14. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

167/2015 FORU AGINDUA, abenduaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren menpeko “Elizondo LH” BHIa “Elizondo Lanbide Eskola” IIP izendatu eta Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sareari eransten diona.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, legeak arautzen dituen Lanbide Heziketako ikasketak Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan egiten ahal dira. Azken lege horren 11. artikuluko laugarren idatz-zatian, lanbide heziketako ikastetxe bateratuak honela definitzen dira: ikastetxe berriak dira eta, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren esparruan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri diren tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzen diren Lanbide Heziketako eskaintza guztiak emanen dituzte. Halaber, 11.4 artikuluko bigarren lerroaldeak ezartzen du administrazioek, beren eskumenen esparruan, Lanbide Heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimentzen ahalko dituztela, ezartzen diren baldintza eta betekizunak betez.

Ildo horretatik, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak, maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuak emandako idazkeraren arabera, ezartzen du ezen hezkuntza administrazioek, beren eskumenen esparruan, titulartasun publikoko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu berriak sortzen ahalko dituztela. Orobat, ezartzen du ezen titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahal direla, eta, bi kasuetan, nahitaezkoa dela lan administrazioaren txosten lotesle bat.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 18. artikuluko bigarren atalean ezartzen denez, Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak ikastetxe bateratutzat jotzen ahalko dira, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak arautuko ditu.

Erreferentziazko aipatu araudian xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe bateratu bat sortzeko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren baimena beharko da. Era berean, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren menpeko edo hari atxikitako ikastetxe bateratu bat sortzeko, Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 1ean emandako 198/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sarea sortu zen. Ikastetxe bateratuaren eredua gure foru komunitatean garrantzi berezia duten lurralde eremuetako Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuetara zabaltzea egokia dela ikusirik, bidezkoa da, aipatutako estatu eta foru araudia betez, ikastetxe bateratu politekniko bat gehiago izendatzea Nafarroan eta hura Nafarroako ikastetxe bateratu publikoen sareari eranstea.

Horregatik, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuaren izendapenari buruz (“Elizondo LH” BHIa “Elizondo Lanbide Eskola” IIP bihurtzeari buruz) nahitaez eman behar duen aldeko txostena lorturik,

AGINDU DUT:

1. Nire gain hartzea Hezkuntzako zuzendari nagusiari eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari dagokien eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikulua betez dutena, Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu publikoak izendatu eta haiek Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoari eransteko.

2. Elizondoko “Elizondo LH” BHIa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxe bateratu politekniko publiko izendatzea.

3. Ikastetxearen berariazko izena aldatzea, hau da, “Elizondo LH” izatetik “Elizondo Lanbide Eskola” izatera.

4. Delako ikastetxearen izen ofiziala “Elizondo Lanbide Eskola” Ikastetxe Integratu Politeknikoa ezartzea.

5. Aipatu ikastetxea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuen sare publikoari eranstea, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

6. Hezkuntzako zuzendari nagusiari baimena ematea behar diren xedapen guztiak eman ditzan, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

7. Foru agindu hau igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari eta ikastetxe interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2015eko abenduaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

Iragarkiaren kodea: F1517135