142. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1368/2016 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, gazte langabeak lan munduan txertatzen laguntzeko.

Nafarroako Gobernuaren kezkarik handienetako bat da gazteen langabezia tasa murriztea. 2016ko maiatzean, Nafarroak 30 urtez azpiko 8.900 lagun zituen langabe gisa inskribatuta. Horri Nafarroako gazteen jarduera tasa apala gehitu behar zaio, 2008. urtean %54,32 izatetik gaur egun %31,47 izatera iragan dena.

Lanerako aukerarik ez izatea da gazteen zailtasun nagusia enplegua eskuratzeko. Horregatik, oinarrizkoa da kontratazioa sustatzea, pizgarriak emanez gazteak kontratatzen dituzten entitateei. Kontratazio horien bitartez, gazteek lan esperientzia eskuratzen dute, errazago egiten duena etorkizunean lan munduan txertatzea.

2014. urtetik berariazko diru-laguntzen deialdiak onetsi dira toki entitateek gazte langabeak kontratatzeko, eta oso eraginkorrak izan dira.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du eta, besteak beste, deialdia egitera eta oinarri arautzaileak ezartzera behartzen du. Hori dela eta, bidezkoa da gazte langabeak kontratatzeko 2016ko diru-laguntzen deialdia onestea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko ekainaren 15ean egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea baimentzea Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzetarako gazte langabeak kontratatzeagatik, haien enplegagarritasuna hobetzea eta lanean txertatzen laguntzea helburu.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia onestea gazte langabeak lanean txertatzen laguntzeko.

2. Deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea.

3. 790.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Interes sozialeko kontratazio, obra edo zerbitzuetarako diru-laguntzak. Sektoriala, PE EGIF 2014-2020 eta YEI Gazte enplegua” izeneko 950001 96100 4609 241100 kontu-sailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra zilegi izanen da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, dagokion Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko uztailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Nafarroako toki entitateei diru-laguntzak emateko baldintzak eta beharkizunak arautzea du xede deialdi honek, gazte langabeak lan munduan txertatzen laguntzeko. Horretarako, gehienez ere 6 hilabetez emanen da diru-laguntza 30 urtez azpiko langabeekin egiten diren kontratuetarako; betiere, kontratu horiek gutxienez ere 3 hilabetekoak izan beharko dute eta lanaldiak gutxienez ere lanaldi osoko antzeko langile baten lanaldiaren %50ekoa izan beharko du.

2016ko maiatzaren 7tik abenduaren 12ra bitarte egin beharko dira diru-laguntzaren xedeko kontratazioak.

2. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Entitate onuradunak eta haiek bete beharreko baldintzak.

1. Nafarroako toki entitateak izaten ahalko dira diru-laguntzaren onuradun, baldin eta, deialdi honen ondorioetarako, 5. oinarrian ezarritako beharkizunak betetzen dituzten 30 urtez azpiko gazte langabeak kontratatzen badituzte.

2. Diru-laguntzen onuradunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate izatea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren beharkizun orokorrak. Hori “Erantzukizuneko aitorpen” baten bidez frogatzen ahalko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.

3.–Diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz laguntzen ahal diren gastuak.

Honako hau izanen da diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa:

a) Gizarteratze Errenta jasotzen duten pertsonekin, edo gutxienez ere %33ko desgaitasuna frogatzen dutenekin, edo genero indarkeriaren biktima diren emakumeekin kontratua izenpetzeagatik, 1.000 euro hilean, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.

b) Kontratuak emakumeekin izenpetzeagatik, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta egon edo ez, 800 euro hilean, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.

c) Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean onuradun gisa inskribatuta dauden gizonekin kontratua izenpetzeagatik, 700 euro hilean, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.

d) Aurreko taldeetakoak ez diren gizonekin kontratua izenpetzeagatik, 500 euro hilean, lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.

Lanaldi laburragoetan, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hil osoak bakarrik hartuko dira kontuan, 30 egunekoak alegia.

4.–Diruz laguntzen ahal diren kontratazioak, gehienez ere.

Hauxe da toki entitate bakoitzak diruz lagunduta izaten ahal dituen kontratazioak, gehienez ere:

BIZTANLEAK

KONTRATAZIOAK

1.000 arte

5

1.001-5.000

8

5.001-10.000

10

10.001-40.000

15

40.000 baino gehiago

20

5.–Gazte langabeak hautatzeko beharkizun eta irizpideak.

1. Toki entitateek kontratatzen dituzten pertsonek 30 urtez azpikoak izan behar dute kontratazioaren unean. Halaber, langabeak izanen dira, eta lan eskatzaile gisa inskribaturik egonen dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari atxikitako enplegu agentziaren batean.

2. Entitate onuradunek, eskaintza orokor baten bidez, behar dituzten langabeak eskatuko dizkiote kasuan kasuko enplegu agentziari, 1. puntuan ezarritakoa kontuan harturik.

Enplegu agentziak, eskatutako profilari jarraituz (kasu guztietan bat etorriko da diru-laguntzaren eskaeraren ereduan adierazitakoarekin), azterketa bat eginen du enplegu horretarako egokiak diren eta eskura dauden pertsona batzuk aurretik hautatzeko, hau da, eskainitako lanpostuaren edukira eta lanbide mailara egokitutako lanbide profila izanik, diru-laguntzaren eskaeran adierazitako taldeetako batean daudenak. Enplegu agentziak deialdiaren beharkizunak betetzen dituzten pertsonen zerrenda igorriko du, haietako bakoitza zer taldetakoa den adierazita.

Enplegu agentziak, aurretiko azterketa horretan, lanpostuaren udalerriko edo udalerrietako hautagaiak bilatuko ditu. Proiektua egiteko behar adina hautagai aurkitu ezean, beste udalerri batzuetara zabalduko du bilaketa, lehentasuna emanez hurbilen daudenei, proiektuan kontuan hartutako hautagai kopurua lortu arte. Bilaketa beste udalerri batzuetara zabalduta ere lanpostu horretarako behar adina hautagai egokirik ez badago, proiektuak eskatutako hautagai kopurua lortzeko, eskainitako lanpostura gehien hurbiltzen den lanbide profila daukaten beste pertsona batzuengana zabalduko da bilaketa, lanpostuaren udalerritik hasita. Eskainitako lanbide profiletik hurbil zein dagoen zehazteko, bilaketa bat eginen da Lanbideen Estatuko Sailkapeneko kodeen taula indarduna erabiliz (talde primarioaren mailan, 4 digitu).

3. Kontratatutako pertsonaren batek lana uzten badu hasieran aurreikusitako kontratazio aldia bukatu baino lehen, ordezko bat jarri beharko zaio gehienez ere 30 eguneko epean, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, bai eta diru-laguntzaren eskaeran eta hura eman eta ordaintzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera ere, eta horren berri eman beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontratu berriaren egunetik hasita hilabeteko epean gehienez.

Kasu horretan, kontratazio epe efektibo guztien artean, gutxien-gutxienik, diru-laguntzaren epealdira iritsi beharko da.

6.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

1. Eskaera aurkezteko epea hilabete natural batekoa izanen da, lan kontratua hasi eta biharamunetik aurrera. 2016ko abenduaren 1etik aurrera sinatzen diren kontratuetarako eskaerak, betiere, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira. 2016ko maiatzaren 7tik ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte egiten diren kontratazioetarako, eskaerak hilabete natural bateko epean aurkeztu beharko dira, argitaratze egunaren biharamunetik hasita.

2. Eskaerak, ahal delarik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan, bai eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es/home-eu/ web-orritik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da).

3. Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

4. Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.–Eskaerek bete beharreko baldintzak.

1. Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak eskatu nahi dituzten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.navarra.es/home-eu/) eskura daiteke.

b) Toki entitateak eta kontratatuak izenpetutako lan kontratua.

c) Eskaintza orokorra eta Enplegu Agentziak aurretik hautatutako pertsonen zerrenda.

d) Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, diru-laguntzarik gabe gelditzen den zatia finantzatzeko kreditua badagoela adierazten duena.

e) Entitatearen ziurtagiria edo erantzukizunpeko aitorpena, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzez gainera bestelako laguntzarik jaso ez duela adierazteko.

f) Aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia.

2. Eskaera osorik egon ezean, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

2. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak, behar diren egiaztapenak eginda eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena emanen du, eta dagokion ebazpen proposamena eginen, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

3. Eskaerak sarrera egunaren hurrenkerari jarraikiz tramitatuko dira.

9.–Ebazpena eta diru-laguntza ordaintzea.

1. Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak egiaztatuko du diru-laguntza eskatzeko arrazoi den jarduketa gauzatu dela, bai eta deialdian ezarritako beharkizunak betetzen direla eta toki entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela ere, eta ebazpenaren proposamena eginen du.

2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio unitateak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Eskaerak aurkezten direnetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena, diru-laguntza eman edo ukatzeko arrazoiak adierazita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

3. Egindako eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka, interesa duten toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

10.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da eta emateko prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Gobernuak, beste beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin.

12.–Diru-laguntzen publizitatea.

1. Nafarroako Atarian argitaratuko dira ematen diren diru-laguntzak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzetan.

2. Entitate onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agertu beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela, eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren finantzaketa izan dutela.

13.–Entitate kontratugileen betebeharrak.

Honako hauek dira toki entitateen betebeharrak:

a) Gazte langabeekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako edozein modalitateren bidez.

b) Nafarroako Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga arloko betebehar guztiak egunean izatea, bai eta, kasua bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeari buruzkoak ere. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan, laguntza emateko ebazpenaren proposamena onesten den unean onuradunak betebehar horiek egunean dituen egiaztatzeko.

c) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

14.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Diru-laguntzak ematen dituen organoak ahalmena izanen du nahi adina kontrol eta egiaztapen egiteko noizean behin, diru-laguntzak jasotzeko ezarritako beharkizun eta baldintzak betetzen direla frogatzeko. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, eta zehazki, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuak, egiaztatuko du deialdi honen bidez finantzatzen den kontratazioaren xedeko pertsona diruz lagundutako aldian egon dela kontratatua eta Gizarte Segurantzan alta-egoeran.

15.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketak, administrazioak aldaketa onartu ala ez, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzera behartuko du.

2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak ez badira betetzen, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren eginbeharrak ez badira betetzen. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorrarazitako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

3. Kontratua behar baino lehen bukatzen bada, 5.3 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatua ordezten, edo ordezten badu oinarri horretan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea; zenbateko hori diruz laguntzen den epea bete arte falta den denboraren araberakoa izanen da. Orobat, diru-laguntzaren zati bat itzuli beharko da ordezpena egiten duen pertsona 3. oinarrian adierazitako taldeetako batekoa ez beste batekoa bada, hura izan baitzen arrazoi diru-laguntza emateko. Ordezpen batek ez du inoiz hasieran emandako diru-laguntza igotzea ekarriko.

4. Helburu bera duten beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzeak berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza guztia itzuli beharra.

16.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

2. Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

17.–Ordezko araua.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1608290