137. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1317/2016 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Gizarteratzearen eta Ekonomia Sozialaren Programa Eragilearen esparruaren barruan (EGF 2014-2020) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

2017-2013 urte bitartean, zenbait faktorek baldintzatu zuten Espainiako egoera, eta eragin nabarmena izan zuten hala ekonomian, oro har, nola lan merkatuan, zehazkiago.

Ordura arte, Espainia eta Europar Batasuna elkarganatze bidean ari ziren. 2008. urtetik aurrera, alabaina, joera aldatzen da, eta elkarganatze bideak atzera egiten du. Nazioarteko finantza-krisiaren lehenengo zantzuak agertzen hasten dira, eta krisiaren barne-arrazoiak agerian gelditzen dira, higiezinen sektorearen gehiegizko finantza esposizioari lotuak baitaude.

Krisiak Espainiako lan merkatuan izan duen eragina Europako gainerako herrialdeetakoa baino kaltegarriagoa izan da. Horren ondorioz, enplegu eta lagabezi tasetan desbideratze handia gertatu da Europar Batasuneko batez bestekoarekin alderatuta, 2007an berdintzea lortu bazen ere.

Sektore ekonomikoei eta enplegua sortzeko duten ahalmenari dagokienez, aipatu beharra dago urte horietan galdutako 3 milioi enpleguetatik ia erdiak eraikuntza sektorekoak zirela. Eremu hori zerbitzuen sektoreko jarduerek hartu dute. Horien artean azpimarratu beharra dago zerbitzu publikoei (osasuna, hezkuntza edo babes sozialaren sistemaren administrazioa, konparazio batera) lotutako jardueretako enpleguan gertatutako igoera.

Eraikuntza sektorearen gainbeherak agerian utzi du aldaketa sektorialak ekonomian duen garrantzia, eta, orobat, oso zaila dela aurreikustea nolakoa izanen den jardueren eta lanbideen bilakaera etorkizunean. Enplegua Aktibatzeko Espainiako Estrategian jarduera horietako batzuk aipatzen dira: ostalaritza, aisialdia eta sukaldaritza; nekazaritzako elikagaien jarduerak; kanpo merkataritzari lotutako lanbideak; eraikuntza sektoreko enplegu-nitxo berriak (energia berriztagarriei edo hiriko arkitektura jasangarriari lotuak); teknologia berriekin, komunikazioarekin, berrikuntzarekin eta produkzio prozesuen garapen teknologikoarekin zerikusia duten jarduerak; osasunaren sektorea, eta bizi-kalitatearen hobekuntzarekin eta adineko pertsonen eta menpekotasunen bat dutenen arretarekin zerikusia duten lanbideak.

Ondorio gisa, esan liteke enpleguaren suntsipenak lan merkatuaren ia esparru eta kolektibo guztietan izan duela eragina, bereizgarri batzuk gorabehera, eta talde ahulenetan tartea handitu dela.

Datu absolutuei erreparatuta, 2013. urtean 12.620.000 pertsona inguru zeuden pobrezian erortzeko eta/edo bazterturik gelditzeko arriskuan; horietatik 6.368.000 gizonezkoak ziren, eta 6.261.000, emakumezkoak.

Gizarteratzeko 2013-2016 Ekintza Plan Nazionalaren arabera, oro har, hauxe da egoera horietan erortzeko arrisku handiena duten pertsonen profila: emakumea, gaztea, langabea, ikasketa maila baxukoa eta pobreziako eta bazterketa sozialeko tasa handienak dituzten eskualdeetan bizi direnak. Egoera horiekin batera, beste zenbait bazterketa faktore gertatuz gero (desgaitasunen bat, menpekotasuna, genero-indarkeria, gutxiengo etnikoetako kide izatea, drogamenpekotasuna, espetxeratzeak, etab.), pertsona horiek aiseago sartzen dira gizarte egoera ahuleneko taldeetan.

Hitz batean, azterturiko datuek erakusten dute zeri heldu behar dion Espainiak egoerari aurre egiteko: gizarteratzea sustatzen duen berreskurapen ekonomikoa bultzatzea, pertsonen enplegagarritasuna igotzea, batez ere pertsona ahulenena, eta krisi ekonomikoaren ondoriozko pobrezia mailari galga ematea.

Gizarteratzearen eta Ekonomia Sozialaren Programa Eragilearen helburu nagusia da hazkunde inteligente, jasangarri eta integratzailerako 2020 Europako Estrategiak finkatutako helburuak lortzen laguntzea. “Hazkunde integratzailea” da enplegu tasa altua duen ekonomia bilatzen duena, kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa sustatzea helburu. Hazkunde integratzailea sustatuko bada, besteak beste, pobreziaren, bazterketa sozialaren eta bereizkeriaren kontrako borroka indartu behar da, lan merkatuan sartzeko aukera-berdintasuna bermatu eta, errekuperazio ekonomikoari begira, ekonomia sozialak dituen aukerak aprobetxatu. Hauek dira funtsezko ardatzak:

Programa eragile honek Bereizkeriaren kontra Borrokatzeko 2007-2013 Programa Eragilearen esperientzia aprobetxatu nahi du, emaitza onak izan baititu eta Europako zenbait forotan jardunbide egoki gisa aitortua izan baita.

2014an Europako Kontseiluak zenbait gomendio berariazko egin zizkion Espainiari, Europako Gizarte Funtsari lotuak. Gomendio horietako batzuk programa eragile honetan aurreikusitako jarduketen bidez gauzatzen dira, baita haietako bakoitzean aipatzen diren helburu tematikoen bidez ere. Honatx helburu horiek:

–OT8. Enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea sustatzea eta laneko mugikortasunerako erraztasunak ematea.

–OT9. Gizarteratzea sustatzea eta pobreziaren eta edozein bazterkeria motaren kontra borrokatzea.

Gauzak horrela, 8. helburu tematikoari dagokionez, kasu egiten zaie honako arlo hauen gainean emandako gomendioei: lan merkatuaren politika aktiboak hobetzea, batez ere, enplegu bat lortzeko zailtasun gehiago dituztenentzat; enpleguaren arloko zerbitzu publikoak modernizatzea; gazteentzat enplegu aukerak, ikasketa kontratuak eta praktikaldiak eskaintzea; eta laneko mugikortasuna bultzatzea.

9. helburu tematikoari dagokionez, programa eragileak proposatzen du kolektibo ahulenentzako ibilbide integratuak garatzea, kolektibo ahulei arreta emateko politiken koordinazioa hobetzea eta haien beharretara egokitzea, eta oinarrizko zerbitzuetara iristeko bideak hobetzea.

Gainerako gomendioei Europako Gizarte Funtsaren programa eragile nazional edo erregionalen bidez egiten zaie kasu, noiz baliabide estatalak erabiliz, noiz baliabide autonomikoak.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokio eragile sozial eta ekonomikoekin adostutako enplegu politika aktiboak planifikatu eta gauzatzea gure erkidegoan, enpleguaren eta prestakuntzaren arloetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezartzen du diru-laguntzak kasuan-kasuan onesten diren oinarri arautzaileei jarraikiz emanen direla, eta oinarri horiek eta dagokion deialdia modu ofizialean argitaratu behar direla. Foru lege horren 17.1 artikuluak ezartzen du, orobat, diru-laguntzak emateko ohiko prozedura norgehiagokako araubidea izanen dela.

Horrenbestez, abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarteratzearen eta Ekonomia Sozialaren Programa Eragilearen esparruaren barruan (EGF 2014-2020) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 170.000 euroko gastua baimentzea 2016ko gastuen aurrekontuko “Enplegu Plana. Enpleguaren arloko ekimenetarako ekintzak, Europar Batasuneko funtsekin kofinantzatuak” izeneko 950001 96100 4819 241306 kontu-sailaren kargura. Hurrengo urteetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan urte horietarako ezartzen den kontu-sailaren kargura eginen da.

4. Deialdia eta oinarri arautzaileak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 23an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

Gizarteratzearen eta Ekonomia Sozialaren Programa Eragilearen esparruaren barruan (EGF 2014-2020) Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateei diru-laguntzak
emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Aurreikusitako diru-laguntza hauen xedea da Nafarroan egoera ahulean dauden kolektiboetako pertsonak, langabezian daudenak edo kolokako enplegua dutenak, lan munduan eta gizartean integratzen laguntzea, lan merkatuan duten presentzia, kontratazioa eta kalitateko enplegua hobetzeko.

Oinarri hauen ondorioetarako, kolokako lana duten pertsonak dira, ekintza bakoitza hasten denean, 6 hilabeteko kontratua edo laburragoa dutenak, edo lanbidearteko gutxieneko soldatatik beherako soldata dutenak.

2. Entitate onuradunak.

Onuradunak izaten ahal dira Gizarteratzearen eta Ekonomia Sozialaren Programa Eragilearen esparruaren barruan (EGF 2014-2020), Nafarroako Foru Komunitatean jarduketak egiteko hautatzen diren entitateak.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

3.1. Entitate eskatzaileek honako ekintza hauek egin beharko dituzte:

–Gaitasunak diagnostikatzeko eta ebaluatzeko ekintzak, honako hauek zehazteko:

  • Profil pertsonala eta profesionala: ebaluazio soziofamiliarra eta oinarrizko gaitasunen eta gaitasun profesionalen ebaluazioa.
  • Gizartean eta lan munduan integratzeko ibilbidearen diseinua: alternatiba profesionalak identifikatzea, prestakuntzaren ibilbidea, horrelakorik behar badu, eta enplegu bilaketa aktiborako jarduketak.

–Lana bilatzeko orientazioa eta laguntza. Ekintza horietan jarduketa batzuk aurreikusten dira lana bilatzeko orduan jendea autonomoa izan dadin:

  • Orientatzaile edo tutore baten segimendua, banakakoa eta pertsonalizatua.
  • Curriculuma prestatzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa.
  • Enplegu bilaketa aktiborako teknikak aplikatzea.
  • Lan merkatuaren egoeraren gainean eta enplegurako politika aktiboen gainean informazioa eta aholku ematea.
  • Prestakuntza eskaintzaren gaineko informazioa.

–Lan munduan sartu aurreko gaitasunak eskuratzeko ekintzak. Oinarrizko eta zeharkako gaitasunak hobetzeko ekintzak. Horien barnean daude tratu-berdintasuna sustatzeko ekintzak. Ekintza bakoitzak 7 parte-hartzaile izanen ditu gutxienez.

Ekintza horiek ezin dira inola ere izan Enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman, lan arlokoan, sartzeko moduko prestakuntza ekintzak.

–Enpresekiko bitartekaritza eta prospekzio ekintzak, enplegu eskaintzak eta enplegatzaileen beharrak identifikatuz.

Zeharka, ekintza horietan prozesuen eta emaitzen koordinazio, gainbegiratze eta segimendu jarduketak sartu beharko dira.

3.2. Ekintza horietara joaten diren pertsonen %80k edo gehiagok langabezian egon beharko dute, eta gainerakoek kolokako lana izatea onartuko da.

3.3. Proiektua 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte gauzatu beharko da. Hurrengo urteetan, proiektua aurreko urteko abenduaren 1etik kasuan kasuko urteko azaroaren 30era bitarte egin beharko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. 2016. urterako eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Hurrengo ekitaldietan, deialdia onestearekin batera ezarriko da epea.

Eskaerak, ahal delarik, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren erregistroan aurkeztuko dira, edo administrazio prozedura erkidea arautzen duen legedian ezarritako lekuetatik edozeinetan, baita Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez ere, www.navarra.es webgunetik abiatuta (sinadura elektronikoa behar da). Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, harrera data eta tokia agerrarazteko. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

Eskaerak adierazitako epeaz kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Diru-laguntza eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) Entitatea eratzeko eskritura edo akta, eta estatutuak.

c) Idazki bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari baimena emateko entitate eskatzailea ordezkatzen duen pertsonaren nortasun datuak (NANa) kontsultatzeko eta egiaztatzeko beste administrazio publiko batzuetan. Kontsulta hori egiteko baimena eman ezean, NANaren fotokopia erantsi beharko da.

Ordezkariaren ahala ere aurkeztu beharko da, betiere estatuetan jasotzen ez bada.

d) Deialdi honen xede bertsua duten proiektuak gauzatzen daukan esperientzia justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, edo froga balio bera duten beste agiri batzuk.

e) Honako hauek frogatzeko agiriak, edo, bestela, erantzukizuneko aitorpena:

–Egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

–Ez duela xede berbererako beste laguntzarik jasotzen, edo, betiere, laguntzen zenbatekoak ez duela gainditzen onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua. Eskaeraren I. eranskina.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Eskaeraren II. eranskina.

f) Lehenago Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik ez badu inoiz jaso, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” izeneko inprimakia, banku entitateak behar bezala betea.

g) Estatuan entitatearen ordezkaria den pertsonak egindako ziurtagiria, non adieraziko baita funtsen esleipena egin dela Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren Ebazpenaren bidez onetsitako eta Nafarroako Foru Komunitatean garatu beharreko proiektuetarako.

h) Urtean zehar gauzatu beharreko proiektuaren gaineko memoria zehaztua, honako hauek jaso beharko dituena:

–Jarduketen xedeko kolektiboa.

–Helburu berariazkoak, lan metodologia eta proiektuaren gauzatze mailaren eta espero diren emaitzen adierazleak.

–Jarduketaren esparru geografikoa.

–Egin beharreko ekintzen deskribapena. Genero ikuspegiaren arloan aurreikusten diren jarduketak aipatuko dira. Gaitasunen gaineko ekintzei dagokienez, gauzatu beharreko ekintzak aipatu (helburuak; programa eta edukiak; egutegia; iraupena; non emanen diren; aurreikusitako kostua).

–Ekintza bakoitzean parte hartu behar duten langileak, esleitutako eginkizunak eta bakoitzaren dedikazioaren portzentajea aipatuz.

Aurrekontu xehakatua, ekintzen eta gastu motaren arabera.

–Gastu orokorrak egozteko erabilitako irizpidea.

–Honako hauei dagokienez espero diren aurreikuspenak: ekintza bakoitzean kasu eginen zaien pertsonen kopurua, kasu eginen zaien pertsonetatik zenbatek jasotzen duten Gizarteratzeko Errenta, bisitatu beharreko enpresa kopurua, kudeatuko diren lan eskaintzak eta laneratzeko konpromisoak.

–Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura, programatutako jarduketa eta helburuei dagokienez lortzen den betetze maila zehazteko.

Aurkezten diren agiriak kopia soilak izan daitezke. Dena den, eskaera-orria, eskatzen diren aitorpenak eta memoria jatorrizkoak izan beharko dira. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ahalmena izanen du kopia soilean aurkeztutako edozein agiriren jatorrizkoa edo notario edo administrazio batek kautotutako kopia eskatzeko.

4.3. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

5. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun-zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo oinarri arautzailean ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Prozedura Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

6. Balorazio irizpideak.

6.1. Proiektuak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:

1.–Deialdiaren xede bertsuko proiektuak gauzatzen duen esperientzia, 5 urtetik gorakoa betiere: 15 puntu.

2.–Proiektuaren balorazioa, honako hauek aintzat hartuta: berariazko helburuak, lan metodologia eta gauzatze mailaren eta emaitzen adierazleak, programatutako jardueren eta aurkeztutako gastu aurrekontuaren arabera, kontuan harturik efizientzia eta ekonomia printzipioak eta genero-ikuspegia: 25 puntu arte.

3.–Gizarteratzeko Errenta jasotzen duten pertsonei edo haien familia-unitateko kideei arreta emateagatik: 20 puntu, arreta hartzen dutenen %20 edo gehiago kolektibo horretakoak badira; portzentajea baxuagoa bada, dagokion zati proportzionala.

4.–Egungo Enplegu Planarekiko eta 2020 Europar Estrategiarekiko egokitzapena eta lerrokatzea: 10 puntu arte.

5.–Jarduketen hedadura eta eragina, eta sortu beharreko lanpostuen kopurua: lan munduan 50 pertsona edo gehiago sartuz gero, 30 puntu arte; aurreikuspena txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala.

Pertsona bat lan munduan sartu dela ondorioztatuko da egiten zaion kontratua gutxienez 3 hilabetekoa bada eta dagokion urteko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte hasten bada.

6.2. Diru-laguntza lortu ahal izateko, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

6.3. Eman beharreko diru-laguntza zehatza entitate eskatzaileak lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da izan deialdian ezarritako kopurutik gorakoa.

Entitate bakoitzarentzako diru-laguntza proiektuaren kostuaren %50era artekoa izan daiteke, baina 50.000 euroko muga gainditu gabe.

Kreditua balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz banatuko da. Berdinketa izanez gero, lan munduratzeko kopuruei dagokienez aurreikuspen onenak dituzten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

Balorazioa egin ondoren aurrekontuan azken entitateari gelditzen zaion kreditu erabilgarria berak eskatutakoa baino txikiagoa bada, horren berri emanen zaio, eta aukera izanen du eskaera berregiteko. Nolanahi ere, eskaera berreginda ere, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz esleitutako puntuazioa ez da aldatuko.

7. Prozeduraren instrukzioa.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzurako Zerbitzua izanen da.

Instrukzio organo horrek Balorazio Batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren proiektuak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala egindako ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Balorazio Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:

–Batzordeburua: Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzurako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Enplegua Sustatzeko Programen Ataleko burua.

–Batzordekidea: Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoko burua.

Instrukzio organoak, Balorazio Batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

8. Prozedura ebaztea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:

–Entitate onuradunen zerrenda.

–Onetsitako, ukatutako eta onartu ez diren proiektuen zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, aurrekontuko diru-izendapen eskasiagatik ukatu direnak espres adierazita.

–Aurkeztutako proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Onartu den proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntza.

–Guztira emandako diru kopurua.

9. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

9.1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak aurtengo urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako ondasun-entregenak edo zerbitzu-emateenak izanen dira. Hurrengo urteetan, diru-laguntzen xedeko epea hauxe izanen da: aurreko urteko abenduaren 1etik kasuan kasuko urteko azaroaren 30era bitarte.

9.2. Diru-laguntzaren xedeko gastuek proiektuarekin zerikusi zuzena izan beharko dute, eta hura gauzatzeko beharrezkoak izanen dira:

a) Langileria gastuak.

Diru-laguntzaren barruan, gehienez ere, hurrengo moduluetan ageri diren urteko soldata gordinen zenbatekoak sartuko dira (*):

KATEGORIA

URTEKO SOLDATA GORDINA, GEHIENEZ

Proiektuaren zuzendaritza

44.000 euro

Proiektuaren koordinazioa

33.000 euro

Teknikariak

26.600 euro

Administrazioko langileak

18.000 euro

Administrari laguntzaileak

15.300 euro

(*) Enpresak ordainduko duen Gizarte Segurantzaren kostua kenduta.

Gehieneko zenbateko horiek proiektuan lanaldiaren %100ean aritzen den pertsona bakoitzari dagozkio. Hala ez bada, egiten duen lanaldiari dagokion portzentajea aplikatuko zaie moduluei.

b) Ekintzei lotutako zuzeneko gastu orokorrak.

c) Zeharkako gastu orokorrak. Gastuak onartuak izateko, zein irizpideri egozten zaizkion aipatu beharko da eskaera aurkezteko unean, eta, betiere, jarduera benetan egiten den epearen barruan eginak izan beharko dira. Onartuko den gehieneko zenbatekoa ez da izanen proiektuari egotzitako langileen gastuen %10 baino handiagoa.

d) Finantza gastuak eta aholkularitza juridikoaren gastuak.

e) Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazioak, horren kostuaren %10era arte, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

f) Proiektuari egotzitako langileen dieta eta bidaia gastuak, behar bezala frogatuta, aurkezten den aurrekontuaren zenbateko osoaren %5era arte gehienez. Proiektuari egotziak ez dauden pertsonen gastuak ez dira kontuan hartuko.

9.3. Gastuen kontu-sail bakoitzaren hasierako aurrekontuarekin alderatuta, ez da %10etik gorako desbideratzerik onartuko.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedeko jarduera deialdian ezarritako epean egitea. Horregatik, laguntza emateko ebazpenean kontuan harturiko baldintzak nola edo hala aldatuz gero, horren berri eman beharko dute. Zehazki, behartuak egonen dira proiektua bukatzera memorian ezarritako aurreikuspenak betez. Bestela, helburuen betetze mailaren arabera egokituko da ordainketa.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, erantzukizuneko aitorpen baten bidez, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu duten. Horren berri jakin bezain laster jakinaraziko dute, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

d) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dien informazio guztia ematea.

e) Onuradunek, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete behar dituzte.

f) Finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak argitaratzen dituen agirietan, prentsako iragarkietan eta informazio edo zabalkunde materialetan agerrarazi beharko da, betiere, programaren eta jardueraren izena, baita Nafar Lansare-Nafarrroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetzaren aipamena eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala ere, urtarrilaren 27ko 4/2006 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

g) Gardentasunari buruzko betebeharrak:

g.1) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:

1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

2) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetarako.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko idatz-zatian ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.

g.2) Entitateak gardentasunari buruzko betebeharrik ez badu aurreko idatz-zatian aipatutako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

11. Lan munduan sartu aurretik oinarrizko eta zeharkako gaitasunak hobetzeko ekintzei buruzko dokumentazioa.

Lan munduan sartu aurreko gaitasunei buruzko ekintza bakoitzaren hasieraren berri Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eman beharko dio onuradunak, hasi baino bi egun natural lehenago gutxienez, salbu eta diru-laguntza ematen denean hasiak dauden ekintzen kasuan. Ekintzaren izena, hasi eta bukatzeko egunak, ikastaroko egunak, ordutegia, tokia eta gela aipatu beharko dira.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino gutxienez bi egun natural lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada. Kasu horietan, onuradunak aldaketaren berri eman beharko du gorabehera hori gertatu dela jakin eta berehala.

Diru-laguntza likidatzearen ondorioetarako, ezarritako epean jakinarazi ezean, kasuan kasuko ekintzari dagokion diru-laguntzari murrizketa-penalizazio bat ezarriko zaio, ekintza hasi zenetik hasieraren berri eman arte igarotako egunei dagokien zati proportzionala adinakoa.

12. Diru-laguntzaren ordainketa.

12.1. Ordainketa modu hauetako edozeinetan eginen da:

a) Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitateak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

b) Aurrerakin baten bitartez, emandako diru-laguntzaren %25ekoa gehienez. Entitateak noiznahi eska dezake aurrerakin bat, betiere onuradunak justifikatzen badu diru-laguntzaren xedea betetzeko funts horniduren beharra duela.

Justifikazio hori aurrerakinaren eskabideari gehituko zaio, eta eskatzen den zenbatekoa edo portzentajea adierazi beharko da. Agiri hauetakoren bat ere aurkeztu beharko da:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

c) Konturako ordainketa baten bidez: entitateak exekuzio memoria tekniko baten bidez justifikatzen duen zenbatekoa ordainduko da.

Aurrerakina eta konturako ordainketa bateragarriak dira.

12.2. Ordaintzeko modua edozein delarik ere, lehenengo ordainketa egin baino lehen, onuradunak frogatu beharko du 10.g) oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu duela oinarri horrexetan adierazitako dokumentazioa, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organori aurkeztu dion adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago. Betebehar hori betetzen ez bada, emandako diru-laguntza ez da ordainduko, ez eta aurrerakinak eta konturako ordainketak ere.

Ordainketak eginen dira behar den ebazpena onetsita, organo kudeatzaileak proposamen txostena egin ondoren.

13. Aurkeztu beharreko frogagiriak.

13.1. Azken ordainketa egiteko, entitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu abenduaren 5a baino lehen:

a) Bukaerako exekuzio memoria teknikoa.

b) Justifikazio ekonomikoa; honako agiri hauek bilduko dituen justifikazio kontu baten bidez eginen da:

–Diru-laguntzaren bidez diruz lagundu daitezkeen gastuen eta lortutako diru-sarreren zerrenda sailkatua. Gastuak ekintzen eta gastu motaren arabera xehaturik aurkeztuko dira.

–Proiektuari atxikitako langileen zerrenda izenduna, honako hauek adierazita: bakoitzaren identifikazio datuak, lanaldia eta ekintza bakoitzean egozten zaion denboraren portzentajea. Orobat, nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio buletinak eta PFEZaren atxikipenei buruz Ogasunean egindako aitorpenak aurkeztuko dira.

–Gastuak fakturen edo egiaztagirien bidez frogatuko dira, eta fakturatutako zerbitzuen edo kontzeptuen xehetasunak eman beharko dira.

–Ordainketen frogagiriak, hau da, bankuko agiriak edo ordainketak egin direla frogatzen duten bestelakoak.

–Zeharkako gastuak justifikatzeko, gastuen zerrenda bat aurkeztuko da, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta eguna, ordainketaren eguna eta zenbatekoa.

Agiri horiek dokumentu-euskarrian (jatorrizkoak eta kopiak, konpultsatzeko) eta euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

c) Entitatearen ziurtagiria, diru-laguntzak hartzen duen epean ekintzen zenbateko portzentajea egin den adierazten duena. Portzentaje horrek bukaerako exekuzio memorian azaltzen denarekin bat etorri beharko du.

13.2. Memoria tekniko bakoitzarekin batera, arreta hartu duten pertsonen zerrenda bat aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: bakoitzari emandako zerbitzu mota, haietatik zeintzuek jasotzen duten Gizarteratzeko Errenta, bisitatutako enpresen zerrenda, kudeatu diren lan eskaintzen zerrenda eta lortutako laneratzeak.

Gainera, lan munduan sartu aurreko gaitasunak lantzeko, epe horretan egindako ekintzei buruzko informazioa emanen da, honako hauek adierazita:

–Egindako jardueren zerrenda, datak, tokia eta irakasleak azalduta.

–Parte hartzen duten ikasleen zerrenda.

–Unitate bakoitzeko kostua.

–Prestakuntza saio bakoitzeko sinaduren kontrol-orria (jatorrizkoa), parte hartu duten ikasleek eta irakasleak edo ekintzaren arduradunak sinatua.

13.3. Justifikazio guztietan, honako ziurtagiri hauek erantsi beharko dira, edo, bestela, erantzukizuneko aitorpena:

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearena.

–Proiektu honetarako beste diru-laguntza edo diru-sarrera pribaturik jaso ote duen adieraztekoa.

–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearena.

–BEZaren zein motari atxikita dagoen adieraztekoa, betiere jasandako BEZak berreskuratu ezin den kostu erreal bat eragiten badio entitateari. BEZaren hainbanaketa egiten bada, gainera, azkeneko ekitaldiko BEZaren aitorpena.

13.4. Justifikazio ekonomikoa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, justifikatzen ez diren gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.5. Jarduera oso-osorik egin ondoren eta aurkeztutako frogagiriak egiaztatu ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ordaintzeko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

14. Jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Comptos Ganberaren legedian ezarritakoak eta legez bidezkoa den beste edozein.

15. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Diru-laguntza hau Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin batzen ahalko dira.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

16. Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Onuradunak betetzen ez baditu, osorik edo partez, bere gain hartutako konpromisoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, kobratzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotakoa osorik edo partez itzuli beharko du, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz, eta berandutze-interesak ere eskatuko zaizkio, diru-laguntza ordaindu zen unetik aurrera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zehazkiago, kasu egindako pertsonetatik Gizarteratzeko Errenta jasotzen dutenen portzentajea hitzartutakoa baino txikiagoa baldin bada edo lan munduan sartutako pertsonak proposatutakoak baino gutxiago badira, hori ez-betetzetzat hartuko da, eta berarekin ekarriko du emandako diru-laguntza itzuli beharra edo dagokion ordainketa ezin egitea. Ez-betetze horiengatik, diru-laguntzaren %1 kenduko da balorazioan oker esleitutako puntu bakoitzeko.

Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

17. Arau-hausteak eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

18. Publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak banatutako diru-laguntzen berri emanen du Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako moduan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan ezarritakoarekin bat.

19. Ordezko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio. Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzen duen araudia ere aplikatuko da, baita administrazio prozedura erkideari buruzko araudia ere.

20. Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1607803