14. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZPOROGI

Ordenantza fiskala, Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Ezporogiko Udalak, 2015eko urriaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan ondoan, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

Agezan, 2015eko abenduaren 23an.–Alkatea, Camino Landarech Zozaya.

ORDENANTZA FISKALA, EZPOROGIKO BARRUTIKO
UDALAREN HIRILURREN BALIO IGOERAREN GAINEKO
ZERGA ARAUTZEN DUENA

Xedea

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau ezartzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. Tituluko VI. Kapituluko 172.etik 178.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean.

Zergapeko egintza

2. artikulua. 1.–Zergapeko egintza hirilurren balio igoera da. Hura agerian jartzen ahal da bai horien jabetza edozein modutan eskualdatzearen ondorioz, bai horietaz baliatzeko edozein eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, eratu edo eskualdatzearen ondorioz.

2.–Ondorio horietarako, ondokoak dira hirilurrak:

a) Hirilurzorua eta lurzoru urbanizagarri programatua.

b) Lurzoru urbanizagarri ez programatua, Hirigintzako jarduketa programa onesten den unetik.

c) Ibilgailuendako sarbideak dituztenak, bai eta ur hornidura, ur hustuketa nahiz argindar hornidura ere; edo bertzenaz, azalera erdia eraikia dutelako eremu sendotuan daudenak.

d) Lur zatikatuak, nekazaritzako legeriaren aurka eginak badira.

3.–Ez da zerga honen mendean egonen lurralde kontribuzioaren gaietarako landalurtzat jotzen diren lursailek izan duten balio gehikuntza.

Salbuespenak

3. artikulua. Honako egintzengatik agertzen diren balio igoerak zerga honetatik salbuetsirik egonen dira:

a) Ezkontideek ezkontza sozietatera ekartzen dituzten ondasun eta eskubideak, haien alde eta haiek ordaintzeko egiten diren esleipenak eta beren ondasun komunengatik ezkontideei egiten zaizkien eskualdatzeak.

b) Herentziaz, legatuz, ezkonsariz, emaitzaz edo, dohainik dela, bertze nolanahi egiten diren ondasun eskualdatze guztiak, aurrekoen, ondorengoen eta ezkontideen artean egiten badira.

Hala ere, erran diren negozio juridiko horiek egiten direnean, ez dute etenen ordenantza honen seigarren artikuluan xedatzen den hogei urteko epea.

c) Ezkontideen arteko edo haiengandik seme-alabenganako ondasun eskualdatzeak, baldin ezkontza baliogabetze, banantze edo dibortzio kasuetako epaia betetzeagatik bada.

d) Zortasun eskubide edozertarikoak eratu eta eskualdatzea.

4. artikulua. Halaber, zerga honetatik salbuetsirik daude balio igoerak, zerga hori ordaintzeko eginbidea honakoei egokitzen zaienean:

a) Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua, autonomia erkidegoak, baita horien erakunde autonomoak ere, izaera administratiboa badute.

b) Ezporogiko Udala eta bertan sartutako gainerako toki entitateak edo Udal hori kide dutenak, eta haien erakunde autonomoak, izaera administratiboa badute.

c) Ongintzako kalifikazioa edo ongintza-irakaskuntzakoak duten erakundeak.

d) Zortasun eskubide edozertarikoak eratu eta eskualdatzea.

e) Nazioarteko hitzarmen edo itunetan salbuespena aitortu zaien pertsona edo entitateei.

f) Itzulkizun diren kontzesio administratiboen titularrak, haiei atxikitako lurrei dagokienez.

g) Espainiako Gurutze Gorria.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Honakoak dira zergaren subjektu pasiboak zergadun gisa:

a) Lurren eskualdatzeetan nahiz baliatzeko eskubide errealak, jabaria mugatzen dutenak, irabazi asmoz eratu edo eskualdatzean, lurraren erostuna, edo kasuan kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten zaion pertsona.

b) Lurren eskualdatzeetan nahiz baliatzeko eskubide errealak, jabaria mugatzen dutenak, kostu bidez eratu edo eskualdatzean, lurraren eskualdatzaileak edo kasuan kasuko eskubide erreala eratu edo eskualdatu egiten duen pertsona. Hala ere, erosleak zergadunaren ordezkoak eginen ditu, non eta erosle hori ez den subjektu salbuespena duten pertsona edo erakundeetakoa.

Erostunak zergadunaren ordezkoak egiten baditu, aurreko lerroaldean xedatu bezala, zilegi izanen du betiere kargaren zenbatekoa eskualdatzaileari erasatea.

Zerga-oinarria

6. artikulua. Zerga honen oinarria da hirilurren balio igoera erreala, sorrarazpenaren unean agertzera emana eta gehienez hogei urteko epean izandakoa.

7. artikulua. Lur eskualdaketetan, lurrek sorrarazpenaren unean izaten duten balioa, une horretan Hirilurreko ondasunen gaineko Kontribuzioaren ondorioetarako finkaturik dutena izanen da.

Hirilurren balioaren igoera erreala zenbatekoa den zehazteko, ondoko adierazpen matematikoa aplikatuko da:

ZO= KB * U * %X

Non:

ZO = Zerga-oinarria edota lurren balioaren igoera erreala.

KB = Lurraren balioa, katastroan.

U = Urte kopurua, balioaren igoera zenbat urtetan zehar gertatu den.

%X = Udalak biztanleriaren arabera finkatutako ehunekoa.

Balio igoera zenbat denboran sortu den

–1etik 5 urte bitarte: %2,2.

–10 urte bitarte: %2,1.

–15 urte bitarte: %2.

–20 urte bitarte: %2.

8. artikulua. Jabaria mugatzen duten gozamenduko eskubide errealen eraketa eta eskualdaketan, balioaren gehikuntza zein epetan gertatu den, Udalak haren arabera eta biztanleriaren arabera kalkulatzen duen portzentajea finkoa, balio-zatiaren gainean aplikatuko da eta, horri dagokionean, balio hori Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren ondorioetarako finkatu diren arauak aplikatuz kalkulatzen den eskubide horien balioa izanen da.

9. artikulua. Eraikin edo lur baten gainean solairu bat edo gehiago goititzeko eskubidearen edo azalerako eskubide erreala izan gabe lurpean eraikitzeko eskubidearen eraketan edo eskualdaketan, balioaren igoera zein epetan gertatu den, Udalak haren arabera eta biztanleriaren arabera finkatzen duen portzentajea, balioaren zatiaren gainean aplikatuko da eta, horri dagokionez, balio hori aterako da eskualdaketa eskrituran finkatzen den proportziotasun-modulutik edo, hori ez badago, hegalkin edo zorupean eraikiko diren solairuen azalera edo bolumenaren, eta behin horiek eraiki ondoren, eraikitako azalera edo bolumen osoaren arteko proportzioa ezarri ondoren aterako denetik.

10. artikulua. Nahitaezko desjabetzapenak daudenean, azkenik, balio justuak lurraren balio osoan zenbateraino egiten duen, atal horren arabera eta biztanleriaren arabera aplikatuko da Udalak balioaren igoera gertatu deneko epeari begira finkatzen duen portzentajea.

Kuota

11. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa bakarra aplikatu ondokoa, alegia, %8, ondoko adierazpen matematikoarekin bat:

K = ZO * %Y

Non:

K = Udalari ordaindu beharreko kuota.

ZO = Zerga-oinarria, 6. artikuluko arauen arabera lortua.

%Y = Udalak finkatutako ehunekoa edo karga-tasa.

Sorrarazpena

12. artikulua. Zerga sorrarazten da:

a) Lurraren jabetza eskualdatzen denean, kostu bidez edo doan, bizien artean edo heriotzagatik, eskualdatzen den egunean berean.

b) Baliatzeko edozein eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, eratu edo eskualdatzen denean, eraketa edo eskualdaketa ematen den egun berean.

Epaitegiek edo administrazioak emandako ebazpen irmoaren bidez deklaratu edo onartzen denean lurraren eskualdaketaren edo horren gaineko gozamenduaren eskubide errealaren eskualdaketa zehazten duen egintza edo kontratua deuseztatu, eten edo ebatzi dela, subjektu pasiboak eskubidea izanen du ordaindutako zerga itzul diezaioten, betiere egintza edo kontratu horrek irabazirik ekarri ez badio eta itzulketa, ebazpena irmo bihurtu eta bortz urteko epean, egin diezaiotela eskatzen badu; irabazi-ondorioak izan direla usteko da, interesdunek elkarri itzulketak egin behar dizkiotela egiaztatzen ez denean. Itzulketa horiek Nafarroako Foru Berriko 5056. Legeak eta horiekin bat datozenek eta Kode Zibileko 1295. artikuluak aipatzen dituzte. Egintzak edo kontratuak irabazirik ekarri ez badute ere, etetea edo ebazpena deklaratzen bada subjektu pasiboak zergarekiko dituen betebeharrak bete ez dituelako, ez da deus itzuliko.

Kontratua indarrik gabe gelditzen bada kontratu-emaile biek adostasun osoz hala erabaki dutelako, ordaindutako zergarik ez da itzuliko eta zergaren menpeko egintza berritzat hartuko da. Elkarren arteko erabakitzat hartuko da adostasuneko adiskidetze egintza eta eskaria bera onartzea.

Baldintzaren bat tartean daukaten egintza edo kontratuetan, horren kalifikazioa Nafarroako Foru Berriko aginduek emanen dute. Baldintza hori esekitzekoa bada, baldintza hori bete arte zenbatekoa ez da likidatuko. Baldintza hori iraungitzailea bada, zerga eskatuko da, baldintza hori betetzen denean, behar den itzulketa egin behar bada ere, aurreko lerroaldeko erregelari jarraikiz.

Zergaren kudeaketa

13. artikulua. Zergadunak edo, hala balitz, haien legezko ordezkoak, beharturik daude aitorpena Udalaren kudeaketa bulegoan aurkeztera, hartan ematen duten eredua betez; aitorpen horretan agertuko dira bidezko likidazioa egiteko tributu-harremanerako elementu nahitaezkoak.

Aitorpen hori aurkeztuko da, zerga sortzen denetik hasita ondoko epe hauetan:

a) Bizidunen arteko egintzak direnean, epea bi hilabetekoa izanen da.

b) Heriotzaren ondoriozko egintzak direnean, epea sei hilabetekoa izanen da, luzagarria, urtebetekoa izanen baita subjektu pasiboak hala eskatzen badu

Aitorpenari agiri bat erantsiko zaio, non ezarraldia sortzen duten egintza edo kontratuak agertuko diren, bai eta subjektu pasiboak onuradun den aldetik eskatzen dituen salbuespenen egiaztagiri guztiak ere.

14. artikulua. Udal Administrazioak eskatzen ahal dizkie interesdunei behar diren datu, argibide, aurrerakin eta frogagiriak, zerga likidatzeko.

15. artikulua. 13. artikuluan xedatua ukatu gabe, halaber beharturik daude subjektu pasiboek dituzten epe eta molde beretan Udalari aditzera ematera zergapeko egintzaren gauzatzea zein izan den, lurren eskualdatzaileak edo jabaria mugatzen duten gozamenduko eskubide errealen eratzaile edo eskualdatzaileak, betiere irabazi asmoz eta bizien arteko negozio juridikoaren ondorioz eman badira.

16. artikulua. Notarioak beharturik egonen dira Ezporogiko Udalari igortzera, hiruhileko bakoitzaren lehen hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan baimendu dituzten agiri guztien zerrenda edo aurkibidea, zerga honen zergapeko egintza gauzatu dela agerian uzten duten gertakari, egintza edo negozio juridikoei buruzkoak, azken borondatezko egintzak izan ezik.

Halaber, beharturik egonen dira, epe berean, sinadura ezagutu edo legitimatzeko aurkeztu zaizkien agiri pribatuen zerrenda, gertakari, egintza edo negozio juridiko berberek osatutakoa, igortzera.

Artikulu honetan aurreikusitakoak ez du galarazten lege orokor eta tributuzkoetan ezarritako betebehar orokorra.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta udal honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L1517226