1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
625E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Caparrosoko Carrascal bazkalekua ureztalur bihurtzeko proiekturako; Valle de Odieta SCL da sustatzailea, eta Caparrosoko udal mugapeko 12. poligonoko 3. eta 4. lurzatietako 105 ha ureztalur bihurtuko dira.
Deskribatutako proiektuaren ezaugarriak kontuan harturik, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3B eranskinean sartua dago, hau da, bakarrik Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende dauden jarduera eta proiektuetan. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen, hortaz, bertan xedatutakoarekin bat, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaio.
2015eko abuztuaren 25ean, sustatzaileak tramitazioa hasteko proiektua aurkeztu zuen. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostena egin zuen 2015eko irailaren 14an. Horren arabera, alderdi hauek zuzendu behar ziren: alternatiben azterlana, bereziki linea elektrikoaren trazadurari dagokionez (lurpean), ingurumen eta kultur balioen kartografia, planoan -eskala egokian- landarediari, abelbideei eta Batasunaren Garrantzizko Lekuei egiten zaien kaltearen identifikazioa, prebentzio neurrien, neurri zuzentzaileen eta lehengoratzaileen edo konpentsatzaileen proposamena (harkaitzetako eta estepako hegaztientzat) eta ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen 2015eko azaroaren 10ean errekerimendu horri erantzuteko.
Eranskinean laburturik ageri dira proiektuaren funtsezko datuak, eta Ingurumen eraginaren azterlanaren alderik aipagarrienak jaso dira.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak nahikotzat eman zuen ingurumen eraginaren azterlana, eta espedientea jendaurrean jarri zuen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2016ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, urtarrilaren 19an. Dokumentazioa ere jendaurrean egon da formatu digitalean Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orrian. Jendaurreko epean ez da alegaziorik jaso.
Espedientean Arkeologia Atalaren 2016ko otsailaren 22ko txostena jaso da, haren aldekoa.
Biodibertsitatean Zerbitzuko Habitaten Atalak txosten bat egin zuen 2016ko urtarrilaren 13an, eta bertan, besteak beste, eremua ureztalur bihurtuta estepako espezieei, saguzar koloniei eta harraparien bizi-eremuei egiten ahal zaizkien kalteak aipatzen ditu. Bestetik, hegazti harkaiztarrak babesteko neurriak (obrako egutegia) zehazten ditu Caparrosoko eta Martzillako amildegietarako; orobat, intereseko landarediaren balizajea eta zangetako lurzoruaren horizonteak ordenan lehengoratzea; alderdi horiek Ingurumen eraginaren adierazpen honen ingurumen arloko baldintzetan jasotzen dira.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak txosten bat egin zuen 2016ko martxoaren 10ean, ukitzen den abelbideari buruz; zehazki, 9. iraganbideari buruz; horren trazadura Nafarroako Gobernuak onetsia du 2012ko urriaren 10eko Erabakiaren bitartez. Hoditeriak bat egiten du abelbidearekin Sotilloko bidearen tartean. Txostenak okupazio kanonaren ordainketa baloratzen du, eta baldintzak jartzen ditu obra abelbidean egiteko, hala nola, kutxetak jartzeko debekua abelbidearekin bat egiten den tartean.
Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere txostenean dio behar bezala burutu dela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura. Ondorio nagusia da obrek ez dutela eragin larririk izanen ingurumenean, nahiz eta, proiektua gauzatzearen ondoriozko ingurumen ukipenak gutxitzeko, ondorioen prebentzio eta zuzenketa neurri batzuk ezarri diren, Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutakoez gainera.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura osatuta dagoela eta adierazitakoarekin bat datorrela iritzita, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, Caparrosoko Carrascal bazkalekua ureztalur bihurtzeko proiektuaren aldekoa; Valle de Odieta SCLk sustatzen du proiektua.
2. Espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera baldintza hauek beteko dira:
–Debekatuta daude obrak Aragoi ibaiaren amildegien ondoan (100 bat metroko distantzian), espezie harkaiztarrek habiak egiten baitituzte urtarriletik abuztura arte.
–Ingurumen eraginaren azterlanean jasotako “prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak” (6. kapitulua, 36. orrialdea eta hurrengoak) hartuko dira, bereziki berezko landarediaren balizajearekin zerikusia dutenak, lurzoruaren horizonteak lehengoratzea, BILari, abelbideari eta habitatei egiten zaien kaltearen prebentzioa Sotilloko bidearen inguruan. Neurri zuzentzaileei dagokienez, bereziki berez bilakatzen utzi gogo diren gainazalei dagozkienak gauzatuko dira (hiru ibarbide 3., 4. eta 5. zonetan eta bi ezpondaren elkargunean, 6. zonan, Ingurumen eraginaren azterlanaren 7. maparen arabera).
–Igeltsuzko amildegiaren ondoan (1. eta 2. zonak, Ingurumen eraginaren azterlanaren 7. maparen arabera), laborerik gabeko perimetro bat utziko da, amildegi gainetik 20 bat metro inguruan, berezko landaredia haz dadin. Horrek bi laborantza zati ukitzen ditu, atzera eraman beharko direnak.
–Gainera, beste neurri batzuk gehitu behar dira, estepako hegaztien populazioan duen eragina murrizteko. Alde horretatik, laborantzako azaleraren %10, gutxienez ere, zereala, luzerna, zalkea, ilarra edo estepako hegaztien kontserbazioarekin bateragarriak diren beste labore batzuetarako izanen dira.
–Lur azpiko behe tentsioko linea elektrikoaren lehen tartean (230 m inguru) jaso dezake berezko landarediak kalte larrienetako bat, hura transformazio zentro berritik ponpaketa putzuetara baitoa. Horregatik, honela aldatuko da proiektua:
- Lurpeko linea elektrikoaren tarte hori Sotilloko bidetik barna eraman beharko da –hortik barna ere eraman gogo da ur hoditeria– Batasunaren Garrantzizko Lekua eta Batasunaren intereseko habitatak edo lehentasunezkoak (bereziki gipsofiloak) ukitu gabe.
- Hobe da transformazio zentro berriaren kokalekua bi piboten arteko espaziora aldatzea, iparrerantz. Betiere, transformazio zentro berria laborantza lur batean bakarrik kokatuko da, eta paisaiaren gaineko eragina mugatzeko, tarte bat utzi beharko da goi-lautadaren ertzetik, eraikinaren altuera halako hiru.
–Basa faunarako duen balioagatik, Carrascaleko eskortak eta bere inguruko berezko landarediak lehorrekoak izaten jarraituko dute.
–Bide berria egiteko, gaur egungo “Carrascaleko bidea” ordezten baitu, azkenean finkatik kanpoko agregakina ekarri behar bada, lehentasuna izanen du agregakin birziklatuak, hein batean bederen, eraikuntza eta eraiste hondakinak tratatzen dituzten plantetatik ekarrita.
–Ingurumena zaintzeko programa bat, teknikari espezialista batek prestatua, gehitu beharko da. Programa horren bidez, jarraipena eginen zaio faunari urtebetez, neurri zuzentzaileen eta prebentziokoen eraginkortasuna (fauna, altxonbidea, BIL, habitatak, ....) ebaluatuko da eta, zein den kasua, neurri zuzentzaileak proposatuko dira. Plano bat gehituko da, urte horretan estepako hegaztien kontserbazioarekin bateragarrien diren labore lurren azalera jasoko duena, bai eta berez bilakatzeko diren zonen egoerari buruzko argazkiak ere (Ingurumen eraginaren azterlanaren 7. mapa).
–Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren 2016ko martxoaren 10eko txosteneko baldintzak bete behar dira, abelbideei dagokienez.
–Jarduera hasi baino 48 ordu lehenago, abisu emanen zaio Tutera aldeko Ingurumen Zaintzari posta elektronikoaren helbidean, ogfotude12@navarra.es, edo 609 904957 telefonoan. Tutera aldeko Ingurumen Zaintzak obraren zuinketan hartuko du parte, eta intereseko landaredia balizatuko du, kalterik izan ez dezan. Orobat, abelbiderako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoari jarraituz, lau urtekoa izanen da Ingurumen eraginaren adierazpen honen indarraldia, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Epe hori bukatu baino lehen, obren hasiera bi urte gehiago luzatzeko eskatzen ahalko da.
5. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Basozaintzari, Caparrosoko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko maiatzaren 24an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Proiektuaren deskribapena
105 ha lehorreko lur ureztalur bihurtzea da proiektu honen xedea, Caparrosoko udal mugapeko 12. poligonoko 3. eta 4. katastro lurzatietan.
Aragoi ibaiko alubioian dauden bi putzutatik hartuko da ura; zehazki, Martzillako udal mugapeko 3. poligonoko 586. lurzatitik.
Putzu bakoitzetik ponpatzen den ura zein bere hodi barrenean eramanen da (250 mm eta 16 atm) putzu bakoitzeko hodiak elkartzen diren puntu bateraino; hortik aurrera, PVCko hodia 400 mm-koa eta 16´10 eta 6 atm-koa izanen da.
Lurzatia ureztatzeko, bi sistema erabiliko dira: batetik, aspertsio bidezko ureztaketa, lurpeko estaldura osokoa, 36,21 hektareatan; bestetik, pibot motako makinak, 68,79 hektareatan. 6 pibot dira, 200 metro luze txikienak, 300 metro luze handienak.
Ponpaketa multzoek eta pibotek funtzionatzeko, energia elektrikoa behar da. Lurpeko beste linea bat egin gogo da, tentsio ertainekoa, 20 kV-ekoa eta 3.029 metro luze, Valle de Odieta S. Coop.k esnetarako behien abeltegian duen transformazio zentrotik beste berri bateraino, 12. poligonoko 3. lurzatitik ipar aldera hurbilago den ezkinean ezarriko dena. Transformazio zentro berritik bete tentsioko 2 linea elektriko aterako dira, lurpean horiek ere, ponpaketa multzoetako motorretara elektrizitatea eramateko. Linea horien paraleloan joanen dira, putzu bakoitzetik ateratzen diren bulkatzeko hodietatik 1,5 m-ko tartea utzita.
Pibotak hobeki erabiltzeko, finka hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen bidea kendu gogo da, eta beste bide bat egin, ekialdetik mendebaldera, finkaren erditik, ezarri beharreko bost pibot ukitzen dituela. Memoriak adierazten duenez, 5 m zabal izanen da eta ibaiko zabor-legarra botako da, 30 cm lodi.
II. ERANSKINA
Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena
Hauexek dira aztertzen den eremuan dauden ingurumen balio nagusiak: 1) Batasunaren intereseko eta/edo lehentasunezko habitatak eta flora; 2) eremu babestuak eta Batasunaren Intereseko Lekuak; zehazki, “Tramos Bajos del Aragón y Arga” eta “Errege Bardea” BILak; 3) estepako hegaztientzako intereseko guneak; eta 4) abelbideak.
Ingurumen eraginaren azterlanean, eremu orokorreko “Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak” (6. kapitulua, 35. orrialdea eta hurrengoak) eta berariazkoak sartzen dira flora eta landareriarako, eta faunarako. Bereziki aipatzen dira berezko landareriaren balizajearekin zerikusia dutenak eta BILari, abelbideari eta habitatei egiten ahal zaien kaltea Sotilloko bidearen inguruan.
Neurri zuzentzaile gisa, hainbat gune daude berez bilakatzen utziko direnak, laborantza utzita (7. mapa): hiru ibarbide (3., 4. eta 5. zonak), eta bi ezponda txiki (6. zona), lotu behar direnak. Gainera, nabarmendu nahi da hondeaketak ukitzen dituen lurrak berriro ezarriko direla, hodiak zangan sartu ondoren landare-lurra botako baita azken geruza gisa. Horrela, ez da beharrezkotzat jotzen landaketak egitea edo ereitea.
Ondoren, lan honen ondorio nagusiak aurkezten dira:
1.–Faunari dagokionez:
Azterlanaren xedeko eremuan 55 hegazti espezie daude, batzuk Hegaztiei buruzko 79/409/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean agertzen direnak, honako hauek hain zuzen ere: arrano beltza, belatz handia, miru beltza, miru gorria, arrano sugezalea, zingira-mirotza, mirotz urdina, Naumann belatza, hontz handia, ganga azpibeltza, kutturlio mokolaburra, kalandria, txoriandre arrunta, landa-txirta eta etze-txinboa.
Estepako hegazti ertainen artean, honako espezie hauek erroldatu dira: mirotz urdina, Naumann belatza eta atalarra.
Mirotz urdinak eta Naumann belatzak bizi, bazkatu, egon, negua igaro eta/edo lekualdatzeko erabiltzen dute azterlanaren xedeko eremua; atalar ugaltzaile gehienak Caparrosoko Carrascal bazkalekutik kanpo bizi dira.
Azterlanaren xedeko hegazti harrapari harkaiztarren multzoak (Aragoi ibaiaren gaineko amildegiak) izanen du obra zibilaren eragin handiena Aragoi ibaiaren alubioi aldean (putzuak). Obra zibil hori haien ugaltze garaitik kanpo egitea planteatzen da.
Azterlanaren xedeko eremuan ugarien dauden espezieetatik bakar batek ere ez du kontserbazio arazorik Foru Komunitatean.
Belatz gorria da eguneko harrapari ugariena azterlanaren xedeko eremuan.
Eper gorria eta untxia dira bi ehiza espezie ugarienak azterlanaren xedeko eremuan; haien ale gehienak berezko landaredian dagoen guneetan edo mahastietako eta zereal alorretako ekotonoetan (bi habitaten edo gehiagoren arteko trantsizio eremuetan) daude.
2.–Florari dagokionez:
Landareriari eta habitatei dagokienez, aipatu behar da landaredi gipsofiloa dela (igeltsuen gaineko erromerodiak) interes natural gehien duena eta, bertan egiaztatu den moduan, landaredi mota horrek kalte arina jasanen du zanga eraikitzen denean transformazio zentroaren eta Sotilloko bidearen artean.
Gainerako berezko landarediek (erromerodi ez-gipsofiloak, hesilarrak eta gramineo larre txikiak) ez dute kalte nabarmenik jasanen proiektua egiteagatik, hori behar bezala gauzatzen bada.
Natura 2000 Sarearen gaineko eragina apaltzat-oso apaltzat jotzen da; izan ere, 550 m zangan (moztutako makaldi artifizialaren gainean) eta sastraka mediterraneo eta gipsofiloaren 400 m²-ko mosaikoan bakarrik izanen du eragina.
Horregatik guztiagatik, Ingurumen eraginaren azterlanak proiekua “bateragarritzat” jotzen du bertako eremuko eta inguruko natur balio nagusien kontserbazioarekin.
Iragarkiaren kodea: F1606597