131. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

199E/2016 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako 2014-2020 Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen helburuak eta erantzukizunak ezartzen dituena.

Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordeak 2014ko irailaren 16an onetsitako 2014-2020 Nafarroako Osasun Planak Batzorde Zuzentzaile bat sortzea aurreikusten du. Batzorde hori planaren koordinazio eta jarraipen egokirako egiturarik garrantzitsuenetako bat izanen da, eta Osasun Planaren Batzorde Teknikoaren aholkularitzapean arituko da.

Planean ezartzen da ezen, izaera estrategikoa duenez, beharrezkoa dela berariazko egitura tekniko batzuk ezartzea, haren jardunbidea arautuko duten praktika eta politikak finkatzeaz arduratuko direnak, eta segimendua eta ebaluatzeko baliabideak ere behar direla.

Horregatik, beharrezkoa ikusi da erantzukizun maila batzuk ezartzea, eta, hala, honako figura hauek sortzea: estrategiaren arduradun teknikoa, programaren koordinatzaileak eta estrategia bakoitzaren batzorde teknikoa. Horietako bakoitzaren eginkizunak eta izendapena kasuan kasuko foru aginduetan finkatuko dira. Foru agindu honetan beharrezkoa da egitura guztiak eta estrategien batzorde teknikoak koordinatuko dituen Batzordearen egitura eta eginkizunak zehaztea. Koordinazio baliabide hori, hasieran Batzorde Teknikoa deitu zena, Osasun Planaren Koordinazio Batzordea deituko da orain.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.–Nafarroako 2014-2020 Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen egitura eta eginkizunak zehaztea. Honako hauek izanen dira:

a) Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen egitura honako hauek osatzen dute:

–Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria, Batzordeko burua izanen baita.

–Osasun Planaren estrategien arduradunak.

Osasun Planak 12 estrategia baditu ere, Batzorde honetarako, kronikoen estrategiaren ordezkari bat izendatuko da, honako lau estrategia hauen ordezkarien izenean arituko dena: neuroendekapenezko gaixotasunen estrategia, arnas aparatuaren gaixotasunen estrategia, gaixotasun baskularren eta diabetesaren estrategia eta paziente pluripatologikoentzako estrategia. Osasun Planaren arabera, kronikoen estrategia funtsezko baliabidea da asistentziaren eredua eraldatzeko, eta horrek zuzeneko eragina izanen du osasun emaitzetan. Oso eragin zuzena du, patologia kronikoez arduratzeagatik, kronikoen estrategiarekin batera hedatu behar diren osasun estrategietatik lauetan.

–Honako hauek dira osasun kudeaketaren arduradunak:

  • Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria.
  • Tuterako Osasun Barrutiko kudeatzailea.
  • Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailea.
  • Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Anbulatorioen eta Diagnostikoaren zuzendariordea.
  • Nafarroako Ekialdeko Oinarrizko Osasun Laguntzaren zuzendariordea.
  • Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen zuzendaria.
  • Oinarrizko Osasun Laguntzako Zainketa Asistentzialetarako eta Etxeko Arretarako Zerbitzuko burua.

–Osasun Planaren Unitate Teknikoko burua, idazkari gisa arituko dena, eta Osasun Zerbitzuen Plangintza, Antolamendu eta Kontratazio Ataleko burua.

b) Osasun Planaren Koordinazio Batzordearen eginkizunak:

–Osasun Planaren Unitate Teknikoak prestatzen duen txostena onestea, estrategien batzorde teknikoen txostenetatik abiatuta. Txosten hori urtero eginen da, baita osasun planaren bukaeran ere, eta ebaluazioa eta ekintza plana jasoko ditu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordeari aurkezteko asmoz.

–Osasun Planaren hedadura eraginkorra planifikatzea eta kronogramaren arabera garatu ez diren estrategiak txertatzeko behar diren neurriak proposatzea. Estrategia bakoitzean garatu beharreko programak lehenestea.

–Osasun Planari lotutako kudeaketa itunetan eta programa kontratuetan sartu beharreko gako-adierazleak eta helburuak lehenestea.

–Osasun Planaren hedapen eraginkorraren segimendua egitea, oztopoak analizatzea eta horiek zuzentzeko neurriak proposatzea.

–Estrategien arteko jarduketak koordinatzea.

–Estrategiei loturiko prestakuntza lanak koordinatu eta laguntzea.

–Estrategiek lehenesten duten ikerkuntza sustatzea.

–Ebaluazioa erraztu eta zabaltzeko tresnen gaineko proposamenak garatzea.

–Osasun Planaren Koordinazio Batzordeak bere araubidea ezarriko du (funtzionamendua, bileren maiztasuna, etab.), eta prestakuntzaren eta ikerkuntzaren arloko arduraduna izendatuko du.

–Estrategien kontrolaren eta segimenduaren jarraitutasuna bermatzeko asmoz, Osasun Planaren Koordinazio Batzordeak ahalmena du batzorde iraunkor bat sortzeko. Batzordeak berak onetsiko ditu haren kideak eta eginkizunak.

Bigarrena.–Osasun Planaren estrategien arduradunen izendapena.

1. Lázaro Elizalde Soto, haur eta nerabeen arloko prebentzioaren eta sustapenaren estrategiaren arduraduna.

2. Cristina Ibarrola Guillén, kronikoen estrategiaren arduraduna.

3. Mercedes Ferro Montiu, desgaitasunari arreta emateko eta autonomia sustatzeko estrategiaren arduraduna.

4. Koldo Cambra Contín, helduen artean osasuna eta autozainketak sustatzeko estrategiaren arduraduna.

5. Carmen Silvestre Busto, pazientearen segurtasunaren arloko estrategiaren arduraduna.

6. Tomás Belzunegui Otano, denboraren menpeko larrialdietako arretaren estrategiaren arduraduna.

7. Alfredo Martínez Larrea, osasun mentalaren arloko prebentzioaren eta arretaren estrategiaren arduraduna.

8. Ruth Vera García, minbiziaren prebentzioaren eta arretaren estrategiaren arduraduna.

Hirugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1607009