137. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

283E/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, DDD tratamenduen aplikatzailearen txartelen indarraldia (oinarrizko maila eta maila kualifikatua) 4 urte luzatzen duena, 2016ko uztailaren 15etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitatean tratamenduak biozidekin egiteko.

Biozidarekiko tratamenduak egiteko gaitasunaren araudia ezartzen duen ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretua argitaratuta, funtsean aldatu zen produktu biozidak aplikatzen dituzten langileen prestakuntzari buruzko arau-esparrua. 1994ko martxoaren 8ko agindua indargabetu zen, pestiziden bidezko tratamenduak egiteko prestakuntza ikastaroen homologazioaren araudia ezarri zuena, eta Biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluazio prozesua arautzen duen urriaren 11ko 1054/2002 Errege Dekretuaren 29. artikulua aldatu zen. Zehazki, produktu bioziden manipulatzaileei buruzko prestakuntza aurrerapen zientifiko eta teknikoetara egokitu zen, eta Lanbide Heziketan indarra duen sistemari lotu, lanbide kualifikazioaren egiaztapenaren bidez, aitortza emanez Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan bildutako lanbide prestakuntzaren tituluei eta profesionaltasun ziurtagiriei.

Hala ere, ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretu horren lehen xedapen iragankorrak, egungo txartelen indarraldiari dagokionez, 6 urteko epea ematen zuen 2., 3., 4., 14., 18. eta 19. motako bioziden esparruan. Epe horretan, ingurumenaren aldetik eta elikaduraren industrian erabiltzeko homologatutako oinarrizko mailaren eta maila kualifikatuen txartelen indarraldia luzatzen zen 2016ko uztailaren 15era arte. Epe horretan bi prozedura mota izan dira batera lanbide gaitasuna egiaztatzeko: batetik, oinarrizko txartela eta txartel kualifikatua luzatzea 2016ko uztailaren 15era arte, eta, bestetik, profesionaltasun ziurtagirien bidez egiaztatzea gaitasuna, zein pixkanaka-pixkanaka garatu baita. Nolanahi ere, kualifikazio prozesu horiek ez dira behar adina garatu gaitasunen egiaztapena orokortzeko esparru horretan aritzen diren langileen prestakuntzan eta, horren ondorioz, langile horiek ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuaren 4. artikuluan eskatzen den prestakuntza izateko aipatutako xedapen iragankorrean ezarritako epea bukatutakoan.

Lehen xedapen iragankor horrek, 3. puntuan, gaitasuna ematen die autonomia erkidegoei eta Ceutako eta Melillako hiriei bidezkotzat jotzen dituzten xedapenak har ditzaten errege dekretu horretan arautzen diren profesionalen faltak lan merkatuan sor ditzakeen problemak apaltzeko, salbuespeneko neurri hauetakoren baten bitartez: egungo txartelen indarraldia luzatzea, denbora tarte jakin batean, epe iragankorra bukatu ondoren ere, eta kurtso gehiago baimentzea. Hori dela eta, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioko Osasun Publikoaren Batzordea bildurik, erabaki zen txartelen indarraldia 4 urte luzatzea, epe iragankorra bukatu baino lehen. Hartara, 2020an bukatuko da indarraldia.

Osasun Publikoaren Batzordearen erabakia ikusirik, eta 830/2010 Errege Dekretuan eskatutako prestakuntza bete dadila errazteko, sektoreak horretarako aurkeztutako eskaerei heltzeko eta hastapenean aurreikusitako epeetan araua aplikatzearen ondorioz, osasun publikoaren arloan beharrezkoak diren bioziden tratamenduen zerbitzuetan eta, profesionalen faltagatik, lan merkatuan sor litezkeen problemak apaltzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposatu du ingurumenaren aldetik eta elikaduraren industrian erabiltzeko homologatutako oinarrizko mailaren eta maila kualifikatuaren txartelen indarraldia luzatzea denbora tarte jakin batean, epe iragankorra bukatu ondoren ere.

Bestalde, Pestiziden Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialaren inskripzioa eta funtzionamendua arautzen duen urtarrilaren 22ko 50/1996 Foru Dekretuak gaitasuna ematen die, azken xedapenetako lehengoan, Osasuneko kontseilariari eta Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landa Garapeneko kontseilariari behar adina arau emateko foru dekretu hori garatu eta gauzatzeko, nork bere eskumenen garapenean. Aplikatzaileen prestakuntzaren egiaztapena aurrera eramateko lanbide kualifikazioaren bitartez, irizten da ez dela bidezkoa kurtso gehiagorik baimentzea ez txartelak ematen jarraitzea gaitasuna luzatzeko sistemaren bidez.

Adierazitakoarekin bat, ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuak lehen xedapen iragankorrean emandako gaitasunak erabiliz eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak baliatuz.

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–4 urte luzatzea, 2016ko uztailaren 15etik aurrera, DDD tratamenduen aplikatzailearen txartelen indarraldia (oinarrizko maila eta maila kualifikatua), Nafarroako Foru Komunitatean tratamenduak biozidekin egiteko. Txartel horien indarraldia zuzenean luzatutzat joko da egun horretatik aurrera.

Azken xedapenetako lehena.–Luzapenaren ondorioak prestakuntzan.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, ez da baimenduko pestizidak ingurumenaren aldetik eta elikaduraren industrian erabiltzeko jardueretan aritzen diren langileentzat lehenago homologatutako kurtso gehiagorik eta ez da emanen 1994ko martxoaren 8ko Aginduaren bigarren artikuluan, oinarrizko mailari eta maila kualifikatuari dagokienez, gaitasuna egiaztatzeko zehaztutako txartelik.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2016ko uztailaren 15ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2016ko ekainaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1608161