119. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMOTZ

Aldaketa, 0-3 ziklorako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Imozko Udalak, 2016ko maitzaren 31ko osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen 0-3 ziklorako diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzaren aldaketa.

Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarrikiz ordenantzaren testu osoa argitaratzen da.

Imotzen, 2016ko ekainaren 6an.–Alkatea, Jose Angel Iturralde Vildarraz.

HAUR HEZKUNTZAKO 0-3 ZIKLORAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN ALDAKETA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Imozko udalerrian diru-laguntzak emateko irizpideak eta prozedura egituratu eta finkatzea da ordenantza honen xedea. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

Kasu honetan, umeak haur eskola publiko zein pribatuetara eramaten dituzten familiak laguntzea da helburua, nahiz eta Imozko Udalak zerbitzu hori eskaintzen duen 2014. ikasturtetik hasita Basaburuko Udalarekin batera. (Ttikiena Haur Eskola).

Sare publikoak Haur Hezkuntzako 0-3 zikloari dagokionez dituen mugak eta gabeziak direla medio, beharrak bultzatuta, familiak askotan umeak haur eskola pribatuetara eramaten ditu. Normalean zentro hauek koste handia daukate familientzat. Errealitate horiek ere aintzat hartu nahi du Udalak ordenantza honen bidez.

2. artikulua. Diru-laguntza da Udalaren kontura Udalbatzak ematen duen edozein sorospen, zuzenekoa zein zeharkakoa, ekonomikoki baloratzen ahal dena, hala nola, bekak, sariak eta laguntza pertsonaleko gainerako gastuak.

3. artikulua. Diru-laguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1.–Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira, ordenantza honek bertzelakorik xedatu ezik.

2.–Ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

3.–Haur Hezkuntzako 0-3 zikloan, sare publikora jotzen duten familien kasuan, diru-laguntza Imozko haurrak joaten diren haur eskolako udal titularrak familiei dagokien tarifaren gainetik ordainarazi dien kopurua izanen da; hau da, guraso tarifa eta Nafarroako Gobernuko diru-laguntzaren gainetik ordaindutako kopurua, Ttikiena Haur Eskolan plazak ez badaude.

Ttikiena Haur Eskolan plazak badaude, diru-laguntza hau %12koa izanen da gehienez.

4.–Ttikienako Haur Eskolan ez badira plaza libreak gelditzen, Haur Hezkuntzako 0-3 zikloan, sare pribatura jotzen duten familen kasuan familia bakoitzak sare publikoan ordaindu beharreko tarifaren %25a jasoko du, betiere pribatuan ordaindutako kantitatea sare publikoan ordaindu beharreko guraso tarifaren kantitatea baino altuagoa edo berdina baldin bada. Pribatuan ordaindutako kantitatea sare publikoan ordaindutako guraso tarifaren kantitatea baino txikiagoa balitz, ordaindutakoaren %25a izanen litzateke diru-laguntza.

Ttiena Haur Eskolan plazak badaude, diru-laguntza hau %12koa izanen da gehienez.

5.–Ez da eskatzen ahalko diru-laguntza handitu edo berritzerik.

4. artikulua. Ez dute baliorik izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak

5. artikulua. Honako hauek eskatzen ahalko dituzte diru-laguntzak:

A.–Imotzen erroldatutako umeak Haur Hezkuntzako 0-3 zikloko zentro publiko zein pribatuetara eramateagatik dauden kostuak ordaintzen dituzten pertsona fisikoek.

III. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

6. artikulua. 1.–Udalak, osoko bilkuran, zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, diru-laguntza jaso dezaketen jardueretarako.

2.–Zenbatekoa aurkeztutako eskabideen artean banatuko da, urte bakoitzean finkatzen diren xedeen arabera.

3.–Udalak deialdiaren oinarriak onetsi eta argitaratuko ditu urte bakoitzeko urtarril-martxoetan.

7. artikulua. Irailean, bukatutako ikasturteko diru-laguntza eskatu beharko zaio Udalari.

8. artikulua. 5. artikuluan aipatzen diren eskatzaileek ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Umea Imozko Udalean erroldatuta izanaren agiria.

b) Haur eskolaren titularitatea duen Udalak, zerbitzuagatik ordaindu beharreko tarifen gainetik familiei ordainarazi dien kopurua ordaindu izanaren ziurtagaria eta ordainagiria.

d) Sare pribatura jotzen duten familen kasuan, azken errenta aitorpena, haur eskola publikoetako tarifen taularekin alderatzeko.

9. artikulua. Egindako eskaerak azterturik, Udalak ebazpena eginen du.

IV. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

10. artikulua. Jarduera baterako diru-laguntzaren eskabidea aurkezte hutsak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

11. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak diru-laguntza galtzea ekar dezake, eta betiere hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea.

V. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

12. artikulua. Ordenantza honetako oinarrien arabera emandako diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa da ikasturtea bukatuta egotea eta agiriok aurkeztea Imozko Udaletxean:

a) Umearen haur eskolako kostua ordaintzen duen pertsonak sinatutako eskabidea, alkateari zuzendua. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

b) Umea Imozko udalerrian erroldatuta egotearen ziurtagiria.

c) Haur eskolaren titularitatea duen udalak, zerbitzuagatik ordaindu beharreko tarifen gainetik familiei ordainarazi dien kopurua ordaindu izanaren ziurtagaria eta ordainagiria.

d) Sare pribatura jotzen duten familen kasuan, azken errenta aitorpena, haur eskola publikoetako tarifen taularekin alderatzeko.

13. artikulua. Udalak diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onartzen dituenetik, diru-laguntza jasotzeko eskaera hurrengo 30 egunetan aurkeztuko da 14. artikuluan aipatutako frogagiriekin batera. Udalak espedientea aztertuko du eta Udalak edo Alkatetzak onetsi eta, hala badagokio, ordainduko du, baina ahalmena izanen du diru-laguntza murrizteko edo ukatzeko, aurrekontuko kontu-saila agortzen bada.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespenez, eta bakarrik 2012-13 ikasturteari dagokionez, Udalak azaroan onetsiko ditu deialdiaren oinarriak. Orobat eta bakarrik 2012-2013 ikasturteko diru-laguntzak eskuratzeko, eskabideak urtarrilean aurkeztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek 13 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat biltzen ditu, eta indarra hartuko du Udalak behin betikoz onetsitakoan eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan agindutakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1607094