126. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

298E/2016 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiteko toki entitateei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onesten duena.

Nafarroako 2020ra arteko III. Energia Planak helburu du energia berriztagarriaren produkzioa sustatzea, energia mota hori lehiakorra denean energia iturri guztiak baliatuz. Horrela ugariagoak izanen dira eskualdeko mix energetikoan leku garrantzitsua duten energia baliabide autoktono eta berriztagarriak.

Diru-laguntza honen xedea Energia Plan horretan aurreikusitako helburuak lortzen laguntzea da, energia berriztagarrien teknologia mota desberdinak toki entitateetan eta irabazi-asmorik gabeko entitateetan ezartzen lagunduz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Energia berriztagarrien instalazioetan inbertsioak egiten dituzten toki entitateei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei diru-laguntzak emateko 2016ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820002-82230-7609-425200: Energia berriztagarriak sustatzea toki entitateetan.

2016

120.000,00

820002-82230-7819-425200: Energia berriztagarriak sustatzea irabazi-asmorik gabeko entitateetan

2016

140.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena NAOn argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2016ko ekainaren 14an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, María Yolanda Blanco Rodríguez.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Diru-laguntza honen xedea da Nafarroako III. Energia Planak, 2020ra artekoak, ezarri dituen helburuak lortzea, energia berriztagarrietako teknologia ezberdinen ezarpena bultzatuz.

2. oinarria. Diru-laguntzaren xede diren instalazioak.

Diru-laguntzen xede izanen dira Nafarroan arau honetan zehazten diren instalazio motetan egiten diren inbertsioak, baldin eta dagokien araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Instalazio motak:

1. Eguzki instalazio termikoak: Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoak ez diren eguzki instalazio termiko guztiek jaso dezakete diru-laguntza.

Hala ere, proiektuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera, nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazioa egitea ura berotzeko, eta instalazio hori eraikineko berokuntza eta/edo hozte sistemaren osagarri gisa ere diseinatzen bada, instalazio horretarako diru-laguntza jasotzen ahalko da oinarri hauetan adierazitako moduan. Halako kasuetan, girotzeko behar den energiaren %20a gutxienez bete beharko du eguzki-energia termikoaren ekarpenak.

2. Geotermiako instalazioak: Lurraren barreneko tenperatura aprobetxatuz energia erabilgarria ekoizten duten instalazioak.

Bero ponpari dagokionez, Batzordeak 2013ko martxoaren 1ean hartutako Erabakian edo aplikatzekoa den beste arau batzuetan xedatutakoa bete beharko da; erabaki horretan jarraibideak ezartzen dira Batasuneko kide diren estatuek teknologia mota desberdinetako bero ponpekin sortzen den energia berriztagarria kalkulatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/28/EE Zuzentarauaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Biomasako instalazioak:

a) Erabilera termikoetarako instalazioak energia iturritarako biomasa erabiltzen duten eraikinetan.

b) Erregai hori erabiltzen duten klimatizazio sareak ezarri edo handitzea, eta halakotzat hartuko dira energia termikoa eta/edo etxeko ur beroa zenbait eraikinetara banatzen duten sareak.

Beroa banatzeko sareei dagokienez, eraikinetatik kanpokoak baino ez dira diruz lagunduko. Bezeroei zerbitzua egiteko harguneetan egindako inbertsioak diruz laguntzen ahal dira baldin eta haien kostua laguntza eskatzen duenak hartu badu bere gain.

4. Instalazio fotovoltaiko eta eolikoak: Instalazio fotovoltaiko eta instalazio eolikoak autokontsumorako, energia elektrikoa pilatzeko sistema izateko aukerarekin.

Ez dira diruz lagunduko Eraikuntzaren Kode Teknikoaren aplikazioaren ondorioz nahitaezkoak diren instalazio fotovoltaiko edo eolikoak; salbu eta instalazioaren potentzia nominala eskatutako gutxienekoa baino handiagoa denean, kasu horretan diruz laguntzen ahalko delako instalazioaren kostuaren zati bat, eskatutako gutxieneko horren gaineko potentzia instalatuari dagokion zati proportzionalarena, hain zuzen.

Instalazio fotovoltaikoen kasuan, toki hauetako batean kokaturik egon beharko dute:

a) Eraikin finko eta itxietako teilatu eta fatxadetan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

b) Eusteko egitura finkoetan, aparkalekuak estaltzeko edo itzala emateko erabiltzen badira, bi kasuetan lehenagoko erabileraren bat duen eremu batean kokaturik badaude.

Instalazio eolikoen kasuan, kokalekuak hauetako bat izan beharko du:

a) Eraikin finko eta itxietako teilatu eta fatxadetan, baldin eta material sendoen bidez eginak badaude eta etxebizitza, zerbitzu, merkataritza edo industriarako erabiltzen badira, nekazaritza eta abeltzaintza sektorekoak barne.

b) Eraikuntza horietatik gehienez 30 metrora kokatutako zutabe edo dorreetan.

5. Mikrosareak. Mikrosarea da kargez, sortze banatuko elementuez, biltegiratzeko elementuez eta kontroleko eta kudeaketako elementu eta sistemez osatutako multzoa; horiek lotune beraren bidez daude sare elektrikoari lotuta, eta energia kudeatzeko estrategia bat dute atxikirik. Mikrosare horiek iturri berriztagarrien bidez hornitu beharko dira, baina ez da baztertzen energia fosilak euskarri gisa erabiltzeko aukera, egoera zehatz batzuetan edo errentagarritasun ekonomikoari lotutako arrazoiak daudenean, betiere ongi justifikatu beharko direnak. Berriztagarriak ez diren sorkuntza elementuek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

3. oinarria. Onuradunak.

Onuradun izaten ahalko dira:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Irabazi-asmorik gabeko entitateak, hau da, interes orokorreko xedeak dituztenak eta balizko etekinak erakundearen beraren helburuetarako erabiltzen dituztenak, kideen artean banatu gabe. Irabazi-xederik ez izateak entitatearen estatutuetan edo funtzionamendu arauetan berariaz jasota egon beharko du.

Entitate horiek bete beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako baldintza, hau da, onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez izatea. Betetzen direla egiaztatzeko, eskaeraren inprimakian dagoen “erantzukizuneko aitorpena” bete beharko da.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematen zaiola kontsultatzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den unean, eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzen dituzten datuak.

4. oinarria. Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Energia ekoizteko behar diren elementuetan egindako inbertsioen ondoriozko gasturako bakarrik emanen da diru-laguntza. Puntu horretan adostasunik ez bada, Energiaren eta Meategien Atalaren iritzia gailenduko da. Gainera, diru-laguntzen xede diren instalazioek merkatu prezioa baino altuagoa dutenean, organo horrek eskubidea izanen du gehieneko beste kostu batzuk aplikatzeko diru-laguntzetarako.

2. Diruz laguntzen ahal diren jarduketek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz laguntzen ahal diren gastuen zenbatekoak, osotara, 1.500 eurotik gorakoa (BEZa kontuan hartu gabe) izan beharko du, eta diruz laguntzen ahalko den gehieneko kostua, berriz, 150.000 eurokoa izanen da, mikrosareen instalazioaren kasuan izan ezik, kasu horretan egin beharreko gutxieneko inbertsioa 30.000 eurokoa izanen baita, eta diruz laguntzen ahal den gehieneko kostua, berriz, 500.000 eurokoa.

b) Diseinu edo ingeniaritzako lanei dagokienez, diruz laguntzen ahalko den zenbatekoa ez da instalazioaren kostu osoaren %10 baino handiagoa izanen, salbu eta mikrosareen kasuan, kostu osoaren %20 baino txikiagoa izanen baita. Era berean, onuradunak egindako instalazioen kasuan, langile berekien gastuak ez dira izanen instalazioaren kostu osoaren %20 baino handiagoak.

c) Proiektuan, Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera, nahitaezkoa bada energia berriztagarrien instalazioa egitea ura berotzeko, eta instalazio hori eraikineko berokuntza eta/edo hozte sistemaren osagarri gisa ere diseinatzen bada, diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostuaren %70 izanen da diruz lagundu daitekeena.

d) Finantza errentamenduaren bidez (leasing eta energia zerbitzuen arloko enpresekin izenpetutako kontratuak) finantzatzen diren instalazioak diru-laguntzaren xede izan daitezke, betiere kontratuaren hasieratik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzen bada eta, gainera, kontratu bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada kontratuan.

e) Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 69. artikuluan energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioagatik ezarritako kenkaria ez aplikatzea.

f) Kasu guztietan, instalazioa publikoa ibiltzen deneko lokal edo lur batean badago kokatuta, energia berriztagarriaren iturria zein den jendarteratzen duen panela izan beharko du. Panelak laguntzei buruzko fitxan zehazten diren baldintzak bete beharko ditu.

Panel horri dagokionez, diruz laguntzen ahal den zenbatekoak ez du gaindituko instalazioaren kostu osoaren %10, eta kostuaren %75 lagunduko da diruz.

g) Diruz laguntzen ahal den gastua 30.000 eurotik gorakoa bada (BEZik gabe), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoena.

Onuradunek ez dituzte hiru eskaintzak eskatu beharko hiru kasu hauetan: toki entitateak direnean (Kontratu publikoei buruzko ekainaren 89ko 6/2006 Foru Legea bete behar dute); diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez dagoenean, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin denean. Azken bi kasuak frogatu beharko dira, aipatu inprimakia aurkeztuz.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa diru-laguntzaren xede izan daitekeen inbertsioaren %30ekoa izanen da, toki entitateek egindako jarduketak edo mikrosareetan egindako inbertsioak direnean, eta %20koa gainerako kasuetan.

5. oinarria. Inbertsioak gauzatzeko epea.

Inbertsioak egiteko epea 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 30era artekoa izanen da.

6. oinarria. Eskabideen aurkezpena eta eskatutako agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea 40 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaera laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa izanen da, eta harekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Aurreikusita dagoen jarduketa zehazten duen memoria:

–Egungo egoera eta lortu nahi den egoera.

–Elektrizitatea sortzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Elektrizitatea biltegiratzeko elementuen eta sistemen deskribapena.

–Kontroleko sistemen eta metodologiaren deskribapena.

–Kronograma.

b) Inbertsioen aurrekontua, kontzeptuz kontzeptu zehaztuta.

c) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen batzuetan, Eraikuntzaren Kode Teknikoko HE4 eta HE5 oinarrizko agiriak bete beharretik salbuesten diren eremuak ezarri dira. Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera nahitaezkoak diren instalazioetan, instalazioa dagoen herriko Udaleko idazkariaren ziurtagiria erantsiko da, zeinean adieraziko baita instalazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen horietakoren baten eraginpean dagoen.

d) Biomasako instalazioetan, elektrizitatea sortzeko elementuaren fitxa teknikoaren kopia.

e) Geotermiako instalazioetan, bero ponparen fitxa teknikoaren kopia.

f) Instalazioa energia zerbitzuen arloko enpresa batek egiten badu, energia zerbitzuen gaineko aurrekontratuaren kopia aurkeztu beharko da; kontratua enpresak eta instalazioaren erabiltzaileak sinatua izan behar du.

g) Eskatzailea irabazi-asmorik gabeko entitate bat denean, entitatea eratzeko agiria, bertan estatutuak zehaztuta.

h) Erantzukizuneko aitorpena lortutako beste laguntza batzuen gainekoa, laguntzei buruzko fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

4. Eskaerak ez baditu finkatutako baldintzak betetzen, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio okerra zuzen dezala hamar egun balioduneko epean eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

7. oinarria. Diru-laguntza emateko balorazio irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, Energiaren eta Meategien Atalak aurkeztutako eskaerak konparatuko ditu, haien artean lehentasuna ezartzeko, artikulu honetan baloraziorako ezarritako irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 4. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea, deialdirako aurrekontuan entitate mota bakoitzarentzat erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Deialdian baimendutako gastua diru-laguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko adinakoa bada, haien arteko hurrenkera ez da ezarri beharko.

2. Balorazio irizpideak hauek dira, eskatzaile motaren arabera:

2.1. Irabazi-asmorik gabeko entitateek egindako inbertsioen kasuan:

1. Jarduketa mota: 35 puntu bitarte:

a) Mikrosarea, energia sortzeko bi teknologia baino gehiagorekin eta energia biltegiratzeko teknologia bat baino gehiagorekin: 35 puntu.

b) a) ataleko irizpideak betetzen ez dituen mikrosarea: 15 puntu.

c) Bestelakoa: 0 puntu.

2. Energia berriztagarriak noraino ezarri diren: 25 puntu bitarte.

a) Diruz laguntzen den instalazioa eskatzaileak egiten duen energia berriztagarrien lehen instalazioa bada: 25 puntu.

b) Eskatzaileak dagoeneko energia berriztagarrien instalazio 1, 2 edo 3 baldin baditu: 10 puntu.

c) Eskatzaileak dagoeneko energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.

3. Zabalkundea: a) Lokal edo lur publikoetan ezarritako instalazioa: 10 puntu.

a) Lokal edo lur publikoetan ezarritako instalazioa: 10 puntu.

b) Beste batzuk: 0 puntu.

4. Genero berdintasuna:: 10 puntu.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekiko konpromisoa baloratuko da, eta hortaz, 10 puntu emanen zaizkie berdintasun plana edo genero berdintasunaren arloko entitate eskudun batek emandako ziurtagiria edo aitorpena duten entitateei.

5. Desgaitasun fisikoa duten pertsonak: 10 puntu.

a) Onuradunak 50 pertsonatik gorako plantilla badu, eta desgaitasunak dituzten kontratudunen portzentajea % 2tik gorakoa bada: 10 puntu.

b) Onuradunak 50 pertsonako plantilla edo hortik beherakoa badu, eta desgaitasunak dituzten kontratudunen portzentajea % 2koa edo hortik gorakoa bada: 10 puntu.

6. Ingurumen jasangarritasuna: 10 puntu bitarte.

a) Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua izatea (EMAS): 5 puntu.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea: 5 puntu.

2.2. Toki entitateek egindako inbertsioen kasuan:

1. Energia zerbitzuen enpresa batekin (EZE) egindako kontratuaren esparruko inbertsioak: 35 puntu bitarte.

a) Aurreztea bermatzen duen kontratua: 35 puntu.

Aurreztea bermatzen duen kontratua izateko, EZEaren diru-sarrera guztiak edo haien zati bat lotuko zaizkio bezeroaren instalazioetan energia aurrezteko neurriak hartzearen ondorioz lortzen den aurrezteari. Aurrezte hori urtero kalkulatuko da, egiaztatzeko eta neurtzeko prozedura baten bidez.

b) Energiaz hornitzeko kontratua: 15 puntu.

Energiaz hornitzeko kontratua izateko, bezeroak EZEarekin kontratu bat sinatuko du energiaren hornidura egiteko, ezarritako eperako, saltzeko prezioa txikiagoa izanik ohiko enpresa merkaturatzailearekin ordainduko zukeena baino.

c) Inbertsioak ez badira egiten EZE batekin egindako kontratu baten bidez: 0 puntu.

2. Energia berriztagarriak noraino ezarri diren: 25 puntu bitarte.

a) Diru-laguntzaren xede den instalazioa toki entitateko energia berriztagarrien aurreneko instalazioa baldin bada (ez da ulertu behar toki entitatearen lurraldean kokatutakoa): 25 puntu.

b) Toki entitateak dagoeneko energia berriztagarrien instalazio 1, 2 edo 3 baldin baditu: 10 puntu.

c) Toki entitateak dagoeneko energia berriztagarrien 3 instalazio baino gehiago baldin baditu: 0 puntu.

3. Toki entitatearen biztanle kopurua: 20 puntu bitarte.

a) 1.000 biztanletik behera: 20 puntu.

b) 1.001 eta 10.000 biztanle bitarte: 10 puntu.

c) 10.001 biztanle baino gehiago: 0 puntu.

Ondorio horietarako, kontuan hartuko da populazioaren estatistikak egiteko eskumena duen departamentuko titularrak kontzejuetako populazio zifrak ofizial deklaratzeko emandako azken foru aginduan xedatutakoa.

4. Genero berdintasuna: 10 puntu.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekiko konpromisoa baloratuko da, eta hortaz, 10 puntu emanen zaizkie berdintasun plana edo genero berdintasunaren arloko entitate eskudun batek emandako ziurtagiria edo aitorpena duten toki entitateei.

5. Ingurumen jasangarritasuna: 10 puntu bitarte.

a) Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua izatea (EMAS): 5 puntu.

b) Jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat izatea: 5 puntu.

3. Berdinketa izanez gero, irizpide bakoitza emateko ordenaren arabera lortzen den puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraituz gero, eskaerak aurkeztu diren egunaren arabera ordenatuko dira.

8. oinarria. Diru-laguntza ematea.

Energiaren eta Meategien Atalak ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak eta organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, irabazi-asmorik gabeko entitateek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak eskatzaileei jakinaraziko zaizkie Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atarian argitaratuz.

9. oinarria. Instalazioa egin izana frogatzea.

1. Diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzearren, onuradunek, laguntza emateko ebazpenean adieraziko den epean (inoiz ere ez 2016ko azaroaren 30a baino beranduago) instalazioa egin izana frogatu beharko dute, dokumentazio hau 6.2 oinarrian adierazitako moduan aurkeztuta:

1. Diruz lagundutako inbertsioen fakturen fotokopiak eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriei dagozkienak. Fakturak eta ordainagiriak diru-laguntzaren onuradunaren izenean egonen dira, salbu inbertsioa errentamendu finantzarioko kontratu baten xedea bada (energia zerbitzuen enpresa edo leasing); kasu horretan, enpresa errentatzailearen izenean egonen dira. Berrikuspena errazteko, fakturen zerrenda bat aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren arabera.

2. Instalazioaren argazkiak eta hura osatzen duten elementuenak. Formatu digitalean (CD edo DVD) igor daitezke, edo kontzesioaren ebazpenean adieraziko den posta elektronikoaren helbidera, betiere espedientearen zenbakia zehaztuz.

3. “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia; laguntzen fitxan eskura daiteke, eta ebazpen honen 4.2.g) oinarrian ezarritako edukia izanen du.

4. Onuradunak puntuazio gehigarria eskuratu baldin badu genero berdintasunarekin konpromisoa izateagatik, berdintasun plana edo kasuan kasuko ziurtagiria edo aitorpena erantsi beharko du.

5. Desgaitasuna duten pertsonen kontratazioa Gizarte Segurantzako lan bizitzaren txostenaren bidez frogatuko da, eta interesdunek eskabidean baimena emanen diote departamentu honi hori kontsultatzeko.

6. Onuradunak Ingurumen arloko kudeaketa eta auditoria egiteko sistema komunitarioa ezarria eta ziurtatua duela adierazi badu, hala frogatzen duen agiria erantsi beharko du.

7. Onuradunak jatorriaren bermea duten iturri berriztagarriko elektrizitatearen edo “elektrizitate berdearen” hornidura-kontratu bat badu, kontratu hori erantsi beharko du.

8. Errentamendu finantzarioko kontratu baten bidez (leasing edo energia zerbitzuen enpresa batekin egindako kontratua) egindako instalazioen kasuan, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Leasing kontratuaren kopia, edo energia zerbitzuen enpresarekin sinatutako kontratuarena.

b) Errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula.

9. Instalazioa energia zerbitzuen enpresa baten bidez egin bada, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Energia zerbitzuaren prezioaren kalkulu zehaztua.

b) Errendimendu energetikoaren kontratuetan edo aurreztea bermatzen duten kontratuetan, aurreztea bermatzen duten zerbitzu energetikoen kontratuen erregistroan erregistratu beharko da kontratua. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren bidez sar daiteke hara (www.navarra.es).

10. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.

2. Funtsezkoa ez den aldaketarik bada gauzatu diren jarduketetan (eskaeran aurreikusi zirenekin alderatuta), onuradunak horiek justifikatzeko txosten bat aurkeztu beharko du. Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz, aldaketa horiek funtsezkoak badira, diru-laguntzaren zenbatekoa doituko da edo hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko.

3. Halaber, onuradunek honakoak aurkeztu beharko dituzte 2017ko urtarrilaren 31n beranduenez:

a) Instalazio fotovoltaiko eta eolikoek:

–Instalazioaren erregistro zenbakia, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariak abuztuaren 21ean eman 181/2003 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera, edo horren ordezko arauari jarraituz, tramitatuko dena. Foru agindu horren bidez behe tentsioko instalazioak abian jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezarri zen.

–Energia elektrikoaren autokontsumoaren erregistro administratiboko inskripzio zenbakia, edo, halakorik izan ezean, erregistro horretan inskribatzeko eskaeraren kopia, energia elektrikoa autokontsumoarekin hornitzeko eta autokontsumoarekin ekoizteko modalitateek bete beharreko baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituen urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretuarekin edo haren ordezko arauarekin bat.

b) Eguzkiko, biomasako eta geotermiako instalazio termikoen kasuan, instalazio termikoen ziurtagiria, instalazioaren ziurtagiria arau indardunekin bat tramitatzean lortutakoa.

10. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa

1. Laguntzen organo kudeatzaileak onuradunek aurkeztutako frogagiriak aztertuko ditu, eta ordaintzeko ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio organo eskudunari, non jasoko baita onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela.

Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Ebazpenean onartutako diru kopuru berbera ordaindu behar bada, ebazpena ez zaio interesdunari ohiko postaz jakinaraziko, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian baizik, laguntzen fitxan argitaratuta.

3. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing eta energia zerbitzuen enpresekin sinatutako kontratuak), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da. Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

11. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitateek, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikaren bidez, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Finantza errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioetarako diru-laguntza jasotzen dutenek ebazpen honen 10.3 oinarrian ezarritako betebeharra bete beharko dute.

c) Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea ebazpen honen 9. oinarrian adierazten den moduan.

d) Instalazioaren jabetza mantentzea gutxienez ere bost urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik hasita.

e) Irabazki-asmorik gabeko erakundeek ez dute eskatuko Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 69. artikuluan energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioagatik ezarritako kenkaria.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

g) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, inbertsioen finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai onuradunak diruz lagundutako proiektuen inguruan egiten duen dokumentazioan.

2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta hitzemandako kopuru horiek 2016ko irailaren 30a baino lehen askatuz gero, kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.

3. Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, diru-laguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, baita, funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

12. oinarria. De mínimis laguntzak

Deialdi honetan irabazi-asmorik gabeko entitateentzat aurreikusitako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaeraren inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

13. oinarria. Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondasun beretarako ematen dituen edonolako beste diru-laguntzekin.

Diru-laguntza bateragarriak direnean, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek emanak izateagatik, diru-laguntza baten edo guztien zenbatekoak ezin du inola ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostuaren %50 gainditu.

14. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoak

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

15. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) argitaratuko ditu emandako diru-laguntzak, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak eta emandako diru-kopurua.

Iragarkiaren kodea: F1607441