2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARAS
Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen
dituen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena
2015eko 208. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen, urriaren 20an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, eta inork erreklamaziorik batere aurkeztu ez duenez, Udalak, 2015eko abenduaren 11n egin osoko bilkuran, eta han ziren guztiak bat etorrita, erabaki zuen aldaketa behin betikoz onestea Urez hornitzeko zerbitzua eta hura emateko tasak arautzen dituen ordenantzan. Hona hemen haren testu osoa:
Arasen, 2015eko abenduaren 18an.–Alkatea, Francisco Javier Murguiondo Marquínez.
UREZ HORNITZEKO ZERBITZUA ETA HURA EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.
Zergapeko egintza
2. artikulua.
Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eskura izatea nahiz erabiltzea da zergapeko egintza, baita edateko uraren banaketa sareari lotzeko eskubidea eta saneamendu zerbitzuko sarea eskura izatea eta hura mantentzea ere.
Salbuespenak
3. artikulua.
Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.
Subjektu pasiboak
4. artikulua.
Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.
Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.
Tarifak
5. artikulua.
Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:
a) Hornidura zerbitzua eskura izateagatik eta horren mantentze lanarengatik, 11 euro urtean. (3,70 euro lau hiletik behin, kontagailuaren tasa gisa).
b) Etxeetan erabiltzeko hornidura:
–0tik 85 metro kubiko bitarte: 0,35 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
–86tik 105 metro kubiko bitarte: 0,46 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
–105 metro kubikotik goiti: 1,21 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
c) Abeltzaintzarako horniduragatik (azienda ustiategiak barne), kontsumitutako metro kubiko bakoitzetik 0,34 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
d) Industrian edo ureztapenean erabiltzeko horniduragatik:
–0tik 100 metro kubiko bitarte: 0,46 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
–100 metro kubikotik goiti: 1,20 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
e) Saneamendu sareko harguneagatik edo hura baimentzeagatik, 300 euro (gehi %10eko BEZa).
f) Hornidura sareko harguneagatik edo hura baimentzeagatik, 300 euro (gehi %10eko BEZa).
g) Etxeetan erabiltzeko saneamenduarengatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzetik 0,11 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
h) Industrietan erabiltzeko saneamenduarengatik, kontsumitutako metro kubiko bakoitzetik 0,16 euro/metro kubikoa (gehi %10eko BEZa).
i) Matxuraren bat dagoelako ur kontsumoa gehiegizkoa denean, abonatuaren beharrekin bat ez datorren kontsumoa alegia, honela jokatuko da ordainagiria kobratzeko:
–Abonatuak frogatu beharko du matxura bere kontura konpondu duela, fakturaren kopia aurkeztuta.
–Kobrantza, kontsumitutako metro kubikoen arabera: aurreko urteko hiruhileko berari dagozkionak kontatuko dira.
–Kontsumitutako metro kubikoen eta kontagailuan zehaztutako kontsumoaren arteko aldea kobratzeko, 0,34 euro/metro kubikoa ordainduko da (gehi %10eko BEZa).
j) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: kontagailua konpontzeko, berria jartzeko edo tokiz aldatzeko lanen zenbatekoa.
Likidatu beharreko kuota
6. artikulua.
Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatuz ateratzen dena izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.
Sortzapena
7. artikulua.
Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira:
a) Zerbitzua eskura izateagatik eta mantentze lanengatik, hornidura edo saneamendu sarera lotzen den unetik beretik.
b) Kontsumoagatik, hasten denetik.
c) Harguneagatik, haren irekiera, lizentzia edo baimena ematen denean sortu eta ordainaraziko da.
d) Ur kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeagatik: halako jarduketa gertatzen den unean.
Kudeatzeko arauak
8. artikulua.
Kontagailua erosteko gastuak sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira, baita ezarri eta hornitzeko behar diren materialak eta eskulana ere.
Orobat, erabiltzailearen bizkar izanen dira kontagailua konpondu, berria jarri edo tokiz aldatzeko gastuak.
Higiezin batean hargunea jarri nahi duten sustatzaile, eraikitzaile, pertsona juridiko edo fisikoek eskabidea aurkeztu beharko diote Arasko Udalari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra, zenbatek hartzen duten zerbitzua, higiezinaren azalera erabilgarria eta ezarri gogo den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia-unitate bakoitzeko.
Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu.
9. artikulua.
Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.
Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.
10. artikulua.
Erabiltzaileak behin ere ez du urez hornitzen ahalko bertze pertsona bat, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.
11. artikulua.
Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.
12. artikulua.
Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.
13. artikulua.
Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako bertze zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.
14. artikulua.
Kontagailua matxuratua izan eta gehienez ere 15 eguneko epean konpondu ez duenari haren ezaugarri berdintsuenak (familia unitateko kideak, aziendak etab.) dituen zergadunak egin duen kontsumoa halako bi kobratuko zaio.
Diru-bilketa
15. artikulua.
1. 5. artikuluko b), c), d), g) eta h) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak lau hilabetean behin ordainduko dira.
2. 5. artikuluan aipatzen diren gainerako ordainarazpenak sortzen diren unean ordainduko ditu erabiltzaileak.
3. Borondatezko ordainketa egiteko aldia iraganik, mugaeguna gainditu duten zor likidoak direnean, premiamendu bidez eskatzen ahalko dira, dagokien errekarguarekin.
Arau-hausteak eta zehapenak
16. artikulua.
Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:
a) Toki entitateko langile behar bezala baimenduek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.
b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.
c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak bertzelakotzea.
d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.
e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.
f) Kontagailua eta gisu iragazkiak kentzea.
17. artikulua.
Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatutakoari ere.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
Iragarkiaren kodea: L1517109