126. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko ekainaren 22an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei 2016ko abenduko aparteko pagaren %50aren ordainketa 2016ko uztaileko lehen egunetara aurreratzen diena.

Aurrekontu-oreka bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean neurriak hartzen dituen abenduaren 28ko 27/2012 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak ezartzen duenez, Nafarroako Administrazio Publikoek eta Nafarroako sektore publikoko gainerako erakunde eta entitateek zilegi izanen dute langileentzako aparteko pagen ordainketa urtarrileko eta uztaileko lehenbiziko egunetara pasatzea.

Legegintzako gaikuntza horretan oinarriturik, Nafarroako Gobernuak, 2013ko abenduaren 30ean hartutako erabakiaren bitartez, 2014ko urtarrileko lehenbiziko egunetara aurreratu zien urte bereko ekaineko aparteko pagaren ordainketa Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, modu horretan arintzeko 2012ko abenduko aparteko paga kentzeak dakartzan ondorioak, Nazioko Gobernuak neurri hori onetsi baitzuen, eta hori oinarrizko araudia baitzen, bete beharrekoa eta uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuan jasoa. Bestetik, irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoan oinarrituz (kreditu bereziak eta kreditu osagarriak ematen dira Estatuaren aurrekontuan, eta beste neurri batzuk hartzen dira enplegu publikoaren arloan eta ekonomia bultzatzeko), Nafarroako Gobernuak 2015eko abenduaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2016ko urtarrileko nominan ordaintzea erabaki zuen 2012ko abenduko aparteko paga kentzearen ondorioz jaso gabe gelditu zen zenbatekoaren %26,23.

Kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak bidezkotzat eta beharrezkotzat jotzen duela aparteko pagak aurreratzeko sistemarekin jarraitzea, 2012ko abenduko aparteko paga kendu zenetik, eta horretarako finkatutako egutegiarekin bat, bidezko da orain 2016ko uztaileko lehen egunetara aurreratzea urte bereko abenduko aparteko pagaren %50aren ordainketa.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. 2016ko uztaileko lehenbiziko egunetara aurreratzea urte bereko abenduko aparteko pagaren %50aren ordainketa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei, honako irizpide hauen arabera:

A) Aurrerakinak langile finkoentzat zein aldi baterakoentzat izanen dira, betiere beharkizun hauek betetzen badituzte:

a) Haien lan harremana gutxienez ere hurrengo sei hilabeteetarako aurreikusita izatea.

b) 2016ko ekaineko aparteko pagaren %75 aurreraturik jaso izana urte bereko urtarrileko lehenbiziko egunetan.

c) Langileak berak aldez aurretik eskatu ez izana ordainketa ez aurreratzeko.

d) Aipatu aurrerakina sorrarazi zuen lan harremanari eustea.

B) 2016ko bigarren seihilekorako aurreikusitako egoeraren arabera finkatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa, eta %50a 2016ko abenduko nominan erregularizatuko da.

C) Aldi horretan gorabeheraren bat gertatzen bada lan harremanean, eta horrek berarekin baldin badakar aparteko pagaren likidazioa, ordaindutako aurrerakina hartuko da kontuan likidazioan.

D) Behin adierazitako kopuruaren ordainketa aurreraturik, baldin eta, edozein arrazoirengatik, zerbitzu harremana aurreikusitako epea baino lehen bukatzen bada, langileei behar den likidazioa aplikatuko zaie, eta, bidezko bada, sobran jasotako zenbatekoa itzularazi.

E) Langileek noiznahi eskatzen ahalko dute ordaindutako aurrerakina erabat ezeztatzeko, horretarako idazki bat igorriz bere nomina kudeatzen duen Foru Komunitateko Administrazioko unitate administratiboari. Kasu horretan, interesdunari dagokion likidazioa aplikatuko zaio eskaera egin eta hurrengo nominan.

F) Aurrerakinek ez dute inolako eraginik izanen zerga-atxikipenetan edo nominari lotutako gizarte-kotizazioetan, zein den ere langilearen gizarte-aurreikuspeneko sistema.

2. Orobat, aurrerakinak aplikatzea Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako goi karguei eta gainerako behin-behineko langileei, aurreko ataletan ezarritako beharkizun eta baldintzak betez gero.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoaren esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1607717