Iragarkia
133. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BEINTZA-LABAIEN
Udal ordenantza, herrilurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena
2015eko azaroaren 23ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen aldaketa Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Espedientea jendaurrean eduki zen, hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia argitaratuta 2016ko 6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 12an.
6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatua aplikatuz, ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta, hortaz, osorik argitaratzeko igortzen da.
Beintza-Labaienen, 2016ko ekainaren 9an.–Alkatea, Jon Telletxea Juanenea.
UDAL ORDENANTZA, HERRILURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Beintza-Labaiengo udal mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.
2. artikulua. Herriko bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira herrilurretako ondasunak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Beintza-Labaiengo Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Beintza-Labaiengo Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Beintza-Labaiengo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek lehentasuneko aukerak baitira.
Herri ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Beintza-Labaiengo Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea
7. artikulua. Beintza-Labaiengo Udala ahaleginduko da herrilurretako ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio haientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herrilurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzutea emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, ahalmen hertsatzaileez baliatuz, aldez aurretik kalte-ordaina emanda nahiz eman gabe, zuzenbidearen arabera.
12. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena abiatzen ahal da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Herrilurretako larreen aprobetxamendua.
b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.
c) Partikularrek luberritutako herrilurren aprobetxamendua.
d) Partikularrek landatutako zuhaiztien aprobetxamendua.
d) Herrilurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Beintza-Labaiengo Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.
16. artikulua. 1. Oro har, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunez.
c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
16. artikulua. 2. Familia unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Beintza-Labaiengo Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA
Herrilarreen aprobetxamendua
17. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalaren herrilurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, eta unitate horren baitan udalerriaren titulartasuneko herrilur guztiak sartzen dira.
18. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalaren herrilarreen aprobetxamendua modu hauetako batean eginen da, lehentasunezko ordena honetan:
a) Herritarrendako zuzeneko esleipenaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
21. artikulua. Esleipena 15 urterako izanen da.
22. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak ez du ezartzen abeltzaintzako kargarik.
23. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak, urteroko aurrekontuan, ezarriko du zer kanon ordaindu behar den herrilurretan bazkatzen den abelburuko. (Udalak ezarriko du kanon hori, larreen egiazko kostuen %80-%90 tartean).
24. artikulua. Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPI).
25. artikulua. Urte bakoitzari dagokion kanona epe bakar batean pagatuko da, esleipena egin eta 6 hilabetera.
Beintza-Labaiengo Udalak, Nekazaritza Politika Erkideko laguntzetarako ematen dituen herrilurretako larreen aprobetxamenduen ziurtagiriengatik, 3,00 euro kobratuko ditu, larreen aprobetxamenduaren hektarea bakoitzeko. Kanon hori urte bakoitzeko aurrekontuetan aldatzen ahalko da.
26. artikulua. Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
27. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartu eta Beintza-Labaiengo udaletxeko iragarki oholean ediktua agertuta, 30 eguneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.
28. artikulua. Udalak behin-behinekoz eginen du esleipena, gorabehera hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.
29. artikulua. Behin-behineko esleipena egin ondoan, 30 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Aipatutako epea iragaten bada inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat joko da.
III. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
30. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
31. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
32. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
33. artikulua. Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emanen die.
34. artikulua. Epaitzak bi urterako esleituko direnez, urtero ordaindu beharreko kanona hau izanen da:
Esleitutako epaitza bakoitzeko, 2 lanaldi Udalerako. Urtean lanaldi bat eginen da. Egiten ez bada, 40 euro egin gabeko lanaldi bakoitzeko.
35. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Ingurumen Zaintzak edo Udalak ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
IV. KAPITULUA
Luberritzea, larre artifizialak sortzeko. Luberritutako herrilurren
eta soroen aprobetxamenduak
36. artikulua. Luberritutako herrilurren eta soroen aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie familia unitateen titularrei. Horretarako, ordenantza honen 16. artikuluarekin bat, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko. Halaber, lur horiek luberritzeko lanak eginak behar dituzte, edo aipatutako lurrak eta soroak mantentzeko lanak.
37. artikulua. Lursailen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko.
38. artikulua. Esleipena 10 urterako izanen da.
39. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak, urteroko aurrekontuan, ezarriko du zer kanon ordaindu behar den luberritutako lur hektarea bakoitzeko. (Udalak ezarriko du kanon hori, larreen egiazko kostuen %80-%90 tartean).
40. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.
41. artikulua. Ondorio horietarako, luberritutako lursailak gozatzen dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Beintza-Labaiengo Udalari, ordenantza hauek indarra hartu eta hilabeteko epean, adieraziz parajea eta gaur egun erabiltzen diren lursailen hedadura. Luberritutako lursailen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Beintza-Labaiengo Udalak, 16. artikuluko baldintzak beteta 19. artikuluan xedatua ere frogatzen dutenei.
42. artikulua. Zuzenean esleitutako lur luberritu guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Beintza-Labaiengo Udalak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lur luberrituaren azalera eta kokalekua eta izandako aldaketak.
43. artikulua. Gozamenaren titularrak eskubideak galduko ditu, eta aprobetxamendua udalerriari itzuliko zaio, honako kasu hauetan:
a) Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
b) Gozamena saltzeagatik edo lagatzeagatik.
c) Kanona ez ordaintzeagatik.
V. KAPITULUA
Partikularrek herrilurretan landatutako zuhaiztien aprobetxamendua
44. artikulua. Partikularrek landatutako zuhaiztien aprobetxamenduaren kasuan, zuzenean esleituko da, landaketa horien lanak egin dituztenei.
Hemendik aurrera, ez da beste aprobetxamendurik emanen herrilurretan landaketak egiteko. Gaur egun aprobetxamendua egiten dutenek, behin oihan aprobetxamendua eginik, ezin izanen dute landaketarik egin herrilur horietan.
45. artikulua. Ondorio horietarako, herrilurretan zuhaiztiak landatu dituzten bizilagunek horien aprobetxamendua eskatuko diote Beintza-Labaiengo Udalari, ordenantza hauek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, adieraziz parajea, zuhaitz espeziea eta landatutako lursailen hedadura. Landatutako lursailen aprobetxamendua berresteko erabakia hartuko du Beintza-Labaiengo Udalak.
46. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak 2015. urterako ezarritako kanona Nafarroako Gobernuko mendien alorreko langileek egindako tasazioaren %10 da; hori da herrilurretan landatutako zuhaitzak aprobetxatzen dituzten guztiek Udalari ordaindu beharreko kopurua.
Kanon hori urte bakoitzeko aurrekontuetan aldatzen ahalko da. Hala ez bada, kanon berbera mantenduko da.
Lurzati berrantolamenduaren ondorioz gaur egun herrilurretakoak diren lurretan partikularrek landatutako zuhaitzen aprobetxamendua 2015eko abenduaren 31rako egin behar da. Nafarroako Gobernuko mendien alorreko langileek egindako tasazioaren %10a izanen da ordaindu beharreko kanona.
47. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoaren ordainketa epe bakarrean eginen da.
47. bis artikulua. Leurtzako Aisiarako Natur Eremurako araudia. Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalen herrilurretan dago eremu hori.
Leurtzako urtegien inguruko herrilurren eremua Naturgune Babestu deklaratu zen 1996an, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natur Eremu figuraren arabera, eta gutxieneko Kudeaketa Plan batez hornitu zen, eremu hartan lehentasunez zaindu beharreko natur balioak ez ukitzeko bermea emanez, 1996an.
Hori hala izanik ere, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek, lur horien titularrak eta horietan egiten diren erabilera eta jarduerenak ere badiren aldetik, erabilera horiek mugatu eta arautzeko eskumena dute, herrilurren erabilera zuzen antolatzeko beharrezkoa den arlo guztietan.
Bi udalek, ulertzen baitute herrilur horiei Erabilera Publiko jakin bat ematen ahal zaiela, eremu horretan egiten diren gainerako jarduerekin bateragarria dena, zehaztu dute Erabilera Publiko hori garatzen ahal dela, baldin eta udal ordenantzetan agertzen diren baldintzekin bat badatoz. Hona hemen baldintza horiek:
I) Herrilur horien mantentze ezin hobea bermatzearren, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ahalmena izanen dute, edozein unetan, jarduera batzuk edo bisitarien kopurua guztiz edo hein batean, aldi batez edo modu iraunkorrean mugatu edo debekatzeko, betiere komenigarritzat jotzen diren kopuru batzuk gainditzen direnean.
II) Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ez dute beren gain erantzukizunik hartuko, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natur Eremuan ibiltzen diren bisitariek jasaten ahal dituzten kalte eta galerengatik. Bereziki urtegietan bainatzeari dagokionez, ez baita komenigarria.
III) Bisitariek beti errespetatu beharko dituzte eremu horretan jartzen diren seinale finkoak eta behin-behinekoak, baita eremu hori zaindu, babestu eta antolatzeko ardura duten langileek ahoz edo idatziz ematen dituzten jarraibideak ere.
IV) Eremu horretan sartzeko eta jarduera zehatz batzuk egiteko ezartzen diren tasak eta kargak, halakorik bada, ordaindu beharko dituzte bisitariek.
V) Zehazki, jarduera batzuek mugapen maila batzuk dituzte, bisitariak herriko bizilagunak izan ala ez, edo jarraian agertzen den araubidearen arabera baimendu behar diren kontuan harturik (araubide horren aldeko txostena eman du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak):
A) Jarduera debekatuak, herritarrentzat izan ezik.
Egiazki Beintza-Labaienen eta Urrozen bizi direnak hartzen dira herritartzat. Edonola ere, udal horiek eskubidea dute jarduera hauek mugatu edo antolatzeko:
1.–Abeltzaintza.
2.–Basoko produktuen bilketa.
3.–Bideak abeltzaintzarako eta tradiziozko beste jarduera batzuetarako pasabide gisa erabiltzea.
B) Jarduera debekatuak. Lehenbiziko 10ak kontserbazioari dagozkio, hurrengo 2ak antolamenduari eta azkeneko 3ak zirkulazioari.
1.–Naturguneko edozein elementutan inskripzio, seinale, zeinu edo marrazki iraunkorrak edo egonkorrak egitea.
2.–Hondakinak horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo uztea.
3.–Produktu kutsagarriak edo hondarrak isurtzea.
4.–Zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari zuzenean edo zeharka eragiten dion jarduera edo ekintza oro.
5.–Naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituzten megafonoak edo tresnak erabiltzea, baimen espresa dutenak izan ezik.
6.–Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.
7.–Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.
8.–Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.
9.–Kalez kaleko merkataritza jarduerak orokorrean daude debekatuta, salbuespenez berariazko baimena lortzen dutenak izan ezik.
10.–Aziendari traba egitea.
11.–Sua aisia jardueretarako erabiltzea, Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan izan ezik. Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea Eremuaren barnean. Alde horretatik, salbuespenezko arau batek sua edozein helbururekin eta Eremuko edozein tokitan eta edozein egunetan erabiltzeko aukera kentzen ahalko du.
12.–Aisiarako Natur Eremuan zakurrak ibiltzearen inguruko debekuak:
a) Debekatuta dago behar bezala lotu gabeko eta jabeek kontrolatu gabeko zakurrak ibiltzea eremuan.
b) Debekatuta dago zakurren gorozkiak uztea. Agindu honek ezartzen duen debekua betetzearren, animaliaren jabeak gorozkiak jaso eta, ongi bilduta, eremuan dauden edukiontzietara bota behar ditu, eta zikindutako eremua garbitzeaz arduratu.
c) Debekatuta dago zakurrak etengabean zaunka ibiltzea. Animaliaren jabeak berehala isilarazi beharko du bere animalia.
d) Debekatuta dago zakurrek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.
13.–Edozein ibilgailu motordunetan ibiltzea (autoak, motozikletak, Segwey etab.), salbu Urrozko herrigunetik aparkalekura iristeko bidean eta salbu segurtasun, kontserbazio, kudeaketa, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiengatik edo aldez aitzinetik baimendutako jardueretan. Salbuespen izanen dira minusbaliotasunak dituzten pertsonen banakako joan-etorriak.
14.–Kiroleko ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko josteta instalazioak erabiltzea, horrela aurreneurriak hartu nahi baitira izurri diren espezien inbasio arriskua saihesteko, adibidez zebra-muskuiluarena (Dreissena polymorpha), edo ekosistemari eragiten dioten epizootien agerpenak saihesteko.
15.–Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.
C) Jarduera baimenduak:
1.–Turismoko eta aisiako jarduerak (antolatu gabeak), batez ere paseatzea, bertan egotea eta talde txikien otorduak.
2.–Lagun egiteko animaliak ibiltzea bertan, horiek jabeek beti lotuta eta kontrolatuta badituzte. Jabeek ziurtatuko dute animalia horiek ez dietela batere eragozpenik sortzen eremuan dauden pertsonei eta faunari. Gainera, gogorarazten da arlo horretan indarra duten Estatuko legeak eta Foru Komunitatekoak bete behar direla. Zakurren kasuan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu nahitaez, horretarako uhal sendo bat edo gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den katea erabiliz. Horretaz gainera, lehenago erasoren bat egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eduki beharko du jarria nahitaez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira, arraza batekoak ala beste batekoak izan.
3.–Natur Eremuan zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak sartzea. Hala ere, debekatuta dago animalia horiek Eremuko alde intentsiboko belardietan egotea. Edonola ere, Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horretarako mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.
4.–Bizikletekin ibiltzea erabilera horretarako behar bezala seinalatuta dauden bide eta pistetan. Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horretarako mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.
5.–Ibilgailuak aparkatzea, autobusak izan ezik, Eremuaren sarreran prestatuta dagoen aparkalekuan, jarri diren zutikako seinaleak errespetatuz, bai eta Leurtzako Eremua zaindu eta mantentzen duten langileen oharrak ere.
Autobusak nahitaez aparkatu beharko dira horretarako seinaleztatu den eremuan. Toki gutxi dagoenez, ezin izanen dira inolaz ere joan autoak aparkatzeko eremuraino.
Aisiarako Natur Eremu guztia mantentzeko eta eremu horretan sartzeko, tasa bat kobratuko da, eremu hori kudeatzeko ardura duten udalek (Urrotz eta Beintza-Labaien) urtero onetsiko dutena. Tasa horren zenbatekoa dagokion atalean azaltzen da.
D.–Jarduera baimengarriak.
1.–Kirol eta josteta jarduerak, horretarako prestatuta dauden enpresen bitartez edo beste edozein entitateren bitartez taldean eginen direnak.
2.–Argazkigintza, zinemagintza eta bideoko jarduera profesionalak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.
3.–Jarduera didaktikoak.
4.–Zientziako edo ikerketako jarduerak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.
Leurtzako Aisiarako Natur Eremuan baimentzen ahal diren jarduera horiek egiteko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek onespena eman beharko dute, eta toki entitateek kasu bakoitzerako prestatzen dituzten baldintza agiriak bete beharko dira.
Aginduzkoa izanez gero, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko du jarduera.
Jarduera horiek egiteko ordaindu beharreko tasa urtero ezarriko dute eremu horren ardura duten udalek.
Tasa horren zenbatekoa dagokion atalean azaltzen da.
5.–Zientziako edo ikerketako jarduerak, horien barnean izanik laginak hartzea, argazkiak egitea eta filmatzea, oztopo badira kontserbazio helburuentzat, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko ditu.
2016. urteko tasa eta karga-tasak.
1.–Eremuan sartzea:
–Motozikletak: 2 euro.
–Autoak: 2 euro.
–Mikrobusak: 10 euro.
–Autobusak: 20 euro.
2.–Jarduera antolatuak:
Tasa finko bat eta tasa aldakor bat batuko dira, honela:
a) Tasa finkoa: 150 euro urtean
b) Tasa aldakorra: euro 1 parte-hartzaile bakoitzeko.
Hala ere, Udalak beste tasa aldakor bat ezartzen ahalko du Leurtzako Aisiarako Natur Eremua bisitatzen duten 10 pertsonatik goitiko taldeentzat.
48. artikulua. Partikularrek landatu dituzten eta zuzenean esleitu diren lur guztiak erregistratzeko liburua eramanen du Uharteko Udalak, eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, egindako landaketaren kokalekua, eta izandako aldaketak.
VI. KAPITULUA
Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak
49. artikulua. Ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz eginen da hango ehizaren aprobetxamendua.
50. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
VII. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
51. artikulua. Beintza-Labaiengo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurra hobetzea. Luberritzea, larre artifizialak sortzeko.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
52. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.
53. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
54. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
55. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua norberak zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, hostozabalak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.
g) Esleipenetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
h) Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
56. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.
–g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 12.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak izanen, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.
Iragarkiaren kodea: L1607208
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
