126. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

726E/2016 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2016ko deialdia onesten duena.

Gaur egungo krisi ekonomikoak enpresetan dituen ondorioen ezaugarria da haien marjina ekonomikoak murriztu egin direla. Horregatik, enpresen lehiakortasuna zuzenean hobetuko duten jarduketak bultzatu behar dira.

Hortaz, Nafarroako enpresak lehiakortasun hobekuntzen bila zuzendu nahian, aholkularitza espezializatua sustatu gogo da laguntza deialdi honen bidez, diru-laguntza emanez enpresaren hainbat esparru aztertzeak dakartzan aholkularitza eta ingeniaritza gastuei eta hobekuntza ekintzen inplementazioari.

Helburu horietara beretara, ekonomia lehiakorrago batzuk lortzera alegia, bideratu behar dira Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik (EGEF) Nafarroari heldu zaizkion baliabideak. Zehazki, 2014-2020 epealdian, EGEF programazioaren helburu estrategikoetako bat enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko laguntza da, hau da, 3. helburu tematikoa, eta, horregatik, EGEFen bidez finantzatzen ahal da deialdi honen %50a, Nafarroako 2014-2020ko EGEF programa eragilearen bidez.

Orobat, Nafarroako Gobernuaren 2013ko ekainaren 26ko Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2016ko laguntzen deialdia onestea, lehiakortasuna hobetzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasotakoak, onestea.

3. 400.000 euroko gastua baimentzea, 2016ko gastuen aurrekontuko ‘’Ekintzailetza plana. ETEen lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako 2014-2020ko EGEF plan eragilea (P-14/000105 PEP elementua)” izeneko 810008 81200 7709 458100 kontu-sailaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 16an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako enpresentzako aholkularitza espezializatua sustatzea da laguntza hauen helburua, diru-laguntza emanez lehiakortasuna hobetzen duten proiektuei, hau da, enpresaren hainbat esparru aztertzeari eta hobekuntza ekintzen inplementazioari, haren lehiakortasuna modu argi eta jasangarrian eta berehala handitzeari begira.

2. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroan kokatuta dauden eta beharkizun hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Jarduera hauetako batean aritzea:

–Manufakturako industriak eta informaziokoak eta komunikazioetakoak, Ekonomia jardueren sailkapen nazionaleko (CNAE 2009) B, C eta J sailetan sartuak.

–Hondakinak tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa eta kutsadura kentzeko jarduerak eta hondakinak kudeatzeko beste zerbitzu batzuk (CNAE 2009: E saileko 38.2, 38.3 eta 39).

–Ingeniaritzako zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin lotuta dauden beste jarduera batzuk (CNAE 2009: 71.12).

–Ikerketa eta garapena (CNAE 2009: 72.1).

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala behar bada, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuarekin bat.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizuneko aitorpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta proiektuak.

1. Nafarroako enpresek lehiakortasuna hobetzen eta esparru hauetako batean eragina duten proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea:

–Estrategia.

–Antolaketa.

–Merkatua.

–Prozesua-produktua.

–Enpresaburuen lankidetza.

2. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak:

a) Ingeniaritzako eta aholkularitzako kanpoko gastuak, honako hauetarako:

–Negozio eredu eta estrategia berrien analisia, definizioa eta haien ezarpena enpresan.

–Antolaketa eta kudeaketa eredu berriak ezartzea.

–Protokoloak egitea familia-enpresetan.

–Bezero eta hornitzaileekiko harremanak analizatu eta hobetzeko ekintzak ezartzea.

–Hainbat metodologiatan, hala nola, Lean manufacturing, sei sigma, TPM, 5S, SMED eta abarretan oinarritutako prozesu hobekuntzak ezartzea.

–Diseinuko proiektuak eta estrategia.

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak.

b) Prozesu hobekuntza ezartzeko proiektuen ondoriozko inbertsioak; betiere, ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu hau, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %50ekoa izanen da, gehienez ere.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren %10 arte, gehienez ere.

3. Ondoko gastu hauek ez dute inola ere diru-laguntzarik jasoko:

a) Enpresak ohikotasunez edo aldian behin egiten dituen aholkularitza edo ingeniaritza gastuak.

b) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakon aztertzera behartzen ez dutenak.

c) Onuradunarekin akzioen bidezko harremana duten enpresekin egindako gastuak.

d) Energia auditoretzen gastuak.

e) Ekipamendu informatikoak, proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren ezaugarri berezikoak izan ezik.

f) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

g) Lurrak eta eraikinak.

4. Enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

5. 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean egindako gastuek jasotzen ahalko dute diru-laguntza.

Gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa aipatu epearen barrenean denean.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Oro har, diru-laguntza %45ekoa izanen da, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren gainean. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izanen da enpresa bakoitzeko.

2. Laguntza %50ekoa izanen da emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartu duten enpresentzat:

a) Berdintasun plan bat egin izana, edo bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

Berdintasun plana izateak laguntza gehigarria ekartzeko, onuradunak ETE bat izan beharko du; izan ere, 250 langiletik gorako enpresak legez behartuta daude hura prestatzera (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikulua).

b) Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik enpresei egiten zaien aitortza edo ematen zaien bereizgarriren bat lortzea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien (Neeze) “Reconcilia zigilua”, eta abar). Laguntzen eskaerari gehituko zaio.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2016ko abuztuaren 31n bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Laguntzak eskatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin:

a) Eskaeraren inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren deskripzio xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

Aurrekontua (BEZik gabe) 12.000 eurotik gorakoa denean, eskatzaileak “Hornitzailea hautatzeko justifikazioa” izeneko atala bete beharko du eskabidean, eta, bertan, hura efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela bermatuko da. Horrekin batera, hautapen prozesuan aztertutako gutxienez hiru eskaintzaren kopia erantsiko da.

Onuradunak ez ditu hiru eskaintzak aurkeztu beharko kasu hauetan:

i) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta, merkatuan enpresak eskatzen duen bezala hornidura emateko behar adina entitaterik ez badago.

ii) Enpresan eginda dauden beste batzuekin lotura duten gastu edo inbertsioak direnean eta frogatzen denean hornitzaile berarekin bakarrik gauzatzen ahal direla behar bezala.

Azkenean hautatzen den hornitzailea ez badator bat laguntzak eskatzean aurreikusitakoarekin, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

d) Berdintasuna sustatzeko neurriak hartu izana, 4.2 oinarrian aipatua, frogatzen duen dokumentazioa.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren araubidean emanen da. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira eskaerak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio enpresari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, onuradunek laguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

7. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea 2016ko azaroaren 15ean bukatuko da, egun hori barne; horretarako, hurrengo dokumentazioa aurkeztu beharko da laguntzen fitxaren bidez:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak. Fakturek eta ordainketek 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartekoak izan beharko dute.

b) Kontabilitateko dokumentuak, aipatu fakturak enpresaren kontabilitatean sartuta daudela frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, diru-laguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

c) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana, bai eta azken txostena ere, egindako ekintzak zehazten dituena.

d) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familia protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

2. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

3. Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena 6 hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak betebehar hori urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan frogatzea.

c) Diru-laguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Laguntzaren ebazpenean haren %50 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen duela adierazten denean, onuradunak 9. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko du.

e) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuen finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai onuradunak diruz lagundutako proiektuen inguruan prestatzen duen dokumentazioan.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

9. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez.

Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.

2. Enpresa onuradunak, betiere pagatzeko ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Diru-laguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.

c) EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko du onuradunak, web orrian ondokoa ikusgai jarriz, gutxienez ere diru-laguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50 kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, eta ondoko logotipoa agertuko du:

F1607570_0.pdf

Enpresak web-orririk ez badu edo korporazioaren web-orria aldatzeko baimenik ez badu, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren eranskailua ikusgai jarri beharko du argi ikusteko moduko toki batean, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

d) Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa onuraduna sartuko dela Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (www.dgfc.sgpg.meh.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

11. oinarria.–‟De minimis” laguntzak.

Diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati emandako “de minimis” laguntzaren guztirakoa 200.000 eurokoa izanen da, gehienez ere, hiru zergaldiko edozein alditan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek eskaeraren inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, adierazita deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Orobat, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sgpg.meh.es/sitios/dgfc/eu-ES/Paginas/inicio.aspx).

Orobat, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatuarekin bat, aipatutako informazioa Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian argitaratuko da: www.navarra.es.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1607570