14. ALDIZKARIA - 2016ko urtarrilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Udal ordenantza, zenbait tasa arautzen duena. Behin betiko onespena

Andosillako Udalak, 2015eko urriaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizentziak emateko, hirigintzaren arloan kontroleko administrazio jarduerak egiteko, planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnak nahiz kudeaketa eta urbanizazio tresnak tramitatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2015eko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Andosillan, 2015eko abenduaren 22an.–Alkatea, José Manuel Terés Azcona.

ORDENANTZA FISKALA, LIZENTZIAK EMATEKO, HIRIGINTZAREN ARLOAN KONTROLEKO ADMINISTRAZIO JARDUERAK EGITEKO, PLANEAMENDU OROKORREKO ETA GARAPENEKO TRESNAK NAHIZ KUDEAKETA ETA URBANIZAZIO TRESNAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

Zergapeko egintza da, halaber, kasuan kasuko udal jarduera teknikoa edo administratiboa, subjektu pasiboari era berezian ukipena edo onura egiten diona eta beharrezkoa dena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean planeamendu orokorrari eta garapenari eta kudeaketari eta urbanizazioari dagokienez aurreikusitako tresnak tramitatzeko.

3. artikulua. Tasa sorrarazten duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren menpeko egintzak dituzte xede, edo ondoko kontrolaren menpekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko jakinarazpena edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ordaindu beharra

4. artikulua. 1.–Honako hauek daude salbuetsita tasak ordaintzetik obren lizentzia emateagatik edo erantzukizuneko aitorpenaren edo aurretiazko jakinarazpenaren menpeko obrak egindakoan kontrolatzeagatik:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, betiere Andosillako Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

2.–Tasa hauek direla medio Telefónica de España, S.A.U. enpresari egokitu lekiokeen ordainketa dirutan egin beharreko urteko ordainaz ordezkatzen da, Nafarroako Foru Erkidegoan Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

5. artikulua. Sortzapena. Tasa lizentzia eskatzen denean sortuko da edo, bertzenaz, erantzukizunezko aitorpena edo aurretiazko jakinarazpena aurkezten denean. Planeamendu orokorreko eta garapeneko baliabideak eta kudeatu eta urbanizatzeko baliabideak tramitatzeko tasa espedientearen hasierako onespenarekin sortuko da.

6. artikulua. Atzera egitea edo erretiratzea. Lizentzien eskatzaileek atzera egin dezakete, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero, betiere aipatu lizentzia iraungirik ez badago. Era berean, lizentzia ematea beharrezkoa ez denetan, interesdunek beren erantzukizuneko aitorpena edo aurretiazko jakinarazpena erretiratzen ahal dute.

Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen edo erantzukizuneko aitorpenarekin edo aurretiazko jakinarazpenarekin adostasuna egon baino lehen egiten bada atzera, interesdunak lizentziari atzera egiteko edo jakinarazpena erretiratzeko tasa ordaindu beharko du, kasua zein den.

Lizentzia eman eta gero edo erantzukizuneko aitorpenarekin edo aurretiazko jakinarazpenarekin adostasuna eman ondoren egiten bada atzera, interesdunak ordaindu beharko ditu obren lizentzia emateko edo aurretiazko jakinarazpena egiteko tasa nahiz atzera egitekoa edo erretiratzekoa.

7. artikulua. Eskakizunak. Obra lizentziaren eskaera bat tramitatzean edo erantzukizuneko aitorpena egiaztatzean, udal arkitektoak eskatzen badu aurkeztutako jatorrizko proiektua edo memoria aldatzeko, txosten tekniko osagarriak ere sorrarazpena izanen du, ordenantza honen eranskinean jasotzen den tarifarekin bat.

Subjektu pasiboa

8. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketa bat egitea eskatu edo adierazten badute edo egindako hirigintzako jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, zoruari eta hiri antolamenduari buruzko arauetan hirigintzako lizentziak emateko aurreikusi diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

9. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeatzeko arauak

10. artikulua. Behin-behineko likidazioa. Tributu administrazioak behin-behineko likidazioa eginen du, interesdunek aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

11. artikulua. Behin betiko likidazioa. Obrak bukatutakoan, administrazioak behin betiko likidazioa eginen du, zergadunak aurkeztutako obra bukaerako ziurtagiriaren arabera edo udal arkitektoak egindako balorazio teknikoaren arabera, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztea beharrezkoa ez denetan.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe gelditzen da Lizentzien eta hirigintzako beste jarduketa batzuen tasak arautzen dituen ordenantza, 2004ko maiatzaren 20ko osoko bilkuran onetsi zena, eta 2004ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abuztuaren 27an.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea. 376,66 euro + iragarkiak prentsan argitaratzeko gastuak:

–Antolamendurako plan partzialak edo bereziak tramitatzea.

–Udal Plan Orokorreko Arau Subsidiarioetako aldaketa puntuala, plan partzialak, plan bereziak, unitatearen mugak ezartzea, erabilera aldaketak.

–Xehetasun azterlanak.

–Lurzatiketak eta birzatiketak.

2. epigrafea. Urbanizazio obrak gauzatzeko aurrekontuaren %1,5 + prentsan argitaratzeko gastuak.

–Partikularrek sustatutako eta eskatzaileek egindako urbanizazio proiektuak tramitatzea.

3. epigrafea.

–Obra lizentzia: obra gauzatzeko aurrekontuaren arabera:

  • 3.000 euro bitarte: 54,60 euro.
  • 15.000 euro bitarte: 91,00 euro.
  • 30.000 euro bitarte: 169,00 euro.
  • 60.000 euro bitarte: 227,50 euro.
  • 150.000 euro bitarte: 286,00 euro.
  • 300.000 euro bitarte: 390,00 euro.
  • 600.000 euro bitarte: 572,00 euro.
  • 600.000 eurotik gora: 715,00 euro.

–Obra lizentziari uko egiteko tasak: 169,00 euro.

–Tasa, udal teknikariak eskatutako txosten gehigarriagatik: 357,50 euro/txostena.

4. epigrafea.

–Aurretiazko jakinarazpena: obra gauzatzeko aurrekontuaren arabera:

  • 3.000 euro bitarte: 54,60 euro.
  • 15.000 euro bitarte: 91,00 euro.
  • 30.000 euro bitarte: 169,00 euro.
  • 60.000 euro bitarte: 227,50 euro.
  • 150.000 euro bitarte: 286,00 euro.
  • 300.000 euro bitarte: 390,00 euro.
  • 600.000 euro bitarte: 572,00 euro.
  • 600.000 eurotik gora: 715,00 euro.

–Jakinarazpena edo erantzukizuneko aitorpena erretiratzeko tasa: 169,00 euro.

–Tasa, udal teknikariak eskatutako txosten gehigarriagatik: 357,50 euro/txostena.

5. epigrafea: 263,66 euro.

–Hirigintza hitzarmenak.

6. epigrafea: 169,00 euro/lurzatia.

–Lur banantzeak.

7. epigrafea:

–Eraikinak eta instalazioak lehen aldiz erabiltzeko edo okupatzeko lizentziak, behin betikoz gauzatzeko aurrekontuaren arabera:

  • 60.000 euro bitarte: 169,00 euro.
  • 150.000 euro bitarte: 234,00 euro.
  • 300.000 euro bitarte: 299,00 euro.
  • 600.000 euro bitarte: 364,00 euro.
  • 600.000 eurotik gora: 455,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L1517186