 izangai Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailako probetan, Mendi Ertainetako bigarren ikasmailan eta Futboleko lehen ikasmailan.

–30 izangai Eskaladako bigarren ikasmailako probetan.

–30 izangai Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-ziklorako proban.

2. Izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda osatzeko ondoko hurrenkera irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailara eta Futboleko lehen ikasmailara sartzeko probak:

–Lehendabizi: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak edo Nafarroako Futbol Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Bigarrenik: Mendi Kirol eta Eskalada beste federazio batek edo Futbol beste federazio batek emandako lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Hirugarrenik: Federazioak emandako lizentzia indarduna ez duten izangaiak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2016-2017 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

b) Mendi Ertainetako bigarren ikasmailara eta Eskaladako bigarren ikasmailara sartzeko probak:

–Lehendabizi: Altsasuko “FP Sakana LH” IPBn Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmaila egin duten ikasleak.

–Bigarrenik: Beste ikastetxe batzuetan Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmaila egin duten ikasleak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2016-2017 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

c) Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako bukaera-ziklora sartzeko probak:

–Lehendabizi: Irunberriko “FP Lumbier” BHIn diziplina hipikoetako hasiera-zikloa ikasi duten izangaiak.

–Bigarrenik: Beste ikastetxe batzuetan diziplina hipikoetako hasiera-zikloa ikasi duten izangaiak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2016-2017 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan.

Orobat, zerrenda horietan salbuespenei emandako ebazpena eta izangaiek eskatutako proba egokitzapenak adieraziko dira.

4. Erreklamazioak aurkezten ahalko dira kasuan kasuko ikastetxean, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IKASKETAK

PROZEDURAREN FASEA

DATAK

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2016ko irailaren 6an

Erreklamazioak

2016ko irailaren 7tik 9ra arte

Behin betiko zerrenda

2016ko irailaren 12an

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2016ko irailaren 6an

Erreklamazioak

2016ko irailaren 7tik 9ra arte

Behin betiko zerrenda

2016ko irailaren 12an

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2016ko irailaren 6an

Erreklamazioak

2016ko irailaren 7tik 9ra arte

Behin betiko zerrenda

2016ko irailaren 12an

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa erdi mailako diziplinetako kirol teknikaria. Bukaera-zikloa

Behin-behineko zerrenda

2016ko irailaren 15ean

Erreklamazioak

2016ko irailaren 16tik 20ra arte

Behin betiko zerrenda

2016ko irailaren 21ean

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2016ko irailaren 6an

Erreklamazioak

2016ko irailaren 7tik 9ra arte

Behin betiko zerrenda

2016ko irailaren 12an

SARRERA PROBA ESPEZIFIKOAK

8.–Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 4. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kirolen eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

9.–Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

10.–Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladaren espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

11.–RAE-HISD-201 proba espezifikoa, jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloko ikasketetara sartzeko.

Hipikako erdi mailako bukaera-zikloko ikasketetara sartzeko proba espezifikoa uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztua dago. Arau haren bidez hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen dira: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko ikasketak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen dira.

12.–Futboleko kirol-teknikarien ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek Kirol teknikari eta Goi mailako Kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

13.–Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bilera horretan, honako alderdi hauek zehaztuko dira: proben ezaugarriak eta edukia, horiek egiteko janzkera eta kirol materiala, eta probekin lotutako bestelako auzi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuz.

14.–Izangaientzako argibideak eta orientazioa.

Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta behar diren kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.

15.–Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko egunak honako hauek izanen dira:

DATAK (1)

KIROL IKASKETAK

2016ko irailaren 12an eta 13an

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila

2016ko irailaren 12an eta 13an

Mendi Ertainetako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2016ko irailaren 12an eta 14an

Eskaladako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2016ko irailaren 28tik 30era arte

Jauzia, heziera eta lehiaketa osoa diziplina hipikoetako erdi mailako bukaera-zikloa

2016ko irailaren 16an

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, garaiz eginen da horietarako deialdia, eta horretarako, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia jakinarazteko, proben aurreko informazio bileretan egiten ahalko da, bai eta kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean garaiz jarrita ere, edo bestela, kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan.

Proba bakoitza egiteko deia horiek hasi baino ordu erdi lehenago eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, bai eta ariketak egiteko beharrezkoak diren materiala eta ekipoa ere.

16.–Proba espezifikoak garatzeko epaimahaiak eta betebehar espezifikoak baloratzea.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kiroleko modalitate eta espezialitateak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak izenda ditzake behar den Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da sarrera probaren garapena ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz egiten dela bermatzea.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probaren garapenari buruzko aktak egitea eta egiaztatzea garapen hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat datorrela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hori modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak proba osatzen duten ariketetan ebaluatzea, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, berek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek proposamena egiten ahalko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina probak prestatu eta egiterakoan aholkularitza eta laguntza ematea izanen da. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aipatu aholkulariak izendatzeaz.

8. Epaimahaien esku egonen da sarrera proba espezifikoak abiaraztean eta garatzerakoan sortzen diren auzi tekniko eta logistikoak ezagutzea eta ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute, proben garapenarekin lotutako alderdietan eta oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea, orobat, epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

PROBEN EMAITZAK ETA ERREKLAMAZIOAK

17.–Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideekin bat.

18.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru egunetan argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Santo Domingo kalea, 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko ezarritako epea bukatu ondoko bi egunetan argitaratuko dira, kasuan kasuko ikastetxeen iragarki oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan.

Behin betiko emaitzen argitalpena epaimahai ebaluatzaileak aurkeztutako erreklamazioen aurrean hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura izanen da.

EGIAZTAGIRIAK

19.–Proba espezifikoen baliozkotasuna eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.

Interesdunek zegokien inskripzioa egin zuten ikastetxean hartzen ahalko dituzte ebazpen honen xedeko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak, behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik hasita zazpi eguneko epea igaro ondoren.

Ez da inolaz ere proben zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk luzatuko.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1608418