127. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ORBAIBARKO ADMINISTRAZIO ZERBITZUEN BATASUNA

Deialdia, administrari-ofiziala aldi baterako kontratatzeko

Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunak, Alkatetzaren 2016ko ekainaren 21eko Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi du, izangai zerrenda bat eratzeko, oposizio bidez, administrari-ofizialaren lanpostu hutsari dagozkion eginkizunak betetzeko Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunean, eta Batasunean administrazioaren arloan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko.

Eranskinean deialdiko oinarriak zehaztu dira.

Garinoainen, 2016ko ekainaren 21ean.–Alkate udalburua, Iñigo Arregui Odériz.

eRANSKINA

Deialdia, zerrenda bat eratzeko, administrari-ofizialaren lanpostu huts bat oposizioaren bidez eta aldi baterako kontratazio bitartez betetzeko, administrazioaren arloan sortzen diren beharrei erantzutearren

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdia iragartzen da, izangai zerrenda bat eratzeko, oposizio bidez, administrari-ofizialaren lanpostu hutsari dagozkion eginkizunak betetzeko Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunean, eta Batasunean administrazioaren arloan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuteko.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda honek indarrik gabe uzten du Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko administrari-ofizial lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko beste edozein zerrenda. Zerrendaren kudeaketa eginen da aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduaren III. tituluan ezarritakoari jarraituz, aplikatzekoa den orotan.

1.2. Hautapen prozesuaren emaitzekin kontratazio zerrenda bat eginen da, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko administrari-ofizialaren lanpostu hutsa aldi baterako betetzeko, eta langile administratiboak kontratatzeko beharrei erantzuteko. Kontratazioak zer arrazoi edo inguruabarrengatik egiten diren, haiek irauten dutena iraunen dute hautapen prozesu horren ondorioz izaten diren kontratazioek. Hala, lanpostua aldi baterako betetzeak eragin zuen arrazoia desagertzen denean bukatuko da egiten den kontratazioa edo bukatuko dira egiten diren kontratazioak. Nolanahi ere, legez bidezko den probaldia aurreikusiko dute egiten diren kontratuek.

Lehenik aukeratzen den pertsona proposatuko da aldi baterako kontrataziorako, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren zerbitzuko administrari-ofizialaren lanpostu hutsa betetzeko.

Lanpostuaren eginkizunen eta deialdiaren kategoriari dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira.

Lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izanen da lan ordutegia; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko da.

Administrari-ofizialaren lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan C mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu. Horretaz gain, onesten diren osagarriak eta/edo, halakorik ez badago, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko plantillan lanpostu horretarako ezarrita daudenak.

Kontratazio zerrenda erabiltzen ahalko da, betiere ezarritako aukeraketa ordenari jarraikiz, behar diren langile administratiboen kontratazioak egiteko, zeregin administratiboetan izan daitezkeen lan pilaketei erantzuteko, edo administrazio dei-egilean izan daitezkeen bestelako inguruabarrei erantzuteko.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko Estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatutako nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

–16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

–Batxilergoko edo bigarren mailako lanbide heziketako titulua edo baliokideren bat izatea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako hori lortzeko baldintzak izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

–Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

–Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

–Gidabaimena izatea, gutxienez B kategoriakoa edo horren parekoa, baita ibilgailu motorduna ere, Batasuneko herrien artean ibiltzeko.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Prozedura.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Batasunak zabalkundea emateko dituen beste bitarteko batzuen bidez ere. Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki oholean jarriko dira hurrengo iragarkiak, eta dituen publizitaterako bitartekoetan.

4. oinarria.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Katalaingo Monumentu Multzoa, NA-5100 errepidea, 2. km), irekirik egonen dena astelehen, asteazken eta ostiraletan, 11:00etatik 14:30era, eta deialdi honen I. eranskineko ereduari egokituko zaizkio.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi behar dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta eskatzen den titulazioarena aurkeztu beharko dituzte, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen direla adierazten duen agiriarena. Horretaz gain, administrazio publikoekin izandako kontratuak, halakorik izanez gero, eta curriculum vitaea, postua eta departamentua zehazturik.

Baldin agiriak aurkezten badira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak baimendutako beste bide baten bidez, izangaiak posta elektronikoz jakinarazi beharko dio Batasunari, 24 orduko epean (agrupación@valdorba.es).

5. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko lehendakariak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki oholean argitaratuko dira.

Oholean agertzen denetik hasita, izangaiek bost egun naturaleko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

6. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea burutu eta haiei buruz ebatzi ondoan, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko lehendakariak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Batasunaren iragarki oholean paratuko da jendaurrean, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

7. oinarria.–Epaimahaia.

7.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko lehendakaria, Iñigo Arregui Odériz.

Ordezkoa: María Encarnación Ducun Izupura, Untzueko Udaleko alkatea.

–Lehen mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Marta Valencia Lara, Barasoaingo Udaleko alkatea.

–Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatu beharrekoa.

–Mahaikidea: Rosario Murillo González, Leozko Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Beatriz Aceña Laparra, Leozko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide idazkaria: María del Mar Lapieza Antón, Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasuneko idazkaria.

Ordezkoa: mahaikide titularren edozein ordezko tekniko (unibertsitateko lizentzia duena). Eskura ez badaude, edozein mahaikide teknikok (unibertsitateko lizentzia duena) eginkizun bikoitza beteko du: mahaikide-idazkariarena, alegia.

7.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunari hala jakinarazi, baldin Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jendaurrean agertuko da hori, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Epaimahaia ez da eratzen ahal, ezta jardun ere, gutienez bere kideen gehiengo osoa agertzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, idazkariak bertan egon beharko du.

Ez idazkariak ez ordezkoak ezin badute epaimahaiaren bileretara joan, epaimahaiko mahaikide teknikoetako edozeinek beteko du idazkari lana.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatutako aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8. oinarria.–Hautaproben nondik-norakoak eta balorazioa.

Epaimahai kalifikatzaileko lehendakariak adierazten duen egunean hasiko da hautapen prozesua. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen egintza berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Aurreikusten da hautapen prozesuko bi lehenbiziko probak egun berean eginen direla. Hirugarrena beste egun batean eginen da.

Ariketak baztergarriak izanen dira.

Lehenbiziko ariketa: test teoriko-praktiko bati erantzunen zaio idatziz. 60 galdera izanen dira, zenbait erantzun posible dituztenak, II. eranskinean aurreikusitako gai zerrendako jakintzagaiei buruzkoak.

Galdera guztiendako hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun baliozko bakoitzak puntu bateko balorazioa izanen du; erantzun okerrek galdera bakoitzari emandako balorazioaren 0,33ko zigorra izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere laurogeita hamar minutu izanen dituzte.

Ariketaren balorazioak 45 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Bigarren ariketa: praktikoa izanen da; kasu praktiko bat, II. eranskinean aurreikusitako gai zerrendako jakintzagaiei buruz.

Ariketaren balorazioak 55 puntu egin ditzake, gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira eskatzen den gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, eskuratzen ez duten izangaiak.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoa, NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak egina, ikusteko profilari nola egokitzen zaion.

Ariketaren balorazioa ‘’gai’’ edo ‘’ez gai’’ izanen da.

Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

Kontratazio zerrendak honela eginen dira:

–Lehenik sartuko dira 3 probak gainditu dituztenak, kontuan harturik 3 probetako emaitzen batura, hurrenkera horren arabera.

–Ondoren, sartuko dira lehenbiziko eta bigarren probak gainditu dituztenak, kontuan harturik 2 proba horien emaitzen batura, hurrenkera horren arabera.

–Ondoren, sartuko dira lehenbiziko proba bakarrik gainditu dutenak, emaitzen hurrenkeraren arabera.

–Lehenbiziko proba gainditzen duen izangairik ez badago, Batasunak, hala ere, kontratazio zerrendak egin ditzake, lortutako puntuazioaren arabera.

9. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

9.1. Probak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki oholean izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Izangaien arteko berdinketarik izanez gero, zozketa publiko bidez ebatziko da.

Orobat, Batasun dei-egileari kontratazio proposamen bat eginen dio, izangaiek lortutako puntuazioen zerrendaren arabera.

Proposamena lotestela izanen da deialdia egin duen entitatearendako.

9.2. Batasuneko lehendakariaren ebazpenaren bidez –Orbaibarko Administrazio Zerbitzuen Batasunaren iragarki oholean argitaratuko da– kontratazio zerrenda onetsiko da.

9.3. Gainditu duten izangaiei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, kontratatzeko, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

9.4. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, epaimahaia izendatu duen udal organo dei-egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDF).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena.

–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Nafarroako Toki Entitateen Aurrekontu Egitura onesten duena.

–Irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena.

–Irailaren 21eko 273/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Bakuneko Jarraibidea onesten duena.

–Aurrekontu egonkortasunari buruzko araudia. 2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa, eta hura garatzeko araudia.

–Informatikako oinarrizko kontzeptuak: Word testuen tratamenduak. Excel kalkulu-orria. Internet eta posta elektronikoa.

Iragarkiaren kodea: L1607673