127. ALDIZKARIA - 2016ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

313/2016 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituena langileen, kontratuen, joko eta ikuskizunen eta josteta jardueren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak organoen arteko eskumenen eskuordetzea arautzen du, baita haren baldintzak eta betebeharrak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten ditu, zuzendari nagusiei zenbait eskumen esleituz.

Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 36. artikuluak kontratuak egiteko eskumenak ezartzen ditu eta horietako batzuk zuzendari nagusiei esleitzen zaizkie.

Orobat, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 48. artikuluak Barneko zuzendari nagusiari dagokion eskumenen esparrua zehazten du, eta joko eta ikuskizunen arloko eskumenak esleitzen dizkio.

Barneko Zuzendaritza Nagusiko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkotzat jotzen da dagozkion eskuordetzeak Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariari egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Barneko zuzendari nagusiari dagozkion ondoko eskudantzien erabilera Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea:

Langileen arloan: bere zerbitzuko langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak barne; aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarritako baldintzekin bat, eta, hala badagokio, horiek pagatzea; eta erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

Kontratazioaren arloan: 6/2006 Foru Legeak zuzendari nagusiei esleitutako beren zerbitzuko gaien gaineko kontratuak ebaztea.

Jokoaren arloan: jokoarekin zerikusia duten enpresen erregistroa; joko eta apustuetako materialen eredu homologatuen erregistroa; joko eta jostetako makinak darabiltzaten enpresen erregistroa; bingoko profesionalen egiaztapena eta erregistroa; jokorako sarbideko interdikzioen erregistroa; joko aretoak ustiatzeko baimena; joko makinak ustiatzeko baimena; apustu makinak ustiatzeko baimena; joko makinak instalatzeko baimena; eta apustu makina osagarriak instalatzeko baimena.

Ikuskizunen eta josteta jardueren arloan: zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak egiteko baimena; zezenketa esparruak irekitzeko edo berrirekitzeko baimena; zezenketako profesionalen erregistroa eta egiaztapena; zezenketa ikuskizunen baimena; zezenketa ikuskizun herrikoien baimena; ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako baimena; eta ordutegi bereziak izateko baimena.

2. Barneko zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Ebazpen honen ondoriozko eskuordetzaren bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Barneko zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari eta Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendariari igortzea, baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari ere.

Iruñean, 2016ko ekainaren 13an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1607614