133. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZABA

Udal ordenantza, eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko laguntzak arautzen dituena

Izabako Udalak, 2016ko apirilaren 5eko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Izaban eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behar den iragarkia argitaratu zen 2016ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 3an, eta jendaurrean egoteko aldia iraganik inork ez duenez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsirik gelditu da.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Izaban, 2016ko ekainaren 6an.–Alkate udalburua, Jesús Barace Marco.

ORDENANTZA, IZABAN ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO
ETA ERAIKITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da laguntzen kontzesioa arautzea, eraikinak zaharberritzeko, konpontzeko, handitzeko, hobetzeko eta modernizatzeko, eta eraikin berriak eraikitzeko, etxebizitzetarako eta jarduera ekonomikoetarako, Izabako udal mugapean.

2. artikulua. Betebeharrak.

Obren sustatzaileak izanen dira laguntza ekonomikoen onuradunak, baldin honako baldintza hauek betetzen eta frogatzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Frogatzea azkeneko bost urtean ohiko bizileku iraunkorra izan duela Erronkaribarko edozein herritan.

c) Izabako Udalarekin zerga eta tributu betebeharrak egunean izatea.

d) Hauek aurkeztea: deskribapen memoria, krokisa eta obren gauzatze materialaren aurrekontu xehakatua, eta, kasua bada, teknikari eskudunak sinatutako proiektua, behar den elkargo ofizialak ikus-onetsia.

e) Aldez aurretik Bizigarritasuneko, Jarduera Sailkatuko eta behar diren bestelako tramiteak egin ondoren, Udalaren obra lizentzia lortu izana, eta eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ordaindu izana.

3. artikulua. Udalaren laguntza motak.

1. atala.

A) Ohiko bizileku iraunkorra Izaban (1. etxebizitza): eraikinak zaharberritzeko, konpontzeko, handitzeko, hobetzeko eta modernizatzeko eta eraikin berriak eraikitzeko obren guztizko likidazioaren aurrekontuaren gaineko 2,50 puntu emanen dira, baldin frogatzen bada 1. etxebizitzan egindako obrak gutxienez ere 10 urtez mantenduko direla.

Etxebizitzaren kalifikazioa aldatzen bada eta 2. etxebizitza izatera igarotzen, edo beste erabilera batzuetakoa izatera, jasotako zenbatekoa ordainduko dio onuradunak Udalari: 10 urteak betetzeko zenbat denbora gelditzen den, horren arabera.

B) Estetika baldintzak betetzen dituen edo 1. eta 2. mailetan katalogatutako eraikin batean dagoen etxebizitza: Izaban bizi edo ez, lehenbiziko edo bigarren etxebizitza izan, zaharberritze obra edo obra berria egiten duen edozein sustatzailek, materialak erabiltzen baditu, hau ezartzen da: zeramikazko teila gorria; harrizko edo zurezko ateburuak; zurezko zur-lanak; eta harrizko fatxada guztiak tokiko estiloko junturekin, salbu errekastoekin muga egiten dutenak; laguntza ekonomikoa 2 puntu artekoa izan daiteke fatxadaren eta teilatuaren likidazioaren aurrekontuan, eta betiere aipatutako material guzti-guztien baldintzak bete beharko dira.

Aurreko lerroaldeetan aipatutako puntuak metagarriak izanen dira, Izaban eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko laguntza ekonomikoei dagokienez, baldin ez badute gainditzen %5, hots, obraren likidazioaren aurrekontuaren Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokiona.

2. atala.

Eraikuntza berriko edo zaharberritzeko obrek, helburu dutenak jarduera ekonomikoan aritzea, guztizko likidazioaren aurrekontuaren 2,50 puntuko diru-laguntza izanen dute, baldin negozioa gutxienez 10 urtez mantentzen bada. Epe hori bete aurretik jarduera ekonomikoa eteten bada, jasotako zenbatekoa ordainduko dio onuradunak Udalari: 10 urteak betetzeko zenbat denbora gelditzen den, horren arabera. Lehen sektoreko jarduera ekonomikoak salbuespena dira: 5 puntuko diru-laguntza emanen zaie.

Jarduera Ekonomikoaren kasuan aipatutako puntuei ezin izanen zaie beste laguntzarik metatu inola ere.

4. artikulua. Laguntza ekonomikoak jasotzea.

Behin obrak bukaturik jasoko dira laguntza ekonomikoak, aldez aurretik aurkeztuta eskabidea eta 2. eta 3. artikuluetan ezarritako frogagiriak, baita, behar bada, Izabako Hirilurreko Ondasunen Katastroko Erregistroko altarena eta/edo berrikuspenarena ere, eta Udalak eskatzen duen beste edozein agiri.

Behin obra bukaturik, obra gauzatua azter dezake udal teknikariak, baita zaharberritzean eta/edo eraikuntza berrian erabilitako materialak ere, behar diren egiaztapenak egiteko, eta frogagiriak exiji ditzake, modu arrazoizkoan eta nahikoan egiaztatzeko inbertsioko obra egin dela eta zer material erabili diren.

Laguntza ekonomikoen onuraduna beharturik dago Udalak egiten duen edozein egiaztapen jarduketa onartzera. Eragozpenak jartzea edo ezetz esatea ukorako arrazoi izanen dira, eta berekin ekarriko dute eskatutako laguntza ekonomikoa galtzea, eta, behar denean, jasotako laguntza ekonomikoak itzultzea.

5. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Udalaren urteko aurrekontuko kontu-sail ekonomikoan agertzen direnak izanen dira aplikatzekoak diren udal baliabideak.

6. artikulua. Eskumena.

Alkateari dagokio eskaeren gainean ebaztea, ordenantza honetan ezarritako araudiaren arabera, ebazpen bat emanez. Hartan, agertuko du ea eskatzaileak betetzen dituen laguntza ekonomikoak jasotzeko baldintza guztiak, eta eskatutako laguntza emateari buruz ebatziko du.

7. artikulua. Indarraldia.

2016ko ekitaldian izanen ditu ondorioak ordenantza honen aplikazioak.

Iragarkiaren kodea: L1607257