127. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

319/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren esku uzten dituena langileen eta kontratuen arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak organoen arteko eskumenen eskuordetzea arautzen du, baita haren baldintzak eta betebeharrak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten ditu, zuzendari nagusiei zenbait eskumen esleituz.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36. artikuluak kontratuak egiteko eskumenak ezartzen ditu eta horietako batzuk zuzendari nagusiei esleitzen zaizkie.

Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua. Haren xedapen gehigarri bakarraren arabera, kontratuen arloko eskumen jakin batzuk Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren esku uzten dira.

Barneko Zuzendaritza Nagusiko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkotzat jotzen da dagozkion eskuordetzeak Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariari egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Barneko zuzendari nagusiari dagozkion ondoko eskudantzien erabilera Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren esku uztea:

a) Langileen arloan: langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne; aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarritako baldintzekin bat, eta, hala badagokio, horiek pagatzea; eta erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

b) Kontratuen arloan: 6/2006 Foru Legeak zuzendari nagusiei esleitutako beren zerbitzuko gaien gaineko kontratuak ebaztea, deusetan galarazi gabe Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarrean ezarritakoa. Irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

2. Barneko zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Ebazpen honen ondoriozko eskuordetzaren bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Barneko zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariari eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea.

Iruñean, 2016ko ekainaren 13an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1607619