137. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 29an hartua, Sarrigurengo “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kentzen duena eta herri bereko “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” izeneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak sortzen dituena.

Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak proposamen-txostena aurkeztu du Sarrigurengo (Eguesibarko) “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kentzeko eta “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” izeneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak sortzeko, hau da, egungo ikastetxea bi ikastetxetan banatzeko hizkuntza ereduen arabera, hori arrazoizkoena baita ikastetxe horretan gero eta handiagoa den konplexutasunari aurre egiteko. Izan ere, gero eta gehiago dira ikasleen eta irakasleen kopurua eta hiru hizkuntza eredu daude, PAI programarekin.

Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako eskola publiko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Erregelamendu Organikoa onetsi zen, eta xedatu zen Nafarroako Gobernuak sortuko zituela ikastetxe horiek. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren, Giza Baliabideen Zerbitzuaren eta Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuaren txostenak daude jasota proposamenean.

Nafarroako Eskola Kontseiluak edo Hezkuntzako Batzorde Nagusiak espedientearen gaineko txostena egin du, eta irakasleen ordezkari sindikalei txosten horren berri eman zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. 2016ko ekainaren 30etik aurrerako ondorioekin, Sarrigurengo (Eguesibar) “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kendu egiten da (ikastetxearen kodea: 31013501).

2. 2016ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, honako datu hauek dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak sortzen dira:

1.–Hermanas Uriz Pi.

Ikastetxearen kodea: 31014773.

Izen orokorra: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa.

Berariazko izena: “Hermanas Uriz Pi”.

Helbidea: Jorge Oteiza etorbidea, 4.

Herria: Sarriguren.

Udalerria: Eguesibar.

Titularra: Hezkuntza Departamentua.

Osaera juridikoa: 12 unitate Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, gehienez 300 ikaspostu; eta 24 unitate Lehen Hezkuntzan, gehienez 600 ikaspostu.

Hizkuntza ereduak: A eta G, ingelesa ikasteko programarekin.

2.–Joakin Lizarraga.

Ikastetxearen kodea: 31014785.

Izen orokorra: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa.

Berariazko izena: “Joakin Lizarraga”.

Helbidea: Jorge Oteiza etorbidea, zk.g.

Herria: Sarriguren.

Udalerria: Eguesibar.

Titularra: Hezkuntza Departamentua.

Behin-behineko osaera juridikoa: 15 unitate Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, gehienez 375 ikaspostu; eta 30 unitate Lehen Hezkuntzan, gehienez 750 ikaspostu.

Hizkuntza eredua: D, ingelesa ikasteko programarekin.

3. “Sarriguren” Ikastetxe Publikoko A eta G ereduetako oraingo ikasleak “Hermanas Uriz Pi” ikastetxe publikoari atxikitzen zaizkio, eta D eredukoak “Joakin Lizarraga” ikastetxeari.

4. “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa kentzeak ukitutako irakasleak, hartan behin betiko destinoa dutenak, “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” ikastetxe berriei atxikiko zaizkie, I. eranskinean ezarritakoarekin bat.

Atxikipenak 2016ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu. Atxikipen horrek ez du ekarriko behin betiko destinoa “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoan zuten langile ukituek antzinatasuna galduko dutenik.

5. Ondorioak 2016ko irailaren 1etik aurrera izanik behin betiko destinoa lekualdatze-lehiaketa bidez “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoan lortu duten irakasleak “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” ikastetxe berriei atxikiko zaizkie, II. eranskinean ezarritakoarekin bat.

6. Oraingo ikasturtean behin-behinekoz edo aldi baterako administrazio kontratu baten bidez “Sarriguren” Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoan aritzen diren irakasleak, 2016ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte, “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” ikastetxe berrietan arituko dira, III. eranskinean ezarritakoarekin bat.

7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mende dauden irakaskuntzaz kanpoko langileen plazak “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” ikastetxeei atxikiko zaizkie, IV. eranskinean ezarritakoarkin bat.

8. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 15.2 xedapen gehigarrian xedatutako ondorioetarako, ikastetxe berri horietako irakaslanen funtzionamenduak 2016ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

9. Oraingo ikastetxea kentzeak 2016ko ekainaren 30etik aurrera izanen ditu ondorioak, galarazi gabe zuzendaritza taldeak 2015-2016 ikasturteko alderdi akademikoekin lotutako erabakiak hartu ahal izatea egun hori eta gero.

10. “Hermanas Uriz Pi” eta “Joakin Lizarraga” “Iruña-Erdialdea” 14. barrutiari atxikiko zaizkio eta Iruñeko “Mendillorri” Bigarren Hezkuntzako Institutuaren Bigarren Hezkuntzako zonaldekoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azpizonaldekoak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitatearen ikastetxeen sarearen barnean, zein Nafarroako Foru Komunitatearen ikastetxeen sarea berrantolatzeko arauak ematen dituen martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretuak ezarri baitzuen (martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretuak aldatua eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretuak gaurkotua).

11. Halaber, bi ikastetxeak, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 11ko 12/2009 Foru Aginduan ezarritakoaren ondorioetarako, 1. eragin eremuan kokatuko dira, hots, “Iruña eta Iruñerria” eragin eremuan, Iruñeko eta Iruñerriko udalerriak barnean hartzen dituen eremu bakarrean, Eguesibarren horren barnean baitago: “Hermanas Uriz Pi” ikastetxea G eta A ereduetako ikasleak eskolatzeko, eta “Joakin Lizarraga”, berriz, D ereduetako ikasleak. Aipatutako foru aginduaren bidez ezarri ziren ikastetxe publikoen eta pribatu itunduen eragin eremuak, Ikasleak onartzeko arauak ematen dituen apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen direnak.

12. Bi ikastetxeetako zuzendaritzek erabaki beharko dute nola erabili espazio eta zerbitzu amankomunak. Gainera, bi ikastetxeek eragin eremu bera dutenez gero, eskolako egutegia adostu behar dute, eskaintzen dituzten zerbitzuak optimizatzeko.

13. Erabaki hau igortzea Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Plangintza Zerbitzura eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Eguesibarko Udalari jakinaraztea.

14. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko ekainaren 29an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1608221