123. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

619E/2016 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen diona erretxinak eta paperaren sektorerako produktu kimikoak fabrikatu eta merkaturatzeko instalazio bati, Villatuertako udal mugapean. Instalazioaren titularra Kemira Chemicals Spain SAU da.

Instalazio hau martxan dago, eta Ingurumen baimen integratua dauka, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 29ko 464/2007 Foru Aginduaren bidez emana. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 345E/2014 Ebazpenak aldatu zuen foru agindu hori.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hezetan irauteko WS erretxinak (PAAE) fabrikatzeko lerro bat ezartzeko. Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da beste Ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 4.1.h) epigrafean jasota dago, hots, “Oinarrizko produktu kimiko organikoen fabrikaziorako instalazio kimikoak, zehazki: oinarrizko materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosatik ateratako zuntzak)” izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago eta nahitaezkoa du Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Halaber, instalazioa Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 4.1.h) epigrafean dago jasota, “Oinarrizko produktu kimikoen fabrikaziorako instalazio kimikoak, zehazki: oinarrizko materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosatik ateratako zuntzak)” izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren (bertsio bateratua) I. eranskineko 4.1.h) epigrafean ere, “Oinarrizko produktu kimikoen fabrikaziorako instalazio kimikoak, zehazki: oinarrizko materia plastikoak (polimeroak, zuntz sintetikoak, zelulosatik ateratako zuntzak)” izenekoan.

Instalazioa, orobat, Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legearen I. eranskineko 5. taldeko a)1.viii) atalean dago sartuta.

Industria establezimendua irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan dago sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Titularrak txosten bat aurkeztu du substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioari buruz erretxinak fabrikatzeko handitze proiektuan, instalazioaren kokalekuan lurzorua eta lur azpiko urak kutsatzeko aukera aztertuz, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa. Ingurune hartzailearen kalitatean izan dezakeen eragina aztertuta, 245. artikulu horren 3. idatz-zatian adierazten diren irizpideekin bat, ondorioztatu da ez duela eragin berezirik, eta ez dela beharrezkoa arroko erakundeak txostena egitea isurketaren onargarritasunari buruz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumena Ebaluatzeko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamenaren tramitazio prozesuan entzutea eman zaio instalazioaren titularrari hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Azaldutakoarekin bat, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 137/2015 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea erretxinak eta paperaren sektorerako produktu kimikoak fabrikatu eta merkaturatzeko instalazio bati, Villatuertako udal mugapean. Instalazioaren titularra Kemira Chemicals Spain SAU da. Instalazioak eta jardueraren garapenak Ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–Instalazioa handitzeko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea: proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.–Hondakin urak Udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena sartzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta unean-unean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan jasotako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek Ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioaren handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatuarekin bat.

Zortzigarrena.–Martxan jartzeko erantzukizuneko aitorpenarekin batera, jarduketa plan bat aurkeztu beharko du titularrak, erretxinak fabrikatzeko eremuan ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean zer neurri hartuko diren deskribatzeko.

Bederatzigarrena.–Titularrak handitze proiektua (hezetan irauteko WS erretxinak (PAAE) fabrikatzeko lerro bat) burutu dela adierazten duen erantzukizuneko aitorpena aurkezten duen egunean edo, edozein kasutan, aldaketa abian jartzen den egunean hasiko dira aplikatzen Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak. Bitartean, indarrean dagoen Ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aplikatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berarekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen IV. tituluan jasotakoak, galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete haren aurka, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira epeak.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Kemira Chemicals Spain SAUri, Villatuertako Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri eta Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2016ko maiatzaren 18an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea, 9, behea, Iruña), Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web gunean http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1606224