119. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa, 2016

Iruñeko Udalak egile berriendako 2016ko euskarazko literatur lehiaketa deitzen du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17koan, argitaratua) xedatzen duenarekin bat.

1.–Xedea.

Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa 2016.

Lehiaketa honen xedea egile berriek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da.

Egileek lan bana aurkezten ahalko dute modalitate bakoitzeko. Idazlanek gai librea izanen dute, eta euskaraz idatziak izan beharko dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak.

2.–Sari-modalitateak.

Hona hemen sari-modalitateak:

Poesia, Narrazioa eta Bertso-paperak (bertsoak idatzita aurkeztu behar dira, bertsolaritzaren formazko arauekin bat).

Idazlanek honako luzera izanen dute:

Poesia: aurkeztu behar diren lanek 15 orri eduki behar dute gutxienez, alde bakar batetik idatziak eta espazio bikoitzaz mekanografiaturik.

Narrazioa: 15 orri, gutxienez, lerro artean tarte bikoitza utzirik eta bakarrik alde batetik mekanografiatuta.

Bertso-paperak: gutxienez, 25 ahapaldi. (Elkarrekin batasuna osatzen duten gai ezberdinak gara daitezke, betiere bertsolaritzaren arau formalak betez).

3.–Diru-zuzkidura.

Deialdi honi, gehienez ere, 13.000 euro esleituko zaizkio sarietarako, Udalaren Aurrekontuko honako partida hauen kargura: 50/33500/480000.

Sari hauek ezarri dira modalitate bakoitzerako, 2. klausulan jasotakoaren arabera:

Lehen saria: 2.500 euro.

Bigarren saria: 1.000 euro.

Hirugarren saria: 500 euro.

Sari horietaz gain, epaimahaiak lau aipamen ematen ahalko ditu, gehienez ere, lau lani, zein modalitatetan aurkeztu diren kontuan hartu gabe. Horiek 250 euroko saria jasoko dute, eta Udalak saritutako lanak argitara emanez gero, aipamena eskuratu dutenak ere jasoko dira argitalpenean.

Sariei esleitutako diru-kopuruei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.

4.–Izangaien betekizunak.

Lehiaketan parte hartu ahalko dute nafar egileek edo nafarrak izan gabe, helbidea Nafarroan dutenek.

Haien izenpean literatur liburu bat baino gehiago argitaratu duten egileek ezin izanen dute lanik aurkeztu. Ez dira muga horren barnean sartuko aldizkarietan, kazetaritza-komunikabideetan edo izaera kolektiboko argitalpenetan argitaratutako parte-hartzeak edo kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere.

Lehiaketa honetako aurreko bi edizioetan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ezin izanen dute berriz parte hartu modalitate horretan.

Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntza hauen izaera berezia dela-eta onuradunei arau horietan ezarritako debekua aplikatu beharrekoa da: BAI EZ

5.–Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non.

Lan bakoitzeko 5 kopia aurkeztuko dira gutun-azal itxi baten barruan, izenorde batekin sinaturik eta argi adierazita zein modalitatetara aurkezten den. gutun-azalaren kanpoko aldean, honako testu hau idatzi behar da:

Egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketa. 2016. urtea.

Modalitatea: ........................................................................................

Lanaren izenburua: ............................................................................

Egilearen ikurritza edo izenordea: ......................................................

Gutun-azal horren barnean, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita eta kanpoaldean egilearen egilearen izenordea idatzita eramanen duena, eta horren barnealdean, orri bat, egilearen datu hauek adierazita: izena eta bi abizen, helbidea eta telefonoa, horiek guztiak erabilitako izengoitiari erreferentzia eginik. baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

Lanak helbide honetara bidali behar dira:

Honako toki hauetan aurkeztu ahal dira: Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia-Kale Nagusia 2, behea) edo erregistro osagarrietan (Descalzos k. 72, 2. solairua; Iratxeko monasterioaren k. 2, behea; Armada etorbidea 2, 5. solairua; Zapatería k. 40, behea; Eslava k. 1, behea).

Halaber, beste edozein bide erabiltzen ahalko da lanak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituenen artean.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hasiko da, eta 2016ko azaroaren 5ean amaituko.

Saririk jasotzen ez duten lanak Udalaren bulegoetan berreskuratu ahal izango dira, ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean. Epe hori igarota, Udalak suntsitu egin ahalko ditu jaso ez diren lanak, betiere ebazpenaren kontrako errekurtsorik aurkeztu ez bada.

6.–Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatu du, eta honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Zinegotzi Ordezkaria.

–Epaimahaikideak: Hiru literatur aditu, horietako bat, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatuta.

–Idazkaria: Iruñeko Udaleko euskara koordinatzailea.

Epaimahaiak saria emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, hau da, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Zinegotzi Ordezkariari, horrek proposamenaren gainean ebatz dezan. Modalitate guztietan, edozein sari eman gabe utzi ahal izango da, baldin eta epaimahaiaren iritziz ezein lanek ez badu behar adinako meriturik edo kalitaterik.

Epaimahaiak accesiten bat proposatzeko aukera:BAI EZ

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu aurreikusitako sariak oro edo horietako batzuk.

Epaimahaiak hala erabakitzen badu, sariak ex-aequo eman ahalko zaizkie hainbat lani, halako eran non saria egile horien artean hainbanatuko baita.

7.–Datu pertsonalen tratamendua.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu eginen dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Aipatu Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan jasotako datu pertsonalak sari hau kudeatzeko baino ez dira erabiliko, eta Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bildu ahalko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalari zuzenduta gauzatzen ahalko da datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz. Lehiaketa hau egin bitartean jasotako irudirik erabiltzeko, beharrezkoa izanen da interesdunek aldez aurretik baimena sinatzea.

8.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Instrukzio-organoa diru-laguntza kudeatzen duen Alorreko Idazkaritza Teknikoa izango da.

Administrazio-bideari amaiera emanen dion ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan agindutakoarekin bat.

Diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzeko beharra:BAI EZ

Baiezkoa bada, non argitaratu:

Nafarroako Aldizkari Ofiziala. Udaleko Iragarki-taula.

9.–Kontuan hartu beharreko beste batzuk.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatutan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean, berariaz daude sarturik hala lanak online igorri eta zabaltzea nola Internet erako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

10.–Errekurtsoak.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar parte-hartzaileek oinarriak onartu eta haiei men egitea.

Lehiaketa honen garapenaren eta oinarri hauen interpretazioaren inguruko gatazka oro organo emaileak ebatziko du.

Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2016ko ekainaren 3an.–Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatua, Maider Beloki Unzu.

Iragarkiaren kodea: L1607249