1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
852/2016 EBAZPENA, 2016ko ekainaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaprobetarako deia egiten da, honako ikerketa proiektu hau garatzeko: “RTC-2015-4045-4. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa”.
Ikusirik Alfonso Carlosena unibertsitateko katedradunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikiak eta “RTC-2015-4045-4. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” proiektuaren arduradunak, egin duen proposamena, ikerketa-proiektu hori Proiektuaren laguntzaile gisa garatzeko ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetarako deialdia egiteko.
Kontuan hartuz proposamenak Ikerketa Zerbitzuaren zuzendariak ontzat eman duela.
Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren proposamenez, zeinak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren oniritzia baitauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko ekainaren 24an eman zuen 1042/2015 ebazpenaren bidez, eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
Lehena.–Hautaprobetarako deia egitea “RTC-2015-4045-4. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” ikerketa proiektua garatzeko ikertzaileen lan kontratazioa egiteko.
Bigarrena.–Onestea hautaproben deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, Ebazpenaren parte gisa.
Hirugarrena.–Balioespen Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuko Zuzendaritzari Ebazpen hau igortzea.
Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2016ko ekainaren 8an.–Ikerketako errektoreordea, Ramón Gonzalo García.
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdi honen xedea da ikertzaileak aukeratzea lan kontratudun izateko “RTC-2015-4045-4. WheelCheck: Sistema de inspección de rueda ferroviaria a partir de la reconstrucción 3D de la rueda completa” ikerketa proiektua garatzeko.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 48. artikuluan ezarriarekin bat etorriz, Langileen Estatutuaren 15. artikuluak ezartzen duen obra edo zerbitzu zehatzeko kontratu modalitatearen bidez egingo da kontratazioa, eta xede hau izango du: Ikusmen artifizialaren bidezko neurketa-sistema baten kalibrazio, muntaketa, garapen eta balidazioan laguntzea.
Maila profesionala: proiektuko laguntzailea.
Iraupena: 2017ko abendura arte.
Langileen Estatutuari buruzko Legea garatzen duen 1998ko abenduaren 18ko 2720/1998 Errege Dekretuaren Testu Bateratuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, iraupen hori orientatzekoa da, eta inolaz ere ez da izango proiektua indardun den denbora baino luzeagoa, betiere esleitutako diru kopuruak baldintzatuko du, eta, horrenbestez, ikerketa proiektuari lotzen zaion funtsa ez edukitzea kontratua iraungitzeko zioa izango da.
Lanaldi-mota: osoa.
Diru gehigarriak ordainduko dira proiektuan edo kontratuan ezarritako helburuak betez gero. Gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1.–Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen araberako banaketarik ez dagoenean, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritu ahalko dira, betiere Espainian lan egiteko aukera ematen dien baimenaren jabe badira. Betekizun hori ez zaie aplikatuko, lanbide arautuen eremuan, Erkidegoko Zuzenbideko xedapenen arabera, beren kualifikazio profesionala lortu duten izangaiei.
b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
c) Graduatu, lizentziadun, goi mailako arkitekto edo ingeniari titulu ofizialaren jabe izatea. Atzerrian erdietsi diren titulazioak badira, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean homologazioaren sinestamendua eduki beharko du izangaiak.
d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua ez egotea epai irmo baten bidez.
2.2.–Aurreko arauetan ezarri diren baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratazioa egin arte bete beharko dira.
3.–Eskaerak.
Eskabideak aurkezteko epea bost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Eskabide eredua esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/digitalAssets/151/151465_100000Instancia-pruebas-selectivas-investigacion--version-octubre-2013-.pdf, www.unavarra.es helbidean, atal honetan: “Zerbitzuak/ Giza Baliabideak / Prozedurak / I I / Giza Baliabideak / Ikertzaileen hautaprobak”, idazpuru honen azpian: Ikertzaileak kontratatzeko hautaprobetan onartua izateko eskaera.
Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dira:
–Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia. Atzerritarren kasuan, bizileku- eta lan-baimenaren fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Ikasketa espedientearen fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitae agiria, norberak egoki jotzen dituen merezimendu-egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduan. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan, eta ondoren egiaztatu eta bidali Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora.
Giza Baliabideen Zerbitzuak eskaerak behar bezala kudea ditzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistroak aukeratzen ez dituzten eskatzaileek eskaeraren kopia eskaneatu bat bidali behar dute dagokion erregistroko sarrera zigiluarekin concursos.oposiciones@unavarra.es helbide elektronikora.
4.–Izangaiak onartzea.
4.1.–Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
Eskatzaileetako inor baztertzen ez bada, lehiaketa publikorako onartu diren izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.2.–Izangai baztertuek edo azaldu gabeek, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean, zilegi dute erreklamazioak egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea.
4.3.–Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
4.4.–Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak, edota 6.2 oinarriak aipatu hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.5.–Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan datuak zehatz ematen ez badira, faltsutzen badira edo ematen ez badira, jatorrizko dokumentazioarekin alderatuz gero, horrek kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatutako ardura aitorpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak balioetsiko dira aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta ondoren zehaztuko den baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik balioetsiko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Balioespen Batzordeak ez du inola ere onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izango du atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Baremoa:
1. atala.–Ikasketa-espedientea. 40 puntu, gehienez ere.
Ikasketa espedienteko batez besteko nota (0 eta 4 puntu bitartekoa) bider ondotik datozen koefizienteak egingo da, titulazioaren arabera:
Doktoretza Telekomunikazio Ingeniaritzan: 10.
Telekomunikazio Ingeniaritza: 10.
Beste ingeniaritza eta lizentziatura batzuk: 1.
2. atala.–Esperientzia ikusmen artifizialean eta irudiaren prozesatuan 20 puntu, gehienez ere.
Enpresetan jardun izana ikusmen artifizialeko aplikazioen diseinuarekin eta garapenarekin lotutako gaietan. Puntu bat kontratuaren hilabete bakoitzeko, eta 8 puntu gehienez.
I+G jarduera unibertsitateetan/ikerketa zentroetan, irudiaren prozesatu digitalarekin lotutako gaietan. Puntu bat kontratuaren hilabete bakoitzeko, eta 12 puntu gehienez.
3. atala.–Beste merezimendu batzuk. 20 puntu, gehienez ere.
Ingelesa jakitea: maila ertaina (B1) maila, edo handiagoa, dokumentuen bidez egiaztatua: 5 puntu.
Programazioari buruzko ezagutzak (C/C++, Matlab, Qt ingurune grafikoa, kamaren APIs, 10 puntu gehienez.
Datu-baseak (MYSQL) kudeatzeko tresnei buruzko ezagupenak, 5 puntu gehienez.
4. atala.–20 puntu, gehienez ere.
Elkarrizketa izangaiaren eta kontratazio batzordeko kideen artean. Elkarrizketan balioetsiko dira kontratuaren xedea den gaiari buruz aldez aurretik dituen ezagupenak eta esperientziak.
Elkarrizketa egiteko, gainerako ataletan 40 puntu edo gehiago izan behar ditu.
Hautaketa prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 50 puntu da.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa prozesuaren azken emaitzan gertatzen diren berdinketak 2. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, 3. atalean puntuaziorik handiena erdietsi dutenen alde ebatziko dira; berdinketak jarraitzen baldin badu, zozketaren bidez ebatziko dira.
Balioespen Batzordeko kide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izango da.
6.–Hautaketa prozesua erabakitzea.
6.1.–Izangaiek aurkeztu dituzten merezimenduen balioespena amaitu eta gero, Balioespen Batzordeak errektoreari bidaliko dio hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, izan dituzten puntuazioekin.
6.2.–Ikerketako errektoreordeak ebazpen bat emango du hautaketa prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean argitaratuko da.
6.3.–Deialdi honetako kontratazio zerrendak indarra izango du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-ean argitaratu eta biharamunetik aurrera, proiektua amaitzen den arte.
7.–Balioespen batzordea.
Batzordeburua: Jesús Villadangos Alonso, Unibertsitateko irakasle titularra, Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailari atxikia, Ikerktako errektoreordeak delegatuta.
Idazkaria: Jeser Zalba Olcoz, Unibertsitateko irakasle elkartua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Batzordekidea: Mikel Arizaleta Arteaga, Unibertsitateko irakasle elkartua, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Balioespen batzorde ordezkoa.
Batzordeburua: Amalia Ortiz Nicolás, Unibertsitateko irakasle elkartua, Automatika eta Konputazio Sailari atxikia.
Idazkaria: Javier Goicoechea Fernández, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Batzordekidea: Carlos Ruiz Zamarreño, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikia.
Balioespen Batzordearen jarduerak, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Balioespen Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikina izango da.
8.–Norberaren datuak babestea.
Norberaren Datuak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) ezarritakoarekin bat etorriz, izangaiek emandako datuak Langileen fitxategian jasoko dira. Fitxategi horren helburua da Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa egitea.
Kontratu hau finantzatzen duen erakundearen aurrean gastuak justifikatzeko, nominei, gizarte segurantzari buruzko datuak, edo kontratupekoak jasotzen dituen beste edozein ordainsariri buruzko datuak, erakunde horri lagatuko zaizkio. Nolanahi ere, kontratua gauzatzen denean baimenduko da lagapen hori.
9.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendaren aurka zilegi da honako errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:
a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Balioespen Batzordeak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituen gainerako egintzen aurka zilegi da gorako errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabete bateko epean, ekitaldia edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Iragarkiaren kodea: F1607294