1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
47/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 3koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa sortu eta arautzen duena eta dagokion datu pertsonalen fitxategia sortzen duena.
Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak eta Nafarroako Ospitaleguneko, Lizarrako García Orcoyen ospitaleko eta Tuterako Reina Sofia ospitaleko Transfusio Zerbitzuek aplikazio informatiko bat dute dokumentuen kalitatezko kudeaketa egiteko (BDI 9000), eta datu base bera konpartitzen dute odol-ematearekin eta horren transfusioa pazienteei egitearekin lotura duten kontrako erreakzio guztiak kudeatzeko. Abenduaren 16ko 252/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Hemozaintza Sistema ezarri zen, kontrako erreakzio larrien ohar horien datuak biltzeko. Bestalde, otsailaren 9ko SCO/322/2007 Aginduak ezarri zituen odolaren eta odolaren osagaien trazabilitaterako eta horiek eragindako erreakzioen eta ondorio gaizto larrien jakinarazpenerako bete beharrekoak.
Kontrako erreakzioen eta eraginen erregistroa egiteko, datu demografikoak sartu behar dira, emaile edo paziente zehatz batekin lotzeko. Datu horiek erregistraturik gelditzen dira.
Erregistroak bi datu motako informazioa gordeko du:
1) Emaileen erreklamazioak eta kontrako erreakzioak, odol-ematearekin lotura dutenak.
2) Kontrako erreakzio larriak eta gorabeherak, odol transfusioarekin eta horren trazabilitatearekin lotura dutenak.
4.- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro hauetan dago ezarrita erregistro hori:
–Nafarroako Ospitalegunea.
–Lizarrako García Orcoyen Ospitalea.
–Tuterako Reina Sofía Ospitalea.
–Nafarroako Ehun eta Odol Bankua.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 8. artikuluan ezartzen du osasun plangintzari eta ebaluazioari lotutako jardueren oinarrian osasun informazioari buruzko sistema antolatu bat izan behar dela. 23. artikuluan eransten du administrazioek erregistroak sortuko dituztela eta hainbat egoera ezagutzeko beharrezko diren informazio analisiak prestatuko dituztela, haietatik osasun arloko agintariek esku hartzeko ekintzak presta ditzaten.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpe dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, eta dekretuari dokumentu gisa atxikitako zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta, fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.
Horren guztiaren arabera, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da, orobat, Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa izeneko datu pertsonalen fitxategia sortzea.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak aurkeztutako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea eta helburua.
1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa sortu eta erregulatzea, helburu duena odol-ematearen eta transfusioaren kontrako erreakzioen oharren datuak biltzea. Jarraipen hori egiteko laguntza prozesuaren kalitate indizeetan, beharrezkoa da berariazko datu base bat izatea, Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroan gauzatzen dena. Gainera, erraztu nahi da azterlan epidemiologikoak edo ikerlanak egitea, aipatu erregistroan jaso beharreko datuei loturik.
2. Halaber, foru agindu honen bidez datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa izenekoa, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.
2. artikulua. Erregistroaren atxikipena.
Nafarroako Ospitaleguneko Nafarroako Odol eta Ehun Bankuari atxikitzen zaio Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa.
3. artikulua. Erregistroaren helburuak.
Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroak balio du kalitate indizeei eusteko jardueraren faseetan. Indize horiek ahalbidetzen dute arlo eta egituren funtzionamendua ebaluatzea, bai eta emaitzak ere. Horrek denak honako hau hartzen du bere baitan:
1. Emaileen erreklamazioak eta kontrako erreakzioak, odol-ematearekin lotura dutenak.
2. Kontrako erreakzio larriak eta gorabeherak, odol transfusioarekin lotura dutenak.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2016ko ekainaren 3an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.
ERANSKINA
Fitxategiaren izena:
Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroa
A.–Aurreikusitako xedea eta erabilerak.
Nafarroako Hemozaintza Sistemaren Erregistroko datu klinikoen basea ezartzea. Informazio horrekin, pazienteen erregistro historikoak egonen dira eskura, odol-ematean eta transfusioan izaten diren gorabeherak aztertzeko eta azterlan epidemiologikoak edo ikerlanak egiteko.
B.–Ukitutako pertsonak edo taldeak:
Odol-emaileak.
Odol-emateak jasotzen dituzten pazienteak.
C.–Datuen jatorria eta datuak biltzeko prozedura:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu administratiboen baseetatik eta pazientearen historia klinikotik hartuko dira, bai eta pazienteak berak emandako informaziotik ere.
D.–Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu motak:
1. Identifikaziorako datuak:
–CIPNA (Osasun txartela).
–Izen-deiturak.
–Historia klinikoaren zenbakia.
2. Bereziki babestutako beste datu batzuk:
–Osasunari buruzko datuak.
–Hemozaintza Sistemaren hainbat arlotan eskuratutako emaitzei buruzko datuak.
E.–Datu pertsonalak lagatzea:
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemetakoekin partekatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta osasun prozesuaren kalitatea bermatzearren. Halaber, estatistikarako edo ikerketarako beste entitate batzuei laga dakizkieke datuak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat.
Bestetik, informazioa ematen ahalko zaie Osasun Departamentuko eta bere erakunde autonomoetako (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko) langileei, behar bezala baimendutako ikerketa proiektuak egin daitezen.
F.–Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua Osasun Departamentua. Nafarroako Gobernua.
G.–Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Nafarroako Odol eta Ehun Bankua.
H.–Fitxategi automatizatua edo eskuz egituratua: Automatizatua.
I.–Segurtasun neurriak: Hartzen diren segurtasun neurriak goi mailakoak dira.
Iragarkiaren kodea: F1607171