1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
157E/2016 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Urraulgoitiko udal mugapean Elkoazko deribazio kutxeta batetik Ongozko deribazio kutxeta batera goi hornidura egiteko proiekturako. Sustatzailea Urraulgoitiko Udala da.
2015eko abenduaren 15ean Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hoditeriak, beste eranskin batzuetan jaso ez direnak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak arrazoituz ebatziko duela Ingurumen ukipenetarako baimena ematea edo ukatzea.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Proiektatutako jarduketak helburu du uraren goi hornidura eramatea Urraulgoitira, Elkoazko iturburutik Ongozko erregulazio biltegiraino. Lehenbiziko tartea aurreko fase batean egin zen. Iturburua eta kondukzioa egokitu ziren hodi baten bidez Elkoazko deribazio kutxeta bateraino. Bigarren fase honetan, Elkoazko deribazio kutxetatik Ongozko deribazio kutxetaraino eginen da kondukzioa.
Kondukzioa goi dentsitateko polietilenozko PE-100 hodi batekin eginen da (90 mm-ko diametrokoa). Hartxintxarrezko azpi baten gainean paratuko da, material berean bildua, zanga batean. Kondukzioak 5.119 metroko luzera du. NA-2100 errepideko arekatik joaten da 1.627 metroan, 22 metroan horren plataformaren azpian, tunelean, eta 6 metroan gurutzatzen du.
Areta ibaia hiru tartetan gurutzatzen du zulaketa telegidatuaren sistema bidez. Roseta, San Gregorio eta Iturriotz erreka-zuloak ere gurutzatzen ditu, baita izenik gabeko beste erreka txikiago batzuk ere. Ebroko Ur Konfederazioak eskatuta, erreka bat gurutzatzen den bakoitzean, 1,60 metroko sakonera izanen du, eta Areta ibaian, berriz, 2 metrokoa izanen da gutxienez ibai-ohearen azpitik. Zulaketa guztiak soro landuetatik egiten dira, 5 metrotik beherakoa ez den tartea errespetatuko da Areta ibaiko ibilgutik.
Proiektuak “Areta ibaia” izeneko ES2200013 Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen du puntualki. Areta ibaiak eta sartutako erreka-zuloek eremuaren balio naturala handitzen dute, Europar Batasuneko intereseko 7 habitat baitaude. Proiektuak ukitutako eremuan Sahasti eta makaldi mediterraneoak edo Ibai ibilgu kantauriar-piriniarretako zuhaixka landareak daude. Errekak zeharkatzeko zulaketa metodoa erabilita eta ibai-ertzeko landareak ez ukitzeko arauarekin, habitat horretako azalera ez da ukituko.
Katalogatutako zenbait fauna espezie bizi dira eremuan. Zulaketa teknika erabiltzeak eta obra epeak errespetatzeak eraginak murriztuko dituzte.
Espedientean Urraulgoitiko Udalaren 2016ko urtarrilaren 29ko aldeko txostena dago, jarduketaren hirigintzako bateragarritasunari buruzkoa, bai eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren 2016ko maiatzaren 26ko txosten baldintzatua ere, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileren egokitasunari buruzkoa.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak aldeko txostena eman dio proiektuari, bete egiten baitira hari erantsitako ingurumen ukipenen azterlanean eraginetarako proposatzen diren aurreneurriak eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak hirigintza arloan zehaztutako determinazioak.
Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Urraulgoitiko udal mugapean Elkoazko deribazio kutxeta batetik Ongozko deribazio kutxeta batera goi hornidura egiteko proiekturako. Sustatzailea Urraulgoitiko Udala da.
2. Baimenak ondoko neurri hauek aplikatzera behartzen du:
–Ingurumen arlokoak:
- Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, zuinketa lanak egin eta lanerako kalea eta zanga ireki bitartean, eta batik bat Areta ibaia eta erreka-zuloak gurutzatzeko faseetan.
- Agoizko Barrutiko Basozaintzari abisatuko zaio (948-334213 edo 608-062669, ogfoaoiz8@cfnavarra.es) lanak hasi baino 48 ordu lehenago, obrak gainbegiratzeko.
- Okupatu beharreko eremua ahalik eta gehien murriztuko da. Lanak hasi baino lehen, lanerako kalearen zabalera eta trazadura zehaztu eta mugatuko dira, baita materialak metatzeko puntuak, makinak tarte desberdinetara sartzeko bideak eta makinak aparkatzeko tokiak ere.
- Zehaztutako eta baimendutako eremuetatik kanpo ez da makinarik sartuko, ez materialik edo lurrik metatuko.
- Neurri zorrotzak hartuko dira ibilguan isuririk ez egiteko, eta bereziki zainduko da nola erabiltzen diren substantzia kutsagarriak, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia.
- Landare lurraren goiko geruza (20 - 30 cm) kendu eta gordeko da, gehienez ere 1,5 metroko altuerako piloetan, trinkotu ez dadin. Lur mota hori aldatutako labore azalera guztietan eta landareak lehengoratzeko lanetan erabiliko da.
- Ingurumena lehengoratuko da ukitutako eremuetan ateratako lurra berriz jarriz, arrastelatuz eta ereinez, beharrezkoa den tokietan. Uda bukaeran edo udazken hasieran ereinen da, proiektuan ezarritako hazi nahasketa eta dosia erabiliz.
–Hirigintza arlokoak:
- Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidura sarera lotzea.
- Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, beharrezko kontsultak eginen ditu, eta, kasua bada, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, zehazki, Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik, NA-2100 errepidearen gaineko ukipenei dagokienez, eta Ebroko Ur Konfederaziotik, ukitutako errekei dagokienez.
- Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez ere. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira eta ez du eraginik izanen.
- Baimendutako jarduera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Alde horretatik, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak eskatuko dio sustatzaileari aitor dezala konpromisoa hartzen duela lurzorua 5 urteko epean gehienez lehengoratzeko, baimendutako jarduera uzten badu.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Urraulgoitiko Udalari, Agoitz aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2016ko ekainaren 1ean.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1607101