137. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 29an hartua, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza hitzarmen bat izenpetzea onesten duena EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko.

Estatuak lurraldea antolatzeko duen moduaren muinetik beretik heldu da administrazio publikoen arteko lankidetza, antolaketa hori Konstituzioan ezarririk eta, hortaz, erkidegoen arteko laguntza eta lankidetza harremanak erkidegoen estatuaren konstituzio esparruaren barrenean daude; zehazki, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.2 artikuluan eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 22.2 artikuluan.

Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak harreman berezia mantentzen dute kidetasun handia dutelako historia, kultura, hizkuntza, turismo eta arlo soziokulturalaren aldetik; gainera, tradizio luzea dute elkarlanean, kultur eta hizkuntza arloko erakundeak elkarrekin sortu eta garatzera eraman dituena, bai eta sektoreko akordioak izenpetzera ere hainbat eremutan.

Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legeak 40.4 artikuluan ezartzen du autonomia erkidego batek hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen beste autonomia erkidego mugakide batean egiten ahalko duela ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidez, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute, eta elkarrekikotasuna bada.

Nafarroako Foru Komunitateko Parlamentuak behin eta berriro eskatu dio Nafarroako Gobernuari aukera eman dezala LTD bidez ETB hartzeko. Alde horretatik, Nafarroako udal ugarik horren alde egin dute, zeinek bere udalerrian bere mozioa onetsi baitu ETBren emisio digitala hartzearen alde.

Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoak izenpetua dute Lankidetzarako Protokolo Orokor bat, Gasteizen, 2016ko maiatzaren 10ean sinatua, aurretik 2009ko uztailaren 3an sinatutakoa berritzen duena, horren aurreikuspenak garatu eta aldatzen baititu; protokolo berri horren bidez, bi gobernuek beharrezko kudeaketak egiteko konpromisoa hartzen dute ikus-entzunezko komunikazioaren arloan, EITBren programak Nafarroako Foru Komunitatean zabal daitezen.

Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.2 artikuluak berariazko aurreikuspena du, lankidetza hitzarmenak izenpetzekoa Euskal Herriko Autonomia Erkidegoarekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 89.2 artikuluak, bestetik, autonomia erkidegoekin hitzarmenak izenpetzeko aurreikuspena jasotzen du.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 90.1 artikuluak adierazten du Nafarroako Gobernuari dagokiola hitzarmenak eta akordioak onestea.

Abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.1 artikuluak izenpetzen diren hitzarmenen berri Gorte Nagusiei ematera behartzen du.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren arteko Lankidetza Hitzarmena, erabaki honen eranskinean jasoa, izenpetu dadin onestea.

2. Baimena ematea Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari, aipatu hitzarmena sinatzeko.

3. Hitzarmena izenpetzearen berri ematea Gorte Nagusiei, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 70.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.

4. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko ekainaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza hitzarmena, EITBren zerbitzuak Nafarroan hedatzeko (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1608166