2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORBAIZETA
Udal ordenantza, 5.000,00 eurora arteko fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesteari buruzkoa. Behin betiko onespena
Orbaizetako Udalak, 2016ko otsailaren 10ean egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen 5.000,00 eurora arteko fakturetan faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuestea arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori martxoaren 23ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Jendaurreko epea erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza. Hona hemen testu osoa:
UDAL ORDENANTZA, 5.000 EURORA ARTEKO FAKTURETAN FAKTURA ELEKTRONIKOA AURKEZTU BEHARRETIK SALBUESTEA ARAUTZEN DUENA
Zioen azalpena
Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legeak, administrazio publiko guztien eremuan eta 2015eko urtarrilaren 15etik aurrerako ondorioekin, hornitzaileen betebeharra ezartzen du, emandako zerbitzu edo ondasunen faktura elektronikoa egiteko eta igortzeko eta, 4. artikuluan, arau orokor horren salbuespen bat jasotzen du: administrazio publikoek fakturazio elektronikoa egitetik salbuesten ahal dituztela 5.000,00 euro arteko zenbatekoa duten fakturak; horretarako, Legeak dioenez, arauen barrenean jokatu beharko da, hau da, ordenantza bat onetsita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan adierazten denari jarraituz.
Espainiako administrazio publikoen fakturazioari buruzko erregulazio berri horri egokitzearren, Udalbatzak, 2014ko abenduaren 22ko bilkuran, Ogasuneko eta Herri Administrazioetako Ministerioko Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak horretarako prestatutako plataforma elektronikoari atxikitzea erabaki zuen; alegia, FACE-Faktura elektronikoen sargune orokorra izenekoari. Aipatutako legearen 4. artikuluan jasotzen den legezko gaikuntza erabiltzea egokia eta komenigarria dela iritzirik, Orbaizetako Udalak, bere erregelamenduak egiteko ahala erabiliz eta bere eskumenaren eremuan, xedapen orokor hau eman du.
Artikulu bakarra.–Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitate erregistroa sortzeari buruzko abenduaren 27ko 25/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusten dena kontuan hartuta, Orbaizetako Udalak faktura elektronikoa aurkeztu beharretik salbuesten ditu 5.000,00 euro arteko fakturak dituzten hornitzaileak.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa betez, argitara ematen da orok jakin dezan.
Orbaizetan, 2016ko maiatzaren 30ean.–Alkatea, Sergio Mujika Txapar.
Iragarkiaren kodea: L1606900