129. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

152E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, haragiaren produkziorako oilaskoak gizentzeko instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzen duena ofizioz. Instalazioaren titularra Avicola de Cortes SL da.

Egun funtzionamenduan dabilen instalazio horrek badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 21ko 2602/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 14ko 275/2011 Ebazpenaren bidez aldatua.

Instalazio hori Ingurumen baimen integratuaren ebaluazioaren araubidearen menpe dago, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean sartua egoteagatik (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), “Hegaztien edo behi- edo zerri-aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 postu baino gehiago dauzkatenak” izenekoan.

Hala ere, ez da Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3.a) epigrafean sartu, gizentzeko dituen oilaskoen kopurua ez baita 85.000ra iristen. Hortaz, bere ingurumen baimen integratuan sartutako betebeharra, hau da, PRTR-Nafarroa tresna erabili behar izatea atmosferara egiten dituen emisioei, hondakin uren isurketei eta hondakinen produkzioari buruzko datuak jakinarazteko, ez da egokitzen indarreko araudian xedatutakora, eta, horrenbestez, bidezkoa da baimena ofizioz aldatzea, betebehar hori kentzeko.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla iritzi da, eta, horrenbestez, bidezko da Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da bidezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta zerbitzuetako zuzendariei eskumenak eskuordetzeko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak irailaren 22an emandako 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Cortesko udal mugapean haragiaren produkziorako oilaskoak gizentzen dituen instalazio baten Ingurumen baimen integratua aldatzea ofizioz, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketei jarraituz. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Avícola de Cortes SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira

Bosgarrena.–Ebazpen hau Avicola de Cortes SLri eta Cortesko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 26an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web gunean. http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1606573