136. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Agoizko Kultur Etxearen erabilera arautzen duen ordenantza
Behin betiko onespena

Agoizko Udalak, 2016ko apirilaren 6an egindako osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Agoizko Kultur Etxearen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Hasiera batean onetsitako testua jendaurrean egonik hogeita hamar egun baliodunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta (2016ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin bat. Epe horretan, inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, eta, horrenbestez, bidezko da behin betiko onestea, eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Agoitzen, 2016ko ekainaren 7an.–Alkatea, Unai Lako Goñi.

ORDENANTZA, KULTUR ETXEAREN ANTOLAKETA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

1. KAPITULUA

Definizioa

1.1. Kultur Etxea Udalarena da eta Agoizko Udalari dagokio haren erabileraren ardura. Kultura sustatzen laguntzeko sortu da, haren alderdi guztietan, eta Agoizko eta eskualdeko herritarren partaidetzari bidea emateko eta haien erreferentzia soziokulturala izateko.

1.2. Kultur jarduerak eta jarduera soziokulturalak garatzeko erabiliko da nagusiki Kultur Etxea. Nolanahi ere, aipatutakoez bestelako jardueretarako ere erabil daiteke.

2. KAPITULUA

Kudeaketa

2.1. Udala arduratuko da, Kulturako alorraren bitartez, Kultur Etxean egiten diren jardueren antolaketaz, kudeaketaz eta segimenduaz.

2.2. Kultur koordinatzailea izanen da Kultur Etxearen arduraduna, eta haren erantzukizuna izanen da ekipamendua kudeatzea eta kultur zentroan egiten diren jarduerak koordinatzea, segimendua egitea eta baloratzea.

2.3. Kultur Etxeari dagokionez, honako hauek ditu eginkizun:

–Zentroaren funtzionamendu ona begiratzea eta haren erabilerarako jarritako araudia betearaztea.

–Erabiltzeko eskaerak jasotzea eta ordutegien eta aretoen plangintza egitea.

–Ekimen komunitarioko jarduerak eta Udalak antolatzen dituenak koordinatzea.

–Aurkezten diren jardueren proposamen guztiak hartzea eta Udalari eta Kulturguneari igortzea, egoki denean.

–Erabiltzaileek, taldeek eta entitateek zentroko bizian parte hartzea bulkatzea.

3. KAPITULUA

Ordutegia

3.1. Kultur Etxea, oro har, honako ordu hauetan egonen da jendearendako irekia:

–Jendea hartzea: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

–Liburutegia (Nafarroako Gobernuak ezartzen du liburutegiaren ordutegia).

–Kultur jarduerak: ezarritako eta jendeari aditzera emandako ordutegian irekiko dira behar diren aretoak, jarduerak gauzatzeko.

3.2. Kultur Alorrak delako ordutegia aldatzen ahalko du, antolatu eta/edo baimendu nahi diren jarduerek dituzten beharren arabera.

4. KAPITULUA

Jarduerak

4.1. Kultur Etxean eginen diren jarduerak honako hauek dira:

–Arte eszenikoetako emanaldiak.

–Proiekzioak.

–Erakusketak.

–Ikastaroak, lantegiak eta mintegiak.

–Solasaldi eta mintzaldiak.

–Liburuak eta irakurketa sustatzeko ekintzak.

–Entseguak.

–Liburutegi Zerbitzua.

–Edozein udal zerbitzuk edo zerbitzu publikok edo mankomunitatek antolatutako jarduerak, Agoizko Udalaren parte-hartzea dutenak.

–Hitzarmena edo bestelako akordioren bat sinatua dagoenean bestelako kultur erakundeekin, haien jarduerak.

–Agoitzen eta eskualdean dauden enpresek eskatutako jarduerak.

–Ezkontza eta agur zibilak erakusketa aretoan (Areto Handia eta José Hierro Aretoa) eta erabilera anitzeko aretoan. Eskaera dela-eta Udalak horretarako erabili ohi dituen eremuak aski ez direnean lagako dira areto horiek, baldin trabarik eragiten ez bada kultur jarduerekin, aipatutako aretoetan horiek baitute lehentasuna.

–Hauteskunde kanpainako ekitaldi politikoak, hauteskunde batzordeak hala erabakitzen badu.

4.2. 4.1 artikuluko ataletan sartzen ez diren jarduerak ez dira lehentasunezkoak eta, egin ahal izateko, Kultur Etxeko edozein espazio erabiltzeko baimena eskatu beharko zaio Udalari idatziz.

5. KAPITULUA

Erabiltzaileak

5.1. Kultur Etxea erabiltzen duen edozein pertsona edo entitate izanen da Kultur Etxeko erabiltzaile.

5.2. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Ezarritako ordutegiak begiratzea.

b) Altzari eta azpiegitura guztiak ongi erabiltzea.

c) Lokaleko ordena eta garbitasuna begiratzea.

d) Instalazioan dauden arduradunen jarraibideei kasu egitea.

e) Kultur Etxeko inongo aretotan ezin izanen da jan, salbu Kultur Alorrak egoki jotzen duen egoeretan.

f) Debeku da animaliekin, bizikletekin eta irristailuekin sartzea.

g) Programatutako jarduerak egin bitartean, telefono mugikorrak, ordu-hotsak eta erlojuetako alarmak itzaliko dira.

h) Behin jarduera hasirik, ez da inor aretoan sartzen ahalko.

i) Kultur Etxean publizitatea jartzeko Kultur Alorraren oniritzia beharko da.

5.3. Aurretik xedatutakoa betetzen ez bada, lokala edo altzariak behar ez bezala erabiltzeagatik eragiten diren gastuak ordaindu beharko ditu erantzuleak.

5.4. Agoizko Udalak berea du aipatutako oharrak begiratzen ez dituzten pertsonak onartzeko edo ez onartzeko eskubidea. Aretoak behar bezala erabiltzen ez badira eta 5.2 atalean xedatutakoa betetzen ez bada, zehapena jar daiteke, bat etorririk Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko martxoaren 14ko 2/1989 Foru Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitatean aisiako jardueretan sartzeko eta horietan egoteko baldintzei buruzko 33/2011 Foru Dekretuarekin.

6. KAPITULUA

Kultur Etxeko eremuak

6.1. Kultur Etxean hiru eremu mota daude, bere ezaugarriei begiraturik:

A) Kudeaketako eta zerbitzu iraunkorreko eremuak:

–Kultur koordinatzailearen bulegoa.

–Liburutegi publikoa.

B) Erabilera berariazkoetarako espazioak:

–Lehen solairua:

  • Erakusketa Aretoa, Areto Handia.
  • Auditoriuma

–Beheko solairua:

  • Erakusketa Aretoa, José Hierro.
  • Bulegoa: Enpresa profesionalen mintegia.

C) Erabilera anitzeko espazioak.

–Erabilera anitzeko aretoa.

Gainerako eremuek erabilera esklusiboa izanen dute.

7. KAPITULUA

Lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak eta baldintzak

7.1. Kultur Alorraren ardura izanen dira Kultur Etxeko programazioa eta lokalen erabilera.

7.2. Udalak edo hark parte hartzen duen zerbitzu publikoek edo mankomunitateek antolatzen edo babesten dituzten jardueren erabileraren menpe egonen dira beti beste entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko baimenak.

7.3. Esleitzeko orduan, lehentasuna izanen dute Agoizko eta eskualdeko elkarte eta taldeek, herritik kanpokoen aurretik. Jarduera bat baino gehiagok bat egiten dutenean, Kultur Alorrak erabakiko du, interes orokorra aintzat harturik, nori laga.

7.4. Esleitutako eremuak erabiltzeko, talde bakoitzak kultur koordinatzailearengana jo beharko du, eta hark zainduko du ekipamenduak ongi funtziona dezala.

7.5. Elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Agoizko Udalaren eta kultur eta arte taldeen artean, Kultur Etxeko eremu horiek erabiltzeko.

7.7. Kultur koordinatzaileak erabakiko du zer eremu esleitu, zer egunetan eta ordutan, kontuan harturik zer premia diren, zer eremu dauden eskura eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen.

7.8. Egoki den ordenantza fiskalean zehaztuko dira Kultur Etxea erabiltzeagatiko tarifak.

7.9. Lagatzeko eta erabiltzeko baldintza orokorrak:

7.9.1. Eskaera garaiz egitea, eremu bakoitzerako ezarritako behar adinako denboraz, Kultur Etxeak emanen duen inprimakiaren arabera. Adierazi beharko dira jardueraren izaera, iraupena, ordutegia eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua. Orobat, programatu beharreko jarduerek behar dituzten baliabide teknikoak eta materialak azaldu beharko dira.

7.9.2. Areto guztietako hormetan, bertan egiten diren jarduerak gauzatzeko behar dena baizik ez da paratuko; afixaz eta zerez garbi eta hasieran bezala utzi beharko dira, behin programatutako jarduerak bukaturik.

7.9.3. Araudi honen 5.2 atalean ezarritako baldintzak betetzeko konpromisoa hartzen dute Kultur Etxeko erabiltzaileek.

7.9.4. Kultur Etxeko ordutegi orokorrera eta jardueren urteko egutegira egokitu beharko dute antolatu nahi diren jardueren ordutegiek eta egutegiek.

7.9.5. Lokalen erreserbak deuseztatu edo aldatu nahi izanez gero, ahalik eta goizena egin beharko da, eta betiere jarduera hasteko aurreikusitako ordua baino 24 ordu lehenago gutienez; bestela, jardueraren antolaketak ekarritako gastuak ordaindu beharko ditu eskatzaileak.

7.9.6. Jarduera antolatzen duen entitatearen kontu izanen dira beti honako hauek: egile eskubideak ordaintzea, baita jarduera gauzatzeak dakartzan gastu teknikoak ere (aretoko teknikaria eta behar diren aparteko materialak), txarteldegiko zerbitzua eta sarrerak biltzea, jarduera gauzatzeko behar diren elementuen muntaketa eta desmuntaketa, eta gauzatzeak ekartzen duen beste edozein, baita behar diren baimen administratiboak ere. Halaber, uneoro indarrean izan beharko dira erantzukizun zibileko eta istripuetarako aseguruak, zerbitzuko langile guztientzat, eta indarrean direla frogatu beharko da, Agoizko Kultur Etxeak noiznahi ere eskatzen badu. Erantzukizun zibileko poliza 300.000 eurokoa izanen da gutxienez.

7.9.7. Kultur Etxeko langileek noiznahi gainbegiratu eta gidatu dezakete jardueren gauzatzea, eta entitate antolatzaileek onartu egin beharko dituzte horri buruz emandako jarraibideak eta egindako iradokizunak.

7.9.8. Jarduera bat burututakoan, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.

7.10. Kultur Etxeko espazio bakoitza uzteko eta erabiltzeko baldintzak hauek dira:

7.10.1. Kudeaketa eta zerbitzu iraunkorreko eremuak eta erabilera esklusiboko eremuak: horiek ezin dira laga.

7.10.2. Erabilera berariazkoa eta erabilera anitza duten espazioak:

A) Erakusketa aretoa: Areto Handia eta José Hierro Aretoa:

a) Udalak Kultur Etxeko erakusketa aretoak lagako ditu kulturako erakusketak direnean, eta beste erabilera batzuetarako laga daitezke baldin egokitzat eta interes orokorrekotzat jotzen baditu.

b) Erakusketa aretoak lagatzeko eskaera egin beharko da Kultur Etxean, horretarako eskura dagoen inprimakia betez eta zehazten den informazioa gehituta.

c) Eskaerak onartzeko kontuan hartuko dira erakusketariak zer curriculum vitae duen, obraren kalitatea nolakoa den, originaltasunik baduen eta aretoak duen erakusketa programarekin bat heldu ote den.

d) Kultur Alorrak idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskaera onartu zaiola eta erakusketarako egun jakin batzuk eman dizkiotela.

e) Erakusketaren iraupena aurretik zehaztuko da, aretoen programazioen egutegiaren arabera.

f) Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako eta erakusketariak horien berri izanen du aitzinetik.

g) Garraio eta asegurua: obra bidaltzeko eta itzultzeko gastuak erakusketa-egilearen kontura izanen dira, salbu Kultur Alorrak ez badu bestelakorik erabakitzen artistaren eta obraren interesa kontuan harturik, eta hark bere aldetik aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.

h) Zaintza: Udala ahaleginduko da lanak zaintzen eta begiratzen, aretoan arduradunak izanda. Hala ere, ez du erantzukizunik izanen, baldin eta istripu, lapurreta, sute edo bestelako arrazoiren batengatik lanak osorik edo partez suntsitzen badira.

i) Muntaketa: erakusketa egiten duena arduratuko da erakusketaren muntaketaz eta desmuntaketaz, salbu Kultur Alorrak besterik adierazten badu. Hala ere, Kultur Etxeko langileen laguntza izan daiteke. Aretoko apaingarriak aldatzea dakarten aldaketak egiteko, aretoko langileen oniritzia beharko dute.

j) Publizitatea: erakusketa egiten duenak erakusketaren katalogo edo txartela argitara dezake, eta hartan Agoizko Kultur Etxearen logotipoa agertu beharko da. Udalak katalogoak edo txartelak igortzen ahalko dizkie herriko nahiz Foru Komunitateko entitate, erakunde eta korporazio ofizial nahiz kulturalei.

k) Aretoko gastuak: erakusketa aretoa doan utziko zaie artistei. Gainerako eskaeretan (entitate edo enpresa pribatuak), ordenantza fiskalean horretarako xedatua ezarriko da.

l) Beste xedapen batzuk. Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Agoizko Udalak esaten duena bete beharko da.

B) Erabilera anitzeko aretoa.

a) Idatziz eskatu beharko da, jarduera egin baino hiru egun lehenago gutxienez.

b) Kultur Etxean eginen da eskaera, eta horretarako onetsitako tasak ordainduko dira.

c) Jarduera gauzatzeko behar diren materialak, Kultur Etxean eskura ez daudenak, partikular edo entitate antolatzaileak jarriko ditu.

C) Auditoriuma.

a) Udalaren Kultur Alorraren programaziorako erabiliko da batez ere auditoriuma.

b) Auditoriumaren erabilera entitateei edo partikularrei lagatzeko, eskaera idatziz egin beharko zaio Kultur Etxeari, gutxienez ere 30 egun lehenago.

c) Udalak, kultura aldetik espazio honi etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu artistekin, entitateekin edo arte taldeekin, erabilera lagatzeko eta arautzeko, dela halako une batzuetarako, dela modu jarraituan, dela aldi luze baterako (konparaziorako, hiru hilabeterako, sei hilabeterako, denboraldirako, urtebeterako, etab.).

d) Horrelako lagapenak erabaki idatzien bidez eginen dira, eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.

e) Lagapen hauen ordutegia eta baldintza teknikoak Udalaren Kultur Alorrak ezarriko ditu.

f) Jarduera antolatzean eta gauzatzean kalterik gertatzen bada, eskatzaileak bere gain hartuko ditu eragindako gastuak.

g) Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Kultur Alorrak kasu bakoitzean baimentzen duena izan ezik.

h) Beharrezkoa bada, eta Kultur Etxeak aldez aurretik baimenduta, entitateek, taldeek eta erabiltzaile partikularrek kultur zentroko biltegi tokiak erabiltzen ahalko dituzte, bertan uzteko beren gauzak, tresnak, eszenografiako materiala, etab.

i) Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte ikus-entzunezko bitartekoak, edo, kasua bada, erabilera gainbegiratuko dute.

D) Behe solairuko bulegoa: Enpresa profesionalen mintegia.

Udalak ezarriko du zer erabilera baldintza izanen diren bulego horretarako, haren barne araubideko erregelamenduan zehaztutakoaren arabera (2015eko 167. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abuztuaren 27an).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Gainera, honako xedapen gehigarri hauek ezartzen dira:

Lehena.–Erregelamendu hau osorik edo partez berritzeko, beharrezkoa izanen da aurretik Kulturgunea tokiko parte-hartze foroak erabaki hori hartzea, eta gero Udalaren Osoko Bilkurak onestea.

Bigarrena.–Araudi honetan aurreikusi gabeko kasuak Agoizko Udalak ebatziko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1607226