129. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

144E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Hernani-Saltos CEU aireko linea elektrikoa Goizuetako zentral hidroelektrikoan aldatzeko proiekturako, Goizuetako udal mugapean. Sustatzailea Acciona Energia SA da.

Goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela bere baitan, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Nolanahi ere, Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak egindako txostenean adierazten da proiektu hori jarduera baimendutzat har daitekeela, lurzoru urbanizaezinean baimendu beharreko jardueraren baimena behar ez duena (35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoa), ezertan ukatu gabe beste erakunde edo administrazio batzuen lizentzia, baimena edo txostena eska daitekeela.

Goizuetako zentral hidroelektrikoa Iberdrolaren sare elektrikora dago lotuta, Acciona Energíaren jabetzako 30 kV-eko linea elektriko baten bidez (Hernani-Saltos CEU du izena). Linea horrek, zentral txikiko azpiestaziora iritsita, atari moduko euskarria dauka, zentral txikiaren eraikineko teilatuan ahokatua. Proiektuak aurreikusten du atari hori kentzea, eta tarteko euskarri berri bat eraikitzea, TAko atariaren eta kendu beharreko atariaren artean. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Espedientean Goizuetako Udalaren eta aipatutako Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuaren txostenak ageri dira. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 63/2015 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Hernani-Saltos CEU aireko linea elektrikoa Goizuetako zentral hidroelektrikoan aldatzeko proiekturako, Goizuetako udal mugapean. Sustatzailea Acciona Energia SA da.

2. Betebehar hauek betetzearen baldintzapean ematen da baimena:

–Aurkeztutako proiektuarekin bat, lotzeko kateetarako U120AB132 isolagailua erabiliko da, metro bateko tartea betetzen baitu pausalekutik tentsioan dagoen eroalera.

–Kendu eginen dira zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak.

–Obrak herrilurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herrilurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen eta lurzatien ziurtagiriak aurkeztuko ditu.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Goizuetako Udalari, Bidasoa aldeko Basozaintzari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 24an.–Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1606567