127. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2016” izeneko deialdia onesten duena.

Manunet II (2011-2016) ERA-NET bat da, Europako Batzordeak bultzatzen duena Ikerketaren eta Garapen Teknologikoaren VII. esparru programan. Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egitea da Manunet II-ren helburu orokorra, fabrikazioaren teknologia aurreratuen arloan (manufacturing).

Nazioarteko lankidetzan egiten diren I+G proiektuetan Nafarroako entitateen eta, bereziki, ETEen parte hartzea bultzatzea dute helburu deialdi honetako laguntzek. Horrela, laguntza eman gogo zaie Nafarroako entitateei beren ikerketa eta garapen jarduerak nazioartera eramateko, eskuraerraza den tresna bat baliatuz: alegia, eskualdeko laguntzak.

Nafarroako Gobernuak 2016ko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, deialdi hau ebatz dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak egiteko laguntzak, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan. Manunet 2016” izeneko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea, baldin eta krediturik bada, “Eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak” izeneko 820005 82110 7701 467304 kontu-sailaren kargura, honako muga hauekin, nahiz handitzen ahalko diren aurrekontuan dagoen diruaren arabera:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005-82110-7701-467304: eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak

2017

250.000,00

820005-82110-7701-467304: eskualdez gaindiko lankidetza proiektu eta jarduketetarako diru-laguntzak

2018

250.000,00

Deialdiaren aurrekontuko kreditua handituz gero, justifikatu eta ordaintzeko beste egutegi bat ezarriko da laguntzak emateko ebazpenean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 31n.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, María Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nazioarteko lankidetzan, fabrikazioaren teknologia aurreratuen esparruan eta Manunet 2016 izeneko Europako lankidetza proiektuaren arloan I+G proiektuak egin daitezen sustatzea dute helburu laguntza hauek.

Horrela, Nafarroako enpresen, batez ere ETEen, lehiakortasuna eta nazioartekotzea handituko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatu gogo da.

2. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak izanen dira laguntzaren xede, ondoren aipatzen diren baldintzak betez gero.

Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85) eta 86) idatz-zatietan ezarrita daude “industria ikerketaren” eta “garapen esperimentalaren” definizioak; erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren merkatu bateratuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Manuneteko lurralde eremuko bi herrialde desberdinetako gutxienez ere bi ETE independenteren arteko lankidetza eraginkorra izatea proiektuak.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. artikuluan jasotzen da zer den “lankidetza eraginkorra”.

ETEa definitzeko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa aplikatuz kalkulatuko da enpresen tamaina.

Deialdian sartzen diren eskualde eta herrialdeak www.manunet.net-en kontsultatzen ahal dira.

b) Parte hartzen duten entitateetako bakar batek ere ez izatea bere gain proiektutik diruz laguntzen ahal diren gastuen %70 baino gehiago.

c) Proiektua “Fabrikazioaren teknologia aurreratuen” gaietan sartzea; horietan, besteak beste, honako arlo hauek dira:

–Ezagutzan oinarritzen diren ingeniaritzak eta fabrikazioari aplikatzen zaizkion informazioaren teknologiak (robotika industriala, ordenagailuz lagundutako diseinua eta ingeniaritza, prozesuen automatizazioa, eta abar).

–Energia eta ingurumen arloko aplikazioetarako fabrikazio teknologiak, barne direla baliabideen efizientzia eta birziklapena.

–Fabrikazio teknologia malguak.

–Fabrikaziorako material berriak.

–Produkzio sistema, osagai eta metodo berriak.

d) Proiektuari dagokion aurre-proposamenari aldeko ebaluazioa ematea Transnational Coordination Team-ek (TCT) Manunet 2016ko deialdiaren lehen fasean.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

1.1. Beharkizun hauek betetzen dituzten enpresek:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala balegokio honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

c) Ezin izanen dituzte urratu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

1.2. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeek, aurreko ataleko a) eta c) letretako beharkizunak betetzen badituzte.

651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 83) atalean jasotzen da “Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundearen” definizioa.

Entitate horiek garatzen dituzten proiektuek diru-laguntza jasotzen ahalko dute jarduera ez ekonomikoak badira, ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 ataleko definizioaren arabera.

2. Telematika bidezko eskabidean dagoen erantzukizuneko aitorpena aurkeztuz frogatuko da eskatzen diren beharkizunak betetzen direla.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Nolakoak diren laguntzen entitate onuradunak, hurrengo gastuek jasotzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

1.1. 1.2 ataletik kanpo egonik, ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakunde eta enpresen kasuan:

a) Zuzenean proiektuan aritzen diren langileen gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak), horretan aritzen diren neurrian eta denbora horretan. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denbora horretan. Gastu horiei dagokienez, honakoa aintzat hartu beharko da:

1. Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta eredu erabilgarrien amortizazio gastuek beste diru-laguntza edo laguntza publikoren bat izan badute, ez dute diru-laguntza hau jasoko.

2. Proiektua gauzatzeko beharrezko ekipamendua finantzatuko da, baina ez erabilera orokorreko gailu informatikoak (PCa, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

3. Halaber, ondareko elementu horiek proiektua gauzatzen denean sortzen dituzten gastuak lagunduko dira diruz, baldin eta errentamendu finantzarioaren edo operatiboaren eta antzekoen modalitateetan erabiltzen badira, bazter utzita interesei dagokien kuotaren zatia.

4. Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, sozietateen gaineko zergaren erregelamenduko (urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuak onetsia) 2. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, izan unibertsitateenak, zentro teknologikoenak eta proiektuan I+G lanak eta ezagutza teknikoen ekarpenak egiten dituzten beste enpresa batzuenak.

e) Estatuko edo Europako azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak erabiltzearen ondoriozko gastuak.

f) Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Gastu horrek ez du diru-laguntzarik izanen enpresa handientzat.

g) Proiektuarekin zuzeneko lotura duten beste gastu batzuk, hura gauzatzean benetan aplikatuak, baldin eta zehazten ahal bada proiektu horretan berariaz erabili direla eta banan-banan horri esleitzen ahal bazaizkio.

1.2. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeak ikerketa erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta I+G-ko beste erakunde publiko batzuk direnean, aurreko atalean adierazitako gastuei emanen zaie diru-laguntza, baina ez beren langileriaren kostuei; alabaina, nahitaez sartu beharko dira proiektuaren aurrekontuan, kopuruaren eta partaidetzaren beharkizunetan kontuan har daitezen. Proiektua gauzatzeko egiten den langileriaren kontratazioak diru-laguntza izanen du.

2. Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeek zeharkako kostu gisa egozten ahalko dute diru-laguntza duten langileriaren zuzeneko kostuen %15 arte.

Zeharkako kostu horiek eragiketa gauzatzeari egozten ahal zaizkion kostu errealetan oinarrituko dira, oro har onartuta dauden kontabilitateko printzipio eta arauekin bat, edo antzeko eragiketei egozten ahal zaizkien batez besteko kostu errealetan.

3. I+G proiektuaren ondorioz sortutako prototipoen kasuan, produkzio jardueran erabiltzen badira edo merkaturatzen badira, haiek fabrikatzean erabilitako materialen kostua ez da diruz laguntzen ahal diren gastuetan sartuko.

Sortzen diren azpiproduktu, hondakin eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik lortutako diru-sarrerak ere proiektuaren gastuetatik kenduko dira.

4. Diruz laguntzen ahal diren gastuetako bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo) ekipamenduko ondasunengatik edo zerbitzuak emateagatik, onuradunak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Lotutako enpresa batekin gastua egiten duen onuradunak ez du hornitzailearen hautaketa justifikatu beharko, kasu horretan 11.2 artikuluan adierazitako moduan justifikatuko baita.

5. Ondoko gastu hauek ezin dira diruz lagundu, proiektuko jarduerekin loturaren bat badute ere:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Proiektuaren dokumentazioari dagozkion gastuak.

c) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta diru-laguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

d) Administrazioaren gastuak eta bulegoko materialarenak.

5. oinarria.–Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza horiek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzak eskatzen dituztenek ezin izanen dituzte diruz laguntzen diren proiektuak abiatu eskaera aurkeztu baino lehen. Edonola ere, bideragarritasunari buruzko azterlanak egiten ahalko dituzte, baina ez dira laguntzen eskaeran sartuko.

2. Laguntza eskaera aurkeztu ondoren abiatuko dira proiektuak, eta, beranduenez, 2018ko abenduaren 31n beharko dira bukatu.

Laguntza eskaeraren inprimakian adierazten dena izanen da “proiektuaren hasiera eguntzat” hartuko dena.

3. Proiektuak bi urtekotan gauzatuko dira; hona horien iraupena:

–Lehen urtekoa: proiektua hasten den egunetik 2017ko abenduaren 31 arte (egun hori barne) gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

–Bigarren urtekoa: 2018ko urtarrilaren 1etik proiektua bukatzen den arte gauzatzen diren jarduerak biltzen ditu.

6. oinarria.–Laguntzen zenbaterainokoa eta haien gehieneko zenbatekoa.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak proiektua ebaluatu ondoren diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntza zenbaterainokoa den zehazteko, entitate onuradun hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresak izanez gero:

PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

ENPRESAREN TAMAINA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria ikerketa

%80

%75

%65

Garapen esperimentala

%60

%50

%40

b) Ezagutza ikertu eta zabaltzen duten erakundeen kasuan, laguntza %100 artekoa izaten ahalko da, baldin eta erakunde horiek jarduera ekonomikoak eta ez ekonomikoak egiten badituzte eta bi jarduera motak eta haien kostuak eta finantzaketa argi bereizteko modua ematen duen kontabilitatea badute.

Bi jarduerak ezin bereizi diren kasuan, aurreko letran zehaztutakoa izanen da gehieneko laguntza enpresentzat.

2. Laguntzen gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izanen da entitate onuradun bakoitzeko, deialdi honetan parte hartzen duten proiektu guztietarako.

Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Eskaeran, adierazi behar da jakinarazpenak jaso nahi direla baliabide telematikoen bidez, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitua eduki beharko da (DEH).

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

a) Eskabide telematikoa, 3.2 oinarrian aipatu den erantzukizuneko aitorpena barne duela.

b) Inprimakia, proiektuaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa. Manuneti ingelesez aurkeztutako “full proposal” memoria bera, 6. atalean aipatua, aurkeztu beharko da.

b) eta c) dokumentuak artxibo digitalak izanen dira, eta zein bere aldetik aurkeztuko dira, beren izenarekin behar bezala identifikatuta.

4. Nafarroako entitate batek baino gehiagok parte hartzen duten proiektuen kasuan, haietako bakoitzak egin beharko du eskabide telematikoa eta b) dokumentua, “Proiektuaren eta laguntza eskatzailearen datuak jasotzen dituen inprimakia” izenekoa, gehitu. Gainera, proiektuko entitate nafarren koordinatzaile gisa ari den entitateak, nahiz Manunet proposamenaren koordinatzailea ez izan, txosten tekniko deskribatzailea eta aldeek sinatutako lankidetza akordioa aurkeztuko ditu.

5. Enpresa ertainek eta txikiek azken hiru ekitaldietako balantzea, fakturazioa eta langileen kopuruari buruzko datuak erantsi beharko dizkiote eskabideari, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresena, enpresaren tamaina egiaztatu ahal izateko. Bestela, enpresa handientzat 6. oinarrian adierazitakoa izanen da emanen den laguntza, eta proiektua oro har hautaezintzat jotzen ahalko da ETEaren gutxieneko partaidetzaren baldintza, 2.2.a) oinarrian ezarria, betetzeari uzten bazaio.

6. Entitateak proiektua koordinatzen badu, deialdi honetarako laguntza eskaera aurkezteagatik proiektuaren ingelesezko “full proposal” aurkeztu beharko da programaren web-orriaren bitartez (www.manunet.net), 2016ko ekainaren 28ko 17:00ak (CET) baino lehen.

8. oinarria.–Norgehiagoka.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, 9. oinarrian baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, 6. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa aplikatuko zaie balorazio handiena eskuratzen duten proiektuei, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

9. oinarria.–Proiektuak baloratzeko irizpideak.

1. Berrikuntza Sustatzeko Atalak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, baloratuko ditu proiektuak, aurkezten den dokumentazioan oinarrituta, irizpide hauen arabera:

a) Partzuergoa.

a.1) Bazkideen osagarritasuna ikuspegi teknikotik, eta partaidetzaren oreka aurrekontu aldetik.

a.2) Bazkideen bikaintasuna, proiektuaren jarduketa eremuan.

a.3) Nazioz gaindiko lankidetzaren balio erantsia.

b) Proiektuaren merezimenduak.

b.1) Proposamenaren berrikuntza maila, arte egoerari dagokionez. Lortu diren produktu edo zerbitzu berriak, proposatu den ikuspegiaren orijinaltasuna.

b.2) Estaltzen diren merkatu beharrak.

c) Lan metodologia eta aurrekontua.

c.1) Lan plangintza eta zereginen banaketa bazkideen artean.

c.2) Helburuen argitasuna eta haiek betetzen diren jakiteko ezarri diren adierazleak.

c.3) Giza baliabideak zein materialak planteatzen diren helburu eta jarduerei egokitzea.

c.4) Proiektuaren kostua planteatzen diren helburu eta jarduerei egokitzea.

d) Emaitzak eta ustiapena.

d.1) Produktu edo zerbitzu berrirako merkatu potentziala eta lehendik dauden produktuekiko lehiakortasuna.

d.2) Entitate parte-hartzaileen lehiakortasun, fakturazio edo enpleguaren gaineko eragina.

d.3) Emaitzak ustiatzeko plana.

2. Irizpide bakoitza (a, b, c eta d) 0 eta 5 puntu arte (gehieneko puntuazioa) puntuatuko dira, eta gainditu gabe geldituko dira lau irizpideetako bakoitzean 3 puntura iristen ez diren proiektuak. Puntu erdiak ematen ahalko dira.

3. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, b) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, a), c) eta d) ataletan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

10. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Berrikuntza Sustatzeko Atalak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Hartan adieraziko da entitate onuradunek diru-laguntza eskuratzeko eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori proiektua gauzatzeko urtekotan banatuta.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanda. Haien artean, aurrekontuko baliabideak mugatzeagatik baztertu direnak agertu beharko dira.

2. Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena eman eta telematika bidez jakinaraziko zaie eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH), nazioz gaindiko ebaluaziorako (TCT II) 2016ko irailean eginen den bileratik hilabeteko epean.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Laguntzei uko egin edo haiek kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuz gero, laguntza ematen ahalko zaio balorazioa gainditu baina kreditu eskasiagatik baztertuta gelditu den eskaerari, behar adinako diru-izendapena dagoenean. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

11. oinarria.–Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean I+G proiektua zati batean gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren %50era arteko azpikontratazioa egin daiteke hirugarrenekin. Lankidetza proiektu bateko parte-hartzaileek ezin izanen dituzte inoiz beren artean azpikontratatu proiektuaren jarduerak.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta emandako diru-laguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua idatzita egin beharko da, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

2. Lotutako enpresen kasuan, onuradunak I+G proiektuaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko du haiekin, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak izatea, foru agindu honen 4. artikuluan zehaztuak.

b) Laguntzen eskaeran jasotzen bada eta laguntza ematen duen organoak baimentzen badu, gastu hori diru-laguntzaren xedetzat jotzea laguntza ematen duen ebazpenean.

c) Gastuak justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei heltzen dieten agiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

Ez da onartuko kostuak gainetik egoztea, industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Atal honetan xedatutakoaren ondorioetarako, lotutako enpresatzat hartuko dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

12. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua aldatzea.

1. Laguntza ematen duen ebazpenean ezartzen den denboran eta moduan gauzatu behar dira I+G proiektuak. Nolanahi ere, laguntza emateko kontuan izandako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak suertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio aldez aurretik organo kudeatzaileari, laguntzen fitxaren bitartez.

Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko proiektu bakoitzeko, hura gauzatzen den urte bakoitzean.

2. Hauexek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) Proiektua gauzatzeko epea.

b) Ebazpenean diruz laguntzen diren kontzeptuak. Laguntzen eskaerako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuen %10 gainditzen ez duten igoeren kasuan, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe. Igoera horiek behar bezala arrazoitu beharko dira frogagirietan.

c) Lankidetza proiektuko parte-hartzaileak, haietako batek proiektua utzi eta beste batek ordezten duenean.

3. Ez da aldaketarik baimenduko, proiektuaren hautagarritasunean edo nazioarteko gainerako bazkideen jardueretan eragina badu; Berrikuntzarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Zerbitzuak aldez aurretik egiaztatuko du puntu hori, parte hartzen duten eskualdeetako kudeaketa erakundeekin komunikatuta.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, urtea bukatu baino bi hilabete lehenago gutxienez. Proiektuko bazkide nafarrak koordinatzen dituenak eginen du eskaera, eta aldaketek partaide guztiengan izanen dute eragina.

13. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa, fitxa horretan eskura daitekeen ereduari jarraituz:

a) Tarteko lehen txostena: proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen ari direnei buruz, onuradunak proiektua gauzatzen den lehen urtekoan egindako gastuari buruzko erantzukizuneko aitorpena erantsita. Ondorio horietarako, fakturatua dagoena hartuko da egindako gastutzat, nahiz ordaintzeko zain egon.

b) Justifikazio partziala: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko lehen urtekoan egin eta ordaindutako gastua jasoko duena.

c) Tarteko bigarren txostena: proiektuaren helburu teknikoak zenbateraino betetzen ari direnei buruz, onuradunak proiektua gauzatzen den bigarren urtekoan egindako gastuari buruzko erantzukizuneko aitorpena erantsita. Ondorio horietarako, fakturatua dagoena hartuko da egindako gastutzat, nahiz ordaintzeko zain egon.

d) Azken justifikazioa: dokumentazio tekniko ekonomikoa, proiektua gauzatzeko bigarren urtekoan egin eta ordaindutako gastua jasoko duena. Bestetik, 16.1 a), b) eta c) oinarrian adierazitako dokumentuak, diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundeari buruzkoak, aurkeztu beharko dira.

2. Hauexek dira frogagiriak aurkezteko epeak, non ez den, proiektuaren iraupen berezia dela eta, beste epe bat adierazten laguntza ematen duen ebazpenean:

a) Tarteko lehen txostena: 2017ko abenduaren 31 arte, egun hori barne.

b) Justifikazio partziala: hiru hilabete, lehen urtekoko jarduera bukatu ondoren eta 2018ko martxoaren 31 arte.

c) Tarteko bigarren txostena: 2018ko abenduaren 31 arte.

d) Azken justifikazioa: hiru hilabete, bigarren urtekoko jarduera bukatu ondoren eta 2019ko martxoaren 31 arte, egun hori barne.

3. %100eko laguntza eskuratzen duten onuradunek, justifikazio partzialarekin eta azkenekoarekin batera, justifikazio kontu bat beharko dute aurkeztu, auditorearen txostena gehituta, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduan (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa) xedatutakoarekin bat, diruz laguntzen ahal diren gastuak xehakatuta eta, zein den kasua, proiektuari egozten ahal zaizkion diru-sarrerak. Auditoretzak egiaztatuko du diruz lagundutako jarduera ez-ekonomikoei dagozkiela gastuak, bai eta proiektuari lotutako zeharkako gastuei ere, eta, bidezkoa bada, egindako inbertsioen egiaztapen materiala ekarriko du, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 29. artikuluarekin bat.

Kasu horietan, 1.200 euro arteko diru-laguntza emanen da, gehienez ere, auditoriako txostenaren kosturako, onuradun bakoitzeko eta urteko bakoitzean. 4.1.1 oinarriko g) letran deskribatu den “Bestelako gastuak” izeneko atalari egotziko zaio gastu hori.

14. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza lau unetan ordainduko da, hurrengo taulan adierazitako moduan:

PROIEKTUA
GAUZATZEKO URTEKOAK

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

Tarteko lehen txostena

Justifikazio partziala

Tarteko bigarren txostena

Azken
justifikazioa

1. urtekoa

a) Konturako lehen
ordainketa

b) Likidazio partziala

-

-

2. urtekoa

-

-

c) Konturako bigarren ordainketa

d) Azken likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: 13.1.a) oinarrian aurreikusitako tarteko txostena aurkeztu ondoren, lehen urtekoari dagokion laguntza ordainduko da.

Lehen txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

b) Likidazio partziala: 13.1.b) oinarrian aurreikusitako justifikazio partziala egiaztatu ondoren likidatuko da konturako lehen ordainketa gisa emandako laguntza zatia.

c) Konturako bigarren ordainketa: tarteko bigarren txostena, 13.1.c) oinarrian aurreikusitakoa, aurkeztu ondoren ordainduko da bigarren urtekoari dagokion laguntza.

Bigarren txosten horretan justifikatu gabeko jarduketa zatiari dagokion diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratuko da.

d) Likidazio partziala: 13.1.d) oinarrian aurreikusitako azken justifikazioa egiaztatu ondoren likidatuko da konturako bigarren ordainketa gisa emandako laguntza zatia.

Konturako ordainketek onuradunari azkenean dagokion diru-laguntza gainditzen badute, diru-laguntza likidatzeko ebazpenean eskatuko da ordaindutako soberakina itzul dadila, kasuan kasuko berandutze-interesekin batera.

Betiere, 60.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuetan, egiaztapen materiala eginen da azken likidazioa burutu aurretik.

2. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, baldin eta onuradunek eskatu eta justifikatzen badute funtsak behar dituztela diru-laguntzaren xedeak betetzeko.

3. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpen honen 13. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori etenda geldituko da, aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko eskatuz gero.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren entitate onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduari jarraituz.

Betebehar hori urratuz gero, onuradunari ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea Berrikuntza Sustatzeko Atalari.

c) 13. oinarrian ezarritako moduan egin eta justifikatu beharko dituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak.

d) Diru-laguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 16. oinarrian adierazitako moduan.

e) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

f) Helbide elektroniko gaitua (DEH) izatea, laguntza hauei lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 17. oinarrian adierazitako moduan.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Diru-laguntza ematen duten ebazpenetan, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharretako bat betetzen ez bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aurreratuz gero, hura itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Diruz lagundutako proiektuaren emaitzen zabalkundea.

1. Laguntzen entitate onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako I+G proiektuaren emaitzak zabaltzeko:

a) Proiektuaren emaitzen inkesta, laguntzen fitxan prest egonen dena, betetzea. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

b) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea, gaztelaniaz eta ingelesez.

c) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, entitate parte-hartzaileen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

d) Proiektuaren argitalpen bat edo aipamen publiko bat eginez gero, adierazi beharko da Nafarroako Gobernuak finantzatua dela.

2. Proiektuaren azken justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da aurreko ataleko a), b) eta c) letretan adierazitako dokumentazioa.

3. Bideoa nahitaez aurkeztu beharko da 100.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzen duten proiektuentzat, eta nahi izanez gero gainerakoentzat. Bideoa bakarra izanen da proiektuarentzat.

4. 1. ataleko b) eta c) letretan aipatu diren dokumentua eta bideoa Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.navarra.es) zabalduko dira.

5. Proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza horiek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (DEH).

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren honako helbide honetan eskuratzen ahal da DEH: http://notificaciones.060.es Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko du eskatzaileak. DEH eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskaera telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

18. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, xede bererako esleitutako beste laguntza batzuekin.

19. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hori salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituelako, zeinek merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen baititu, Tratatuaren 107. eta 108 artikuluak aplikatuz (2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

20. oinarria.–Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 66.6 artikuluan xedatuaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean jakitera emanen da ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek beharkizunak eta baldintzak betetzen ote dituzten, aipatutako artikuluko kenkariari heltzeko.

21. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Berrikuntza Sustatzeko Atalak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnestrans/GE/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

22. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1607559