137. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABLITAS

Aldaketa, Zirkulazio murriztua arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Ablitasko Udalak, 2016ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Zirkulazio murriztua arautzen duen ordenantzan. 2016ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretan egindako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ablitasen, 2016ko ekainaren 17an.–Alkatea, Cecilio Antón Ruiz.

Aldaketa, Ablitasko zirkulazioko eta aparkatze murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantzan

Ezaugarriak, xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honen bitartez, herriko zona edo kale batzuetan zirkulazioa, gelditzea eta aparkatzea arautzen da.

Zirkulatu, gelditu eta aparkatzen ahal dira zona horietan baimendutako ibilgailuak, ezarritako egun eta orduetan, denbora mugarik gabe, eta merkataritza, industria, lanbide eta zerbitzu jardueretarako urrutiko agintea duten titularren ibilgailuak ere, nork bere sektorearen barrenean, horiek ere denbora mugarik gabe, hori guztia baimendutako lekuetan.

Zona horiek alkatetzaren ebazpenaren bidez aldatzen ahalko dira, kontuan hartuta Hirigintza, Obra, Industria eta Ingurumeneko Batzordearen txostena.

2. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko den hiri eremuetan behar bezalako seinaleak jarriko dira, zutikakoak nahiz etzanak, kasua nolakoa den, eta zirkulatzea eta aparkatzea murriztuta egongo da eremu horietan, araudian ezarritakoari jarraikiz.

3. artikulua. Ordenantza honen xede diren eremuak 1. eranskinean aipatzen dira.

4. artikulua. Ordenantza honen bitartez zirkulazio eta aparkatze murriztuko egunak eta orduak arautzen dira. Honako hauek dira:

1. eranskineko eremuetan, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, bizilagunek edo baimendutako ibilgailuek zirkulatu edo aparkatzen ahalko dute, salbuespen hauekin:

Ezin izanen da zirkulatu ez eta aparkatu ere, baimendutako pertsonek ere ez, jaiak, prozesioak, desfileak, peñen eta txarangen ibilaldiak, kirol lehiaketak edo ludikoak edo gisako beste ekintza batzuk egiteko behar den denboran, baldin egiten badira araudian dauden kale guztietan edo batzuetan barna eta Udalak antolatuta edo baimenduta.

Alkatetzak aldatu edo bertan behera uzten ahalko du ordenantza hau aplikatzea, araututako eremu batzuetan edo guztietan, salbuespeneko arrazoi edo baldintzek komenigarria egiten dutenean.

5. artikulua. Baimena duten bizilagunek ibilgailua aparkatu ahal izanen dute, denbora mugarik gabe, behar bezala seinaleztatutako lekuetan.

Bizilagun izaera izateko, baimena eta urrutiko agintea eskuratzeari dagokionez, baldintza hauek bete beharko dira:

1. Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea.

Baimena zer ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egon behar du helbideratua.

2. Ablitasko Udalari urrutiko agintea eskatu eta hura eskuratzea, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

a) Honako hauen kopia konpultsatua: nortasun agiri nazionalarena, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

b) Autoaren aseguru polizaren kopia konpultsatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura eduki behar bada.

c) Urrutiko agintearen kostua ordaintzea.

3. Halaber, baimena eta urrutiko agintea eskatzen ahalko dituzte:

–Ordenantza honek arautzen dituen eremuetako etxebizitzen jabeek edo maizterrek, nahiz eta Ablitasko egoiliar izaera ez izan. Kasu honetan, etxebizitza bakoitzeko urrutiko aginte bakarra emanen da, aldi baterako.

–Egiaz bigarren etxebizitza gisa erabiltzen diren etxebizitzen jabeek, baldin ordenantza honen eremuaren barnean badaude.

–Peñen lokalek urrutiko aginte bakarra eskatzen ahalko dute lokal bakoitzean, eta hark gaituko ditu eremuan barna zirkulatzeko, bakarrik zamalanetarako.

–Adineko pertsonak zaindu edo haien ardurapean dituzten familiakoek edo pertsonek, behar bezala kreditaturik, urrutiko aginte bakarra eskatzen ahalko dute zaintzen duten pertsonen etxebizitzako, betiere eskatzaileak ordenantza honetan arautzen diren eremuetan bizi ez badira.

4. Urrutiko agintea lortzeko eskubidea eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen jarraitzea.

Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen diren ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla egiaztatzeko.

6. artikulua. Ibilgailu bakoitzeko ez da, inola ere, urrutiko aginte bat baino gehiago emanen.

7. artikulua. Urrutiko agintea duen bizilagunak denbora mugarik gabe aparkatzen ahal du libre dauden aparkatzeko tokietan.

8. artikulua. Baimena ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den, urte hartarako balioko du eta eskatzailearentzat eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

9. artikulua. Baimena eta urrutiko agintea lortzen dituzten eskatzaileek horien ardura izanen dute, eta etxea edo ibilgailua aldatzen dutenean, edo horiek izateko eskubidea ematen duten baldintzetakoren bat aldatzen denean, beharturik daude Udalari komunikatzera, astebeteko epean.

Baimen berria emanen zaie baldin ibilgailua aldatu eta oraindik ere behar diren baldintzak badituzte.

Eremuan sartzeko baldintzak betetzeari utziz gero, urrutiko agintea itzuli beharko da –baita behar den baimena ere–, erabiltzeko moduan behar bezala dagoela, eta haren balioa ordainduko da galdu edo hondatuz gero.

10. artikulua. Halaber, etxea edo beste edozein baldintza aldatzeagatik urrutiko aginte berria eskuratzeko eskubidea galduz gero, orduan ere txartela itzuli beharko da.

Urrutiko agintea ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

11. artikulua. Udalak noiznahi egiazta dezake ofizioz urrutiko aginteak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezkoak izan daitezkeen beste neurri edo zehapenak galarazi gabe.

Zamalanak

12. artikulua. 7:00-11:00 ordutegian sartzen ahalko da eremura zamalan profesionaletarako.

Zutoinak lur azpian egonen dira, karrika horietan zamalanetan aritzen diren ibilgailuak sartu eta atera daitezen ordutegi horretan.

Eremu publikoan zamalana egitea da salgairen bat eramatea finka batetik ibilgailu aparkatu batera edo alderantziz, eta bi ibilgailuren artean, betiere, lan horretarako baimena izanik. Definitutako zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, autoak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio txartela dutenak. Kale horietako bizilagunenak ez diren autoak ezin dira oinezkoen karriketan sartu.

Zutoinak lur azpian egonen dira, karrika horietan zamalanetan aritzen diren ibilgailuak sartu eta atera daitezen adierazitako ordutegian.

Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari direnak.

13. artikulua. Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari diren edo aritu behar duten pertsona fisiko eta juridikoek baimena eta urrutiko agintea eskuratzen ahalko dituzte eta horren bitartez baimena izanen dute, denbora mugarik gabe, ordenantza honetako eremuetan aparkatzeko, baimendutako lekuetan, honako baldintza eta mugekin:

–Jarduera ekonomikoen zergan, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako alta emanda egon beharko dute.

–Irekitzeko lizentzia beharko du izan lokalak.

–Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

–Urrutiko aginte bakarra emanen da pertsona fisiko edo juridikoaren izenean lizentzia fiskalean inskribaturik dagoen ibilgailu bakoitzeko.

14. artikulua. Baztertuta daude ordenantza honetan ezarritako muga edo murrizketatik:

1. Herritar guztien bizikletak eta bizilagunen ziklomotorrak, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko diren eta sekula ere ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

2. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan ari badira.

3. Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

4. Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

5. Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

6. Udalaren, suhiltzaileen, larrialdi medikoen, gizarte zerbitzuen eta poliziaren ibilgailuak eta anbulantziak, betiere zerbitzu ematen ari direnean.

7. Elbarriendako erreserba berezietan aparkatzeko baimena duten ibilgailuak, horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

8. Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

15. artikulua. Zehapenen araubidea.

Ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea trafikoari eta zirkulazioari buruzko antolamenduaren kontrako arau-haustetzat joko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 65. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta alkateak edo zinegotzi delegatuak zehatuko ditu, aipatu Legearen 68.2 artikuluko 1. lerroaldean eta 73. eta ondoko artikuluetan adierazten diren eskumenaren eta prozeduren arabera.

16. artikulua. Ibilgailua ibilgetu ahal izanen da edo eremu publikotik kendu eta gero horretarako prestaturiko biltegira eramanen:

–Ibilgailua aparkatze murriztuko eremuan aparkatuta dagoenean, horretarako baimentzen duen indarreko agiria jarri gabe.

–Jarritako agiria ez dagokionean baimena duen ibilgailuari.

17. artikulua. Arau-haustetzat hartuko dira aparkatzeko murriztuko eremuetan:

1) Indarreko baimenik gabe aparkatzea.

2) Baimen agiri faltsutuak edo manipulatuak erabiltzea.

3) Baimen agiria behar bezala agerian ez jartzea.

4) Aparkatzeko markatutako tokiaren esparrutik kanpo aparkatzea, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

5) Bizikletak aparkatzea horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo.

18. artikulua. 1. Ordenantza honen 17. artikuluko arau-hausteak egiteagatik, zehapen hauek paratuko dira:

a) 60 euroko isuna:

–Baimenik gabe aparkatzeagatik.

–Baimen agiria manipulatu edo faltsutzeagatik, baita urrutiko agintea manipulatua edo faltsutua erabiltzeagatik ere, galarazi gabe bidezko izan daitezkeen bestelako zehapen edo neurriak.

b) 30 euroko isuna:

–Baimena agerian ez jartzeagatik.

–Markatutako tokitik kanpo aparkatzeagatik, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

–Bizikletak aparkatzeagatik horiendako espres ezarritako tokietatik kanpo.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan xedatutakoak ez du deusetan ukatuko Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean ezarritakoa, ezta hura garatzeko ematen diren gainerako xedapenetan ezarritakoa ere.

I. ERANSKINA

Ordenantza honek aipatzen dituen zirkulazio,
gelditze eta aparkatze murriztuko eremua

Ordenantza hau alde zaharreko honako kale hauetan aplikatuko da:

–Ukitutako kaleak:

Horno.

Karrika Nagusia.

Caracoles.

Callizo Caracoles.

Chiquero.

Capuchinos.

Callizo Capuchinos.

Subida al Castillo.

Castillo, 5. zenbakia arte.

Diezma.

Olmo.

Iglesia.

Torales, Puente de la Majarekin gurutzea egin arte.

Río, 18. zenbakia arte.

Foruen plaza.

Tuterako etorbidea, Riorekin gurutzea egiten duen tokitik Foruen plazaraino.

Egoki den seinaleztapenaren barnean dauden gainerakoak.

Iragarkiaren kodea: L1607568