129. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERITZEBEITI

Herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen eta mendiko pista eta bideen erabilera arautzen dituen ordenantza
Behin betiko onespena

Eritzeko Kontzejuak, 2016ko martxoaren 21ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen, eta mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 74. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 19an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Eritzebeitin, 2016ko ekainaren 7an.–Kontzejuko burua, Floria Pistono Favero.

ERITZEBEITIKO HERRIKO BIDEEN, LURZATI BERRANTOLAMENDUKO BIDEEN ETA MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Eritzebeitiko herriko bide eta pisten sarea eritzetar guztien ondarearen zati da. Bestetik ere, berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko.

Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Pista eta era guztietako bideak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea. Helburua horixe dela, Eritzeko Kontzejuak ordenantza hau onetsi du hasiera batean:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek, indarra duen araudiarekin bat, Eritzebeitiko herriko bideen, lurzati berrantolamenduko bideen eta mendiko bide eta pisten erabilera arautzen du.

2. artikulua. Bideen eta mendiko pisten kategoriak.

Eritzebeitiko mugapeko bideak eta mendiko pistak nolakoak diren, horren araberako erabilerak izanen dituzte, eta debeku dira haien erabilera ezohiko eta gehiegizko guztiak, baita bideetan kalte egiten dutenak ere.

Duten erabilera nagusiaren arabera, Eritzebeitiko bide eta pistak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1. 2 metro zabal edo gehiago dutenak.

a) Pista nagusiak, mendietako eremu zabaletara iristeko erabiltzen diren bideak, edota inguruko herrietara iristeko, eta lurzati berrantolamenduko bideak. Erabilera asko izaten dituzte: basogintza, abeltzaintza, nekazaritza, turismoa, ehiza etab.

b) Bigarren mailakoak, sare nagusiaren osagarri direnak, eta aukera ematen dutenak mendi, basoberri eta belardietara eta beste zenbait tokitara iristeko.

c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2. Meharrak, 2 metro zabal baino gutiagokoak:

a) Hainbat motatako bideak, pistak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Zaintzea.

Eritzebeitiko Kontzejuak zainduko du 2.1 eta 2.2 artikuluetan zehazten diren mendiko bide publikoak eta pistak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide eta pista horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada Kontzejuak eginen du eta lan horien kostua kobratuko dio partikularrrari.

4. artikulua. Ibilgailu motordunekin ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik eta bideetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita pista eta bideetan barna ere, bi metro zabal baino estuago izan nahiz hori baino zabalagoak, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak.

5. artikulua. Kontzejuaren baimena behar duten jarduerak.

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira, salbu etxeko egurra.

b) Eraikuntzako materiala pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

d) Era guztietako materiala pilatzea bide edo lur publikoan.

6. artikulua. Pistetan eta bideetan ibiltzeko debekua.

Eritzebeitiko pista eta bideetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira, Kontzejuaren baimenarekin.

Debeku da urritik maiatzera bitarte lurrezko bideetako edozeinetan ibilgailu motordunekin ibiltzea, salbuespen bakarrarekin: larrialdiko ibilgailuak edo nekazaritza edo abeltzaintzakoak. Hori hala izanen da, baita erroldatuentzat edo Kontzejuko herritarrentzat ere.

7. artikulua. Baimena eskatzera behartutako subjektuak.

a) Zura denean, zurketaria edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresa. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzailea.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituena.

d) Aurretik aipatutakoez bestelako erabilera egiteko sartu nahi duten partikularrak.

8. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Eritzebeitiko Kontzejuak emanen du Eritzen aipatutako pista eta bideetan zirkulatzeko baimena, barnean direla lurzati berrantolamendukoak.

Eritzebeitiko herritarrek eta erroldatuek, hala izateagatik, berez daude baimendurik, inolako baimenik eskatu behar izan gabe.

Eritzebeiti barnean duen ehiza barrutiko pertsonek, hala izateagatik, badute baimena, eskatu behar izan gabe.

Orobat, zirkulatzeko baimena dute, automatikoki, nekazaritza lanak egin behar dituzten ibilgailuek, edo Kontzejuarentzat lanak egiten ari direnek.

Toki hauetan ibilgailuak erabili beharra justifikatzen duten pertsonek baimena eskatzen ahalko dute.

Baimenak izaten ahal dira bide orotarako eta urtebeterako edo denbora tarte baterako eta toki jakin batzuetan ibiltzeko.

9. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Ez dute baimenik beharko erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek, baldin beren eginkizuna betetzen ari badira, esaterako polizia, suhiltzaile eta basozainen ibilgailuek eta abarrek.

Inguruabar berezietan, aurreko lerroaldean aipatutakoez bestelako egoera batzuk ere aintzat har daitezke, esaterako: herri lanak, interes publikoko edo orokorreko jarduerak –Administrazio Publikoek edo horien entitate instrumentalek sustatuak–, larrialdi kasuak, istripuak, hondamendiak, etab.

10. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

a) Eritzebeitiko mendiko pista eta bide guztietan abiadura handiena 30 kilometro orduko izanen da.

b) Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan eta bideetan hautsa pilatzen baita.

11. artikulua. Jarduera debekatuak.

Lehiaketak, lasterketak eta taldeka eta motorretan antolatzen diren turismo jarduerak espresuki debekaturik gelditu dira, hala nola paseatzaileei, txirrindulariei, etxeko animaliei eta basa-faunari arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du ibilgailuen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

12. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik aipatutako pistetan eta bideetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna.

13. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustetzat hartuko da.

14. artikulua. Mugak eta fidantzak.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bide eta pistak erabiltzeko urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoak aintzat hartuta, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna ekarriko dute, zehapen gisara; gehienez ere 200 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L1607334