127. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

315/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emanak, foruzaingoko buruaren esku uzten dituena langileen, kontratuen eta bateragarritasunaren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak organoen arteko eskumenen eskuordetzea arautzen du, baita haren baldintzak eta betebeharrak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten ditu, eta haren 5. eta 10. artikuluetan zuzendari nagusiei dagozkien eskudantziak, oro har, eta Barneko zuzendari nagusiari dagozkionak, zehazki, esleitzen dira.

Halaber, Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuak eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeak dagokion zuzendaritza nagusiari esleitutako eginkizunak ezartzen ditu.

Barneko zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 1774/2005 Ebazpenaren bidez, foruzaingoko buruaren esku utzi zen Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzien erabilera, Nafarroako Foruzaingoari atxikitako langileen erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak emateari dagokionez.

Barneko Zuzendaritza Nagusiko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkotzat jotzen da eskudantzia gehiago uztea foruzaingoko buruaren esku.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Barneko zuzendari nagusiari dagozkion ondoko eskudantzien erabilera foruzaingoko buruaren esku uztea:

Langileen arloan: langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne; aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarritako baldintzekin bat, eta, hala badagokio, horiek pagatzea; erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea; langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea; aldi baterako ezintasun egoeran dauden Nafarroako Foruzaingoko langileek aurkezten dituzten baja-agiriak, baja berrestekoak eta alta-agiriak kudeatu eta tramitatzea; Nafarroako Foruzaingoko kideen lanaldien, ordutegien eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 10eko 1/2005 Foru Dekretuan aurreikusitako Foruzaingoko langileen bateragarritasun baimenak tramitatu eta ebaztea.

Kontratuen arloan: 6/2006 Foru Legeak zuzendari nagusiei esleitutako beren zerbitzuko gaien gaineko kontratuak ebaztea.

2. Barneko zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Ebazpen honen ondoriozko eskuordetzaren bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Barneko zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Indarrik gabe uztea Barneko zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 1774/2005 Ebazpena. Horren bidez, foruzaingoko buruaren esku utzi zen Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzien erabilera, Nafarroako Foruzaingoari atxikitako langileen erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak emateari dagokionez.

5. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

6. Ebazpen hau foruzaingoko buruari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariari igortzea, baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari ere.

Iruñean, 2016ko ekainaren 13an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1607616