121. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

312E/2016 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak gauzatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

2015etik 2020ra bitarteko Nafarroako Lan Osasunaren III. Planak funtsezko helburuetako bat du laneko baldintzak aldatzea arrisku handieneko sektore eta jardueretan.

Horregatik, egokitzat jotzen da diru-laguntza ematea laneko arriskuei buruzko proiektuak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei; lehentasunezkotzat jotzen dira, ezbehar-tasa handiko jardueretan gertatzen direnez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren emakume eta gizonen arteko 2016ko berdintasun programarekin bat, generoaren ikuspegia gehitu zaio, balorazio irizpide gisa, diru-laguntza emateko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko elkarteei diru-laguntza emateko deialdia onestea, laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak gauza daitezen.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO KONTU-SAILA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494115: laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektuak

2016

75.000,00

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2016ko ekainaren 9an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin. Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laneko ezbehar-tasa handieneko jarduerak garatzen dituzten enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren kultura sustatzea dute helburu deialdi honen laguntzek.

Horregatik eman gogo zaie diru-laguntza laneko arriskuei buruzko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteei, lehentasuna izanen baitute aipatu enpresentzat direlako.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izan daitezke hurrengo beharkizunak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko elkarteak:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea.

b) Azken hiru urteotan (2013, 2014 eta 2015) jarduketak eginak izatea laneko arriskuen prebentzioaren arloan, baldintza hauek beteta:

–Helburu izatea laneko segurtasunaren arloko sentsibilizazioa, aholkularitza eta prestakuntza.

–3.1 oinarrian adierazten diren jardueretako bat egiten duten enpresetan gauzatu izatea; jarduera horiek bat egin beharko dute diru-laguntzarako eskaeraren xedeko proiektuarekin.

–Aipatu urteetarako Nafarroako Lan Osasunaren Planaren lerro estrategikoekin bat egitea.

–Gutxienez ere 25 langile dituzten enpresetan egin izatea.

c) Kontratatuta dituzten teknikariak beharrezko kualifikazioaren jabe izatea goi mailako eginkizunak betetzeko espezialitate hauetan: laneko segurtasuna, higiene industriala eta ergonomia, eta psikosoziologia aplikatua.

d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizuneko aitorpenaren bidez frogatuko dena.

Eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. 5. oinarrian ezarritako moduan frogatuko da aurreko ataleko b) eta c) letretan eskatzen diren beharkizunak betetzen direla, eskaera aurkezteko unean.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

1. Diru-laguntza emanen zaie laneko arriskuei buruzko proiektuak gauzatzen dituzten aipatu elkarteei, baldintza hauek betez gero:

a) Lehentasunezkoak izatea, hurrengo jardueretakoren bat garatzen duten enpresentzat direlako:

–Elikaduraren industria (EJSN 2009: 10).

–Kautxozko produktuen eta plastikoen fabrikazioa (EJSN 2009:22).

–Metalurgia, burdinazko produktuen, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa (EJSN 2009: 24).

–Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua (EJSN 2009: 25).

–B.l.s.g.ko ekipamenduaren eta makineriaren fabrikazioa (EJSN 2009: 28).

–Ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa (EJSN 2009: 29).

–Eraikinen eraikuntza (EJSN 2009: 41).

–Eraikuntza espezializatuko jarduerak (EJSN 2009: 43).

–Lurreko garraioa eta hodi bidezkoa (EJSN 2009: 49).

–Laguntza ematea egoitzetan (EJSN 2009: 87).

b) Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ekintzak egitea, enpresetan sentsibilizazioa, aholkularitza eta prestakuntza emateko laneko segurtasunari buruz.

c) Nafarroan egitea 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30a arte, egun horiek barne.

d) 25 langiletik beherako enpresetan egitea.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak bi motatakoak izan daitezke:

–A) mota: eraikuntzaren laneko arriskuei buruzko proiektuak (41 eta 43 zenbakiak EJSN 2009).

–B) mota: gainerako jardueren laneko arriskuei buruzko proiektuak (10, 22, 24, 25, 28, 29, 49 eta 87 zenbakiak EJSN 2009).

3. Proiektu bati bakarrik emanen zaio diru-laguntza, eskatzaile bakoitzeko.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30 arte, egun horiek barne, egindako gastu hauek (fakturatu eta ordainduak) jasotzen ahalko dute diru-laguntza:

a) Enpresa onuradunetako teknikarien gastuak, diru-laguntzaren xedeko laneko arriskuei buruzko proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen direnak hartan diharduten bitartean. Gehienez ere 40 euroko diru-laguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Proiektuaren ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak.

c) Aurkeztutako proiektuaren ekintzekin zerikusia duten materialaren edizioa.

2. Ez da diru-laguntzarik emanen elkartearen publizitate gastuetarako, ez eta enpresak, prebentzio jarduera antolatzeko modalitateetako baten bidez, egitera behartuta dauden jarduketetarako ere.

3. Hauxe izanen da diru-laguntzaren zenbatekoa:

a) 40.000 euro, 6. oinarriko irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duen A) motako proiekturako (eraikuntzaren laneko arriskuak).

b) 20.000 euro, 10.000 euro eta 5.000 euro, 6. oinarriko irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duten B) motako lehen hiru proiektuetarako (gainerako jardueren laneko arriskuak).

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

3. Eskaera honako dokumentazio honekin batera aurkeztuko da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira zein bere izenarekin:

a) Erantzukizuneko aitorpena, 2.1.d) oinarriko beharkizunak betetzen direla dioena, laguntzen fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.

b) Laneko lehentasunezko arriskuei buruzko proiektua, atal teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoituta; honako hauek jaso beharko ditu:

–Helburuen eta haiek lortzeko, aurreikusitako kronogramari jarraituz, garatu gogo diren ekintzen deskripzioa.

–Zein den kasua, obra eta enpresa jakin batzuetara egin gogo diren bisiten plana, haietako langileen kopurua adierazita.

–Gastuak kontabilizatzeko sistema (proiektuko kontzeptuak xehakatuta).

c) Azken hiru urteetan laneko arriskuen prebentzioaren arloan jarduketak egin izana frogatzen duen dokumentazioa, 2.1.b) oinarriak eskatzen duen moduan.

d) 2.1.c) oinarrian aipatzen diren teknikarien titulua eta kontratazioa frogatzen dituen dokumentazioa.

e) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

3. oinarrian definitutako proiektu mota bakoitzerako hurrenkera ezarriko da, eta haien artean banatuko da baimendutako gastua, aipatu oinarrian adierazitako moduan.

2. Hauek dira balorazio irizpide komunak bi proiektu motetarako:

a) Proiektuaren esparrua (Nafarroako Lurralde Estrategian zehaztutako 10 eremuen arabera): 44 puntu arte.

Hauexek dira eremuak: 1. eremua: Tuterako Erribera; 2. eremua: Argako eta Aragoiko Erribera; 3. eremua: Ebroko Erribera; 4. eremua: Lizarra; 5. eremua: Tafalla - Erriberri; 6. eremua: Zangoza; 7. eremua: Pirinioak; 8. eremua: Baztan - Bidasoa; 9. eremua: Ipar-mendebaldeko Nafarroa; eta 10. eremua: Nafarroako erdialdea.

Puntuazioa honela banatuko da: zero puntu, eremu batean esku hartzen bada, eta eremu batean baino gehiagotan esku hartuz gero, eremu kopuruaren araberako proportzioan emanen da puntuazioa; betiere, jarduketa kopuru bera egin beharko da eremu horietan.

b) Zenbat enpresatan esku hartu behar den: 15 puntu arte.

Zenbat enpresatan esku hartuko den, kopuru horren araberako proportzioan banatuko da puntuazioa; 45 enpresatarako baino gehiagorako den proiektuari 15 puntu emanen zaizkio.

c) Esku hartuko den enpresetako plantilla: 10 puntu arte.

–10 langileko edo gutxiagoko enprsak: 10 puntu.

–11 eta 24 langile bitartek enpresak: 5 puntu.

d) Hurrengo edukietako bat jasotzen duten proiektuak, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzearren: 10 puntu arte.

NEURRIAK

PUNTUAZIOA

Informazio, sentsibilizazio eta aholkularitzarako ekintzak biltzen dituztenak, helburu izanik enpresek generoaren ikuspegia arriskuaren ebaluazioetan sartzea

4

Informazio, sentsibilizazio eta aholkularitzarako ekintzak biltzen dituztenak, enpresek berdintasun planak prestatu eta aplika ditzaten

4

Generoaren ikuspegia enpresaren lan osasunaren parte egiten dutenak

2

e) Emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat hartu duten elkarteen kasuan: 6 puntu arte.

NEURRIAK

PUNTUAZIOA

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatu izatea, non ez dauden legez hartara behartuak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikulua)

6

Beren langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik aitortza edo bereizgarriren bat lortu izatea (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZEren “Reconcilia zigilua”, eta abar)

4

Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko edo gizarte erantzukizuneko neurriak hartu izatea; enpresaren eta langileen ordezkarien sinatutako dokumentu baten bidez frogatuko da

3

f) Proiektuak bat egitea Nafarroako III. Osasun Planaren lerro estrategikoekin: 5 puntu arte.

3. Gainera, berariazko irizpide hauek aplikatuko zaizkio proiektu mota bakoitzari:

a) A) motako proiektuentzat: proiektuak zenbat eraikuntza obratan duen eragina: 10 puntu arte.

Zenbat obratan esku hartuko den, kopuru horren araberako proportzioan banatuko da puntuazioa; 50 obratarako baino gehiagorako den proiektuari 10 puntu emanen zaizkio.

b) B) motako proiektuentzat: proiektuak lehentasunezko zenbat EJSNtan duen eragina: 10 puntu arte.

Zenbat EJSNtan esku hartuko den, kopuru horren araberako proportzioan banatuko da puntuazioa; 8 EJSNetarako den proiektuari 10 puntu emanen zaizkio.

4. Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinduz gero, irizpide balorazio komunetako a) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta erabakiko da. Berdinketak jarraituz gero, 2. eta 3. ataletako hurrengo letretan lortutakoa hartuko da kontuan, hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2016ko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne, justifikatu beharko dute diru-laguntza jasotzen duen jarduketa; horretarako, telematika bidez, laguntzen fitxa baliatuz aurkeztu beharko dute hurrengo dokumentazioa:

a) Txosten teknikoa eta ekonomikoa, non proiektua justifikatuko den eta zenbateraino lortu den bilatzen den helburua.

b) Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, haien lanaldia eta diru-laguntzari egozten zaion kostuaren portzentajea adierazita.

c) 2016ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte, egun horiek barne, egindako ordainketaren fakturak eta frogagiriak. Fakturekin batera, haien kontzeptuen zerrenda zenbakitua eta xehakatua aurkeztu beharko da.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Informatzeko betebehar hori betetzen ez badu onuradunak, ez da emandako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialak editatzen den materialean agertu beharko du.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuen finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai onuradunak diruz lagundutako proiektuen inguruan prestatzen duen dokumentazioan.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–Diru-laguntzaren ordainketa.

Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bidez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako diru-laguntzak jarriko ditu jendaurrean, deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua adierazita.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1607266