133. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

192/2016 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez kanpoko praktiken programa eta ikasketen bukaerako lanaren edukiak arautzen dituzten jarraibideak onesten dira diseinuko goi mailako eskoletan eta Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala baimenduta ikasketa horiek irakasten dituzten ikastetxe pribatuetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, VI. kapituluko hirugarren atalean, goi mailako arte ikasketak ezarri eta arautzen ditu, eta, haien artean, Arte plastiko eta diseinukoak eta Kultur ondasunak zaindu eta zaharberritzekoak daude.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezartzen duen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuan (urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez aldatua), goi mailako arte ikasketen ikasketa planen oinarrizko edukia xedatzen da, gradu bukaerako lana eta kanpoko praktikak barne.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan diseinuko goi mailako graduko arte ikasketentzat ezarritako oinarrizko edukia arautzen du maiatzaren 14ko 633/2010 Errege Dekretuak.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan ezartzen ditu diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean. 3.2 artikuluan xedatzen du diseinuko goi mailako ikasketak, espezialitate guztietan, osatzen dituzten lau ikasmailetako bakoitzerako ikasketa planean ezartzen diren 240 ECTS kredituetatik, 12 kanpoko praktikei dagozkiela, eta 20, berriz, ikasketa bukaerako lanei.

Foru agindu horren 3.4 artikuluak ezartzen du ikastetxeek prestatu eta garatuko dutela kanpoko praktiken programa. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak prozedura bat ezarriko du hura arautzeko.

Foru agindu horren 3.5 artikuluak ezartzen duenez, diseinuko goi mailako titulua lortzeko, ikasleak ikasketen bukaerako lan bat egin beharko du. Hezkuntza Departamentuak arautuko ditu lan horren edukia eta prozedura.

Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalak txostena aurkeztu du, jarraibideak onestearen alde kanpoko praktiken programa eta ikasketa bukaerako lanen edukia arautzeko diseinuko goi mailako eskoletan eta Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala baimenduta ikasketa horiek irakasten dituzten ikastetxe pribatuetan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 136/2015 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko bigarren puntuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Eranskinean heldu diren jarraibideak onestea, haiei egokitu beharko baitzaizkie diseinuko goi mailako eskolak eta ikasketa horiek Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala baimenduta irakasten dituzten ikastetxe pribatuak, kanpoko praktiken programari eta ikasketa bukaerako lanen edukiei dagokienez.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina honako hauei igortzea, behar dituzten ondorioak izan ditzaten: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Unibertsitateen eta Hezkuntzako Teknologien Zerbitzura, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalera eta ukitutako ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

Diseinuko goi mailako eskoletan eta Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa horiek behar bezala baimenduta irakasten dituzten ikastetxe pribatuetan ikasketa bukaerako lanaren edukiak eta kanpoko praktiken programa arautzen dituzten jarraibideak

Lehena.–Xedapen orokorra.

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da diseinuko goi mailako eskoletan eta Nafarroako Foru Komunitatean ikasketa horiek behar bezala baimenduta irakasten dituzten ikastetxe pribatuetan Diseinuko goi mailako arte ikasketen kanpoko praktiken programa arautu eta ikasketa bukaerako lana garatzea.

Bigarrena.–Kanpoko praktikak.

2.–Helburua eta ezaugarriak.

2.1. Kanpoko praktikak dira goi mailako arte ikasketako ikasleek erakunde laguntzaile batean, publikoa edo pribatua izan, egiten dituzten prestakuntza jarduerak, beren lanbidearen lanpostu desberdinekin lotura duten eginkizunak betetzeko.

2.2. Kanpoko praktiken helburua da zeharkako gaitasunak, gaitasun orokorrak eta berariazko gaitasunak eskuratzea erraztea, lotura dutenak lanbidearen benetako jardunarekin, eskarmentu praktiko bat lortzeko, lan merkatuan sartzea errazagoa izateko.

2.3. Kanpoko praktikak egiten ari direla, ikasleek eta erakunde laguntzaileak jarduera horren ondorioz duten harremanak ez du langilearen edo funtzionarioaren izaera juridikorik izanen. Erakundeak ez daude beharturik ikasleei ordaintzera prestakuntza jarduerarengatik edo horren ondorioz sor litezkeen emaitzengatik.

3.–Matrikula eta deialdiak.

3.1. Kanpoko praktiken matrikula laugarren kurtsoko gainerako ikasgaiei dagokien epean eginen da.

3.2. Ikasleak kasuan kasuko ikasketen kurtsoko bigarren seihilekoan hasiko dira kanpoko praktikak egiten, eta praktikek ez dute etenik izanen.

3.3. Bi deialdi eginen dira gehienez, arrunta eta berezia.

3.4. Edonola ere, kanpoko praktikak hasteko, ikasketa plana bukatzeko eskatzen diren ikasgai guztietan egon behar dute matrikulaturik ikasleek.

4.–Non egiten diren.

4.1. Oro har, kasuan kasuko arte ikasketekin lotura duten jarduerak egiten dituzten eta batik bat Nafarroako Foru Komunitatean aritzen diren erakundeetan eginen dira kanpoko praktikak.

4.2. Halaber, beste autonomia erkidego bateko herrietan dauden erakundeetan egin daitezke praktikak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berariaz baimentzen badu, ikastetxeak eskaera arrazoitu bat egin ondoan.

4.3. Atzerriko erakundeetan egin daitezke praktikak aitorpen ofiziala duten Europako programen bitartez edo beste herrialde batzuetako entitateekin egiten diren lankidetza hitzarmen edo itunen bitartez.

5.–Iraupena eta egiteko epeak.

5.1. Kanpoko praktikek 360 orduko iraupena izanen dute, 12 ECTS kredituren balioarekin.

5.2. Kanpoko praktiken ordutegia lantokiko lan ordutegia izanen da. Ezin du inola ere gainditu lanaldi arruntaren gehieneko iraupen legezkoa. Ordutegia zehazteko, praktiken ezaugarriak hartuko dira kontuan, baita erakunde laguntzailearen prestasuna ere.

Erakunde laguntzaileak lan txandak ezartzen dituenean, ikasleen ordutegia txanda horietara egokituko dira. Ordutegia bateragarria izanen da ikasleak eskolan egiten duen ikasketa, prestakuntza, ordezkaritza eta partaidetzako jarduerarekin.

5.3. Abuztua, larunbat eta igandeak, jaiegunak eta eskolako ordutegian ezarritako gainerako oporraldiak eta, kanpoko praktikak zer herritan egiten diren, horko jaiegunetako egutegi ofizialekoak ez dira baliogarriak kanpoko praktikak egiteko.

5.4. Kanpoko praktikak aldi baterako eteten badira ikasleari egotzi ezin zaion ezinbesteko arrazoi batengatik eta horrek ekartzen badu egiteko epea aldatu eta/edo luzatu behar izatea, horren berri eman beharko zaio ikastetxeko zuzendaritzari.

Horrek ahaleginak eginen ditu praktikak ikasturte berean buka daitezen, ikaslearen, ikastetxearen eta erakunde laguntzailearen artean hitzartutako epean.

6.–Erakunde laguntzaileak.

Enpresak, enpresen taldeak edo elkarteak, instituzioak edo erakunde publikoak zein pribatuak izan daitezke erakunde laguntzaileak.

7.–Ikastetxearen eta erakunde laguntzailearen arteko lankidetza hitzarmena.

7.1. Lankidetza hitzarmenen bitartez egituratuko da ikastetxearen eta erakunde laguntzailearen arteko lankidetza. Helburua izanen da ebazpen honetan arautzen diren kanpoko praktikak egitea.

7.2. Diseinuko goi mailako arte ikasketak irakasten dituzten ikastetxeei dagozkie lankidetza hitzarmenak sustatzea.

7.3. Lankidetza hitzarmena idatziz formalizatuko da, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Hiru ale eginen dira: jatorrizkoa ikastetxean geldituko da, kopia bat erakunde laguntzaileari emanen zaio eta, beste bat, Hezkuntza Departamentuari. Horrek lan ikuskapenaz arduratzen den erakundeari jakinaraziko dio unean-unean zer ikasle ari den praktikak egiten enpresa edo erakunde laguntzaile bakoitzean.

Lankidetza hitzarmenak formalizaturik eta sinaturik egonen dira kanpoko praktikak hasi baino lehenago.

7.4. Ikastetxeko zuzendariari baimena ematen zaio ebazpen honetan arautzen diren lankidetza hitzarmenak sinatzeko.

7.5. Hitzarmen horiek urtebeteko iraupena izanen dute, sinatzen diren egunetik aurrera. Automatikoki luzatuko da, berariazko salaketarik ez badago. Halakoetan, idatziz egin beharko da salaketa, luzapena hasi baino 30 egun lehenago gutxienez.

7.6. Hitzarmenek esparru bat ezarriko dute ikaslearen, erakunde laguntzailearen eta ikastetxearen arteko harremanak arautzeko, eta ondoko dokumentazio osagarria izanen dute:

–II. eranskina: praktikak egin gogo dituzten ikasleak.

–III. eranskina: ikaslearen prestakuntza programa indibiduala.

7.7. Ikasle parte-hartzaileen ondoz ondoko zerrendak erantsiko zaizkie lankidetza hitzarmenei, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Ikastetxeko zuzendariak eta erakunde laguntzailearen legezko ordezkariak sinatuko dute zerrenda hori. Ikasle bakoitzaren izena identifikatuko da zerrenda horretan, eta banan-banan adieraziko dira kanpoko praktikak egiteko epeak eta ordu kopuruak. Bi ale eginen dira.

7.8. Ikasleak erakunde batean baino gehiagotan egiten baditu praktikak, haietako bakoitzarekin eginen da lankidetza hitzarmena.

7.9. Eskola aseguru batek estaltzen ditu ikasleek praktikak egitean edo egitearen ondorioz jasan ditzakeen istripuen edo eritasunen kontingentziak, etxearen eta enpresaren arteko joan-etorriak barne, aseguru horri buruzko araudiarekin bat. Artikulu honen 10. atalean aipatutako ikasleak kanpo gelditzen dira.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak aseguru poliza bat kontratatuko du, praktiketako ikasleen prestakuntza jardueretan hirugarrenei egindako kalteak edo erantzukizun zibila estaltzeko. Nafarroako ikastetxe publikoetako ikasle guztiak hartuko ditu poliza horrek praktikaldiak irauten duen bitartean.

7.10. Kanpoko praktikak atzerrian egiten dituen ikasleak erantzukizun zibilaren eta istripuen kasuan kasuko aseguru polizak izenpetu behar ditu. Kanpoko praktikak Erasmus programaren barnean egiten dituen ikasleak erantzukizun zibilaren eta istripuen kasuan kasuko aseguru polizak izenpetu behar ditu.

7.11. Kanpoko praktikak egitean, ikaslearen diziplina araubidea izanen da ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuaren barne araubidearen erregelamendua, baita enpresa eta erakunde laguntzaile bakoitzaren arauak ere.

8.–Prestakuntza plana.

Kanpoko praktikak egiteko, agindu honetan aurreikusitako hitzarmenen esparruan, prestakuntza plan bat izenpetuko da praktiketako ikasle bakoitzarekin, eta sinaduraren bidez, ikastetxeko tutoreak eta harrera egiten duen erakunde laguntzaileko tutoreak onetsi eta egiaztatuko dute. III. eranskinean jasotzen den ereduari jarraituko zaio.

9.–Kanpoko praktiken irakaskuntza gida.

9.1. Ikastetxeak kasuan kasuko gida eginen du kanpoko praktiketarako, prestakuntza programa indibiduala zehazteko. Irakasgaiaren irakasle-tutoreari dagokio gida prestatzea, eta hura onartzea, berriz, irakaskuntzako departamentu didaktikoari.

9.2. Gidak kanpoko praktiken hezkuntza helburuak eta garatu beharreko jarduerak zehaztu behar ditu. Ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko gaitasunak, gaitasun orokorrak eta/edo berariazko gaitasunak kontuan harturik zehaztu behar dira helburuak. Orobat, praktiketako edukiak zehaztean, bermatu beharko da lotura zuzena dutela egindako ikasketen bidez eskuratu beharreko gaitasunekin.

9.3. Irakaskuntza gidan, gutxienez honakoa agertuko da: irakasle-tutore arduradunaren datuak (izen-abizenak, tutoretzaren ordutegia eta tokia eta posta elektronikoa), gaitasunak, ikasketaren emaitzak, edukiak, metodologia, beharrezko baliabideak eta ebaluazioa.

9.4. Beharrezkoa denean, erakunde laguntzaileek esleitutako eginkizunen izaera dela eta, praktiken programak ikasle batek baino gehiagok egin beharreko praktikak hartuko ditu, erakunde laguntzaileek ikasleei esleitutako proiektuek jarraipena izan dezaten. Gisa horretan, praktiketan hasten den ikasleak aurrekoak hasitako lanari jarraipena ematen ahalko dio.

9.5. Ikastetxeei dagokie curriculumeko kanpoko praktikak bermatuko dituzten erakunde laguntzaileak bilatzea.

10.–Kanpoko praktikak esleitzea.

10.1. Kanpoko praktiken esleipena ikastetxeak sustatua edo ikasleak eskatuta egin daiteke.

10.2. Ikastetxeek ezarriko dute ikasleei praktikak esleitzeko prozedura, urteko programazio orokorrean sartuko dena, eta gardentasunaren, publizitatearen, aukera berdintasunaren, diskriminazio ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioak bermatuko dira.

10.3. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeak, kurtsoaren hasieran, egutegi bat jarriko du jendaurrean, eskaintza egiteko, eskaerak aurkezteko eta kanpoko praktikak egiteko. Kanpoko praktiken eskaintzaren deialdia kurtso bakoitzeko lehen seihilekoa bukatu baino lehenago eginen da.

10.4. Ikastetxeak esleipenerako ezarritako prozedura eta egutegia kontuan izanik eskainiko dira postuak, eta honako datu hauek agertuko dira:

–Zer titulaziori zuzentzen zaizkion kanpoko praktikak.

–Erakunde laguntzailearen izena edo sozietate-izena eta IFK.

–Herria, ikastetxea eta, kanpoko praktikak zer tokitan eginen diren, horren helbidea.

–Kanpoko praktikak noiz hasi eta bukatuko diren.

–Praktiken iraupen osoa, ordutan, eta ordutegia.

–Gaitasunekin eta ikasketekin lotura duten egin beharreko jardueren laburpena.

–Erakunde laguntzaileren instruktorearen izena.

–Erakunde laguntzaileak eskatutako betebeharrak.

10.5. Ikasleak banakako proposamena aurkez diezaioke ikastetxeari praktikak erakunde laguntzaileak egiteko eta hitzarmena sinatzeko, eta horrek ebaluatuko du proposamena egokia den, bidezkoa bada, tramitatzeko. Hitzarmena formalizatuta, ikasle eskatzaileari esleituko dizkio praktikak.

11.–Irakasle-tutoreak.

11.1. Ikastetxe bakoitzean kanpoko praktiken irakasle-tutore bat esleituko da.

11.2. Irakasle-tutoreak honako eginkizun hauek izanen ditu.

a) Ikasleei jakinaraztea bete beharreko tramite eta epe guztiak, egiteko epeak, kredituen aitorpenak, ukoak eta beste batzuk.

b) Ikasleei jakinaraztea kanpoko praktiken ezaugarri orokorrak, bete beharreko dokumentazioa eta erakunde laguntzailearekin hitzartutako baldintza zehatzekin eta ezaugarriekin lotura duten guztia.

c) Aldian-aldian harremanetan jartzea erakundeko arduradunarekin, prestakuntza programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

d) Ikasleei sostengua ematea kanpoko praktikak egiten ari direla, beharrezkoa den aldiro.

e) Kanpoko praktikak ebaluatu eta kalifikatzea, kontuan izanik erakunde laguntzaileko arduradunaren balorazio txostena ikaslearen jardunari buruz.

f) Kurtso bukaerako memoria bat prestatzea, ondokoa ekarriko duena: partaidetzaren oinarrizko datuak, kanpoko praktiken eta horien emaitzen gaineko balorazioa, ikasleen istripuen eta erantzukizun zibilaren gorabeherak, jarduketa ildo berrien proposamenak eta hurrengo kurtsoetarako aipagarritzat jotzen diren oharrak. Memoria ikastetxeko zuzendaritzari igorriko zaio, eta horrek kurtso bukaerako memorian sartuko du.

11.3. Ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko du tutorea, diseinuko goi mailako kasuan kasuko ikasketaren espezialitatea irakasten duten irakasleen artean.

11.4. Ikasketaburuari dagokio, zuzendaritza taldeko gainerakoekin, irakasle-tutoreak kanpoko praktiken jarraipenerako egindako jarduerak zuzendu eta gainbegiratzea.

12.–Erakunde laguntzailearen tutoretza.

12.1. Kanpoko praktiken erakunde laguntzaileek tutore bat izendatu beharko dute praktika horietarako.

12.2. Tutorea erakunde laguntzailearekin lotutako pertsona bat izanen da, lanbidean esperientzia eta maila akademiko egokia dituena tutoretza eraginkorra egiteko.

12.3. Erakunde laguntzailean tutoretzaren ardura duena ezin da ikastetxearen pertsona bera izan.

12.4. Honako eginkizun hauek dagozkio tutoretzari:

–Ikasleari harrera egitea eta egin beharreko jarduera antolatzea, prestakuntza planetan ezarritakoari jarraituz.

–Kanpoko praktiken garapena gainbegiratu, gidatu eta kontrolatzea.

–Ikasleari jakinaraztea erakunde laguntzailearen antolamendua eta funtzionamendua eta intereseko araudia, batik bat segurtasunari eta laneko arriskuei buruz.

–Ikasleari ezinbesteko baliabide materialak ematea kanpoko praktikak egiteko, eta bermatzea kasuan kasuko prestakuntza praktikoa jasotzen duela.

–Ikastetxean tutoretza akademikoa duen arduradunarekin koordinatzea prestakuntza programan ezarritako jardueren garapena, horretan sor litezkeen gorabeheren komunikazioa eta konponbidea eta azterketak egiteko baimenen kontrola.

–Azken txosten bat egitea gutxienez, praktikak bukatu ondoren, ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Horretan, kasuan kasuko irakaskuntza gidan ezarritako puntuak baloratu beharko dira.

–Ikastetxeko tutoreari erraztea erakunde laguntzailearen sarbidea, haren eginkizunaren berezko helburuak bete ditzan.

13.–ECTS kredituen aitorpena.

13.1. Kanpoko praktikei esleitutako ECTS kredituak aitortzeko, ikasleek ondoko baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Urtebeteko lan esperientzia izatea, bere kontura nahiz besteren kontura, betiere lotura izanik kasuan kasuko goi mailako arte ikasketarekin.

b) Lanbide praktikak egin izana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eta egindako goi mailako arte ikasketen esparruetako enpresen eta erakundeen artean ezarritako lankidetza hitzarmen berariazkoen esparruan.

c) Praktikak egin izana, kasuan kasuko ikasketen ikasketa planak irauten duen bitartean, nazioarteko mugigarritasunaren Erasmus praktiken Europako esparruaren barnean.

13.2. Lan esperientzia honela frogatuko da:

a) Besteren konturako langileen kasuan, ondoko dokumentazioaren bidez:

–Laneko esperientzia zein enpresetan eskuratu den, horren ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria edo, ikaslea zer lan mutualitatetan dagoen afiliatuta, horren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek enpresa, lan kategoria eta kontratazio aldia jaso behar ditu.

b) Norberaren konturako langileen kasuan, ondoko dokumentazioaren bidez:

–Tributudunen zentsuan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duela dioen ziurtagiria.

–Interesdunaren erantzukizuneko aitorpena egindako jarduera ohikoei buruz.

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, langile autonomoen araubide berezian kotizatutako aldia jasota.

13.3. Kanpoko praktikei esleitutako ECTS kredituak aitortuz gero, hori ebaluazio aktetan jasoko da, baita ikaslearen espediente akademikoan ere, berariazko oharpena eginda.

13.4. Nazioarteko mugigarritasunaren Erasmus programaren esparruan egiten badira praktikak, hori egonaldiaren ziurtagiriaren bidez frogatuko da (certificate of attendance). Praktikak Europako zein enpresatan edo erakundetan egin diren, horrexek eman beharko du ziurtagiria.

13.5. Goi mailako arte ikasketen kanpoko praktikei esleitutako ECTS kredituak aitortzeko prozedura izanen da, aplikatu behar zaion guztietan, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 264/2013 Ebazpenaren III. eranskinean ezarritakoa (“Ikasketen titulu ofizialari dagozkion gaitasunei lotutako lanbide edo lan esperientziaren kredituak onartu eta transferitzeko eskaera”). Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean goi mailako arte ikasketetan kredituak onartu eta transferitzeko sistema ezarri zen.

14.–Ebaluazioa.

14.1. Kanpoko praktiken ebaluazioak bat eginen du Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan eta ebazpen honetan xedatutakoarekin.

14.2. Kanpoko praktikak ebaluatu eta kalifikatzeko, beharrezkoa da ikasleek egindako ikasketen curriculumaren kreditu guztiak gainditzea.

14.3. Kanpoko praktikak ebaluatzeko, honako tresna hauek hartuko dira kontuan:

a) Erakunde laguntzailearen tutorearen azken txostena.

b) Kanpoko praktiken azken memoria, ikasleak prestatua.

c) Tutoretza akademikoaren arduradunaren balorazioaren txostena.

14.4. Erakunde laguntzaileko tutorearen azken txostena ikastetxeko tutoretza akademikoaren arduradunari igorriko zaio, kanpoko praktiken ebaluazio orokorra egiteko. Horretan, balorazioa adierazi beharko da prestakuntza proiektuari lotutako gaitasunen lorpenaz: bilakaera, ikasketa eta probetxua, IV. eranskineko ereduaren arabera.

14.5. Ikasleak azken memoria bat prestatuko du kanpoko praktikak bukatutakoan, eta ikastetxeko tutoreari emanen dio ebaluazio deialdietan ezarritako epean (ez da 15 egunetik beherakoa izanen praktikak bukatzen direnetik aurrera). Honako hau jaso beharko da azken memorian:

a) Datu akademikoak.

b) Kanpoko praktikak zer erakunde laguntzailetan egin dituen, horien identifikazio datuak.

c) Egindako atazen eta lanen deskribapena, nola egin diren eta bidezko ondorioak prozesuari eta emaitzei buruz. Ikasleei laguntzeko prestakuntza jarduera horiek kontrolatu eta baloratzeko, jarraipenaren asteko fitxa erabiliko da, ebazpen honen V. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera, ikasle bakoitzari emanen baitzaio. Hartan, lantokian egindako jarduera guztiak bilduko dira, baita horretan emandako denbora ere. Tutore akademikoa arduratuko da ikasleek fitxak zuzen betetzeaz. Erakunde laguntzaileko tutorearen ikus-onetsia izan beharko da.

d) Kanpoko praktiken autoebaluazioa eta hobetzeko iradokizunak.

e) Tutore akademikoak bidezkotzat jotzen duen beste edozein.

14.6. Ikastetxeko tutoretza akademikoaren arduradunak, memoriak eta kasuan kasuko irakaskuntza gidan jasotako ebaluazio irizpideak kontuan izanik, azken ebaluazio-txostena eginen du, kanpoko praktiken kalifikazioa agertuko duena. Txosten horrek alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:

a) Erakunde laguntzailearekin norainoko harremana izan den.

b) Prestakuntza proiektua noraino bete den zehazteko datuak.

c) Kanpoko praktiken ikaslearen eta irakasle-tutorearen balorazioa lantokiei edo erakunde laguntzaileari buruz: erakunde laguntzaileak prestakuntzarako ematen dituen aukerak, lan egiteko eskaintzen dituen aukerak, alderdi onak, oztopoak, hobetzeko proposamenak, besteak beste.

d) Ebaluazioaren emaitzak.

e) Kanpoko praktiken irakasle-tutore arduradunak bidezkotzat jotzen duen beste edozein.

14.7. Kanpoko praktikei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie eta ez da kontabilizatuko batez besteko kalkuluaren ondorioetarako.

14.8. Ikasleak ez badu praktiken azken memoria aurkezten tutore akademikoak adierazitako epean, kalifikazioa “ez gai” izanen da.

14.9. Kanpoko praktikak ebaluatu ondoren, horretan sortutako dokumentazio indibiduala artxibatuko da ikaslearen ikasketa espedientearekin.

Hirugarrena.–Bukaerako lana.

15.–Ikasketen bukaerako lanaren definizioa eta izaera.

15.1. Ikasketen bukaerako lanean, ikasle bakoitzak egindako espezialitatearekin lotura duen proiektu originala egin behar da, era integratuan frogatzeko kasuan kasuko tituluaren berezko gaitasunak eskuratu dituela.

15.2. Ikasketen bukaerako lana originala izanen da, hau da, Jabetza Intelektualari buruzko legeak babestutako lan bat. Horrenbestez, jabetza intelektualaren eskubideen titulartasuna horren egileari dagokio, ikasleak ez badu berariazko dokumentu bat sinatzen proiektua egiten duen enpresarekin eta bestelako baldintzak onartzen.

15.3. Ikasketen bukaerako lana ikasle bakoitzak banan-banan egin beharko du lehentasunez. Salbuespenez, gaiak horretarako bide ematen badu, lan kolektiboak proposatu daitezke. Lan kolektiboa eginez gero, prozedura egokiak ezarri beharko dira norberaren ekarpenak bereizteko, bai antolaketari eta koordinazioari dagokionez, bai lana egiteari dagokionez.

15.4. Ikasketen bukaerako lana ikasketa planen laugarren kurtsoko bigarren seihilekoan eginen da. 20 ECTS kredituren karga du esleiturik, hau da, laneko 600 ordukoa.

15.5. Ikasketen bukaerako lana ebaluatuko da ikasleak ikasketa planeko irakasgai guztiak gainditu ondoren, kanpoko praktikak barne, eta, hortaz, Diseinuko goi mailako titulua eskuratzeko behar diren kreditu guztiak eduki ondoren, ikasketen bukaerako lanari berari dagozkionak izan ezik.

16.–Matrikula.

16.1. Matrikularen epe orokorrean eginen da matrikula.

16.2. Ikasketen bukaerako lana gainditzeko bi deialditarako eskubidea emanen du matrikulak.

16.3. Hezkuntza Departamentuak, salbuespenez eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, aparteko deialdi bat baimendu dezake ikasketen bukaerako lana gainditzeko.

16.4. Deialdiak ondoz ondo konputatuko dira, eta ulertuko da agorturik daudela nahiz eta ikasleak haietan parte hartzen ez duen, baldin eta matrikulaturik badago eta deialdia deuseztatzeko eskatu ez bada.

16.5. Aparteko deialdia ikasketen bukaerako lana gainditu gabe agortzen duen ikaslea ezin izanen da espezialitate horretan aritu Nafarroako Foru Komunitatean.

16.6. Deialdia deuseztatuko da Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduan gainerako irakasgaietarako ezarritakoaren arabera. Horren bidez diseinuko goi mailako ikasketen plana eta antolamendua ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan.

17.–Ikasketen bukaerako lanaren tutoretza.

17.1. Ikasketen bukaerako lana tutoretza akademiko baten zuzendaritzarekin eta gainbegiratzearekin eginen da. Tutoretza ikastetxeko zuzendaritzak esleituko du ikasle bakoitzak egiten duen espezialitateko irakasleen artean. Ikasleak badu proposamena egitea.

17.2. Tutorea arduratuko da lanaren ezaugarriak ikasle bakoitzari azaltzeaz, orientazioa emateaz eta finkatutako helburuak betetzen direla zaintzeaz, baita jarraipena egiteaz eta defentsa egin aurreko txosten idatzi bat egiteaz ere. Txosten hori epaimahaiari igorriko zaio. Txosten horretan, lanaren alderdi aipagarriak bilduko dira, noraino bete diren planteatutako helburuak, egindako lanaren balorazioa, eskuratutako helburuen ebaluazioa eta adostasunaren edo desadostasunaren adierazpena ikasketen bukaerako lanaren aurkezpenarekin.

18.–Ikasketen bukaerako lanaren faseak.

18.1. Ondoko fase hauek izanen ditu ikasleak ikasketen bukaerako lana egiteko:

a) Ikasketen bukaerako lana proposatzea eta tutorearen adostasuna.

Ikasleak, lehen seihilekoan, ikasketen bukaerako lanaren proposamen bat aurkeztu behar dio tutore akademikoari, horrek bere adostasuna eman dezan. Proposamenean, lanaren izenburua eta gaia identifikatuko dira, baita tutorearen izena ere.

b) Aurreproiektuaren aurkezpena.

Ikasleak ikasketen bukaerako lanaren aurreproiektu bat aurkeztu beharko du ikastetxeko idazkaritzan bigarren seihilekoaren hasieran, ezarritako datan, epaimahairi zuzendua. Tutore akademikoaren berariazko baimena beharko du, ebazpen honen VI. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Aurreproiektuak, gutxienez, atal hauek izan beharko ditu:

–Ikasketen bukaerako lanaren izenburua.

–Aurrekariak: sarrera laburra, ikasketen bukaerako lana egitearen arrazoiak ematen dituena, lanaren garapena argitzeko.

–Planteamendua, ikertu gogo den problema edo egin gogo den lana defendatzeko.

–Justifikazioa: emaitzen ondorioak edo lana egitearen onurak.

c) Ikasketen bukaerako lana aurkeztu eta defendatzea.

Ikasleek ikasketen bukaerako lana aurkeztu beharko dute, horretarako ezartzen diren epeetan, ikastetxeko idazkaritzan, paperezko formatuan, bai eta euskarri elektronikoaren kopia bat ere, artxiboak aldatzearen kontra babestua, epaimahaiko kide bakoitzeko.

Lanak, gutxienez, honako atal eta eduki hauek izan behar ditu:

a) Azaleko orria, honakoa dakarrena: izenburua, autoretza, tutoretza akademikoaren arduradunaren izena, eta, kasua bada, erakunde laguntzaileko tutoretzarena, eta zein urte eta hilabetetan aurkezten den.

b) Aurkibidea.

c) Sarrera, honako honekin:

–Garatu beharreko produktua eta arazoa identifikatzea.

–Zergatik hautatu diren justifikatzea eta auziaren egoera garatu beharreko produktuari dagokionez: oinarri teorikoa, dokumentazio eguneratua eta oinarrizko bibliografia.

–Helburuak.

d) Gai baten planteamendua eta garapena, atalka antolaturik, eduki hauekin:

–Baldintza eta betebehar teknikoak, teknologikoak, funtzionalak, estetikoak eta komunikaziokoak, gauzatzea ukitzen dutenak.

–Egindako planoak, maketak eta/edo prototipoak, baita erabiltzeko eta kontsumitzeko baldintzak eta jarraibideak, proiektuak hala eskatzen badu.

–Gauzatzeko faseak eta fase bakoitzaren metodologia.

–Beharrezko baliabideak eta baloratzeko aurrekontua.

–Bideragarritasun produktiboaren eta ekonomikoaren azterlana, jasangarritasunaren, berrikutnza formalaren, enpresa kudeaketaren eta merkatuaren irizpideen arabera egina.

e) Ondorioak.

f) Bibliografia.

18.2. Ikasleak eginen du ikasketen bukaerako lanaren defentsa, jendaurrean eta aurrez aurre.

18.3. Azalpenak eman ondoren, epaimahaiko kideek egiten dizkioten galdera guztiei erantzunen die ikasleak.

19.–Ebaluazio epaimahaia.

19.1. Ikastetxeko zuzendaritzak izendatuko ditu espezialitate desberdinetako ebaluazio epaimahaiak.

19.2. Espezialitate bakoitzeko epaimahaiak kide kopuru bakoitia izanen du, eta gutxienez 3.

19.3. Epaimahai bakoitzean buru bat eta idazkari bat egonen dira. Antzinatasunaren irizpidea erabiliko da izendapena egiteko. Halako gisan arituko dira jarduketa guztietan.

19.4. Epaimahaiak eginkizun hauek izanen ditu:

–Jarduteko epeak eta egutegia argitaratzea behar bezain goiz.

–Didaktika departamentuari eskatzea ikasketen bukaerako lanaren defentsa egin behar duten ikasleen zerrenda, eta argitara ematea.

–Tutoreei kasuan kasuko azken txostena eskatzea, 17.2 artikuluan aipatua.

–Ikasketen bukaerako lana ebaluatu eta kalifikatzea.

–Aktak betetzea eta kalifikazioa argitaratzea.

–Ikasketen bukaerako kalifikazioari dagokionez aurkez daitezkeen erreklamazioak ebaztea.

20.–Ebaluazioa eta kalifikazioa.

20.1. Azalpena bukatuta, epaimahaiak gogoeta eginen du bere ebaluazioaren menpeko ikasketen bukaerako lanen kalifikazioaz, kontuan izanik aurreproiektuaren irakurketa, proiektuak, tutorearen txostena eta lanen jendaurreko defentsa eta azalpena.

20.2. Epaimahaiko kideek txosten bat prestatuko dute ebaluatutako ikasle bakoitzaren ikasketen bukaerako lana baloratzeko.

20.3. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 30/2013 Foru Aginduaren 11. artikuluari jarraituko dio kalifikazio sistemak.

21.–Kalifikazioak argitaratzea.

Epaimahaiak akta bat prestatu eta bikoizturik sinatuko du, non jasoko baita zein den ebaluazioaren emaitza, bai eta aurkeztu ez diren ikasleen zerrenda bat ere, halakorik balego. Epaimahaiko buruak kopietako bat kasuan kasuko iragarki ohol ofizialean jarriko du ikusgai, eta bestea idazkaritzari igorriko dio, ikasle bakoitzaren balorazio txostenekin batera.

22.–Gordailua eta egile eskubideak.

22.1. Ikastetxeak defendatutako ikasketen bukaerako lan guztien kopia bat gordeko du, ezarriko den artxibo prozeduraren arabera. Ikasketen bukaerako lanak artxibatzeak egile eskubideak bermatuko ditu, indarreko araudian ezarritakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Kanpoko praktikak goi mailako arte ikasketetako ikasleentzat

Ikastetxearen eta erakunde laguntzailearen arteko hitzarmena.

II. ERANSKINA

Kanpoko praktikak goi mailako arte ikasketetako ikasleentzat

Ikasleen zerrenda.

III. ERANSKINA

Kanpoko praktikak goi mailako arte ikasketetako ikasleentzat

Prestakuntzako plan indibiduala.

IV. ERANSKINA

Kanpoko praktikak goi mailako arte ikasketetako ikasleentzat

Erakunde laguntzaileko tutorearen azken ebaluazio txostena.

V. ERANSKINA

Kanpoko praktikak goi mailako arte ikasketetako ikasleentzat

Ikaslearen jarraipena egiteko asteko fitxa.

VI. ERANSKINA

Goi mailako arte ikasketetako ikasleen ikasketen bukaerako lana

Tutorearen baimena ikasketen bukaerako lanaren aurreproiektua aurkezteko.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1606566