119. ALDIZKARIA - 2016ko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FUNES

Ordenantza, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Funesko Udalak, 2016ko martxoaren 31n egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2015eko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8an, bai eta Funesko Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Funesen, 2016ko maiatzaren 20an.–Alkate udalburua, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.

ORDENANTZA, ARRISKUTSUAK IZAN DAITEZKEEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea eta Udal Erregistroaren sorrera

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzea, bateragarria izan dadin pertsonen, ondasunen eta bestelako animalien segurtasunarekin, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatua betetzeko, Funesko udal mugapeari dagokionez.

2. artikulua. Definizioa.

1. Oro har, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak dira, berez basa izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazatakoak, eta ondasunei kalte egiten ahal dietenak, erasokorrak izan ala ez.

2. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartuko dira gisa honetako zakurrak: arraza jakin batekoak izanik, beren joera erasokorragatik, tamainagatik edo masailezurren indarragatik, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza emateko eta ondasunei kalte egiteko gai direnak. Beraz, arriskutsuak izan daitezkeen zakurtzat hartuko dira:

A.–Ondoko arrazetakoak eta haien gurutzatzeak:

a) Pit Bull Terrierra.

b) Staffordshire Bull Terrierra.

c) American Staffordshire Terrierra.

d) Rottweilerra.

e) Dogo argentinarra.

f) Fila brasildarra.

g) Tosa inua.

h) Akita inua.

B.–Ondoko zerrendan aipatzen diren ezaugarri guztiak edo gehienak betetzen dituzten zakurrak, non ez diren gida-zakurrak edo laguntza-zakurrak, behar bezala kreditatuak eta heziak aitorpen ofizialeko zentroetan, Nafarroako foru legediari, edo, hala balegokio, Estatukoari jarraikiz, edo baldintza hori lortzeko heziketa fasean dauden zakurrak:

a) Gihar sendoak, itxuraz indartsua, mardula, eite atletikoa, zolitasuna, bizkortasuna eta erresistentzia.

b) Aiurri handia eta adore handia.

c) Ile motza.

d) 60 eta 80 zentimetroen arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetroen arteko bizkar-gurutzea eta 20 kg-tik goitiko pisua.

e) Tamaina handiko burua, kuboidea, mardula, garezur zabal eta handia, eta masail gihartsu eta atereak. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona.

f) Lepo zabala, gihartsua eta motza.

g) Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra.

h) Aurreko gorputz-adarrak, paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz-adarrak, berriz, oso gihartsuak, hanka luze samarrak, angelua txikia egiten dutenak.

3. Nolanahi den, aurreko lerroaldekoak izan gabe ere, arriskutsuak izan daitezkeen zakurren artean sartuko dira aiurri erasokor handia dutenak edo pertsonei nahiz beste animaliei eraso egin dietenak.

4. Aurreko atalean aipatzen diren kasuetan, arriskutsuak izan daitezkeela erabaki beharko da, betiere iritzi objektiboei jarraikiz, ofizioz edo jakinarazpen nahiz salaketa baten bidez hasita, erkidegoko edo udaleko agintari eskudunak izendatutako edo gaitutako albaitari ofizial edo kolegiatu batek aldez aurretik txostena eginda.

Agintaritza eskudunak zakurra arriskutsua izan daitekeela ebazten badu, zakurraren titularrak hilabeteko epea izanen du, horretarako emandako ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik, ordenantza honetako 3. artikuluan araututako administrazio lizentzia eskatzeko.

3. artikulua. Udal lizentzia.

1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko, aldez aurretik administrazio lizentzia eskuratu beharko da. Lizentzia hori Udalak emanen du, ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondotik.

2. Lizentzia hori eskatzera beharturik dago, arriskutsu izan daitekeen edozein animaliaren jabea, eramailea edo edukitzailea, hura eskuratu aurretik, baldin eta Funesko herritarra bada, merkataritza edo trebakuntza jarduera udalerri honetan egiten badu edo animaliak hiru hilabete jarraian bederen Funesko udalerrian egon behar badu.

Arriskutsutzat jotzen ez diren zakurrek, pertsonei edo animaliei eraso egin badiete, udal lizentzia eskuratu beharko dute, erasoaren egunetik hasita 5 eguneko epean.

Betebehar horretaz aparte, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Funesko Udalari mota honetako animalien jabe edo edukitzaile diren pertsonak badirela, Funesko Udalak legeen arabera bidezkoak diren egiaztapenak eta inskripzioak egin ditzan.

3. Funesko Udaleko alkate-udalburuak du arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia emateko eskumena, edo hark legez eskuordetzen duenak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.q) artikuluan xedatuarekin bat.

4. Lizentziak bost urteko balio epea izanen du eta, ondoren, iraupen bereko aldietarako berritu beharko da, prozedura berari jarraikiz. Hala ere, lizentziak indarra galduko du titularrak hura eskuratzeko ezarri diren baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

5. Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Funesko Udalari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

6. Indarra duen administrazio lizentziaren inguruko esku-hartzea, etenaldia edo kautela-neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

4. artikulua. Udal lizentzia eskatzeko baldintzak.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko udal lizentzia eskuratu edo berritu ahal izateko, interesdunak honako baldintza hauek beteko ditu:

a) Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga trafikoarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenagatik.

Dagokien erregistroek emandako ziurtagiriekin frogatuko da baldintza hau (aurrekari penalak).

c) Zinpeko aitorpena, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legearen 13. artikuluko 3. idatz-zatian zehaztu arau-hauste larri edo oso larriengatik zehapen osagarririk jaso ez izana adierazten duena. Hala ere, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena jaso dutenek ez dute eragozpenik izanen lizentzia lortu edo berritzeko, betiere eskaera egiten denerako zehapen hori osorik betea badute.

d) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea.

Baldintza hori frogatzeko, ahalmen fisikoaren ziurtagiria eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiria aurkeztuko dira, ordenantza honetako 5. artikulutik 8.era ezarritakoari jarraituz.

e) Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, urtebeteko iraupena eta gutxienez ehun eta hogei mila (120.000) euroko estaldura dituena.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia tramitatzeko tasa ordaintzea, 15,00 euro, alegia. Gainera, partikularrari kobratzen ahalko zaizkio gainerako gastuak, alegia, tramitazioak, kontsultak edota Udalak ordenantza honen xedearekin lotuta dauden inguruabarrei buruz behar dituen txosten teknikoak egiteagatik sortzen ahal direnak.

5. artikulua. Ahalmen fisikoaren ziurtagiria.

1. 1.–Ezin izanen dira arriskutsuak izan daitezkeen animalien titular izan animalia behar bezala zaintzeko eta erabili, mantendu eta menderatuko dutela bermatzeko behar den gaitasun fisikoa ez duten pertsonak, ordenantza honetako 3.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako gaitasun fisikoa frogatuko da arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoaren ziurtagiriarekin, eta hori emateko gainditu beharko dira honako arlo hauetan ezintasun fisikoa dakarkeen eritasun edo urritasun organiko edo funtzionalik ez dagoela ziurtatzeko eginen diren frogak:

–Ikusteko ahalmena.

–Entzuteko ahalmena.

–Lokomozio sistema.

–Sistema neurologikoa.

–Pertzepziotik mugimendura igarotzeko zailtasuna, erabakiak hartzeko tenorean.

–Bestelako edozein gaitz, nahaste edo arazo, aitzineko lerroaldeetan aipatu gabea, animalia behar bezala menderatzen dela bermatu ahal izateko ezintasun fisikoa izan daitekeena.

6. artikulua. Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun psikologikoaren ziurtagiria, ordenantza honetako 3.1 artikuluko d) lerroaldean aipatzen baita, emanen da gainditu ondotik honako arlo hauetan ezintasun psikiko edo psikologikoa dakarkeen eritasun edo urritasunik, edo bereizmena muga dezakeenik, ez dagoela ziurtatzeko eginen diren frogak:

–Nahasteak buruan eta portaeran.

–Ebaluatu, hauteman eta erabakiak hartzeko eragozpen psikikoak eta nortasun arazoak.

–Bestelako edozein gaitz, nahaste edo arazo, aitzineko lerroaldeetan aipatu gabea, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko behar diren buru-ahalmenak murrizten dituena.

7. artikulua. Ikuskapen zentroak.

Aurreko artikuluetako azterketa eta probak eginen dituzte behar bezala baimendutako ikuskapen zentroek, gidarien gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko Ikuskapen Zentroen Erregelamendua onesten duen otsailaren 19ko 170/2010 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Zentroko zuzendariak ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren ziurtagiriak luzatuko ditu. Ziurtagiriari interesdunaren argazki bat, berrikitan egina, erantsiko zaio eta bertan jasoko dira bidezko oharrak eta, kasua bada, eskatutako ahalmen eta gaitasuna.

8. artikulua. Ahalmen fisikoari eta gaitasun psikologikoari buruzko txostenen indarraldia.

Ordenantza honetan arautzen diren ahalmen eta gaitasun ziurtagiriek, prozeduretan izan dezaketen eraginkortasunari dagokionez, urtebetez izanen dute indarra, ematen direnetik hasita, eta denbora horretan erabiltzen ahalko dira, haien bikoiztuaren, kopia konpultsatuaren edo ziurtapenaren bidez, epe horrek dirauen bitartean hasten diren administrazio prozeduretako edozeinetan.

9. artikulua. Segurtasun neurriak.

1. Arriskutsua izan daitekeen animalia toki edo espazio publikoetan ibiltzeko, beharrezkoa izanen da hura kontrolpean daraman pertsonak aldean izatea ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritako lizentzia administratiboa eta egiaztagiri bat, ziurtatzen duena animalia hori inskribatua dagoela arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan.

2. Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, garraio publikoetan eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta espazioetan, ordenantza honetan aipatzen diren zakurrak eramanen dira gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa jantzia dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua). Inoiz ere ezin izanen dira eraman pertsona bakoitzeko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin txikikoek ezin izanen dituzte inola ere eraman.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean, loturik egon beharko dute –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren. Edonola ere, barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

4. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien hazle, hezitzaile eta merkatariek haiek edukitzeko instalazio eta bitarteko egokiak izan beharko dituzte.

5. Erabat debekaturik dago arriskutsuak izan daitezkeen animaliak, eta lagun egiteko animaliak eta arrazaz edo espeziez horien gisakoak direnak ikastetxeetara, aisia edo josteta-lekuetara, parke publikoetara eta eraikin publikoetara sartzea.

6. Halako batean lotu gabe eta laguntzailerik gabe dauden zakurrak bildu eta animaliak babesteko entitate baten eskuetan utziko dira.

7. Zakurraren jabea da hark eragiten dituen kalteen erantzule, aplikatzen ahal den legeriari jarraikiz.

8. Zakurraren jabe edo edukitzaileak berehala isilarazi beharko du animalia, gainerako auzoei traba egiten dieten soinuak egiten baditu.

10. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroa.

1. Funesko Udalean bada arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroa.

2. Arriskutsua izan daitekeen animalia baten udal lizentziaren titularraren betebeharra izanen da, Funesen bizi bada, arriskutsuak izan daitezkeen animalien udal erregistroan inskribatzeko eskaria egitea, hura edukitzeko udal lizentziaren kontzesioa jakinarazi ondoko hamabost eguneko epean.

Erregistro horretan inskribatzeko, honako datu hauek ekarriko ditu, erregistro horretan egon behar baitute nahitaez:

a) Jabearen eta/edo edukitzailearen datu pertsonalak (izen-abizenak, NANa, helbidea, telefono zenbakia eta interesekotzat jotzen diren beste batzuk).

b) Animaliaren ezaugarriak, hura identifikatzen laguntzen dutenak:

–Animaliaren espeziea, arraza, sexua, ezaugarri-oharra edo ohar erdia, jaioteguna, animaliaren identifikazio zenbakia.

–Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Albaitari kolegiatuak urtero egindako azterketak, animaliaren osasun egoera egiaztatzen dutenak.

–Eraso egindako kasuak (Funesko Udalari berehala jakinarazi beharko zaio).

–Animalia antzutzen badute, jabeak bere borondatez hala erabakitzen duelako, erregistroan dagokion orrian inskribatuko da.

c) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

3. Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia izan beharko du, eta Funesko Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

4. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek bere bizitzan izan dituzten gorabeherak, agintari administratibo edo judizialek ezagutzen dituztenak, animalia bakoitzaren erregistro orrian jasoko dira. Orri hori animaliaren heriotzarekin itxiko da edo albaitariak edo agintari eskudunak ziurtatuta animalia akabatzen denean.

5. Animalia saldu, eskualdatu, doan eman, lapurtu, hil edo galdu bada, Udaleko Erregistroari jakinarazi beharko zaio, eta hala jasoko da dagokion erregistro orrian, gertatutakoaz jabetu eta berrogeita zortzi orduko epean.

6. Arriskutsu izan daitekeen animalia bat autonomia erkidego batetik bestera eramaten bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da Udalaren erregistroetan beharrezko inskripzioak egitera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

Edonola ere, Erregistroan jasotako datuen erabilera eta tratamendua urriaren 20ko 5/1992 Lege Organikoan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

7. Animalia bakoitzaren erregistro orrietan, animalia osasunaren ziurtagiria agertuko da, agintari eskudunak emana, eta hark urtero ziurtatuko du animaliaren osasuna eta baita ez duela bereziki arriskutsu bihur dezakeen eritasun edo nahasterik ere.

8. Erregistroaren ardura duten agintariek berehalakoan jakinaraziko diete agintari administratibo edo judizial eskudunei erregistroan jasotako edozein inguruabar, balora dezaten eta, kasua bada, kautelazko edo prebentzioko neurriak har ditzaten.

9. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa frogatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren eta erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

10. Animaliaren titularrak ez badu artikulu honetan ezarritakoa betetzen, dagokion zehapen administratiboa jasoko du, ordenantza honetan ezarritakoari jarraituz.

II. KAPITULUA

Jabeen, hazleen eta edukitzaileen betebeharrak

11. artikulua. Identifikazioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen zakur guztiek identifikaturik egon beharko dute mikrotxip baten bidez.

12. artikulua. Heziketa.

1. Debekatuta dago animaliak borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez heztea, Ordenantza honetan xedatutakoari kontra eginez.

2. Administrazio agintari eskudunak emandako edo homologaturiko gaitasun agiria daukaten zakur-hezitzaileak arduratu beharko dira zakurrak zaintza eta babes lanetarako hezteaz.

3. Gaitasun agiria duten hezitzaileek hiruhilero jakinarazi beharko diote erregistro zentral informatizatuari arriskutsua izan daitekeen animalia bat heziarazi duten bezeroen zerrenda, animaliaren identifikazioa zehaztuta. Inguruabar hori erregistroan jaso beharko da, animaliari dagokion erregistro orrian, jasotako heziketa motarekin batera.

4. Gaitasun agiria administrazio autonomikoek emanen dute, kontuan hartuz, gutxienez, alderdia hauek:

a) Aurrekariak eta egiaztatutako esperientzia.

b) Animalia hauek edukitzearen xedea.

c) Instalazio eta alojamendu egokien eskuragarritasuna, higiene-osasunari, animaliaren babesari eta herritarren segurtasunari dagokienez.

d) Hezitzaileen gaitasun egokia, ofizialki ezarri ahal diren baldintzak edo titulazioak kontuan hartuta.

e) Adin nagusikoa izatea eta ezgaitua ez egotea.

f) Aurrekari penalik ez izatea honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu-askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araudiaren aurkako arau-haustea egiteagatik zehatua ez izatea.

g) Gaitasun psikologikoaren ziurtagiria.

h) Datuak maneiatu eta komunikatzeko arauak beteko dituelako konpromisoa.

13. artikulua. Antzutzea.

1. Ordenantza honetan aipatzen den animalien antzutzeari dagokionez, titularraren edo animaliaren edukitzailearen borondatez egin ahalko da haiek eskatuta edo, kasua bada, nahitaez, agintari administratibo edo judizialek aginduta edo ebatzita. Edonola ere, animaliaren erregistroko orrian inskribatu beharko da.

2. Titulartasunaren eskualdatze kasuetan, animalia eskualdatzen duenak albaitarien ziurtagiria emanen dio erosle edo hartzaileari, hura antzutu dela adierazten duena.

3. Antzutzearen ziurtagiriak egiaztatu beharko du operazioa albaitariak gainbegiratuta egin dela, aldez aurretik anestesia emanda eta animaliari alferrikako minik edo sufrimendurik ez zaiola eragin behar bezala bermatuta.

14. artikulua. Betebeharrak, herritarren segurtasunari eta higiene-osasunari dagokionez.

1. Jabeek, hazleek edo edukitzaileek haien zaintzapeko animaliak baldintza egokietan izanen dituzte, higieneari eta osasunari dagokienez, eta haien behar fisiologikoekin eta espezie edo arrazaren ezaugarri propioekin bat zaindu eta lagunduko dituzte.

2. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe, hazle edo edukitzaileek herritarren segurtasunerako indarrean den legediak ezartzen dituen arau guztiak bete beharko dituzte, bermatuz animalia horien eta gizakien arteko elkarbizitza egokia izan dadin eta herritarrei trabarik egin ez diezaieten.

15. artikulua. Animalia arriskutsuen garraioa.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien garraioa eginen da animalien ongizateari buruzko berariazko araudiari jarraituz, eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartuko dira, pertsonen, ondasunen eta bestelako animalien segurtasuna bermatzeko, garraioan eta zamalanak egin bitartean.

16. artikulua. Salbuespenak.

Inguruabarrek komenigarri egiten dutenean, salbuespenak egin ahalko dira jabeek dituzten zenbait betebeharrekin, kasu hauetan:

a) Erakunde publiko edo pribatuak, animalia horiek eginkizun sozial baterako erabiltzen badituzte.

b) Nekazaritzako ustiategiak, abereak zaindu, defendatu eta maneiatzeko zakurrak erabiltzen badituzte, edo ehiza jardueretarako, baina inola ere ez lege honetan jasotako legez kanpoko jardueretarako.

c) Lan eta kirol probak, parte hartzen duten zakurren artetik hautaketak egiteko, proba horiek agintaritza eskudunak baimenduak eta gainbegiratuak badira, salbu eta borrokarako eta erasorako ariketak, lege honetan ezarritakoari jarraituz.

III. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Kapitulu honetan ezartzen denari dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Udal honek jakiten baldin badu, bai ofizioz bai salaketa bidez, ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteetako bat egin dela bere eskumeneko esparruan, zehapen espedientea abiarazi ahalko du, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua.

3. Hauek arau-hauste administratibo oso larriak izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein zakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai agindu bezala identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere lagunik gabe badoa.

b) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

d) Animaliak heztea haien erasokortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

e) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsua izan daitezkeen animaliak heztea.

f) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

4. Arau-hauste administratibo larriak honako hauek izanen dira:

a) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

e) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak garraiatzea lege honen 10. artikuluan xedatutakoa urratuz.

f) Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

5. Aurreko ataletan tipifikaturiko arau-hausteek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak konfiskatzea, antzutzea edo akabatzea, establezimendua ixtea eta arrikutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentzia edo hezitzaile izateko gaitasun agiria aldi baterako edo behin betiko etetea.

6. Arau-hauste administratibo arintzat hartuko da lege honetan ezarritako betebeharretatik edozein ez betetzea, non ez diren artikulu honetako 3. eta 4. zenbakietan aipatzen.

7. Aitzineko 4., 5. eta 6. ataletan sailkaturiko arau-hausteengatik isun hauek ezarriko dira:

–Arau-hauste arinak: 150,25 eurotik 300,51 eurora bitarte.

–Arau-hauste larriak: 300,52 eurotik 2.404,05 eurora bitarte.

–Arau-hauste oso larriak: 2.404,06 eurotik 15.025,30 eurora bitarte.

8. Funesko Udalak aldian-aldian gainbegiratu eta eguneratzen ahalko ditu aitzineko atalean ezarritako zenbatekoak.

9. Zehatzeko ahalmena erabiltzea kasuan kasuko autonomia erkidegoetako eta udaletako organo eskudunei dagokie.

10. Arau-hausteen erantzule izanen dira esku hartzeagatik edo ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea edo, hala behar denean, gertakaria jazo den establezimendu, lokal edo garraiobidearen titularra eta, azken kasu horretan, baita garraioaz arduratu dena ere.

11. Artikulu honetan izaera administratiboko erantzunbeharra aurreikusten da; horrek ez du esan nahi bide penal eta zibiletan ere eskatzen ahal ez denik.

12. Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia inkautatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

18. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen prozedurak honako hauei jarraituko die: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako zehapen ahalmenaren printzipioak, Zehapen ahalmena gauzatzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua, ezertan ukatu gabe erkidegoetako eta udalerrietako arau aplikagarriak.

19. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: abenduaren 23ko 50/1999 Legea, Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzkoa, eta hura garatzeko martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; orobat, horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren arauak.

20. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

–Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

–Haren xedea da Funesko Udalak 50/1999 Legean Udalei ematen zaizkien beharkizunak bete ditzala. Fitxategia Funesko Udalak bakarrik erabili ahalko du.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

–Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

–Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko.

–Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Lizentzia eskatzeko epea

Ordenantza honen arabera arriskutsutzat har daitezkeen animalien titular edo edukitzaileek sei hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita, animalia horiek edukitzeko udal lizentzia eskatzeko Funesko Udalean eta ordenantza honi egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1606347