142. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

169E/2016 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Ribaforadan zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea ADEDMA da.

2016ko otsailaren 2an Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen Ribaforadan zuntz optikozko kablea jartzeari buruzko 001-0015-2016-000017 espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da zuntz optikozko kable berria instalatzea Ribaforadako 4. poligonoko 271c lurzatian (Pedregal alderdian) dagoen Telefónica Servicios Móvilesen oinarrizko estazioari UMTS zerbitzua emateko. Sustatzailea Telefónica de España SAU da.

Horretarako beharrezkoa da bi zanga tarte hondeatzea (533 m luze, 0,8 m zabal eta 0,25 m sakon), MF motako bi erregistro-kutxatila instalatzea (40 x 40 cm) eta zuntz optikozko kable berria jartzea Tuterako errepidean dagoen kutxatila batetik Ribaforadako oinarrizko estazioraino, hein batean zangako bi tarte berrietatik igaroz, baita jada dagoen azpiegituratik ere.

Ukitutako lurzatiak honako hauek dira: 5. poligonoko 702., 705. eta 706. landa lurzatiak, 4. poligonoko 271. lurzatia (bertan dago telefoniako oinarrizko estazioa) eta 5. poligonoko 2011. hiri lurzatia.

Proiektuaren jarduketa eremutik "90. iraganbidea" abelbidearen trazadura igarotzen da. Bi kutxatilak, baita zangako 469 metro ere, abelbidearen barnean gauzatuko dira. Nafarroako abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean ezarritakoarekin bat. Baimentzen ahal da aldi baterako abelbidea okupatzea hoditeria egiteko, aldi baterako okupazioaren kanona pagatzea onartu ondoren, eta Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoaren 2016ko maiatzaren 20ko txostenean deskribatzen diren baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.

Espedientean Ribaforadako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2016ko maiatzaren 25eko aldeko txostenak jaso dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ribaforadan zuntz optikozko kablea jartzeko proiektuari. Sustatzailea ADEDMA da.

2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Baimentzen ahal da aldi baterako abelbidea okupatzea, aldi baterako okupazioaren kanona pagatzea onartu ondoren, Biodibertsitatearen arloko Lankidetza eta Kudeaketa Bulegoaren txostenean jaso bezala.

–Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) NFK-Altxonbideen titulartasuna mantenduko du.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da.

–Abelbidearen trazadura ukitzen duen obra unitateren bat baldin badago horri lotuta (bentosa eta abar), sustatzaileak horren kokapena aldatu beharko du, ibilbide horretatik kanpo gelditzeko.

–Hoditeria jartzeko beharrezko obrak bukatutakoan ukitutako eremua lehengoratuko da. Horretarako, arreta berezia jarriko da obrek ukitutako arekak bere funtzionaltasuna berreskura dezan, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen iraganbidea eta gainerako erabilera bateragarri eta osagarriak.

–Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, sustatzaileak gutxienez 72 ordu lehenago abisatu beharko dio Tutera aldeko Basozaintzari (ogfotude12@navarra.es) obren zuinketa egiten denean bertan egon dadin.

–Azpiegitura egiteko beharrezko obrak bukatutakoan inguru guztia garbituko da eta ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak zuntz optikoko sarera lotzea.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ribaforadako Udalari, Tutera aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 10ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1607397