139. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

133E/2016 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez onetsi ziren oinarri arautzaileak aldatzen dituena, hau da, batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzen deialdiarenak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez, batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik; orobat, oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Deialdi horren 13. oinarriak ezartzen duenez, “planak finantzatzeko diru-laguntzak eskatu nahi dituzten prestakuntza zentro eta entitateek, deialdia argitaratzen den egunean, egiaztatuta edo izena emanda egon beharko dute, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aldetik, diru-laguntzarako eskaeraren xede diren profesionaltasun-ziurtagirietan edo prestakuntzako espezialitateetan (...)”.

Bestetik, 17. oinarrian, eskaerak baloratzeko irizpideak arautzen dira, eta irizpide hau ezartzen da 1.c.5), 2.c.4), 3.c.4) eta 4.c.4) ataletan:

“5 puntu bitarte baloratuko da ikastaroak ematen frogatutako esperientzia, betiere Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza Zerbitzuaren 2015eko prestakuntza deialdietan zein lanbide arlotara aurkeztu den, horrexetako prestakuntza espezialitateekin zerikusia baldin badute. Gehieneko 5 puntu horiek lortzeko, 2.500 ordu eman izana eskatuko da. Ordu kopurua hortik beherakoa bada, zati proportzionala kalkulatuko da.”

Dena dela, Enplegurako Lanbide Heziketaren sistema lan arloan arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legeak, 15. artikuluan, prestakuntza entitateak egiaztatu edo/eta inskribatu beharra arautzen du, eta 4. idatz-zatian dio “betiere, egiaztapena eta/edo inskripzioa bakarra eta baliagarria izanen dela zerbitzuak Estatuko lurralde osoan emateko, Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen 20. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz”.

Orobat, abenduaren 9ko 20/2013 Legearen 18.2 artikuluak ezartzen du “ezarpen librea eta zirkulazio librea mugatzen duten jarduketatzat joko direla agintari eskudunen esku hartzeko egintza, xedapen eta baliabideak, lege horren II. kapituluan jasotako printzipioak betetzen ez dituztelako, baldin eta bereizkeriazko beharkizunak biltzen edo aplikatzen badituzte jarduera ekonomiko batean hasteko edo hartan aritzeko, abantaila ekonomikoak lortzeko edo kontratu publikoak esleitzeko, beharkizun horiek operadorearen bizilekuan edo ezarlekuan oinarrituta, zuzenean edo zeharka”.

Adierazitakoaren arabera, bai konkurrentziaren beharkizuna, deialdiaren 13. oinarrian ezarria, bai balorazio irizpidea, 17. oinarrian jasoa, azaldutako araudian xedatutakoaren aurka daude, eta kendu egin behar da Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatu edo inskribatzeko baldintza eta parte hartzeko aukera eman behar zaie beste administrazio eskudun batzuek egiaztatu edo/eta inskribatutako edozein prestakuntza zentrori eta entitateri, eta, orobat, aipatu balorazio irizpidea aldatu.

Halaber, bidezko da prestakuntza ekintzak gauzatzeko azken eguna luzatzea, 2016ko abenduaren 15a arte, bai eta justifikazioaren azken eguna ere, urte bereko abenduaren 23a arte.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren (batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik) 3. oinarria aldatzea, honela idatzita uzteko:

“Deialdi honen babesean garatzen diren prestakuntza planak esleitzen direnetik aurrera gauzatzen ahalko dira, 2016ko abenduaren 15a arte.”

2. Apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren (batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik) 13. oinarria aldatzea, honela idatzita uzteko:

“Planak finantzatzeko diru-laguntzak eskatu nahi dituzten prestakuntza zentro eta entitateek, deialdia argitaratzen den egunean, egiaztatuta edo izena emanda egon beharko dute diru-laguntzarako eskaeraren xede diren profesionaltasun-ziurtagirietan edo prestakuntzako espezialitateetan (...)”.

3. Apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren (batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik) 17. oinarriko 1.c.5), 2.c.4), 3.c.4) eta 4.c.4) atalak aldatzea, honela idatzita uzteko:

“Entitatearen esperientzia.

5 puntu bitarte baloratuko da ikastaroak ematen frogatutako esperientzia, 2015eko prestakuntza deialdietan zein lanbide arlotara aurkeztu den, horrexetako prestakuntza espezialitateekin zerikusia baldin badute. Gehieneko 5 puntu horiek lortzeko, 2.500 ordu eman izana eskatuko da. Ordu kopurua hortik beherakoa bada, zati proportzionala kalkulatuko da.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen ez dituen deialdietan parte hartu duten zentroek SEPEk edo kasuan kasuko administrazio eskudunak emandako ziurtagirien bidez frogatu beharko dituzte datu horiek.”

4. Apirilaren 22ko 73E/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren (batik bat lanean ari diren pertsonei zuzendutako 2016ko prestakuntza planak gauzatzeko diru-laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko lurralderako bakarrik) 23.1 oinarriko 2. lerroaldea aldatzea, honela idatzita uzteko:

“Hori deusetan galarazi gabe, 23.2.b) oinarrian aipatzen den justifikazio memoria ekonomikoa aurkezteko azken eguna 2016ko abenduaren 23a izanen da. Dena dela, 2017ko otsailaren 5a arte aurkezten ahalko dira 2016ko abenduaren 23rako aurkeztu eta ordaindu diren nominei dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazioaren ordainketaren justifikazioa eta PFEZaren ordainketarena.”

5. Beste epe bat ematea, 20 egun naturalekoa, eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Lehendik aurkeztuta dauden eskaerek beren balioari eta indarraldiari eutsiko diete.

6. Ebazpen honen aurka, administrazio bidea amaitzen baitu Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen 26.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

7. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko uztailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1608294