2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZIZUR NAGUSIA
Udal ordenantza, baratzeen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Zizur Nagusiko Udalak, 2015eko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Baratzeen erabilera arautzen duen udal ordenantzaren espedientea. Halaber, haren ondoko arauzko tramitazioa onetsi zuen.
Ordenantza horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2015eko 229. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 16an, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu, ezta geroago ere. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat hartzen da.
Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren aldaketaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak sortzeko.
Zizur Nagusian, 2015eko abenduaren 23an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.
ZIZUR NAGUSIKO BARATZEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA
1. artikulua. Alkatetzaren ebazpenaren bidez esleituko zaizkie baratzeak eskatzaileei, eta itxaron zerrendako hurrenkerari jarraituko zaio hutsak sortzen direnean.
2. artikulua. Baratzearen esleipen-hartzaileak ezin izanen du lurzatiaren egitura aldatu, ezta haren mugak ere.
3. artikulua. Baratzea titular bakarrari esleituko zaio eta horrek ezin izanen du laga, eskualdatu edo alokatu. Gainera, esleipen-hartzaile titularrak Zizur Nagusian erroldaturik egon beharko du.
4. artikulua. Baratzeak esleipen-hartzaileak landuko ditu zuzenean. Salbuespen aldietan, hala nola oporretan edo laneko bajetan, beste batek landu dezake baratzea.
5. artikulua. Zilegi da etxola bat eraikitzea, lanabesak gordetzeko, udal baimena lortu ondoren, betiere daudenak errespetatuz.
6. artikulua. Ureztatzeko instalazioak ez dagozkio Zizur Nagusiko Udalari.
Putzu bat egin behar bada horretarako, erakunde eskudunaren baimena lortu ondoan, estalki bat izanen du gainean, eta barnean igotzeko heldulekuak, ahal den segurtasunik handiena izan dezan. Esleipen-hartzailea izanen da gerta litezkeen ezbeharren erantzulea.
7. artikulua. 30,00 euroko kanon bat ordainduko da urtean, urtarrilaren 1etik aurrera sorrarazia eta urteko lehenbiziko hiruhilekoan ordaindu beharrekoa.
8. artikulua. Baja emateko, Zizur Nagusiko Udalari jakinarazi beharko zaio.
9. artikulua. Debeku da tokiko estetika itxuraldatzen ahal duen edozein material metatzea edo uztea.
10. artikulua. Galarazia dago landare igokariak paratzea, edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak.
11. artikulua. Egindako laboreak norberaren kontsumorako izanen dira. Beraz, galarazia dago haien salmenta.
12. artikulua. Hertsiki debekaturik dago animaliak, etxekoak izan edo ez, egotea edo edukitzea baratzeetan.
13. artikulua. Baratze bat abandonatutzat hartuko da, sartutako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten denean edo azaleraren %50 basabelarrek hartzen dutenean edo izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen dutenean.
Baratze bat abandonatua dagoenean esleipen-hartzaileak abisua jaso eta 15 egun natural izanen ditu behar bezala egokitzeko. Bestela, esleipena baliogabetuko da, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu baten bidez.
14. artikulua. Udalak aldian-aldian ikuskapenak eginen ditu baratzeetan, aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete ikusten bada. Adierazitako arau eta artikuluetako edozein ez betetzeak ekarriko du esleipena segituan baliogabetzea, Alkatetzaren ebazpen arrazoitu baten bidez.
15. artikulua. Zizur Nagusiko Udalak, baratzeen jabea den aldetik, erabakiko du, Udalaren betebeharrak edo beste edozein arrazoi dela eta, baratzeen lagapena bukatzen dela.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen da baratzeak esleitzeko baldintzen zerrenda, Zizur Nagusiko Kontzejuko Hogeiko Batzarrak 1981eko martxoaren 6an eta irailaren 4an hartutako erabakien bidez onetsia.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Iragarkiaren kodea: L1517194