123. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Nekazaritzako Kontseilu Sektoriala

Ribofaradako Udalak, 2016 maiatzaren 25ean, Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektoriala sortzeari buruzko erabakia hartu zuen, erabaki hartan ezarritako osaera, antolaketa eta jarduketa eremuarekin. Hona hemen, hitzez hitz, xedapen zatia:

“Lehenbizikoa.–Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektoriala sortzea, udal organo osagarri gisa, aholku emaile izaera duena, helburua izanik herritarren eta haien elkarteen parte-hartzea bideratzea, nekazaritzako sektorearekin lotutako udal ekimenei dagokienez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 20. artikuluan eta Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 119., 130., 131. eta 139.2 artikuluetan xedatuaren babesean.

Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialak txostenak eta proposamenak eginen ditu bakarrik, ez nahitaezkoak ez lotesleak, aholku izaera dutenak, Udalak nekazaritzaren arloan dituen ekimenekin lotuak, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamenduaren 130. artikuluan xedatuarekin bat.

Bigarrena.–Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialaren osaera hau izanen da:

–Lehendakaria: Ribaforadako Udaleko alkatea, edo legez haren ordezko dena; Ribaforadako Udalaren eta Kontseiluaren arteko lotura eginen du.

–5 mahaikide: Ribaforadako Udaleko Osoko Bilkurak aukeratuko ditu bere kideen artetik. Honako hauek izanen dira legegintzaldi honetarako: Tirso Calvo Zardoya, María Isela Rodríguez Arriazu, Rafael Eraso Salazar, Concepción Ardaiz Jalle eta María Eugenia Bozal Huguet.

–Mahaikidea: Ribaforadako ehiztarien tokiko elkarteko lehendakaria, edo legez haren ordezko dena.

–Mahaikidea: Ribaforadako “San Blas” nekazaritzako sozietate kooperatiboko lehendakaria, edo legez haren ordezko dena.

–Mahaikidea: Ribaforadako “La Dehesa” sindikatuko lehendakaria, edo legez haren ordezko dena.

–Mahaikidea: Ribaforadako “El Monte” (“Aguas Rodadas Canal de Lodosa” ureztatzaileen elkartea deitua) sindikatuko lehendakaria, edo legez haren ordezko dena.

–Mahaikidea: Ribaforadako “La Huerta” (“Canal Imperial de Aragón” ureztatzaileen elkartea deitua) sindikatuko lehendakaria, edo legez haren ordezko dena.

–Mahaikidea: Ribaforadan bizi den pertsona bat, tokiko nekazaritzako enpresak ordezkatzen dituena. Bere borondatez aurkezten ahal da. Zenbait boluntario badaude, Kontseiluko lehendakariak proposatuta aukeratuko da, Batzar Orokorrean.

–Mahaikidea: Ribaforadan bizi den pertsona bat, abeltzainak ordezkatuko dituena, hain zuzen ere Ribaforadako Udalaren bazkalekuetako belarren aprobetxamendua egiten duten abeltzainak ordezkatuko dituena. Bere borondatez aurkezten ahal da. Zenbait boluntario badaude, Kontseiluko lehendakariak proposatuta aukeratuko da, Batzar Orokorrean.

Hirugarrena.–Antolatzeko eta funtzionatzeko arau hauek ezartzen dira:

–Organoak: Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialak kide bakarreko organoa izanen du, Ribaforadako Udaleko alkatea bera izanen da kidea, eta, horretaz gain, kide anitzeko organo bat, Batzar Orokor deituko dena, txostenak edo proposamenak onetsiko dituena, betiere aholku izaerakoak, gehiengoz, eta gero horren berri emanen dio idatziz Ribaforadako Udalari, Kontseiluko lehendakariaren bidez.

–Batzar Orokorra bilkuren araubidearekin ariko da: urtean bilkura arrunt bat eginen da, eta Kontseiluaren eratze-bilkuran ezarriko dira hilabetea eta eguna. Orobat, bilkura bereziak eginen dira lehendakariak erabakirik edo kideen hiru herenek erabakirik. Kontseiluko lehendakariak eginen du deialdia, bilkura baino bi egun baliodun lehenago. Deietan bilkura zer egun, ordu eta tokitan eginen den adieraziko da, baita gai-zerrenda ere. Bilkura modu baliozkoan egiteko, beharrezkoa da hartan egotea kideen gehiengo osoa (hots, lau kide). Nolanahi dela ere, beharrezkoa izanen da lehendakaria eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea. Kontseiluko kide guztiek dituzte hitza eta botoa, baita mahaikide-idazkaria ere.

–Kideetako bat ariko da idazkari, kideen guztien artean gehiengo osoz aukeraturik, egiten den lehenbiziko bilkuran (eratze bilkuran).

Lehendakariaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte bilkuretako aktak. Ahalik gutxien jasoko dute eztabaida. Eztabaidak direnean, hizlariek berariaz eskatutako parte-hartzeak jasoko dira aktan, laburturik. Aktetan datu hauek jasoko dira: a) Bilkuraren tokia, adieraziz udalerriaren eta lokalaren izenak; b) Urtea, hilabetea, eguna, eta zer ordutan hasi den; c) Lehendakariaren, bertan dauden kontseilukideen eta ez daudenen izen-deiturak (ez daudenen kasuan, bai arrazoiren bat eman bai eman ez dutenen izen-deiturak); d) Bilkuraren izaera arrunta edo berezia eta lehen edo bigarren deialdian egin den; e) Ea idazkaria edo legez haren ordezko dena bertaratu den; f) Aztertzen diren gaiak eta Ribaforadako Udalari igortzen zaizkion txostenak edo proposamenak, osorik, baita iritzi laburtuak ere, beren iritzia aktan jaso dadila eskatzen dutenen kasuan; g) Egiten diren bozketak, agerraraziz baiezko botoak, kontrakoak eta abstentzioak, eta, interesdunek eskatzen badute, izena emanez agertuko da horien botoaren zentzua; lehendakariak bilerari bukaera ematen dion ordua.

–Bilkuretara agertzeagatik ez da ordainsaririk emanen.

–Gaia dela-eta haien iritzia garrantzizkoa izan badaiteke, beste entitate edo elkarte batzuetako kideak gonbida daitezke, hitzarekin baina botorik gabe.

–Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialak egiten dituen txosten eta proposamenek aholku izaera izanen dute, ez dira izanen ez nahitaezkoak eta ez lotesleak, eta gehiengo soilez onetsiko dira. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila. Berdinketa gertatzen bada, lehendakariaren kalitateko botoak ebatziko du. Kontseiluko kide guztiek dute botoa emateko eskubidea. Egiten diren txosten eta proposamenak idatziz igorriko dira Ribaforadako Udalera.

–Ribaforadako Udaletxea izanen da Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialaren egoitza.

–Udaleko kideen agintaldiaren iraupen bera izanen du Kontseiluko kideen agintaldiak, eta Udalbatza berritzen denean bukatuko da agintaldia, edo, bestela, kideek jatorrizko entitateetan ordezkaritza galtzean.

Laugarrena.–Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialaren jarduera eremua hauxe da: Ribaforadako nekazaritako sektorea, eta, bereziki, nekazaritzako jardueraren sektorean izaten diren udal ekimenak, esaterako:

–Ehiza eta nekazaritzari eragindako kalteak.

–Bideak.

–Uholdeak eta Ebroko dike edo ezpondekin izaten diren arazoak.

–Harremana Ebroko Ur Konfederazioarekin eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuarekin.

–Nekazaritzari eta tokiko nekazaritza-produktuei ospea ematea eta horiek sustatzea.

–Nekazaritza sektorearekin lotutako beste edozein gai, baldin horietan udal ekimenak edo eskumenak erabili behar badira.

Bosgarrena.–Jarduketaren mugak: Ribaforadako Nekazaritzako Kontseilu Sektorialak ezin izanen ditu inoiz eragotzi Ribaforadako Udaleko ordezkaritza organoek legez dituzten erabaki ahalmenak, eta ezin izanen dute hartu horiei buruzko inolako erabaki; soil-soilik txostenak eta/edo proposamenak igorriko ditu bere jarduera eremuarekin loturik.

Seigarrena.–Erabaki honen xedapen zatia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki oholean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.”

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Ribaforadan, 2016ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: L1606659