2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEITZA
Kudeaketa agindua Anikote Leitza SL merkataritza sozietateari
Iragarki honen bidez aditzera ematen da, Osoko Bilkurak 2016ko maiatzaren 10ean hartutako erabakiaren bidez, udal kapital hutsez osatuta dagoen eta administrazio honen baliabide propioa eta zerbitzu teknikoa den Anikote Leitza SL merkataritza sozietateari Leitzako Udaleko kirol instalazioak kudeatzeko zerbitzu publikoaren kudeaketa agintzea erabaki zela, hurrengo betekizunen arabera:
–Kirol instalazio hauek jendea kirolean, aisian eta jostetan aritzeko eraiki ziren; beraz, kirol instalazioen kudeaketa esaten denean xede horiek betetzeko behar diren lan guztiak bere gain hartuko dituela ulertuko da.
–Zehatz-mehatz, Anikote Leitza SLk Leitzako Udalaren kirol instalazioak kudeatzeko lanak honako egitekoak bilduko ditu:
- Kirol jardueren antolaketa.
- Administrazio lana: erabiltzaileen eta maizen egiten dituzten kirol jardueren erregistroa, zenbatekoak, erabiltzeko ordutegiak, etab.
- Instalazioak mantentzea.
- Halako jarduera batzuetan egiten diren lehiaketen publizitatea.
- Urteko programak kirol arloko udal koordinatzailearekin eta kiroletan eginkizunak dituen Udaleko gobernu organoarekin lotzea.
- Jarduera bakoitzaren ardura duten langileen hautapena.
- Eta komenigarritzat jotzen diren beste batzuk.
–Anikote Leitza SL beharturik egonen da kudeaketa agindu honen bidez manatzen zaizkion jarduera eta zerbitzuak egiteko behar diren giza baliabide eta baliabide material eta teknikoak jartzera, ekonomia, eraginkortasun eta kalitate irizpideei jarraikiz. Alde horretatik, Anikote Leitza SLk enpresari izaera izanen du, ondorio guztietarako, bere ardurapean dauden langileen aldera; horien gain, zuzendaritza, kontrol eta diziplina ahalmena izanen du. Gisa berean, nahitaez bete beharko ditu, erantzule bera baizik ez dela izanen, lan arloan, gizarte segurantzan eta laneko segurtasun eta higienean indarra duten xedapenak, erantzulea bera bakarrik izanik.
–Enpresak berak ez baditu, Anikote Leitza SLk kontratatuko ditu erabakitako zerbitzuak kudeatzeko behar diren baliabideak.
–Udalak edozein motatako eskubideak, instalazioak, ekipoak edo esku-dirua ematen ahalko ditu esklusiboki, baldin eta, sozietatea eratzeko ezarri bezala, zerbitzua emateko ondare ondasunak badira.
–Beharrezkoa izanen da Udalbatzaren aldez aurreko baimena lortzea zerbitzuan hobekuntzak gehitzeko, Udalbatzak berak hobekuntza horiek ezartzeko aukerari kalterik egin gabe.
–Kudeaketa agindu honek bost urteko indarraldia izanen du, hori sinatzen den egunetik hasita, eta besterik gabe luzatuko da urtez urte, alderdiren batek espreski salatzen ez badu, gutxienez ere hitzarmenaren edo haren edozein luzapenen mugaeguna baino hilabete lehenago.
–Kudeaketa agindu hau suntsitzeko arrazoiak izanen dira alderdien adostasuna idatziz adierazia, haren edukia betetzeko gerora etorritako ezina eta haietariko edozeinek haren klausulak ez betetzea. Osoko Bilkurak aginduari uko egin edo horretan atzera egiten ahalko du, Sozietatearen Administrazio Kontseiluari entzunaldia eman ondoren, indarreko araudian ezarri bezala.
–Agindutako jarduera garatzen den bitartean ager daitezkeen arazo guztiak Osoko Bilkurak ebatziko ditu, egokiak diren txosten teknikoak aztertu ondoren. Arazoak ebazteko hartzen diren erabakiek amaiera emanen diote administrazio bideari, eta horien aurka errekurtsoa jartzen ahalko da Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
Halaber, aditzera ematen da, Administrazio Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 31ko erabakiaren bidez, merkataritza sozietate horrek agindu hori onartu zuela.
Leitzan, 2016ko ekainaren 23an.–Alkatea, Mikel Zabaleta Aramendia.
Iragarkiaren kodea: L1607764