125. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186/2016 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia arautzen duena, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, 2016-2017 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste goi mailako musika ikasketak.

Urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak araututako goi mailako arte ikasketen antolamendua ezarri zen. Errege dekretu horren 4. artikuluan adierazten da goi mailako arte ikasketetan kredituen bidezko sistema europarra erabiliko dela.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako goi mailako graduko arte ikasketen oinarrizko edukia arautzen du maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren printzipio orokorrekin bat.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 22an emandako 34/2014 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako ikasketa artistikoen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko.

Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 27an eman 210/2010 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean musikako graduko goi mailako ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa eta titulua arautzen ditu.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako Graduko goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 110/2010 Ebazpenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren eskola egutegia arautzen du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, 2010-2011 ikasturtetik aurrera.

Ikusirik Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalaren aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitua, prestatzeko jarraibideak onesteko 2016-2017 ikasturterako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketa artistikoak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegiaren arauak onestea, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokiturik, 2016-2017 ikasturterako. Arau horiek ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Arte Ikasketetarako eta Musikaren Hiria Kudeatzeko Atalari eta ukitutako ikastetxeei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Estebe Petrizan Iriarte.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketei dagokien eskola egutegiari buruzko arauak, 2016-2017 ikasturterako

1.–Egutegia.

Musikako goi mailako arte ikasketei dagokien 2016-2017 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. a) Ikasturtea irailaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da.

b) Eskolak iraileko lehenbiziko astean hasiko dira, oro har, eta maiatzeko azkeneko astean bukatuko.

c) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

d) Eskolak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketa arruntak eta bereziak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, memoria didaktikoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

2. a) Irakaskuntza hauetan erabateko dedikazioan ari diren ikasleek, ikasturte bakoitzean, 36 asteko eskolaldia izanen dute gutxienez, eta 40 astekoa gehienez.

b) Eskolaldi horren barnean eskola teoriko eta/edo praktikoak sartuko dira eta azterketa eta ebaluazio probak egiteko eta prestatzeko denbora.

c) Ikasturte bakoitzean bi ebaluazio antolatuko dira, sei hilean behin. Lehenbiziko ebaluazioa partziala izanen da eta urtarrilean burutuko da. Bigarrena azken ebaluazioa izanen da, eta bi deialdi izanen ditu, bata arrunta eta bestea apartekoa, maiatzean eta/edo ekainean.

d) Gehienez ere bina aste erabiliko dira lehen ebaluazioaren azterketak eta bigarren ebaluazioaren deialdi arruntaren azterketak (ikasturte bukaerako lana salbu) prestatu eta egiteko.

e) Ikasturte bukaerako lanaren deialdi arrunta ekaineko lehengo astean eginen da.

f) Ikasturteko azterketen deialdi berezia ekaineko bigarren hamabostaldian eginen da.

g) Egutegia aldatu behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, betiere gutxieneko eskola asteak errespetatuta.

h) Ikasleak bakarkako eskoletara edo taldekoetara agertzen ez badira ere, ikastetxeak eskola horiek ematen jarraituko du.

3. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko lan egutegi arruntean ere halakoak direnak: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, abenduaren 8a, maiatzaren 1a, herriko santu zaindariaren eguna eta kasuan kasuko ikasketen santu zaindariaren eguna. 2017ko lan egutegi arruntean eskolako egutegiari eragiten dion jaiegunen bat egonez gero, ikastetxeek eskolako egutegia egokituko dute, Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak emanen dituen jarraibideekin bat.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxeko zuzendariak herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

c) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan zaindariaren jaieguna azaroaren 22a izanen da.

4. 36 eskola egun errespetatzen badira, ikastetxeko zuzendaritzak 3. baldintzan aipatzen den hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna aldatzen ahalko du.

5. Hirugarren baldintzan aipatzen diren eskola gabeko egunak ezin izanen dira erabili Aste Santuko eta Eguberrietako oporraldiak luzatzeko.

6. Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasi eta urtarrilaren 8an bukatuko dira, biak barne.

7 Aste Santuko oporrak apirilaren 13an hasi eta apirilaren 23an bukatuko dira, bi egun horiek barne.

8. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalarekin koordinatuko da, eskola gabeko egunak eta hezkuntza mailako zaindariaren jaieguna, ahal den neurrian, berberak izan daitezen bi ikastetxeetako egutegi proposamenean.

9. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

10. Urtero, ekaineko lehendabiziko hamabostaldian, berariazko sarrera probaren deialdi bat eginen da ezarrita dagoen espezialitate bakoitzerako. Egoki irudituz gero, beste deialdi bat egin liteke, ikasturtearen hasieran.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Ikastetxeko zuzendaritzak 2016-2017 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena prestatuko du eta, eskola kontseiluari entzun ondoren, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren kasuan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriko dio, 2016ko ekainaren 10ean, beranduenez, betiere “EDUCA” kudeaketa programak eskaintzen duen euskarri informatikoa erabilita.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak onetsiko ditu, aztertu ondoren. “EDUCA” kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Ikuskapenaren jakinarazpena. Egutegia onetsitzat joko da ikastetxeak horren inguruan 2016ko ekainaren 24rako jakinarazpenik jasotzen ez badu.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia ikastetxeko iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

3.–2016-2017 ikasturteko eskola egutegia.

Musikako goi mailako arte ikasketak (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1606397