123. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2016ko apirilaren 1ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2016ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 18an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Esan, 2016ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan aurreikusitako betebeharrak betetzea (legea martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuko aurreikuspenak jasota (haren bidez Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1.–Herriko bizilagunak izanik %33 graduko desgaitasuna edo handiagoa dutenak, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren arabera, baldin egoera hauetakoren batean badaude:

a) Desgaitasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinean jasotakoaren araberako mugikortasun murriztua dutenak. Hau da, A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean daudenak, edo gutxienez 7 puntuko puntuazioa lortzea gainerako ataletan (D, E, F, G eta H) lortutako puntuen baturan.

b) Begirik onenean begi-zorroztasuna 0’1 edo gutxiago dutenak leiar zuzentzaileekin, edo ikusmen eremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

c) Eragin larria jasatea honako eginkizun hauetakoren baterako:

1. Oinez ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

2. Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

3. Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

4. Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

a) eta b) egoerek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako talde multiprofesionalen irizpena jaso behar dute. c) egoera frogatzeko, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren langileen txostena beharko da.

2.–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak jasotzen duenaren arabera, desgaitasuna duten pertsona taldeak garraiatzera soilik bideratutako ibilgailuak dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei eta horien Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak onartua) aipatzen dituen gizarte zerbitzuak.

3. artikulua. Erabilerarako baldintzak.

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta soilik berak erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta soilik erabiliko da baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

Aurreko artikuluko 2. atalean jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsona taldeak garraiatzeko soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, soilik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabiliko bada, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

4. artikulua. Balio epea.

Aparkatzeko txartelen balio epea honako hau izanen da: 5 urte, eta epe berberetarako berritzen ahalko dira.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztearekin batera, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarraldian jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusteko epea motzagoa baldin bada artikulu honetan aipatutako balio epea baino, txartelaren balio epea bat etorriko da desgaitasun maila berrikusteko falta den denbora tartearekin.

5. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak emanen zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, haien adinerako eta gainerako egoera pertsonaletarako normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunagatik edo muturreko patologiagatik. Betiere, aparkatzeko txartela ohiko bidetik tramitatzeko denborarik ez dagoenean.

Halako egoerak Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak baliozkotu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatzen ahalko da, emateko eskatutako hasierako baldintzak mantentzen baldin badira.

6. artikulua. Txartela emateko prozedura.

Interesdunak eskaera egin ondoren emanen da txartela.

Txartela ordenantza honen I. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz eskatuko da.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.–2. artikuluaren 1. idatz-zatiko pertsona fisikoak:

a) Eskabidea.

b) Karnet neurriko argazkia.

c) NANaren fotokopia.

d) Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

e) Desgaitasun maila frogatzeko ziurtagiria.

d) Ordenantza honen 2.1 artikuluko a), b) edo c) letretan azaldutako egoeretako edozein gertatzen dela frogatzen duen txostena edo ziurtagiria.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa baderitzo, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari txostena eskatzen ahalko dio, eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela frogatzen duena, edo argibideak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

2–Behin-behineko txartela eskatzen bada:

a) Eskabidea.

b) Karnet neurriko argazkia.

c) NANaren fotokopia.

e) Ordenantza honen 5. artikuluan aipatzen den txostena edo frogagiria.

3.–2. artikuluko 2. idatz-zatiko pertsona fisikoek edo juridikoek egiten dutenean eskaera:

a) Eskabidea.

b) NANaren edo IFKren fotokopia, behar dena.

d) Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.

e) Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzu sozialak ematen direla frogatzen duten agiriak.

d) JEZeko alta.

7. artikulua. Txartelaren lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatu kideetan erabiltzen ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1.–Txartelaren titularrek ondoren aipatzen diren eskubideak edukiko dituzte Estatu osoan, betiere, txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago:

a) Bizilekutik nahiz lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatutakoa bada eta premia justifikatuz gero.

b) Desgaitasuna dutenendako gaitutako lekuetan aparkatzeko eskubidea.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez; betiere, oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunentzat mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzea; betiere, helmuga aipatutako eremu horren barnean badago.

2.–Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inoiz baimenik emanen honako hauetan aparkatzeko: oinezkoendako eremuetan, oinezkoendako pasabideetan, gelditzeko debekua duten lekuetan eta balizkoetan, pasabideak nahiz larrialdietarako irteerak oztopatzen dituzten lekuetan, segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

Aparkatzeko txartelaren titularraren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela ibilgailuaren aginte-panelean jartzea, edo barnetik aurreko haizetakoan itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da.

c) Agintaritzaren agente batek eskatzen badio, bere burua identifikatzea.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea aparkatzeko txartela erabiltzeak berarekin dakartzan eskubideak betetzeak sor ditzakeen trafiko arazoak ahal den neurrian saiheste aldera.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea txartela berritzeko unean edo iraunaldia bukatzen denean.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1.–Arau-hauste administratiboak dira:

a) Datuak faltsutzea edo ezkutatzea, txartela iruzur eginez lortzeko.

b) Txartela erabiltzea Udalaren baimen administratibo berariazkorik gabe.

c) Titular ez direnek erabiltzea txartelak.

2.–Aipatutako arau-hausteak larritzat joko dira, eta berekin ekarriko dute 300 euroko isuna eta indarreko txartela aldi baterako etetea edo behin betiko errebokatzea.

3.–Bidezko diren zehapenak ezartzeko, lehenik tramitatuko da toki entitateen zehapen ahalmena erabiltzeko erregelamenduz aurreikusitako legezko prozedura.

Lehen xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartu aurretik emandako txartelen edukitzaileek urtebete izanen dute ordenantza honetan xedatuarekin bat etorriz eman zaizkiela frogatzeko. Udalak, aitzinetik, jakinarazpena eginen die, hartan aurreikusitako dokumentazioa aurkez dezaten; Udalak kontzesioa errebokatzen ahalko du, baldin aipatu den hori betetzen ez badute edo ezarritako beharkizunei jarraikiz txartela ematea bidezkoa ez bada.

Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

I. ERANSKINA

Desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartelaren eskabidea

Titularraren datuak:

Izen-deiturak

Helbidea

NANa/IFZ ........................................

Harremanetarako telefonoa ...............................

Ibilgailuaren datuak*

Desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako erabiltzen den ibilgailuaren matrikula ...........................................

(*) Soilik eskatzailea baldin bada Desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela ematea arautzen duen ordenantzaren 2. artikuluko 2. atalak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoen sailekoa.

ESKATZEN DUT:

Eskatutako baldintzak betetzen ditudala egiaztatuta, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela eman dakidala.

.....................(e)n, .................(e)ko ....................aren ..........(e)an

Sinadura

Erantsitako agiriak:

–Eskatzeko inprimakia.

–Txartel neurriko argazkia.

–NANaren fotokopia.

–Desgaitasun maila frogatzeko txartelaren eredua.

–Ordenantza honen 2.1 artikuluko a), b) edo c) letretan azaldutako egoeretako edozein gertatzen dela frogatzen duen txostena edo ziurtagiria.

–Ordenantza honen 5. artikuluan aipatzen den txostena edo frogagiria.

–IFKren fotokopia.

–JEZeko alta.

–Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko zerbitzu sozialak ematen direla frogatzen duten agiriak.

Iragarkiaren kodea: L1606936