Iragarkia
125. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 29a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
DONEZTEBE
Ordenantza, baratze sozialak arautzen dituena
Behin betiko onespena
“Doneztebeko baratze sozialen udal ordenantzaren” hasierako onespena 2016ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, maiatzaren 10ean, emaniko epea iragan denez haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.
Donezteben, 2016ko ekainaren 2an.–Alkatea, Santiago Uterga Labiano.
I. KAPITULUA
Aplikatu beharreko legeria
Doneztebeko Udalak bere zenbait lurzati udalerriko bizilagunen eskura jarri nahi ditu, baratze sozial modura erabil ditzaten. Printzipioz, 2. poligonoko 643. lurzatia erabiliko litzateke horretarako, Nafarroako Katastroari jarraikiz.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 94. artikuluan (III. tituluko II. kapitulua) ezartzen denaren arabera, lurzati hori lurzoru urbanizaezina izanen litzateke, arrisku naturaletatik (uholdeak) babestu beharrekoa, eta aipatutako foru legearen erregelamendua aplikatuko litzateke.
Halaber, Nafarroa Atlantikoko Lurraldearen Antolamenduko Planean (LAP 2) ezarritakoa bete beharko da lurzati horretan, eta, uholde arrisku handiko lekua izanik, baimendu daitezkeen eta baimendutako jarduerei dagokiena bete beharko da. LAP 2n debekatutako jarduerak ezin izanen dira egin, salbuespenik gabe.
Baratzeetan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.
Ordenantza honen xedea da Udalaren zenbait lurzoru erabiltzea eta horiei balioa ematea.
Era berean, ordenantza honekin herritarren eskari bati erantzun eta nekazaritza jasangarria bultzatu nahi da.
II. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da udal baratzeen kontzesioa eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Doneztebeko Udalak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Doneztebeko Udalaren jabetzako lursail izanik baratzeetarako erabiltzen diren guztietan aplikatuko da ordenantza, eta Udalak erabakiko du noiz eteten den erabilera aldia.
3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.
1. Doneztebeko Udalak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.
2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.
3. Udal zerbitzu teknikoa edo Udalak horretarako izendatutako edo jarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.
4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.
III. KAPITULUA
Udal baratzeak esleitzeko eta erabiltzeko baimenen araudia
4. artikulua. Baratzeen erabileraren kontzesioa.
1. Ordenantza honetan adierazitako udal baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten pertsona fisiko guztiek:
1.1. Donezteben erroldaturik egotea, gutxienez ere urtebetez.
1.2. Herrian bizitzea, egiaz eta jarraituki.
1.3. Aipatutako udalerriarekiko zerga-betebehar guztiak eguneraturik izatea.
2. Lurzatiak, gutxi-gorabehera, 80 metro koadrokoak (gehienez) izanen dira. Zenbait kasutan eta aldez aurretik aztertuta, lurzati txikiagoak eman daitezke (gutxienez ere 20 metro koadrokoak).
3. Kontzesioaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten kontzesioa eduki ahal izanen du.
4. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira.
5. Lurzati bat eskatu nahi duen interesdunak antzeko ezaugarriak dituen lurzati bat badu, eta horren jabe bada, ez zaio lurzatirik esleituko.
6. Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.
Horren ondorioz, Udalak, edozein unetan, baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako nahikoa izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik diru-ordainik jasotzeko.
Hori dela eta, kontzesioaren epea amaitzean edo kontzesioa aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Udalari itzuli beharko dio erabiltzaileak erabilera-baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Doneztebeko Udalak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera-eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko eta, beraz, Udalak administrazio bidetik baratzeen jabetza berreskuratzen ahal du; era berean, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.
30 egun emanen dira lurzatia uzteko.
5. artikulua. Kontzesioa emateko baldintzak, eskaerak aurkezteko epea eta kontzesioa erabakiko duen organoa.
Eskaera zerrenda bat eginen da, aurkeztu diren ordenaren arabera.
Baratzeen erabilera kontzesio horretarako osatuko den zerrendari jarraikiz eginen da, eta lehentasuna izanen dute honako egoeran daudela frogatzen dutenek, betiere ondoko lehentasun hurrenkerarekin bat:
1.–Bazterketa sozialeko egoeran dauden pertsonak (Udalak txostena eskatuko die gizarte zerbitzuei, egiaztatzeko).
2.–Eskasia ekonomikoa duten pertsonak.
3.–Langabe 6 hilabetetik gora daramatenak. Kide guztiak lanik gabe dauden familia unitateek izanen dute lehentasuna.
4.–Erretiratuak eta pentsiodunak.
5.–Familia ugariak.
6.–Guraso bakarreko familiak.
7.–Gazteak, 30 urtetik beherakoak.
8.–Gainerako eskatzaileak, Udaleko sarrera erregistroko zenbakiaren arabera. Dauden baratzeak baino gehiago badira eskatzaileak, itxaron zerrendan geldituko dira.
Eskabideak aurkezteko epea iraganik, honako irizpide hauen arabera esleituko dira lehenbizikoz. Lehen esleipen horretatik aurrera, zerrenda etengabe egonen da zabalik. Aurreko zerrendan adierazitako baldintza ekonomikoen arabera, gizarte bazterketan dauden pertsonek lehentasuna izanen lukete zerrendan sartzen diren edozein unetan.
Behin eskabideak lehen esleipenean jaso ondoren, Udal Zerbitzu Juridikoak txostena egin eta kontzesio hartzaileen behin-behineko zerrenda eginen du. Zerrenda hori Alkatetzaren ebazpenaren bidez argitaratuko da.
Hutsik dauden baratzeak banakakoei esleitzeko, aski izanen da txosten juridikoa, onetsitako zerrendan pertsonak badaude.
Eskabidean, azalduko da zenbat lurzati-metro nahi diren, eta Udalaren esku egonen da azkeneko erabakia.
6. artikulua. Baratzeen erabilera.
1. Eman zaion lursaila baratzetako soilik erabil dezake erabiltzaileak. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.
2. Ezin da zuhaitzik landatu.
3. Ez da inola ere onartuko baratzeetan animaliarik egotea, haztea edo horiekin inolako ustiapenik egitea.
4. Debeku da arras txabolarik edo bestelako eraikinik paratzea baratzeetan. Salbuespenez, lursail bakoitzean kutxa bat paratzen ahalko da, gehienez 0,8 metroko altuera, 2 metroko luzera eta 0,8 metroko sakonera izanen duena. Udal zerbitzuek oniritzia eman beharko diote kutxa horri, eta, betiere, zurezko estaldura izanen du.
Horrez gain, debeku da paisaia hondatzen duen elementurik jartzea, besteak beste, bidoiak, gordailu osagarriak, txapak, bereizgailuak, parrillak, berotegiak edo antzekoak.
5. Nahitaezkoa izanen da konpost-ontziak jartzea eta konposta egitea.
6. Udalak izendatutako langileek edo ordezkariek, aldian-aldian, baratzeen erabilera ikuskatuko dute eta horretarako ez da beharrezkoa izanen erabiltzaileari aitzinetik gaztigatzea.
7. Kontzesioak irauten duen bitartean, aurreko paragrafoan aipatutako ikuskapenetan baratze edo lursailen baten egoerari buruzko txostena bitan kontrakoa edo aurkakoa bada, erabilera baliogabetu eta baja emanen zaio.
8. Esleipena ez da inola ere errentamendua izanen, eta haren erabilera ezin da laga, salbu ordenantza honetan jasotako kasuetan.
7. artikulua. Mugak eta sarbideak bere horretan mantentzea eta auzolanak.
1. Udalak baratzeari jarritako mugak errespetatuko dira denbora guztian.
2. Baratzeetarako lurzatiak irekirik egonen dira, eta ezin izanen dira itxi Udalaren aldez aurreko baimenik gabe. Hesi, hesola edo horrelakorik ere ezin izanen da jarri.
3. Erabiltzailea arduratuko da baratzeko sarbideak egoki mantentzeaz eta horretarako behar diren mantentze-lanak eginen ditu aldian-aldian.
4. Baratzeetarako sarbide amankomunak eta erabilera amankomunerako prestatutako lekuak auzolanean mantenduko eta landuko dira.
5. Udalaren aldez aurreko abisuarekin eginen dira auzolanak. Beste pertsona batzuek har dezakete parte horietan, baldin erabiltzaileak ezin badu, hainbat arrazoirengatik, erabiltzaileak oniritzia emanik eta aurretik Udalari abisatuta.
6. Lehenbiziko esleipenean, lurzatiak neurtuko dira, banaketa egin dadin. Udalak lurzatia nori esleitu, horiek eta Doneztebeko Udaleko hainbat langilek parte hartuko dute banaketan.
7. Behin lurzatien banaketa eta markatzea bukaturik, lurzati bakoitzari zenbakia emanen zaio, banaketarako, eta gero zozketa eginen da, zoriz, arras objektiboki.
8. artikulua. Titulartasunen eskualdatzea.
1. Lursailen erabilera ezin zaio inolaz ere beste inori laga edo besterendu. Halaber, debeku da lursailak, osorik edo zati bat, beste pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, kontzesioa besterik gabe amaituko da eta Udalak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du.
Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Udalaren esku utzi beharko du.
2. Udalak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko garaian.
9. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.
1. Lurraren aprobetxamendua eta erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte, eta gehienez ere 5 urtez luzatu ahal izanen da.
Alderdietako inork aurretik gaztigurik egiten ez badu, luzapenak erabakitzat joko dira kontzesioa edo haren hurrenez hurrengo luzapenak bukatu baino hilabete lehenago.
10. artikulua. Kanona.
Kontzesioaren esleipen hartzaileei Udalak eskatuko die urtean 40,00 euroko kanona (berrogei euro/urtea) ordaintzeko; horiek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.
Nolanahi ere, baten batek egoera ekonomiko larria badu, eta hala berresten badute gizarte zerbitzuek, kanon txikiagoa eska dakioke, edo ordaintzetik salbuetsi. Orobat, ordaintzetik salbuetsiko dira familia unitate horiek non kide guztiak dauden lanik gabe eta inolako prestazio ekonomikorik gabe.
11. artikulua. Fidantza.
100,00 euroko (ehun euro) fidantza ezarri da, ondasunak zuzen erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla segurtatzeko.
12. artikulua. Autoak erabiltzeko debekua.
Debeku da lau gurpileko ibilgailuak aparkatzea instalazioen barnean (baratzeak, bide publikoak, zerbitzuguneak, etab.).
Baratzeetarako eremuko bide amankomunetan, ongarria eramateko ibilgailu motordunak bakarrik iragan daitezke.
13. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera
1. Ahal dela, euri ura erabiliko da baratzeak ureztatzeko. Udalarekin adostu beharko da euri ura jasotzeko ontziak ezartzea.
2. Ur eskasia dagoenetan, eta Udalak hala erabakitzen duenean, ur tanke bat hurbilduko du, hainbat tamainatakoa izan daitekeena, erabiltzaileek horrekin urezta dezaten.
3. Ureztaketa sistema baten ezarpena aztertuko du Udalak, eta baloratu, unean uneko aukera ekonomikoen arabera. Bitartean, erabiltzaileek ezin dute ureztatzeko sistema finkorik ezarri baratzeetan.
14. artikulua. Baratzezaintza ekologikoa
1. Udalak baratzezaintza ekologikoa sustatuko du interesdunei prestakuntza eskainiz eta egokitzat jotzen dituen bestelako neurrien bidez.
2. Baratzeen erabiltzaile guztiek Udalak alde horretatik pixkana-pixkana ezar ditzakeen baldintzak bete beharko dituzte; konparaziorako, laborantza jakin batzuk egitea, substantzia berriak gehitzea, ongarri naturalak erabiltzea, herbizida eta produktu fitosanitarioen erabilera galaraztea etab.
IV. KAPITULUA
Erantzukizunak
15. artikulua. Kalte-galeren ordaina.
Udal baratzeetan edo horiei erantsitako instalazioetan kalte egiten duten lagun guztiek kalte-ordaina eman beharko dute, bidezko diren isunez aparte.
Leku edo instalazio horietan egindako kalte-galeren zenbatekoa Doneztebeko Udalak zehaztuko du. Balorazioak salatutakoari helaraziko zaizkio, bere balorazioa egin dezan edo bidezko alegazioak aurkez ditzan.
Zehapen-espedienteari bukaera emanen dion ebazpenean azalduko da kalte-ordainei buruzko erabakia, eta adieraziko dira eragindako kalte eta galerak.
Kalte-galerak ordaintzeko erabakiak legez ezarritako epeetan bete behar dira; errekurtsoa aurkeztu arren, aurkaratutako egintza ez da geldiaraziko, salbu organo eskudunak kontrakoa agintzen badu, betiere antolamendu juridikoari jarraikiz.
Kalte-ordaina adierazitako epearen barrenean ordaintzen ez bada, Udalak premiamendu bidez ordainaraziko du.
Era berean, hirugarrenei eragindako kalte-galeren erantzukizuna izanen du.
16. artikulua. Kalteak konpontzea presako egoeretan
Segurtasunagatik edo udal organo eskudunaren ebazpenean behar bezala frogatutako bestelako arrazoiengatik, kalte-galeren zuzentzea ezin bada atzeratu, berehala zuzendu ahal izanen dira eta horren ordaina eskatu gero kaltearen eragileari, betiere aldez aurretik aitzineko artikuluetan aipaturiko zehapen-espedientea irekiz edo jurisdikzio arruntera joz.
17. artikulua. Beste erantzukizun batzuk.
Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, kalteak eragin dituzten egintzak delitu edo falta izan badaitezke, espedientea zigor arloko jurisdikziora igorriko da eta ordaina eskatzeko espediente administratiboen tramitazioa eta ebazpena etenda geldituko dira, kausa artxibatzea erabaki edo epai irmoa ematen ez den bitartean. Eginbide judizialik irekitzen bada, tokiko administrazioa alderdi gisa aurkeztu beharko da haietan, dagokion kalte-galeren ordaina jaso ahal izateko. Horretarako, aitzineko 15. artikuluan (Kalte-ordainak) aipatu den ebaluazioa aurkeztu beharko du.
V. KAPITULUA
Zehapenak
18. artikulua. Arau-hausteak.
Egitate hauek kargu hartzea eta/edo kontzesioa baliogabetzea ekarriko dute:
1. Kargu hartzeko arrazoiak:
a) Baratzearen instalazioak eta sarbideak ez mantentzea.
b) Baratzea ixtea.
d) Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.
e) Ur hartze mekanikoak egitea ureztaketarako.
f) Ura behar ez bezala erabiltzea.
g) Baratzezaintza jasangarrirako Udalak ezarritako baldintzak ez betetzea.
h) Baimendu gabeko elementuak paratzea, besteak beste, txabolak, berotegiak, txapak, bidoiak, gordailuak, parrillak etab.
i) Berotegiak ezartzeko eta euri ura jasotzeko ontzietarako baldintzak ez betetzea.
2. Esleipena errebokatzeko arrazoiak:
a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea, edo landareak landatu eta/edo mantentzea baimendu gabeko lekuetan.
b) Baratzeari atxikitako udal ondasunei kalte egitea edo horiek ebastea.
d) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.
e) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.
f) Baratzearen erabilera besterendu edo lagatzea, Udalaren baimenik gabe.
g) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea udal langileei.
h) Udal ondasunak lapurtzea edo guztionak diren instalazioetan kalteak edo hondaketak eragitea.
i) Landare inbaditzaileak, psikotropikoak, kanabazeoak eta antzekoak haztea.
j) Esleipenaldian bi ikuskapen-txosten negatibo izatea.
k) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.
l) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Udalak esleipena baliogabetzea erabaki badu.
m) Egintza batengatik kargu hartu ondoan, berriz horretan erortzea.
19. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
1. 18.1 artikuluan bildutako zehapenei ohartarazpena eginen eta diru-zehapen bat ezarriko zaie; gutxienez ere egindako kaltearen balioa izanen du, eta gehienez ere kaltearen balioa halako hiru. Balio hori zehazterik ez badago, 100 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
2. 18.2 artikuluan bildutako arau-hausteek kontzesioa errebokatzea ekarriko dute, fidantza ere galduko da, eta, halakorik bada, eragindako kaltea zuzendu beharko da.
3. Kontzesioa errebokatu zaien familia unitateek ez dute zilegi izanen berriz ere eskabidea egitea, baliogabetu zenetik 4 urte iragan arte.
20. artikulua. Administrazio prozedura.
1. Udal organo eskudunei dagokie halako kontzesio bat erreboka daitekeela, edo hala badagokio, kontzesio behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedura hastea, instruitzea eta erabakitzea.
2. Albienteak edo zeregin horretarako izendatutako zaindari-ikuskatzaileek egiaztatzen dituzten ekintzek froga balioa izanen dute, baldin eta salaketa-agirietan edo bestelako agiri publikoren batean formalizatzen badira bidezko lege betekizunak betez, deusetan ukatu gabe administratuek beren eskubide eta interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.
VI. KAPITULUA
Kontzesioaren amaiera
21. artikulua. Kontzesioa suntsiarazteko arrazoiak
Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak goiti-beheiti, kontzesioa suntsiarazteko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:
a) Kontzesioaren beraren edo ondorengo luzapenen epea bukatzea.
b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.
c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna.
d) Doneztebeko Biztanleen Udal Erroldan baja ematea.
e) Udal jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Udalak lurra behar izatea.
f) Halaber, Ordenantza honetan ezarritako baldintza eta/edo betebeharren bat bete ezean, erabiltzaileek laga zaien lurraren jabetza eta gozamenerako eskubidea galduko dute eta Udalak erabileraren lagapena baliogabetu ahal izanen du 18. artikuluaren b) atalean ezarritako eran.
Kontzesioa amaitzeak izanen dituen ondorioak indarra duen legerian eta ordenantza honen 4.5 artikuluan ezarrita daude.
Xedapen iragankorra
Ordentantza hau onetsi aurretik Udalak egindako baratze kontzesioetan ere aplikatuko da ordenantza, honako baldintza hauen arabera:
1.–Indarra hartu eta 3 hilabeteko epean, baratze horien erabilera ordenantzan araututakora egokitu beharko da.
Epea bukaturik, egokitu ez badira, kontzesioa errebokatu eginen da.
2.–Baratze horien erabileren kontzesio epea, ordenantzaren 9. artikuluan ezarria, indarra hartzean hasiko da.
Iragarkiaren kodea: L1607010
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
