126. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

51/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 14koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak onesten dituena.

Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordea sortu zen Nafarroako kultur ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen bidez (78. artikulua), eta bere oinarrizko lerroen garapena Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen bidez ezarri zen (10. artikulua); bestalde, urriaren 30eko 75/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen bere osaeraren, antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua.

Erregelamenduak, hain zuzen ere, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen eginkizunak ezartzean, Nafarroako administrazio publikoek sortutako dokumentuak ebaluatzeko kontuan hartu beharreko alderdi garrantzitsu batzuk aipatzen ditu:

–Zehazten du Nafarroako administrazio publikoek baliatzen ahalko dituztela haientzat guztientzat komunak diren serieak gorde edo suntsitzeko eta eskuratzeko epeak, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak oro har ezarritakoak.

–Argitzen du Nafarroako administrazio publikoek beren ebaluazio batzorde propioak izaten ahal dituztela, eta kasu horietan beharturik egonen direla jakitera ematera dokumentuak gordetzeko haien egutegiak, zeinak gainbegiratuko baititu artxiboen arloan eskuduna den departamentuak.

–Ezartzen du ezen ebaluazio batzorde propiorik ez duten administrazio publikoek Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari eskatzen ahalko diotela ezar ditzan gordetze edo ezabatze epeak, berariazko prozedura bati jarraikiz.

Horiek horrela, beraz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitekoa da, Nafarroako artxibo sistemaren buru den aldetik, Nafarroako toki entitateek sortzen dituzten dokumentuak ebaluatzeko eta historikoki nahiz administratiboki baliorik gabeak direnak ezabatzeko bideak ezartzea, betiere bermatuz dokumentu ondare adierazgarria gordeko dela modu iraunkorrean, herritarren zerbitzurako.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak ulertzen du erraztu egin behar duela, zer eta, ebaluazio batzorde propioak dituzten toki entitateek ebaluazioari buruz hartutako erabakiak eta Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak toki entitateek sortutako dokumentuei buruz hartutakoak, aplikagarriak izan daitezen, baita ere, Nafarroako gainerako toki entitateetan, Departamentuak gainbegiraturik, bera baita artxiboen arloan erakunde eskuduna.

Jarraibide hauei buruzko aginduzko txostena egin du Nafarroako Kulturaren Kontseiluko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Batzordeak, 2016ko maiatzaren 31ko bere bilkuran, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hartan zehazten baitira Kontseiluaren eginkizunak.

Horrenbestez, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako toki entitateen dokumentuak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak onestea; haien testua eranskin gisara atxikitzen da.

2. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea - Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 14an.– Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEEN DOKUMENTUAK EBALUATU
ETA EZABATZEKO JARRAIBIDEAK

–Nafarroako toki entitateek eratzen dituzten dokumentuen ebaluaziorako batzorde propioek nahitaez eduki beharko dute, kide gisara, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko teknikari bat.

–Dokumentuen ebaluaziorako batzorde propioa eratu duten Nafarroako toki entitateek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte beren erabakiak, izenez modu argi eta zalantzari biderik utzi gabe identifikatuz ebaluatutako seriea, espedienteak eta dokumentu motak. Halaber, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari urtero eman beharko diote epean dokumentuen gainean gauzatutako ezabaketen berri, haiek baimendu dituen erabaki zehatza zein den adierazita.

–Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak jakitera emanen du, erakundearen web orrian, dokumentuen ebaluaziorako batzorde propioak eratu dituzten Nafarroako toki entitateek zer erabaki argitaratu duten. Erabaki bakoitzean jarri beharko du hura osatzen duten espediente eta dokumentu motei buruzko seriearen informazioa, era horretan argi identifikatu ahal izateko ebaluazioan sartutako dokumentuak.

–Nafarroako toki entitateek bat egiten ahalko dute dokumentuen ebaluaziorako batzorde propioa eratua duen beste toki entitate batek hartutako erabakiekin. Horretarako, toki entitate interesdunak dagokion aldeko erabakia eskatu beharko dio Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeari, zalantzari biderik utzi gabe identifikatuz erreferentziazko erabakia, bertan adierazita ezabaketa proposamenaren xede diren seriea, espedienteen izena eta, bereziki, dokumentuen tipologia, baita haiek hartzen duten denbora-epea ere. Horretarako, foru agindu honen eranskin gisara datozen inprimakiak erabiliko ditu, eta haiekin batera espediente eredu bat. Behin eskaera jasoz gero, Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak informazio hori alderatuko du erreferentziazko erabakikoarekin, eta informazio osagarria eskatzen ahalko dio toki entitateari edo bertara joatea erabaki dezake bisita in situ egiteko, beharrezkoa iruditzen bazaio biak berdin-berdinak direla ziurtatzeko, era horretan berdintasun hori bermatzeko Batzordeak hartu beharreko erabakiari begira.

–Toki entitateak ezabatzen dituenean Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen aldeko erabakia duten dokumentuak, toki entitateak unean-unean jakinaraziko dio egintza hori Batzordeari, dagokion ezabaketa akta bidaliz (ikusi eredua eranskinean).

–Ulertuko da Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak dokumentuak ezabatzearen alde hartzen duen erabakia balioduna dela bakar-bakarrik eskaeran identifikaturik dauden haientzat eta denbora-epe jakin bati dagokionez. Hurrengo ezabaketetarako, toki entitateak aldeko beste erabaki bat eskatu beharko du, nahiz eta lehendik aldeko erabakia eman zaion serie bereko espedienteetarako izan.

–Bakarrik ezabatzen ahalko dira toki entitateek argitaratutako ebaluazio erabakietan, erreferentzia gisara hartzen diren haietan, identifikaturik ageri diren dokumentuak.

–Aldeko erabakia eskatzeko prozedura horri berari jarraitu beharko diote Nafarroako toki entitateek, noiz eta beroriek hartzen dutenean dokumentuak ezabatzeko erreferentzia gisara Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen ebaluazio eta ezabaketa erabakiak, aplikatu behar direnak Nafarroako administrazio publiko guztientzat komunak diren serieen gainean, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen arabera. Era berean, Nafarroako toki entitateek eskaera prozedura bera erabiliko dute, noiz eta beroriek hartzen dutenean dokumentuak ezabatzeko erreferentzia gisara Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordearen ebaluazio eta ezabaketa erabakiak, Nafarroako beste toki entitate batzuek eskaturik.

–Oro har, toki entitateek eratzen dituzten dokumentuen ebaluaziorako batzordeak elkarrekin lankidetzan ariko dira, era horretan elkarren osagarri den jarduketaren bidez ahaleginak batuko dituztelarik erabakiak hartzeko garaian, dokumentuak ezabatzeko praktika Nafarroako toki entitate guztietara zabaltzea errazteko. Artxiboen arloan eskuduna den departamentua arduratuko da lankidetza hori bultzatzeaz, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren bidez, horrela gauzatuko baitu Nafarroako artxibo sistemaren buru izateagatik duen eginkizuna.

–Dokumentuen Ebaluaziorako Batzordeak unean-unean jakinaraziko dio Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuari Nafarroako toki entitateek dokumentuen ezabaketari buruz ematen dioten informazio oro, Nafarroako artxiboen mapa eguneraturik edukitzeko.

1. ERANSKINA

Ezabaketa akta (PDF).

2. ERANSKINA

Dokumentuak ezabatzearen aldeko erabakia hartzeko eskaera (Toki Entitateak) (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1607660