14. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Aldaketa, Udalaren baratze sozial eta ekologikoen kontzesioa
eta erabilera arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2015eko abuztuaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lekunberriko Udalaren baratze sozial eta ekologikoen kontzesioa eta erabilera arautzen dituen ordenantzaren 4. eta 10. artikuluak aldatzeko espedientea.

Espedientea tramitaturik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatua), eta jendaurreko epean (2015eko 189. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 22koa, eta iragarki ohola) alegaziorik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betiko bihurtu da 2015eko azaroaren 26ko erabakiaren bitartez.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza horretan aldatu diren artikuluen testua ematen da argitara, argitaratu eta biharamunean hartuko baitu indarra.

Lekunberrin, 2015eko abenduaren 23an.–Alkatea, Natalia Azcona Mendia.

ORDENANTZA, LEKUNBERRIKO UDALAREN
BARATZE SOZIAL ETA EKOLOGIKOEN KONTZESIOA
ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

4. artikulua. Baratzeen erabileraren kontzesioa.

a. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:

a.1. Lekunberriko udalerrian gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea.

a.2. Udalerrian egiazki eta era jarraituan bizitzea, gutxienez ere bederatzi hilabete urtean.

a.3. Aipatu udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.

b. Gutxi gorabehera 110 m²-ko lurzatiak izanen dira.

c. Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du. Lurzatiak soberan gelditzen direnean baizik ez da bigarren lurzati bat esleituko.

d. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

e. Baratzeen erabilera, dena den, prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.

Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesio aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Lekunberriko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.

10. artikulua. Fidantza eta kanona.

100,00 euroko (ehun euro) fidantza ezarri da, ondasunak zuzen erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla segurtatzeko.

Kontzesioaren esleipen hartzaileei Udalak eskatuko die urtean 100,00 euroko kanona (ehun euro/urtea) ordaintzeko; horiek urtero eguneratuko dira Nafarroako KPIaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L1517263